Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

50. Guardiako harresiak eta dorreak (GUARDIA)

6. ETAPA: SANTA CRUZ DE CAMPEZO • LAGUARDIA

Gune estrategikoa

Guardia, neurri handi batean, bere kokapen geografikoari zor zaio. Arabako Errioxan dago, bi gorabehera natural handik mugatzen duten lurraldean, Kantabriako mendilerroak eta Ebro ibaiak. Gizakiaren presentzia oso goiztiarra izan zen, inguruan dauden trikuharri ugariek erakusten dutenez. Burdin Aroan, Guardiako muinoaren oinean asentamendu bat sortu zen, La Hoya herria. Erromatarren aurreko herria izan zen, eta mila urte baino gehiago iraun zuen, K.a. XII-II mendeetan. Erromanizazioaren aurreko une horretan herria abandonatu egin zuten, biztanleak beste leku batzuetara aldatu zirelako, segur aski muinora bertara. Hainbat aztarnategi arkeologikok erakusten dute erromatarren garaian inguru horretan jendea bizi zela: Logroñoko Bideko Las Pilas aztarnategia, adibidez, non eraikuntzarako zeramikako tailer bat agertu baitzen (K. o. I eta V mendeak).

Goi Erdi Aroan, muino gainean kokatutako herrixka bihurtuta, Guardiak izaera militarra garatu zuen eta hala jarraitu zuen hurrengo mendeetan ere. Horren erakusle da Antso Abarkak X. mendean eraikitzea agindu zuen gaztelua, Nafarroaren defentsa helburu zuena. Geroago, XII. mendean Antso VI.ak forua eman zionean (1164), herriak kategoria juridiko handiagoa lortu zuen bertako biztanleen bizitza zuzenduko zuen dokumentuaren bitartez. Hurrengo mendeetan, hiribildua defentsa-funtzioa zuten harresien barruan garatu zen. Gaztelua, harresiak eta dorre gotortuak, gerla- eta defentsa-elementuak, hiribilduaren paisaiaren zati ziren. Guardiak egiteko garrantzitsua izan zuen Nafarroako eta Gaztelako erresumen arteko gerretan, mugan egoteaz gain haranaren baitan nagusitasuna baitzuen.

Gotorleku-elementuak

Historian zehar gertatutako hainbat gatazketan Guardiako gotorlekuak behin eta berriro suntsituak izan dira eta behin eta berriro berreginak. Harresia ez da bere osotasunean mantentzen, baina zutik geratzen den zatiaren kontserbazio-egoera ona dela-eta, eta oraindik jatorrizko materialak kontserbatzen dituelako, Euskadiko defentsa-eraikuntza aipagarrienetako bat da.

Hasieran, harresiak muinoaren gaina erabat inguratzen zuen. Ondoen kontserbatzen den hormatala ekialdekoa da, bi altuera eta goiko gorputz bat dituena, eta tarteka almenak dituen matakan jarraitu batez errematatua. Gaur egun, harresiaren zati hori etxebizitzetan integratuta dago. Iparraldeko, hegoaldeko eta mendebaldeko aldeetan, ordea, hormaren altuera txikiagoa da, eta zailagoa da bertan dagoela antzematea, etxe-lerro batek ordezkatu baitu.

Harresia sendotzeko zortzi dorre zeuden, ia denak oinplano angeluzuzenekoak, eta bi dorre gotortu: abade-dorrea, XII. mendekoa eta estilo erromanikoa duena, Santa Maria elizaren ondoan kokatua, eta San Joan kanpandorrea. Harresiak lau sarbide zituen: mendebaldean Páganoseko atea, hegoaldean Mercadalekoa, hego-ekialdean San Joanekoa eta ipar-ekialdean Santa Engraziakoa. Geroago, XV. mendean Carnicerías atea ireki zen. San Joan ateak bakarrik du Erdi Aroko itxura, behealdean arku zorrotzeko ate gotiko bat baitu. Sarrerako ateetan horma-hobiak ikus daitezke, santuen irudiz hornituak: hiribilduaren defentsarako auzoen antolaketaren oroitzapena dira, santu baten izenpean funtzionatzen baitzuten.

Partekatu

Azken aldaketako data: