Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

7. Guadalupeko gotorlekua (Hondarribia)

1. ETAPA: HONDARRIBIA • DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN

Egoera berri baterako gotorlekua

Erdi Aroaren bukaera ezkero, Bidasoako muga gune problematikoa izan zen Espainia eta Frantziarentzat, eta benetako arriskua inguru horretako biztanleentzat, izan ere, bi estatuen arteko tentsioen ondorioz eraso armatuak eta okupazio militarrak gertatu ziren.

XIX. mendearen azken herenean, oreka diplomatiko berri bat sortu zen Europan. Horren ezaugarri izan ziren: hedapen inperialista lortzeko potentzia nagusien arteko lehia; aliantza eta tratatuen sare konplexu eta aldakorra; garapen industrialak bultzatutako armamentu-norgehiagoka. Testuinguru horretan, eta Azken Karlistaldiaren ondoren (1872-1876), Espainiako Gobernua indar-oreka berri horretan zuen lekuaz arduratu zen, eta nazioarteko testuinguru diplomatikoan defentsa-jarrera hartu zuen. Ondorioz, mugako eskualdea gotortzea erabaki zen Bisasoako pasabide inguruan. Horretarako, zenbait mendi gailurretan 8 gotorleku egitea pentsatu zuten, frantziar inbasioa gertatuz gero elkar babestuko zutenak. Azkenik, 3 besterik ez ziren eraiki: Guadalupekoa, San Markosekoa eta Txoritokietakoa. Lehena, ekialdekoena, itsasoaren mailatik 200 m-ra dago, Bidasoa ibaiaren estuarioaren sarrerarekiko eta Irungo nazioarteko zubiarekiko kokapen estrategikoan.

Gotorlekua 1900ean amaitu zen, baina halako azpiegiturak zaharkituta geratu ziren berehala, izan ere, gerra egiteko modu berriak sartzen ari ziren garaia zen: teknologia militarra asko garatu zen eta, bereziki, abiazioa laster sartuko zen gerran. Hala ere, gotorlekuak garrantzi handia izan zuen Gerra Zibilaren lehen hilabeteetan. Alde batetik, Errepublika defendatzeko sortutako batzordeek kartzela gisa erabili zuten. Aldi berean, Nafarroako Francoren aurrerapena oztopatzeko erabili ziren gotorlekuko bateriak; eragin handirik gabe, dena den. Abuztuaren 4an, matxinatuak iristear zeudenez, destakamenduak plaza utzi egin zuen eta, etsaia iritsi baino lehen, miliziano anarkistek 18 preso fusilatu zituzten, eta beste askok ihes egin zuten. Gotorlekua hartu ondoren, frankistek 5 miliziano akabatu zituzten.

Instalazioak

325 m-ko luzera eta 150 m-ko zabalera du. Hobi batek inguratzen du: 8,5 m-ko lodiera eta 1,8 m-ko altuerakoa, eta lubeta batek mugatua. Kanpotik, lubeten landare-estalkiak eta profil baxuak gotorlekua disimulatzen dute, etsaien artilleria saihesteko, ahal den neurrian. Beheranzko sarbidea duen arrapala baten bidez sartzen da, zaldi-ferra formako ate batetik. Gotorlekuaren barrualdea patio batzuetan antolatzen da. Patio horiek lubetak eta parapetoak dituzte inguruan, eta hor artilleriako bateriak daude. Kuartelak, biltegiak, gelak, korridoreak, galeriak, etab. lur azpian zabaltzen dira, lurrak eta eraikinaren hormek (harlangaitza eta hormigoi armatugabea) soldaduak babes zitzaten. Honako goarnizioa hartzeko zegoen pentsatua: 500 soldaduko batailoia eta 100 gizoneko artilleria-konpainia. 4 km-ko tutua zuen edateko ura bertaraino eramateko, bai eta 18.000 litroko zisterna eta ur beltzak eta euri-urak husteko hodiak ere. Artilleriako pieza hauek jarri ziren: 150 mm-ko burdinazko piezak (Ordoñez kanoiak), 210 mm-ko brontzezko obusak, borroka-kanoiak, 57 m-ko kanoi azkarrak (Nordenfelt) eta metrailadoreak. Guztira, 44 pieza.

Partekatu

Parte de

unesco