Eric Dixarri publica el libro de poemas 'Eros', en la editorial Pamiela
- Fecha20 de Agosto
- Temática Literatura
Poesiari alderdi estetiko zein artistiko bat eman nahian aritu da, «idazte prozesua biluzteko» ahaleginean
«Idaztearen prozesua biluzteko saiakera izan da» Eric Dixarri (1969, Baiona, Lapurdi) antropologo, artista eta idazlearentzat Eros (Pamiela) izenburua duen poesia lana. Seigarren poesia liburua du, eta eraikitzen ari den obra baten seinalea dela uste du. «Idazlea ez da konturatzen. Idatzi eta idatzi egiten du, eta, gero, atzera begiratzen du obra bat eraiki duela konturatuz. Orain arte idatzi ditudan liburuek asmatzen naute. Poemak sortzen ditut, eta sortu ditudan poemek sortzen eta berrasmatzen naute». «Faire de sa vie une oeuvre», esan du frantsesez, hau da, bizitza obra bilakarazi, eta horretan dihardu.
Dixarriren poesia oso berezia iruditu zaio Jose Angel Irigarai poeta eta Pamielako editoreari. «Hamaika katramila eta infernutik pasatutakoa eta oso osagai bereziak dituen poesia da». Eta irudi, eskultura eta bestelako arteen «dantza eta horiei darien poesia» ekartzen saiatu dela iruditzen zaio. Liburuan zehar poesiari alderdi estetiko eta artistiko bat eman nahian ibili da egilea, eta «horren denaren atzean, azpian edo barnean, idazlearen drama pertsonala» dagoela azaldu du Irigaraik. «Iraganeko hamaika talka, infernu eta egoera berezi kanporatu nahian dabil idazlea, katartiko gisa batean». Era berean, «barne arkeologian arakatutako eta aztarnategi horretan ibili ondoren loratzen diren zantzu poetikoak, gogoetak, sentipenak eta ametsak dira» liburuko poemak, editorearen esanetan.
Egileak, berriz, liburua «nahiko transgeneroa» dela azaldu du. «Liburua ez da soilik poesia. Irakurleak beste genero motak atzemango ditu barnean». Irudi eta ilustrazioek garrantzi handia dute hala. «Irudien mundu batean bizi gara, eta irudiak irakurle batzuentzat erakargarriak dira. Irakurle multzo horretan kokatzen naiz ni. Liburuekin nahiko fetitxista naiz, gustatzen zait liburuak ferekatzea», aitortu du Dixarrik. Idazleak berak hartutakoak eta beste sortzaileenak dira ilustrazioak; Beñat Iglesias Lopez, Francisco de Goya, Patricia Hearst eta David Nebredaren lanak ikus daitezke, besteak beste.