Lorea Agirre y Idurre Eskisabel: "Hoy y aquí todavía ser mujer y vasca son caminos para quedarse al margen"
- Fecha14 de Abril
- Temática Literatura
Idurre Eskisabel eta Lorea Agirre euren bizitzak ardazten dituzten bi alorren bidegurutzean jarri dira: euskara eta feminismoa non nola uztartzen diren aztertu eta hizkuntza nahiz genero zapalkuntzei aurre egiteko tresnez hausnartzen ondu dute 'Trikua esnatu da' liburua
Euskalduna izatea eta emakume izatea. Bi biak subjektu zapaldua izatea direla aspaldi ohartu ziren Idurre Eskisabel (Beasain, 1970) eta Lorea Agirre (Beasain, 1968). Zapalkuntzak non eta nola gurutzatzen diren gogoetatzen, ordea, 2014an hasi ziren. Mahai inguru batean, Arrasaten, hurrengo galdera bota zieten: "Izan zaitezke feminista euskaltzale izan gabe?". Erantzunaren bila egindako gogoetak batuz eta ordenatuz plazaratu dute Trikua esnatu da (Susa, 2019) liburua, Lisipe bildumako zazpigarrena.
"Izan zaitezke feminista euskaltzale izan gabe?" galdera bota zizueten 2014an Arrasateko Emakumeen Txokoak antolatutako mahai inguruan, orduantxe hasi zenuten bidea.Zer suposatu zuen galdera horrek zuentzat?
LOREA AGIRRE: Galdera horrek argitzen zuen edo markoa jartzen zion guk ordura arte pentsatzen eta gogoetatzen ari ginen horri. Eta, noski, galdera horren beste aldea ere bai: "Izan gaitezkeen euskaltzale feminista izan gabe?". Gure erantzuna da ezin garela izan euskaltzale feminista izan gabe, eta ezin garela feminista izan euskaltzale izan gabe. Erantzuna nondik nora arrazoitu eta horri testuinguru bat ematea izan da azken bost urteetan egin duguna.
IDURRE ESKISABEL: Oharkabean zegoen gabezia bati ere erantzuten dio gure gogoetak. Euskal Herrian oso presente egon da hizkuntzaren arloa; hizkuntza gatazka, eta horri eman zaio erantzuna bai eragile sozialen aldetik eta baita eragile politikoen aldetik ere. Gogoeta bide ere izan da jende askorentzat, baina, akaso, gabezia bat zegoen detektatu gabea: hizkuntzaren eta sexu-genero sistemaren arteko harremana ez da berariaz askorik landu. Soziolinguistikak, hizkuntza antropologiak, ikasketa feministek€ agerian utzi dute etengabe txirikorda baten egon direla hizkuntza eta generoa.
Aipatu duzue dagoeneko mundu zabalean bazirela bi ardatzak uztartzen zituzten zenbait lanketa. Zuen kasuan ohartze unea sinapsia izendatu duzue. Nola bizi zenuten momentu hori?
L.A: Gu geu konturatzen gure kezka hizkuntzaren gainean, edo gure kezka feminismoaren gainean, geure bizitzan izan ditugun esperientzietan gorputz bakarrean gertatzen direla eta ez daudela banandurik. Bestetik, genero ikasketetan edo ikasketa feministetan edo antropologia linguistikoan aspalditik ikertu den gauza bat da hau; hizkuntza praktikak genero sistemarekin harreman zuzena duela. Jakintza akademiko horrek gure errealitatearen gainean zerbait esaten digu. Bere gauza on eta txarrekin baina banatu ezin den kontu bat da. Zergatik? Gure kasu espezifikoan hizkuntzaren normalizazioa eta garrantzia emakumeei esleitu zaielako.