Gizarte Zerbitzuak
Euskadin, gizarte-zerbitzuen alorreko erregulazioa maiatzaren 20ko 6/1982 Legearekin hasi zen, eta lege hori esperientzia aitzindari eta berritzailea izan zen, beste autonomia-erkidego batzuetako gainerako arau erregulatzaileetarako eredugarri. Gainera, kontuan hartzekoa da une horretan gizarte-zerbitzuen sareak oso presentzia txikia zuela, eta arauei eta antolamenduari dagokienez barreiadura zela nagusi.
Gizarte-zerbitzuen antolamenduari koherentzia eman zion lege horrek, baita ikusmolde moderno bat ere, gizarte-zerbitzuak herritarren eskubide gisa eratu baitzituen, eta, hori guztia oinarritzat hartuta, Gizarte Zerbitzuen bigarren legea sortu zen gure erkidegoan, hain zuzen ere urriaren 18ko 5/1996 Legea.
Erantzukizun publikoko gizarte-zerbitzuen sistema hobetu eta garatu zuen lege horrek, sistema hori, gizarte-ongizatera ere bideratuta zeuden beste zenbait sistema eta politika publikoren aparteko sistema osagarri gisa egituratuz eta antolatuz. Beste hobekuntza batzuen artean, gizarte-zerbitzuen sarea poliki-poliki hedatzea ahalbidetu zuen, baita sare horren prestazioak garatzea eta eskumenak argiago zehaztea ere.
12/2008 Lege berria, abenduaren 5ekoa, Gizarte Zerbitzuen hirugarren belaunaldiko legea dela esan dezakegu, eta aurreko erregulazio guztiak jaso, hobetu eta gainditzen ditu, Gizarte Zerbitzuetarako eskubide subjektiboa aldarrikatuz, herritarren eskubidea den aldetik; aldi berean, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean aurreikusitako sisteman sartzeko eskubideak aintzat hartzen ditu.
Jarraian, GIZARTE ZERBITZUEI BURUZKO ABENDUAREN 5eko 12/2008 LEGEAREN funtsezko alderdi edo elementuetako batzuk laburbilduko ditugu:
-
Herri Administrazioen eskumenen araubidea.
39. artikuluan eta hurrengoetan, Eusko Jaurlaritzak; Foru Aldundiek eta Udalek gizarte-zerbitzuen alorrean dituzten eskumen eta eginkizunak zehazten dira.
EUSKO JAURLARITZAK honako eskumen hauek ditu, besteak beste:
-
Legean esleitu zaion arauzko garapena.
-
Zuzeneko ekintza, honako prestazio eta zerbitzu hauek ematea barne:
-
Familia-bitartekotzarako zerbitzu osoak
-
Deribazio judizialaren bidezko familia-elkarguneetako zerbitzua
-
-
-
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuak: Prestazio eta zerbitzuen katalogoa eta kartera.
Tresna horiei esker, herritarrek gizarte-zerbitzuen alorrean zer eskubide dituzten jakin dezakete, eta administrazioek, berriz, zer erantzukizun dituzten.
Katalogoa tresna bat da, eta, horren bitartez, eskumeneko euskal administrazioek sistemaren bitartez bermatu beharko dituzten prestazio ekonomikoak eta zerbitzuak identifikatzen dira.
Karteraren bitartez, besteak beste, katalogoaren zerbitzu eta prestazioetan sartzeko ezaugarri, modalitate eta betekizunak hartuko dira, baita finantziazio-formulak ere. Une honetan, lan handia egiten ari da kartera arautzeko.
-
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren plangintza: Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa eta Gizarte Zerbitzuen Mapa.
Sistema planifikatzeko tresnak dira, eta premia eta baliabideen ebaluazioan oinarritzen dira horretarako.
Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoak lau urteko indarraldia izango du, eta, besteak beste, honako hauek bilduko ditu: gizarte-premien diagnostiko bat eta premia horien bilakaeraren aurreikuspena, lortu beharreko helburuak, ildo estrategikoak eta horiek abian jartzeko ekintzak, ebaluazio-mekanismoak eta abar. Gainera, memoria ekonomiko bat eduki beharko du, baliabideak hedatzearekin zerikusia duten kostu-aurreikuspenen berri emango duena.
Gizarte Zerbitzuen Mapa planera bildu da, eta zerbitzuak ezartzeko biztanleria-irizpiderik egokienak ezarri beharko ditu.
-
Kalitatea Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman: Gizarte Zerbitzuen Euskal Behatokia eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema.
Sistemaren barneko prestazio, zerbitzu, programa eta jardueren kalitatea hobetzeko, sistemak tresna jakin batzuk eduki beharko ditu, honako hauek, hain zuzen:
Gizarte Zerbitzuen Euskal Behatokia, EAEko gizarte-zerbitzuen jakintza, ebaluatu, hobetu eta kudeatzeko. Besteak beste, honako eginkizun hauek izango ditu: kalitatea ebaluatu eta hobetzeko prozesu ziurtatuak aplikatzea, profesionalak sentsibilizatzea beren jardueraren dimentsio etikoaren eta bioetikoaren inguruan, eta ikerketaren ildo nagusiak garatzea gizarte-zerbitzuen eremuan.
Gizarte Zerbitzuei buruzko Informazioko Euskal Sistema, sistemaren magnitude nagusien inguruko informazioa eguneratua dagoela bermatu behar du. Horretarako, datuak etengabe iraultzeko beharrezkoak diren sare eta gailu informatiko eta telematikoak artikulatzen ditu. Horrek guztiak administrazio arteko koordinazioa eskatuko du, baita ekimen pribatuarekin koordinatzea ere, informazioa Eusko Jaurlaritzari helarazteko zehaztuko diren baldintzen eta aldizkakotasunaren arabera.
-
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren lankidetzarako, kontsultarako eta ikuskatzerako organoak: Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoa, Euskal Kontseilua eta Goi Ikuskaritza.