Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila 

Gizarte zerbitzuak, gizarte-larrialdiak

Ostatu-zerbitzuak / Harrera-etxea

Definizioa eta helburua

Zerbitzu honek ostatu ematen die gizarte-larrialdiko edo gizarte-premiazko egoera baten ondorioz ostaturik ez izateari aurre egin ahal izateko edo etxeko indarkeriaren egoeratik biziberritu eta egoera hori gainditu ahal izateko iraupen laburreko egonaldia behar duten pertsonei eta bizikidetza-unitateei, betiere pertsona horiek babes-neurririk behar ez badute.

Aldi baterakoa da. Egonaldia gehienez ere 4 hilabetez luzatu ahal izango da, eta salbuespen gisa iraupen bereko aldi batez luzatu ahal izango da.

Laguntza-intentsitate txikiko zerbitzua da, harrera-etxean etengabe egon behar duen langilerik eta harrera- etxeari berariaz esleitutako langilerik eskaintzen ez duena, eta, hala badagokio, kanpo-laguntza egokiak antolatzen dituena, baita Udalaren Gizarte Zerbitzuen laguntza ere, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistematik beharrezkoak diren zerbitzuak eta/edo prestazioak lortzeko. Hartutako pertsonak etxeko indarkeriaren biktimak diren emakumeak badira, Udalaren Gizarte Zerbitzuak etxeko indarkeriaren biktimak artatzeko zerbitzu eta programa guztiekin koordinatuta jardungo du.

Harrera-etxeak etxebizitza-eraikin arrunt batean kokatzen dira normalean. Etxeko indarkeriaren biktima diren emakumeentzako harrera-etxeek emakume horien kokapenaren konfidentzialtasuna bermatzeko neurriak hartu beharko dituzte eta etxeko indarkeriaren biktima diren emakumeentzat soilik izango dira.

Honako helburu hauek dituzte: a) gizarte-larrialdiko egoeretatik edo etxeko indarkeriako egoeretatik eratorritako ostatu-gabeziak eragindako krisi-egoera jakin batzuk gainditzen laguntzea erabiltzaileei; b) erabiltzaile horiek segurtasun-sentimendua izan dezaten ahalbidetzea.

Zerbitzu motak

  1. Gizarte-premiako egoerei erantzuteko harrera-etxea.
  2. Etxeko indarkeriaren biktimak diren emakumeentzako harrera-etxea.

Eskaintzen dituen prestazioak

Gizarte-zerbitzuenak

  • Informazioa.
  • Jarraipen-balioespena.
  • Gizarte- eta hezkuntza-arloan eta arlo psikosozialean esku hartzea, hala badagokio.
  • Lagun egite soziala, hala badagokio.
  • Bitartekaritza – bitartekotza, hala badagokio.

Hartzaileak

Egoera:

Lehenengo motan: Gizarte-urgentziazko egoera baten ondorioz aldi baterako ostatua behar dute pertsonak edo bizikidetza-unitateak.

Bigarren motan: Genero-indarkeriaren biktima izaki indarkeria gainditzeko prozesuan dauden emakumeak, baldin eta emakume horiek ostatu hartzeko aldi baterako alternatiba bat behar badute, baina babes-neurririk behar ez badute.

Adina: 18 urteko edo gehiagoko eskatzailea, eta, hala badagokio, eskatzailearen ardurapean, tutoretzapean edo zaintzapean egonik normalean harekin bizi diren pertsonak, adin nagusikoak edo adingabeak izan.

Lortzeko baldintzak

Administraziokoak

Eskatuko den baldintza bakarra preskripzio teknikoa da, eta gizarte-urgentziazko zerbitzutzat hartuko da Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen 3.3 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

Premiazkoak

  1. Langileen etengabeko presentziarik gabe ostatu-zerbitzu batean eman daitekeen intentsitate txikiko laguntza behar izatea.

  2. Gizarte-zerbitzuen sarearen berezko horniduren aukeretatik edo hedaduratik kanpoko osasun-laguntza espezializatua eta/edo iraunkorra behar ez izatea.

  3. Jokabide-nahasterik ez izatea eta/edo zerbitzuaren funtzionamendua edo zerbitzuko bizikidetza normala larriki nahas dezakeen edota pertsonarentzat berarentzat, beste erabiltzaile batzuentzat edo esku har dezaketen profesionalentzat arriskutsua izan daitekeen portaerarik ez agertzea.

  4. Gaixotasun infekzioso eta kutsakor bat eta/edo gaixotasun mentalen bat izanez gero, dagokion tratamendua ez baztertzea.

Baterako ordainketa

Baterako ordainketari lotutako zerbitzua.

Doako zerbitzua genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat.

Argibide gehiagorako, jarri dagokizun oinarrizko gizarte-zerbitzuarekin harremanetan.

Adingabeentzako egoitza-zentroak

Definizioa eta helburua

Adingabeen egoitza-harrerara bideratutako bizikidetza-zentroak dira, halakotzat hartuz ordezko zaintza- neurri bat, administrazioarena edo epailearena, eta neurri horren xedea da beharrizan material, afektibo eta hezkuntzakoak beren familietan (aldi batez behintzat) bete ezin dituzten haurren eta nerabeen erabateko arreta egoitza batean eskaintzea.

Egoitza-harrera normalki aldi baterakoa da, eta horrela, familia biologikora itzultzeko edo familiako harrera edo adopzioa bezalako alternatibetara bideratzen da, betiere, eta adingabearentzat kaltegarria ez bada, egoitza-harreran dagoenean familiako loturei eusteko lan eginez.

Oinarrizko helburua garapen afektibo, psikologiko, intelektual eta sozial egokia ahalbidetuko dion babesgune bat eskaintzea da. Eta horretarako, bere esparruan, ondoren azalduko diren eremuetan izan ditzaketen premiei behar bezala eta eraginkortasunez erantzuteko ezinbestekoak diren baliabideak lortzen lagundu behar da. Adierazitako eremuak honako hauek dira: osasuna; ongizate emozionala; elikadura; higienea eta norberaren itxura; loa; autonomia eta erantzukizuna; familia; gizarte-sarea; gizarte- eta kultura-arloko nortasuna; prestakuntza; lana; aisia; laguntza komunitarioa; eta premia bereziekiko arreta.

Zerbitzu motak

  1. Egoitzak. Jokabide-arazo larriak dituzten nerabeentzako laguntza intentsiboko programa espezializatua aplikatzen den zentroetan, zentroa eraikin independente batean kokatu behar da eta esklusiboki kolektibo horren arretan jardun behar du.

  2. Harrera-pisuak, lehentasunez etxebizitza arruntetan kokatuak.

  3. Emantzipaziorako prestatzeko zentroak.

  4. Emantzipazio-pisuak, lehentasunez etxebizitza arruntetan kokatuak.

Programak

Larrialdiko harrera. Oinarrizko orokorra. Emantzipaziorako prestatzeko. Emantzipazio-programa. Jokabide-arazoak dituzten nerabeei arreta emateko programa espezializatua. Jokabide-arazo larriak dituzten nerabeei laguntza intentsiboa emateko programa espezializatua.

Prestazioak

Gizarte-zerbitzuenak

  • Informazioa.
  • Jarraipen-balioespena.
  • Bitartekaritza - Bitartekotza.
  • Gizarte- eta hezkuntza-arloko eta arlo psikosozialeko esku-hartzea: hezkuntza-arloko esku-hartzea; arlo psikosozialekoa.
  • Lagun egite soziala: tutoretza-ekintza.
  • Arreta pertsonala, adin txikiko haurrei arreta eskaintzen zaienean.

Osagarriak

  • Mantenua.
  • Ikuztegia eta garbiketa (prestazio horiek emantzipazio-programetan mugatuta daude, emantzipatzeko beharrezkoak diren trebetasunak eskuratzea ahalbidetzeko).

Hartzaileak

Egoera:

  1. Aitak, amak edo tutoretza duen pertsonak zirkunstantzia larrien ondorioz bere zaintza-eginkizunak aldi baterako bete ezin izateak eragindako premia-egoerak.

  2. Babesgabetasun-arrisku larriko egoerak.

  3. Babesgabezia-egoerak.

Adina:

Adingabeak. Salbuespen gisa, eta zaindutako pertsonak eta Foru Aldundi eskudunak adostu ostean, adin nagusi izan aurretik babes-sareko baliabide batean bizi ziren 18 urte edo gehiago dituzten gazteak izan daitezke egoitza-harrerako baliabideen erabiltzaileak emantzipazio-programaren esparruan,betiere 18 hilabeteko gehieneko aldian.

Lortzeko baldintzak

Administraziokoak

Egoitza-harrerako neurri administratibo edo judizial baten xede izatea, hala dagokion Foru Aldundiak gazteak eta nerabeak babestearen alorrean tutoretza egikaritzearen esparruan, nola Administrazio horrek zaintza bere gain hartzeko neurri baten esparruan.

Premiazkoak

  1. Bere aita, ama edo tutoreak, zirkunstantzia larrien ondorioz, hura aldi baterako zaindu ezin izatea.

  2. Haurraren edo nerabearen zaintza dagokion Foru Aldundiari esleitu izana erabaki judizial baten bitartez.

  3. Adingabea erantzukizun penalaren eremuan ezarritako neurri judizialei lotuta ez egotea, neurri horiek egoitza batean sartzea direnean edo hezkuntza-talde batekiko bizikidetza-neurri bat direnean, azken kasuan salbu, adingabea lehendik babesaren eremuko hezkuntza-talde batean baldin bazegoen adingabeen epaileak emandako epai penala baino lehen.

Argibide gehiagorako, jarri dagokizun oinarrizko gizarte-zerbitzuarekin harremanetan.

Etxean tratu txarren biktima izan diren emakumeentzako egoitza-zentroak eta emakumeentzako beste egoitza-zerbitzu batzuk

Definizioa eta helburua

Bizikidetza-arazo larriak dituzten emakumeei (bereziki emakumeen osotasun fisikoa edo emozionala arriskuan jartzen duten etxeko tratu txarren egoerak) eta kausa sozioekonomiko eta pertsonalekin lotutako egoera kritikoan dauden emakumeei kasu batzuetan urgentziazko arreta eta bizitokia eta egonaldi laburreko bizitokia eta, beste kasu batzuetan, egonaldi ertaineko bizitokia eskaintzen dieten zentroak dira.

Intentsitate ertain eta handiko laguntza eskaintzen dute, eta honako esku-hartze hauek biltzen dituzte: a) lehen harrerako esku-hartzeak egunaren 24 orduetan –balioespena, diagnostikoa, orientabidea eta urgentziazko bizitokia barne–; b) lehenengo harreraren ondoko esku-hartzeak, bizitokia eta arlo psikosozialeko esku-hartzearen nahiz gizarte- eta hezkuntza-arloko eta gizarte-laguntzako esku-hartzearen inguruko laguntza intentsiboak emateko direnak; nolanahi ere, laguntza horiek emateko teknikari espezializatuen presentzia nahitaezkoa izango da.

Gizarte- eta hezkuntza-arloko eta arlo psikosozialeko esku-hartze horiek genero-ikuspegitik eta emakumeen ahalduntzea bultzatzen duen ikuspegiarekin egiten dira.

Honako helburu hauek ditu:

  1. Bizikidetza-arazo larriei, eta bereziki etxeko tratu txarren egoerei lotutako premia-egoera larriei erantzutea berehala.

  2. Egoera kritiko horietan egotearen ondorioz, ohiko bizilekurik ez duten edo bizilekua uztera behartuta egon diren emakumeei eta normalki beraiekin bizi diren eta haien mende dauden pertsonei (haien ardurapeko seme-alabak –adin txikikoak direnak zein ez direnak– edo haien mende dauden helduak) aldi baterako bizitokia ematea.

  3. Beren egoera pertsonalean, ekonomikoan eta familia-egoeran beharrezkotzat edo egokitzat hartzen dituzten aldaketak egiteko, eta horretarako erabakiak hartzeko astia eta babes egokiak, ingurune seguru batean, izateko aukera eskaintzea.

  4. Beren egoerari egokiro aurre egiten laguntzea, eta, horretarako, beharrezkoa den aholkularitza, informazioa eta laguntza eskaintzea eta babes-baliabiderik egokienak eskuratzeko aukera ematea.

  5. Autoestimua eta konfiantza pertsonala ez ezik, bizitza autonomoa garatzeko eta gizarteratzeko ibilbidea bideratzeko norberaren gaitasunak edo trebetasunak ere mantentzen, berreskuratzen eta/edo garatzen laguntzea.

  6. Premietara egokitutako lagun egite sozial eta gizarte-babes trinkoa ematea.

  7. Segurtasun-sentimendua ahalbidetzea.

Zerbitzu motak

  1. Berehalako harrera-zerbitzuak, egonaldi laburrekoak –eguneko 24 orduetan,urteko egun guztietan, balia daitezkeenak–, etxean tratu txarren biktima izan diren emakumeak berehala eta baliabide egokienera bideratu aurretik haien premiak balioesteko behar den denboran hartzen dituztenak.

  2. Egonaldi ertaineko harrera-zentroak, honako hauen babes- eta ostatu-eskaerei erantzutera bideratuta daudenak:

    • Emakumeak eta haien guraso-ahalaren, zaintzaren eta jagoletzaren mende dauden seme-alaba adingabeak, etxeko eremuan tratu txarren biktima izan direnak eta esku-hartze espezializatu integrala behar dutenak.
    • Bakarrik dauden, laguntza intentsiboa behar duten eta baliabide pertsonalik eta gizarte- eta familia- laguntzarik ez duten emakumeak –haurdun daudenak edo babesgabetasun-eta/edo bazterkeria-arrisku handiko egoeran dauden seme-alaba adingabeak ardurapean dituztenak–. Laguntza hori gizarte- eta hezkuntza-arloko esku-hartzeetan eta arlo psikosozialeko esku-hartzeetan datza batez ere.

Prestazioak

Gizarte-zerbitzuenak

  • Informazioa.
  • Jarraipen-balioespena. Eta lehen motan, premien hasierako balioespena.
  • Diagnostikoa.
  • Bitartekaritza – Bitartekotza.
  • Gizarte- eta hezkuntza-arloko eta arlo psikosozialeko esku-hartzea: hezkuntza-arloko eta arlo psikosozialeko esku-hartzea.
  • Lagun egite soziala.
  • Arreta soziojuridikoa.
  • Segurtasuna (zaintza), hala badagokio.

Osagarriak

Hala badagokio: Mantenua. Ikuztegia. Zona komunen garbiketa.

Hartzaileak

Egoera:

  1. Etxean tratu txarren biktima izan diren eta babesgabetasun-egoeran dauden emakumeak.

  2. Babesgabetasun- eta/edo bazterkeria-egoeran dauden beste emakume batzuk, bereziki bakarrik eta haurdun dauden edo babesgabetasun- eta/edo bazterkeria-arrisku handiko egoeran dauden seme-alaba adingabeak ardurapean dituzten eta baliabide pertsonalik eta gizartearen nahiz familiaren laguntzarik ez duten emakumeak.

  3. Bizikidetza-unitateari eusteko, aurreko taldeetan aipatutako emakumeez gain, emakume horien ardurapean dauden eta normalean haiekin bizi diren pertsonak (adingabeak edo adin nagusikoak diren kontuan izan gabe) baita haien ardurapean dauden beste heldu batzuk ere balia daitezke zerbitzu honetaz.

Adina:

  1. 18 urte edo gehiago dituzten emakumeak.

  2. Emantzipatutako emakume adingabeak.

Lortzeko baldintzak

Administraziokoak

1 motan ez da inolako baldintzarik eskatuko preskripzio teknikoaz gain, eta zerbitzu hori gizarte-premiazko zerbitzutzat hartuko da, Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen 3.3 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, baita zuzenean lortzeko zerbitzutzat ere.

2 motan, inolako baldintza gehigarririk ez. Eta etxeko eremuan tratu txarrak jasaten dituzten biktimen kasuan, inolako baldintzarik ez, preskripzio teknikoaz gain.

Premiazkoak_

  1. Segurtasun-baldintzetan bizitzeko etxebizitza alternatiborik ez izatea, edo berehala erabili ezin izatea.

  2. Gizarte-zerbitzuen sarearen berezko horniduren aukeretatik edo hedaduratik kanpoko osasun-laguntza espezializatua eta/edo iraunkorra behar ez izatea.

  3. Jokabide-nahasterik ez izatea eta/edo zerbitzuaren funtzionamendua edo zerbitzuko bizikidetza normala larriki nahas dezakeen edota pertsonarentzat berarentzat, beste erabiltzaile batzuentzat edo esku har dezaketen profesionalentzat arriskutsua izan daitekeen portaerarik ez agertzea.

  4. Gaixotasun infekzioso eta kutsakor bat eta/edo gaixotasun mental bat izanez gero, dagokion tratamendua ez baztertzea.

    1. motan, urgentziazko esku-hartze bat behar izatea.
    1. motan, iraupen ertaineko laguntza intentsiboa, integrala eta espezializatua behar izatea.

Argibide gehiagorako, jarri dagokizun oinarrizko gizarte-zerbitzuarekin harremanetan.

Gizarte-larrialdietarako koordinazio-zerbitzua

Definizioa eta helburua

Urteko egun guztietan martxan dagoen zerbitzua da, dagokion Lurralde Historikoaren barnean gertatzen diren gizarte-larrialdiko egoerei berehalako arreta emateko.

Berehalako arretako edo urgentziazko lehen arretako zereginak, foru-erantzukizunekoak zerbitzu honen esparruan, honako hauek dira: premien behin-behineko balioespena –ondorengo balioespenarekin lotuta egongo dena– egitea, betiere beharrezkoa bada:

  1. urgentzia edo larrialdia gertatu den lekura joatea, kaltetutako pertsona edo pertsonei arreta «in situ» egiteko;

  2. premia-egoerak «in situ» atzematea;

  3. eraginpeko pertsonari edo pertsonei osasun-zentroetara, polizia-bulegoetara edo bulego judizialetara edo beste bulego batzuetara laguntzea;

  4. beharrezkoa denean, kasuaren arreta dagozkion zerbitzuetara bideratzea, albait lasterren, eta, bereziki eta hala badagokio, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren ostatu-zerbitzuetara eta egoitza-zentroetara bideratzea, 28. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Bere esku-hartzeak antolatzeko, zerbitzuak honako hauek izango ditu gutxienez: alertako telefono-zerbitzu bat eta esku hartzeko zerbitzu bat sustatzea, behar izanez gero, urgentzia edo larrialdia gertatu den lekura joango dena urgentziak edo larrialdiak kaltetutako pertsona edo pertsonei arreta “in situ” egiteko;

Prestazioak

Gizarte-zerbitzuenak

  • Informazioa.
  • Premien eta jarraipenaren hasierako balioespena.
  • Diagnostikoa.
  • Orientabidea.
  • Lagun egite soziala.
  • Arlo psikosozialeko esku-hartzea, bereziki emozioei eusteko helburua duenean

Osagarriak

Hala badagokio: Garraioa. Mantenua. Urgentziazko bizitokia.

Hartzaileak

Egoera:

  1. Gerora sortutako babesgabetasun-egoeran dauden pertsonak, bereziki: galtze- egoera eta/edo orientabidea galtzearen egoera; zaintzaileak utzi izanaren edo gerora sortutako absentziaren egoerak; genero-indarkeriako eta etxeko indarkeriako egoerak.

  2. Egoera berezien ondoriozko gizarte-larrialdiko egoeretan dauden pertsonak: zirkulazio-istripua, sutea, uholdea edo bestelako ezbeharrak.

Adina: Adin-mugarik gabe.

Lortzeko baldintzak

Administraziokoak

Ez da inolako baldintzarik eskatuko, eta zerbitzu hori gizarte-premiazko zerbitzutzat hartuko da, Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen 3.3 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, baita zuzenean lortzeko zerbitzutzat ere.

Premiazkoak

Gizarte-zerbitzuen arreta behar duen gizarte-larrialdiko egoera bati aurre egitea, 28.1 artikuluan definitutako moduan.

Argibide gehiagorako, jarri dagokizun oinarrizko gizarte-zerbitzuarekin harremanetan.