Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila 

Aurkezpena

Xedea

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren helburua, alde batetik, herritarren arteko eskubide-berdintasuna sustatzea da, gizarte-babesa oinarri hartuta, eta bestetik, enplegua bultzatzea ongizate handiagoa sortzeko gizarte inklusibo batean.

Ikuspegi orokor horretatik abiatuta, Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzaren lehentasunezko xedea Gizarte Zerbitzuetako Euskal Sistema Publikoa garatzea eta indartzea da. Sistema hori arreta emateko eta erantzukizun publikoko sare publiko arautu gisa eratu da, eta bere helburua pertsona, familia eta talde guztiak gizarteratu daitezen eta gizarte-autonomia eta -ongizatea lor dezaten laguntzea da; horretarako, sustapen-, prebentzio-, babes- eta laguntza-eginkizuna garatuko du, batez ere pertsonalak eta harremanezkoak diren prestazio eta zerbitzuen bidez.

Prebentzio-ikuspegia izateaz gain, arreta emateko eta esku-hartzeko eredua ikuspegi komunitarioan eta arreta-hurbiltasunean oinarrituta egongo da. Eredu horrek, gainera, eskatzen du euskal herri-administrazioek beren artean koordinazio- eta lankidetza-maila oso handia izatea, baita irabazi-asmorik gabeko ekimen sozial pribatuaren artean ere, gizarte-zerbitzuen eremuan, eta, hedaduraz, gainerako babes-sistema eta -politika publikoekin ere.

Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzaren ardatz estrategikoak

  1. Gizarte-eskubideak hedatzea herritarrentzat
  2. Ongizate-sistemaren egiturak berritzea
  3. Aktibazio komunitarioa eta gobernantza parte-hartzailea
  4. Kudeaketaren kalitatea hobetzea

Helburu orokorrak

  1. Herritarrek gizarte-zerbitzuetarako duten eskubide subjektiboa bermatzen duen Gizarte Zerbitzuen Sistema garatzea eta indartzea.
  2. Gizarte-ongizatea lortzera bideratuta dauden bestelako sistema eta politika publiko osagarriekin lankidetza- eta koordinazio-egiturak eta konponbideak garatzea, laguntza soziosanitarioaren eremua kontuan hartuta bereziki.
  3. Berdintasunik ezaren eta diskriminazioaren egoeren biktimak diren pertsonak eta talde sozialak (horien artean ijitoak daude) gizarteratzen laguntzea.
  4. Berdintasunaren, aniztasunaren eta belaunaldien arteko elkartasunaren ikuspegia gehitzea, adindunen kolektiboari arreta berezia eskainiz.
  5. Aldundiko eta tokiko administrazioekiko lankidetzan eta koordinazioan aurrera egitea, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema osatzen duen arreta-sare publikoa hobeto planifikatzeko, arautzeko eta egituratzeko.
  6. Erantzukizun publikoko gizarte-zerbitzuak ematean (Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoan bilduta daude) esku hartzen duen irabazi-asmorik gabeko ekimen sozialarekin koordinatzea eta laguntza publikoa ematea gizarte-ekintzako hirugarren sektorea (borondatezko ekintza hor sartzen da) sustatzeko neurrien bitartez, Katalogoan sartuta ez dauden prestazioak eta zerbitzuak garatzeko.