Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

33. Getariako alde zaharra (Getaria)

3. ETAPA: ZARAUTZ • DEBA

Gipuzkoako portua

Getaria portua izateagatik existitzen da: milaka urtetan zehar Kantauri ekialdeko portu-babesleku nagusi eta seguruena izan da. Portua haizetik babestuta dago: batetik, Getaria herria kokatzen den itsaslabarrak babesten du, eta bestetik, Malkorbeko badia iparraldetik babesten duen San Anton irlak. San Anton santuak, harkaitz bihurturik, ontzien segurtasuna zaintzen zuen, eta Getariako itsaslabarra oparia zen itsas-baliabideek erakarritako antzinako biztanleen kokagune harentzat. Izan ere, itsasoan aldapan behera barneratzen den penintsula txiki bat da; beraz, arrapala naturala da badiako itsasertzera iristeko. Penintsula horren labarren gainean bailara bat dago zintzilik: hondoan errekasto bat aurkitzen da hego-ipar noranzkoan, eta haren bi magalek harresi naturalak osatzen dituzte eguraldi txarretik eta giza erasoetatik babesteko.

Brontze Garaikoak dira (K.a. 1700-800 gutxi gorabehera) leku pribilegiatu honetako lehen giza aztarnak, baina Getariako historia zein ezaugarri urbanistikoak gaur arte baldintzatu dituen herri-gune garrantzitsua erromatar garaian finkatu zen. Erromatarrek itsas jarduerak (itsas garraioa eta merkataritza, arrantza) garatu nahi izan zituzten, estrategikoak baitziren Inperioarentzat; hala, K.o. I. mendean herri-gune garrantzitsu bat sortu zen Getarian. Eraikinak, harri eta egurrezkoak eta erromatar teilazko teilatudunak, mendi-magalean egindako eremu lauetan eraiki zituzten, errekastoari paralelo kokatutako etxadietan multzokarik. Hala, gaur egun hain berezkoa duen itxura hartuz joan zen: hego-ipar hiri-noranzkoa, errekastoari paraleloa.

Ondorengo mendeetan, erromatar zibilizazioko bizimodua pixkanaka desegiteak hainbat ondorio izan zituen itsas jardueran: bizimodu harekin estuki erlazionaturiko itsas jarduera batzuen gainbeherarekin batera, beste batzuk lehenago izan ez zuten garapena izan zuten; besteak beste, arrantza, eta batez ere, bale ehiza. Jarduera hori erabat garatua zegoen getariarren artean jada IX. mendean, eta garai berantiarrean, XVII. mendearen bigarren erdian, urtero bi balea harrapatzen zituzten batez beste, herri inguruko uretan.

Ekonomia-garapen horri esker, XII. mende bukaeran getariarrek foru-pribilegioa lortu zuten, 1209an berretsia. Gipuzkoaren baitan egiteko politiko nabarmena izan zuen: 1296an Paduretako Ermandadeko kideetako bat izan zen, eta 1397an bere elizan Gipuzkoako Ermandadea sortu zen, Gipuzkoako Probintzia (Batzar Nagusiak eta Diputazioak barne) erakundearen ernamuina izan zena.

Getaria marinel handien jaioterri izan zen: Antonio Urkiola, Domingo Bonetxea, Manuel Agote eta denetan handiena, Juan Sebastian Elkano.

Erdi Aroko hiri-egitura

XIX. mendean hiribildua zeharo suntsitua eta berreraikia izan zen arren, alde zaharrak Erromatar Garaiko egitura mailakatua eta etxadien ipar-hego noranzkoa mantentzen du, bai eta Erdi Aroko kale-egitura ere, lau kale paraleloz osatua (jatorrian sei): San Roke, Elkano, Kale Nagusia eta Aldamar, eta lau kantoiz zeharkatua. Erdi Aroko eta Aro Modernoko eraikin batzuk kontserbatzen dira, gutxi-asko eraldatuak: San Salbador eliza gotiko bikaina nabarmenduko dugu. Oinplano txiki, konplexu eta asimetrikoa du, erliebeari egokitua. Aldiz, oso garaia da, eta bat ez, baizik eta bi triforio ditu erdiko nabearen perimetroan zehar. Nabeen estalki gisa gurutzeria-gangak ditu, kontaketadun giltzarriak dituztenak.

Halaber, XVI-XIX mende bitarteko hainbat dorretxe eta jauregi ere aurkitzen dira (Zarautz Jauregia, Olano, Aldamar, Campos, Indianokua, Erromeronekua, udaletxea eta abar), bai eta hiribilduko harresi zaharren hondarrak ere. Alde batetik itsasoko aldea dago, XVI. mendeko gangadun atea (bonben aurka babestua) eta XVII. mendeko bastioia dituena; bestetik, lurrekoa, non XVII. mendeko bastioiaren oinarria mantentzen den: 1924an eraikitako Elkanoren Monumentua hor kokatuta dago.

Partekatu

unesco