Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

91. Gerekizeko San Esteban ermita-hilerria (Morga)

6. ETAPA: GERNIKA-LUMO • BILBAO

Antzinako jatorriko baseliza xume bat

Eliza txiki honetara hurbiltzen denari harrigarri egingo zaio kanpoko horma osatzen duten bi harri aurkitzea, sarrerako ate aldean, inguruan dituzten harlangaitzezko blokeen antzik batere ez dutenak.

Hilarri zati bana da, non, erromatar tradizioari jarraituz, pertsonaia batek beste bati eskaintzen dion hil monumentua. Kasu honetan, harri biak ezkontideak oroitzeko egiten dira. Horietako bat, laukizuzena, 362an datatuta dago, eta senarrak (Terentzio) bere emazteari (Sempronia) eskaintzen dio. Beste zatiak, irregularra, luzanga eta kaxola batekin, ez du datarik, baina emailearen izena du (Severinia), oroigarri hori bere senarrari (Salvícalo Certimio) eskaintzen diona. Gaur egun ikusten ditugun hilarriak erreplikak dira, jatorrizkoak Bizkaiko Arkeologia Museoara (Bilbo) eraman baitziren.

Iturri batzuen arabera, 1170ean eraikuntza birgaitzeko egindako lanetan, hilarri hauek eta beste batzuk aurkitu ziren, eta, beraz, batzuk hormetan erabili ziren eta beste batzuk berriz lurperatu. Gainera, Erdi Aroko forma kristauan orientatutako hilobiak eta hezurrak aurkitu ziren, burua mendebalderantz eta oinak ekialderantz zituztela. Azterketa arkeologiko sakonik ezean, gune berean kronologia eta erritu desberdinetako nekropolien kointzidentzia hau oso interesgarria dela iradoki dezakegu. Aurreko erritu espazio baten kristautzea gertatuko zen, hilobi-erabilera mantenduz, baina eraikuntza liturgiko kristaua erantsiz.

Euskal Herri kantauriarrean, Erromatar Aroaren eta Erdi Aroaren arteko trantsizioa oso azaletik baino ez da ezagutzen. Hildakoen zaintza eta horiekin lotutako errituak ez dira salbuespena. Hala eta guztiz ere, esan dezakegu, oro har, erromatarren garaiko nekropoliak alde batera utzi zirela kasu batzuetan (Tribisburu, Bermeo); beste batzuetan, errauts-gune paganoak kristautu egin ziren, baina Erdi Aroan ehorzketak egiten jarraitu gabe (Ama Xantalen, Irun); batzuetan, kristauen gurtza eta ehorzketak Antzinatearen amaieratik datoz, eta Erdi Aroaren hasierara arte jarraitzen dute (Finaga, Basauri).

Nolanahi ere, Euskal Herriko antzinako biztanleek beren hildakoei arreta eman zietela erakusten dute horrelako lekuek. Gainera, kasu batzuetan, antzinako lekuen gurtza mantendu zen, bere traszendentziaren kontzeptua eta sinesmen sistema eraldatu ziren arren (ez dakigu zein mailatan).

Gaur egun, XVIII. mendean berreraikitako eraikin xumea oinplano angeluzezenekoa da eta bi isurkiko teilatua du, oinaldean zirkuluerdiko arkuko ate nagusi batekin.

Partekatu

unesco