Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

84. Foruako erromatar asentamentua (Forua)

6. ETAPA: GERNIKA-LUMO • BILBAO

Produkziorako kokaleku bat

K.o. I. mendearen bigarren erdian, Urdaibaiko itsasadarrean produkzio-kokaleku bat eratuko da, alde batetik nekazaritza eta abeltzaintzako lanak egiteko eta, bestetik, burdina egiteko. Mendi-mazelaren behealdean dago, ibaiaren ibilgu zaharraren ertzean hain zuzen ere. Bestalde, ditugun datuengatik, Foruko aztarnategia behera etorri eta desagertu egin zen K.o. IV. mendean.

Multzoa, dirudienez, harresi eta babes-hobi batez inguratuta dago, aztarnategian indarkeria zantzurik ez dagoen arren. Induskatutako eraikinen eta espazio irekien multzoak itxuraz ez du inolako planifikatutako hirigintza-antolamendurik. Eraikin batzuk bakarrik agertzen dira, eta beste batzuk patio baten inguruan elkartuta daude. Induskatutako eremuan ez dirudi etxebizitza-eraikinik dagoenik, nahiz eta duela gutxi terma baten hondarrak aurkitu diren. Horregatik, ondoriozta daiteke oraindik aurkitzeko dagoen habitat-eremu bat dagoela, instalazio higieniko-sanitario horrek bertako biztanleentzat balio baitzuen.

Tokiko klima kontuan hartuta, ez da harritzekoa drainatze-kanalizazioak aurkitzea, magalean behera doazen euri-urak husteko.

Kokagunean erabiltzen diren eraikuntza-materialei dagokienez, hormak inguruko hareharriz eginak daude, harlanduxko edo harlangaitzezkoak, buztinarekin trabatuta. Eremu batzuetan lauzen zolatak daude, baina, oro har, lur trinkotuko edo egosiko zoruak dira. Teilatuak teila (tegulae eta imbrices), lauza edo taulaz estalita daude.

Bestalde, kokaguneko eguneroko erabilerako materialen artean (baxera, adibidez) Akitaniatik nahiz Ebro bailaratik datozen piezak dokumentatu dira. Datu hori itsasadarraren ertzean duen kokapenari gehitzen badiogu, pentsa liteke instalazioak helburu komertziala izan zuela nagusiki.

Ondare-elementu honek esanahi handia du, Bizkaiko burdinaren siderurgiaren testigantza oso zaharra delako, eta burdina bezalako balio erantsi handiko material baten esportazio goiztiarra iradokitzen duelako.

Partekatu

unesco