Zer dira biosfera erreserbak
Biosfera Erreserbak Unescok bere Man & Biosphere programaren barnean sortutako figurak dira, eta hiru helburu dituzte: natura kontserbatzea, garapen jasangarria eta laguntza logistikoa, ezagutza zientifikora eta jasangarritasunerako hezkuntzara zuzendua. Esperimentazio-eremu eta esperientzia-laborategi gisa konfiguratzen dira, haietan bizi diren pertsonen bizi-baldintzak hobetzeko kontserbazioaren eta garapen jasangarriaren arteko oreka lortzeko helburuarekin.
Urdaibai Biosfera Erreserbak 22.000 hektarea ditu. Erreserban itsaslabarrak, mendiak, hondartzak, estuarioan elkartzen diren ibaiak eta lurpeko urak, leizeak, baso naturalak, biodibertsitate handia eta ondare geologiko ordezkaezin bat ditugu. Horiez gain, aztarnategi arkeologikoak, Erdi Aroko gazteluak eta dorretxeak, baserriak eta arrantza-portu txikiak daude. Halaber, eskaintza gastronomiko bikaina du, eta aisia-jarduerak egiteko aukera interesgarriak eskaintzen ditu: bizikletaz edo oinez egiteko bideak, surfinga eta birdinga, besteak beste.
Erreserba osatzen duten baliabide natural eta kulturalei eusteko eta biodibertsitatea eta garapen ekonomiko eta sozial iraunkorra sustatzeko, UNESCO erakundeak MaB (Man and Biosphere) programan txertatu zuen Urdaibai 1984an, Biosfera Erreserba deklaratu zuenean. Geroago, Eusko Legebiltzarrak 1989ko uztailaren 6an Urdaibai Biosfera Erreserba babestu eta antolatzeari buruzko 5/1989 Legea onartu zuenean, izendapen hori irmotu egin zen. Adierazitako legeak erregimen juridiko berezi bat ezartzen du eremu horretan gauzatu nahi diren ekintzentzat.