Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Ingurumen-baimen bakarrari buruzko ohiko galderak

Zer da ingurumen-baimen bakarra?

Administrazio-tresna horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak aldez aurretik emandako egintza bakar batean eta prozedura bakarrean integratuko dira hondakinak ekoizteko eta kudeatzeko baimenak, kolektorera, jabari publiko hidraulikora eta itsas-lehorreko jabari publikora isurtzeko baimenak, eta atmosferara egiten diren isurketak, berotegi-efektuko gasen isuriak barne.

Nori eskatu behar zaio?

Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoa Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Ingurumen Iraunkortasuneko Sailburuordetza da.

Nork eskatu behar du ingurumen-baimen bakarra?

Ingurumen-baimen bakarra izan beharko dute Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen I.B eranskinean jasotako edozein epigraferekin bat datorren jarduera duten instalazioek.

Epigrafe jakin batean oinarrituta sartzeak ez du esan nahi baimenak hura eragin duten ingurumen-alderdiak bakarrik jasotzen dituenik; aitzitik, arauaren 43.2 artikuluan ingurumen-baimen bakarraren eduki gisa jasotako guztiak ere jasoko dira.

Noiz eskatu behar dut?

Instalazio berriek eskaera-prozesua osatu beharko dute, eta ondoren baimena lortu, eraiki eta muntatu aurretik.

Zer epe dago dauden instalazioak egokitzeko?

10/2021 Legeak honako epe hauek ezartzen ditu dauden instalazioak egokitzeko:

  1. 2024ko urtarrilaren 1a baino lehen egokitu egingo dira hondakin arriskutsuak tratatzeko baimena behar duten jarduerak eta instalazioak.
  2. 2025eko urtarrilaren 1a baino lehen egokitu egingo dira Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak lehenesten dituen eta baimena behar duten atmosfera kutsa dezaketen jarduerak.
    Oharra: ingurumen-organoak ez du argitaratu lehenetsitako jardueren zerrendarik; beraz, jarduera horiei aplikatu beharreko egokitzapen-epea d atalekoa da.
  3. 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen, hondakin ez-arriskutsuak tratatzeko jarduerak egokituko dira.
  4. 2027ko urtarrilaren 1a baino lehen, dauden jarduera eta instalazio guztiak egokitu beharko zaizkio.

Dauden instalazioen kasuan, zer egin behar da ingurumen-baimen bakarra lortzeko?

Dauden instalazioek ingurumen-baimen bakarra lortzeko bi modu dituzte:

  • Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak egindako egokitzapen-prozedura sinplifikatua (Gaitzen duten tituluak aldatzeko eskaera), prozedura arrunta izapidetu beharrik gabe, baldin eta jardueraren edo instalazioaren titularrak erantzukizunpeko adierazpen bat bidaltzen badu ziurtatzeko gaitzen duten ingurumen-tituluak emateko baldintzak gaur egun ere berdintsu mantentzen direla. Erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu aurretik, komeni da ingurumen-organoari galdetzea, araudi sektorialen betebeharren ondorioz instalazioaren baldintzak berrikusteko programazioari buruz.
  • Ohiko prozedura (Ingurumen-baimen bakarra eskatzea), instalazioan gaikuntza-tituluetan jasotzen ez diren aldaketak egin badira eta ingurumen-organoak hala zehazten badu. Kasu horretan, izapideak honako hauek izango dira: eskaera, jendaurrean jartzea, erakunde eskudunei kontsulta egitea entzunaldiaren eta ondorengo ebazpenaren fasearen aurretik.

Dauden instalazioak egokitzeari dagokionez, garrantzitsua da gogoratzea arauak aurreikusten duela ingurumen-baimen bakarra emateko edo ukatzeko ebazpen arrazoitua gehienez ere sei hilabeteko epean emango dela, eskaera aurkezten denetik zenbatzen hasita.

Dauden jardueren kasuan, zein dira gaitzen duten ingurumen-tituluak?

Jarduerak hondakinen, isurketen eta isurien kudeaketaren arloan dituen baimenak, bai eta jarduera-lizentziak ere.

Gaikuntza-tituluak dira, halaber, hondakinak ekoizteko eta kudeatzeko erregistroan, konposatu organiko hegazkorren emisioen erregistroan edo atmosfera kutsa dezaketen jardueren jakinarazpenetan egindako inskripzioak.

Nola eskatu behar da?

Tramitazioari buruzko informazio guztia hementxe dago:

Nire instalazioetan aldaketa bat egin behar dut, ingurumeneko baimen bakarra eskatu behar dut edo gaur egun hondakin, atmosfera, isurketa eta abarren inguruan dauzkadan baimenak eguneratzeko eskatu behar dut?

Gaitzen duten tituluak aldatzeko eskaerak ingurumen-organoak baloratuko ditu, funtsezkoak diren ala ez zehazteko, eta, beraz, ingurumen-baimen bakarra lortzeko beharra ezarri behar den edo, bestela, titulu sektorialak egokitu behar diren erabakitzeko.

Eskabideen kalifikazio egokia errazteko, posible da batera kontsultatzea aldaketak funtsezkoak diren ala ez, gaikuntza-baimen bakoitzerako eskabide bat egin beharrik gabe.

Jarduera sailkatuetarako lizentziak izapidetzen ari garen udalok, nola izapidetu behar ditugu? Horiekin jarraituko dugu ala ingurumen-baimen bakar berrira bideratu behar dira?

Araua indarrean sartu aurretik (2021/12/31) hasitako prozedurak une horretan aplikatzekoa zen jarduera sailkatuaren lizentzia lortzeko prozeduraren arabera izapidetu beharko dira (Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 55. artikulua eta hurrengoak).

2022ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren jarduera-lizentzien prozedurak Udalak aztertu beharko ditu, jarduera zein eranskinetan sartzen den zehazteko, honela:

  • Jarduera 10/2021 Legearen I.A eranskinean sartzen bada, sustatzaileari jakinarazi beharko zaio bere jarduerak ingurumen-baimen integratua behar duela eta dagokion eskaera aurkeztu behar diola ingurumen-organoari.
  • Jarduera 10/2021 Legearen I.B eranskinean sartzen bada, sustatzaileari jakinarazi beharko zaio bere jarduerak ingurumen-baimen bakarra behar duela eta dagokion eskaera aurkeztu behar diola ingurumen-organoari.
  • Jarduera 10/2021 Legearen I.C eranskinean sartzen bada, jarduera sailkatuaren lizentzia izapidetu beharko da.
  • Jarduera 10/2021 Legearen I.D eranskinean sartzen bada, sustatzaileari jakinarazi beharko zaio jarduera sailkatuaren aldez aurreko jakinarazpena behar duela.

Udalak lehendik dauden instalazioetarako emandako jarduera sailkatuaren lizentziak noiz galduko du indarraldia?

Ingurumen-baimen bakarraren peko jarduerei emandako lizentzien kasuan, lizentzien indarraldia galduko da instalazioaren ingurumen-baimen bakarra ematen denean.

Lege-testuan ez dira aipatzen taberna-kafetegiak-jatetxeak bezalako ostalaritza-establezimendu ohikoenak, ezta instalatu dezaketen musika-ekipoaren potentziari buruzko ezer ere

Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko 10/2021 Legearen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan ingurumena babestu, zaindu eta hobetzeko arau-esparrua ezartzea, eta pertsona fisiko eta juridikoen eskubideak eta betebeharrak zehaztea, honako helburu hauek lortzeko:

  1. Ingurumen-presio eta -arriskuen aurrean herritarrak babestea.
  2. Ingurumena babestea, narriadurari aurrea hartzea eta kaltetutako lekuan lehengoratzea.
  3. Baliabideak eraginkortasunez kudeatzea, ekonomia iraunkorra, zirkularra eta hipokarbonikoa sustatuz.
  4. Anbizio handiko berotegi-efektuko gasak murrizteko neurriak ezartzea, Parisko Akordioa eta klima-aldaketaren aurkako borrokari buruzko beste xedapen batzuk betetzeko.
  5. Erantzukidetasun publiko-pribatua bultzatzea ingurumena babestean.
  6. Ingurumen-administrazioaren funtzionamendua bizkortzea, administrazio-prozedurak sinplifikatuz eta bateratuz, eta ingurumenean eragina duten jardueretan esku hartzeko teknikak arautzea, bertan ezarritako baldintzak eta eskakizunak integratuz.
  7. Lege honen aplikazio-eremuan sartzen diren jarduerak zaintzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko mekanismo eraginkorrak ezartzea.
  8. Ingurumen-arloan informazioa, parte-hartze publikoa eta justiziarako sarbidea bermatzeko mekanismo eraginkorrak ezartzea.
  9. Ingurumenean eragina duten jarduerak antolatzeko eskumena duten organo eta administrazio publikoek eskumenak koordinatzeko behar diren neurriak bultzatzea.
  10. Ingurumenari buruzko ezagutza- eta informazio-oinarria hobetzea.
  11. Ingurumen-hezkuntza sustatzea hezkuntza-maila guztietan, eta herritarrak eta gizarte-eragileak kontzientziatzea ingurumena babesteari eta hobetzeari dagokionez.
  12. Ingurumenaren aldetik garapen iraunkorra bermatzea, nazioartean garapen iraunkorrerako onartzen diren helburuak lortzen lagunduz.

Ez dagokio lege-mailako arau bati tabernetan eta kafetegietan ezarri beharreko musika-ekipoek bete beharreko baldintzak bezalako zehaztapen zehatzak jasotzea.

Organo honen ustez, gai horiek arautzeari hobeto egokitzen zaio erregelamendu-izaerako arau bat.

Gogoan izan behar da tabernako eta kafetegiko jarduerak I. C eta I. D eranskinetan zerrendatuta daudela, eta, beraz, jarduera sailkatuaren lizentziaren eta jarduera sailkatuaren aurretiazko jakinarazpenaren araubidearen pean dauden jarduerak direla, eta bi prozedura horiek jarduera garatuko den udalerriko udalak izapidetuko dituela.

Jarduera ingurunearekin bateragarri egiteko eska daitezkeen ingurumeneko neurri babesle eta zuzentzaileak ezartzeko txostena, oro har, udalak egingo du. Hala ere, 10.000 biztanletik beherako udalerriek txosten hori egiteko eskatu beharko diote dagokion foru-aldundiko ingurumen-eskumenak dituen organoari (abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 52.1 artikulua).

Horregatik, aipatutako foru-agintaritzari dagokio zehaztea, hala badagokio, zer baldintza bete behar dituzten

Nire instalazioak jarduera-lizentzia du, baina ez du irekitzeko lizentziarik. Kasu horretan, prozedura arruntaren bidez edo prozedura erraztuaren bidez aurkeztu behar dut Ingurumen baimen bakarra? Baliozkotzat jotzen al da jarduera-lizentzia bakarrik izatea eta ez irekiera-lizentzia?

Apirilaren 23ko 7/2012 Legearen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra aldatu zen. Lege horren bidez, zenbait lege aldatu ziren, barne-merkatuko zerbitzuei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 12ko 2006/123/EE Zuzentaraura egokitzeko.

Lizentzia horren ordez, aldez aurreko jakinarazpen bat egin zitzaion tokiko agintaritzari. Jakinarazpen horrekin batera, teknikari eskudunak emandako ziurtagiri bat aurkeztu behar zen, egiaztatzeko jarduera eta instalazioak bat datozela aurkeztutako eraikuntza-proiektuarekin eta dokumentazio teknikoarekin, eta ezarritako neurri zuzentzaileak bete egin direla ziurtatzeko.

Hori horrela, edozein instalaziotarako Ingurumen Baimen Bakarraren eskaera prozedura sinplifikatuaren bidez aurkezteko aukera dago, irekitzeko lizentziarik gabe, gainerako baldintzak betetzen badira.

Negoziatzaile, agente eta hondakinen garraiolari izateko baimenak ere Ingurumen Baimen Bakarran barneratzen dira?

Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 2.1.c artikuluak honela definitzen du ingurumen-baimen bakarra: Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoaren idatzizko ebazpena. Ebazpen horren bidez, ingurumena eta pertsonen osasuna babestearren, I.B eranskinean jasotako jarduera edo instalazio guztiak edo zati bat ustiatzeko aukera ematen da, betiere jarduera edo instalazio horrek lege horren xedea, xedapenak eta aplikatu beharreko araudia betetzen dituela bermatzeko baldintza jakin batzuekin. Baimen hori baliozkoa izan daiteke instalazio edo instalazioen zati baterako edo gehiagorako, baldin eta instalazio edo zati horiek kokapen bera badute, lege honetan aurreikusitako aplikazio-eremuaren arabera.

Arau horren I.B ERANSKINEAN ezarritakoaren arabera, honako jarduera eta instalazio hauek ingurumeneko baimen bakarraren mende egongo dira:

  1. Hondakin arriskutsuak tratatzeko baimena behar duten jarduerak edo instalazioak.
  2. Hondakin ez-arriskutsuak tratatzeko baimena behar duten jarduerak edo instalazioak.

Hondakin arriskutsu edo ez-arriskutsuen negoziatzaile, eragile eta garraiolari gisa egiten diren jarduerak ez dira baimena behar duten jarduerak; aitzitik, aldez aurreko komunikazio-araubide baten mende daude, eta, beraz, EZ daude Ingurumen Baimen Bakarran sartuta.

Aurrekoa alde batera utzi gabe, adierazi behar da beren jardueran bildutako hondakinak biltegiratzeko instalazioak dituzten garraiolarien kasuan, biltegiratze-instalazioak hondakinak tratatzeko baimena behar duela eta, beraz, Ingurumen Baimen Bakarran sartuta dagoela, eta bertan identifikatuta geratuko direla jarduera horretarako erabiltzen diren ibilgailuak ere.

Instalazio mugikor batean hondakinak kudeatzeko jarduera bat garatzeko, beharrezkoa al da instalazio horrek Ingurumen Baimen Bakarra izatea? Lekuz aldatzen duzunean, beharrezkoa al da beste izapide bat egitea?

Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 2.1.c artikuluak honela definitzen du ingurumen-baimen bakarra: Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoaren idatzizko ebazpena. Ebazpen horren bidez, ingurumena eta pertsonen osasuna babestearren, I.B eranskinean jasotako jarduera edo instalazio guztiak edo zati bat ustiatzeko aukera ematen da, betiere jarduera edo instalazio horrek lege horren xedea, xedapenak eta aplikatu beharreko araudia betetzen dituela bermatzeko baldintza jakin batzuekin.

Beraz, hondakinak kudeatzeko jarduera bat denez, instalazio mugikor bateko tratamenduak dagokion ingurumen-baimen bakarra izan behar du.

Planta birkokatzeko ez da beste izapiderik egin behar, emandako baimenak ez baitu jarduera mugatuko inolako kokaleku zehatzekin. Eta hori guztia, alde batera utzi gabe baimenaren beraren bidez edo, hala badagokio, ingurumen-ebaluazioaren bidez instalazioa kokatzeko baldintzak ezartzen diren baldintzak.

Azken aldaketako data: