IKS-eem sistemako hondakinen zirkuituak ixteko datak
Hartzaileak: Nola edo hala hondakinen lekualdaketan esku hartzen duten enpresak, administrazioak eta partikularrak, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duen ekainaren 2ko 553/2020 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.
1. puntua: Aurretiaz jakinarazi beharreko lekualdaketak: 2023ko uztailaren 01a
- IKS-eem sistemak hondakin arriskutsuen lekualdaketa berriei lotutako dokumentazioa sortzeari utziko dio. Data horretatik aurrera, hondakin arriskutsuen lekualdaketari buruzko dokumentazio guztia estatuko eSIR plataformaren bidez egin beharko da, lekualdaketa erkidego barruan edo artean eginda ere (autonomia-erkidegoaren barruan edo erkidegoen artean).
- IKS-eem sistema ezingo da erabili aurretiaz jakinarazi beharreko prozeduren pean dauden hondakin ez-arriskutsuen lekualdaketa berriei lotutako dokumentazioa sortzeko. Data horretatik aurrera, aurretiaz jakinarazi behar diren hondakin ez-arriskutsuen lekualdaketari buruzko dokumentazio guztia estatuko eSIR plataformaren bidez egin beharko da, lekualdaketa erkidego barruan edo artean eginda ere (autonomia-erkidegoaren barruan edo erkidegoen artean).
2. puntua: Aurretiaz jakinarazi behar EZ diren lekualdaketak: 2023ko abenduaren 31
Abenduaren 31ra arte, IKS-eem sistema erabili ahal izango da, modu boluntarioan, hondakin ez-arriskutsuen lekualdaketei lotutako dokumentazioa sortzeko, betiere honako baldintza hauek betetzen badira:
- Lekualdaketak ez dira aldez aurretik jakinarazi beharreko prozeduren pean egon behar.
- Hondakinen lekualdaketaren jatorria eta jomuga Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan egon behar da.
- Lekualdaketaren eragileak ez dira izan behar ez hondakinen negoziatzaileak ez agenteak.
3. puntua: Hondakinak lekualdatzeko IKS-eem zirkuituen behin betiko itxiera-data: 2024ko urtarrilaren 01a
- IKS-eem sistemako hondakinen zirkuitu osoa behin betiko itxiko da hondakinen lekualdaketarekin lotutako dokumentazioa egiteko.
- Sisteman dauden lekualdaketei buruzko datuak oraindik ere kontsultagai egongo dira, indarreko legediaren arabera gordeta eduki behar diren epean zehar (gaur egun, 3 urte).
- “Ibilgailuen eraisketa-orrien” atala erabiltzen jarraitu ahalko da, eta ordezko bat eduki bezain pronto iragarriko da itxitura IKS-eem sisteman.
4. puntua: Nola sortu aurretiaz jakinarazi behar ez diren hondakinen lekualdaketen dokumentazioa
Data horiek gorabehera, IKS-eem erabili ezin bada edo erabili nahi ez bada jakinarazi behar diren hondakin ez-arriskutsuen lekualdaketei lotutako dokumentazioa sortzeko, hondakinen lekualdaketa horien operadoreek beren bitarteko propioen bidez sortu beharko dute dokumentazioa, indarreko legedian ezarritako formatuak betez.
Sistema informatiko propioa garatzea erabakiz gero, komenigarria da autonomia-erkidegoek eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak hondakinen ekoizpenari eta kudeaketari buruzko informazioa elektronikoki trukatzeko adostu duten estandar informatikoa kontuan hartu eta errespetatzea. Formatu hori erabiliz gero, inplikatutako operadoreen artean informazioa trukatu ahalko da, eta autonomia-erkidego horretako edo Ministerioko garapen informatiko berri posibleekin bateragarria izango da. Estandar horiei buruzko informazioa honako webgune honetan aurkitu daiteke: Residuos, Intercambio Electrónico de Información (miteco.gob.es)
Gainera, dokumentazioa sortzeko sistema informatikorik eduki ezean, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak ezarritako eta eskura jarritako formularioak erabili ahalko dira: Microsoft Word - 220719_DI_SIN NT.docx (miteco.gob.es)
5. puntua: Lotutako beste informazio batzuk
- Gaur egun, etorkizuneko arauek bestelako lekualdaketa batzuetarako derrigortasuna zehaztu ahalko duten arren, honako hauek dira aldez aurretik jakinarazi behar direnak:
- Hondakin arriskutsuen lekualdaketa guztiak.
- Ezabatzekoak diren hondakin ez-arriskutsuen lekualdaketak (tratamendu-kontratuan D tratamendua).
- LER 200301 kodearekin identifikatutako hondakinen lekualdaketak.
- Hondakinen ekoizleen betebeharra da hondakinen kudeaketa egokia egiaztatzen duen dokumentazioa edukitzea eta artxibo kronologikoa egunean izatea.
- Lekualdaketaren identifikazio-agiria behar bezala beteta eta sinatuta edukitzea hondakinen lekualdaketaren egiaztagiri aski da, bai identifikazio-agiri hori plataforma publikoan egon behar denean (aurretiaz jakinarazi behar direnen kasuan), bai plataforma publikoan egon behar ez denean (aurretiaz jakinarazi behar ez direnen kasuan). Halaber, kudeatzaile hartzaile baimenduak onartutako agiri hori orokorrean onargarritzat jo behar da eraikuntza eta eraispeneko hondakinen jomuga zuzena egiaztatzeko eta udaletan gordailututako hondakin horien kudeaketarako fidantzak itzultzeari ekiteko. Edonola ere, erakunde horiek, beren eskumenak baliatzean, kasu zehatz batzuetan bestelako egiaztagiri batzuk eskatu ahalko dituzte.
Azkenik, eta zure interesekoak izango direlakoan, hona hemen, batetik, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren webgunea, Estatuko lurralde barruan hondakinak lekualdatzeko prozedurarekin lotuta, eta, bestetik, Ministerio horrek izapide elektronikoei, eSIR plataformari eta estatu barruko hondakinen lekualdaketari buruz argitaratu dituen bideotutoretzak ikusteko esteka:
- Procedimiento sobre Traslado de residuos en el interior del territorio del Estado. (miteco.gob.es)
- Videos tutoriales sobre tramitación electrónica, e-Sir, traslado de residuos en el interior del estado (miteco.gob.es)
eSIR plataformari buruzko azalpenen bat nahi baldin baduzu, jarri zuzenean harremanetan Ministerioarekin, organo horrek herritarren esku jartzen dituen eta aurreko paragrafoan emandako esteketan kontsultatu daitezkeen bitartekoen bidez.
Gure autonomia-erkidegoko hondakinen lekualdaketarekin lotutako azalpenik nahi baldin baduzu, honako helbide elektronikora idatz dezakezu: ingurumena@euskadi.eus.
Azken aldaketako data: