EKONOMIAZ, 102.zenbakia: KIBS ETA EZAGUTZAREN TRANSFERENTZIA NAZIOARTEKOTZEAREN IKUSPEGITIK

Ezagutzan Intentsiboak diren Enpresa-Zerbitzuak (ingelesezko siglengatik KIBS bezala ezagunak) gero eta garrantzi handiagoa dute nazioarteko ezagutza teknikoko sare eta sistemetan eragile bezala, enpresa- eta lurralde-mailan berrikuntza katalizatzaile eta sortzaile gisa jarduten baitute. Ekonomiaz aldizkariaren ale berri honek, KIBSek enpresen nazioartekotzean eta haien berrikuntza-prozesuetan duten paper garrantzitsua erakusten diguten tokiko eta nazioarteko ekarpenak biltzen ditu.

Ba al dago erlazio positiborik industriaren nazioartekotzearen eta KIBSen nazioartekotzearen artean?

Arantza Zubiaurre, Kristina Zabala eta Eduardo Sistiren “Innovation and internationalization in KIBS and the manufacturing sector: a comparative assessment of the Basque Country and Catalonia” izeneko artikuluak, proposatzen du aztertzea ea KIBSen eskaria hazten ari den manufaktura sektorean, eta ea KIBSen nazioartekotze gero eta handiagoa manufaktura-sektorea nazioartekotzearen emaitza den.  Analisiak industria handiko eta KIBSen presentzia duten bi lurraldetan jartzen du arreta: Euskadi eta Katalunia. Input-Output metodologia erabiliz, KIBSen eskariaren bilakaera eta nazioarteko merkatuetara izandako irekiera aztertzen du.

Egileek iradokitzen dutenez, baliteke «berrikuntza-nazioartekotze» zirkulu birtuoso bat egotea, eta lurralde horietako bakoitzean ezarritako politikek zeregin garrantzitsua jokatu izana joera horiek sortzeko orduan.

Zeintzuk dira Euskadiko sormenezko KIBSen nazioartekotzeko oztopoak?

Ciara O 'Higgins, Inmaculada Freije, Alberto de la Calle eta Antonio Martínezek idatzitako "Barriers to the internationalisation of creative KIBS: insights from the Basque Country" artikuluak, C-KIBSek (sormen arloko KIBSek) nazioartekotzeko dituzten zailtasunak azaltzen ditu. Egileen iritziz, nazioarteko marketinaren esparruan nagusi den esparru teorikoa ez da egokia C-KIBSei aplikatzen zaienean, kultura- eta sormen-ezagutzara bideratuta baitaude. Euskal Autonomia Erkidegoan 2019an eta 2020an egindako KSIAtea (Euskadiko Kultura eta Sormen Industriak Nazioartekotzeko Programa) proiektuaren azterketak erakusten duenez, C-KIBS asko ez dira, ikuspegi tradizionalari jarraikiz, merkatu geografiko batera edo batzuetara zuzentzen; aitzitik, «bezero-hobietan» jartzen dute indarra, haien kokapen geografikoa edozein dela ere. C-KIBSek nazioartekotzeko oztopoei aurre egin zieten, hala nola merkatu-aukera berriak bilatzen laguntzeko informazioa eskuratzeko mugak eta antolamendu- eta negoziazio-gaitasunik eza.

Egileek iradokitzen dutenez, politika publikoen diseinatzaileek C-KIBSei lagundu beharko liekete beren harreman-kapitala eraikitzen, bai tokiko merkatuetan, bai nazioarteko merkatuetan.

Zer erronka eta zailtasuni egin behar diete aurre C-KIBSek (sormen arloko KIBSek) Europan?

Alfredo Eusebio Payáren “Servicios empresariales intensivos en conocimiento cultural y creativo (C-KIBS): problemática y retos actuales en Europa” artikuluak, kultura- eta sormen-ezagutzen sistema intentsiboei buruzkoa da, non kultura- eta sormen-industriak (CCI) eta C-KIBSak intersekzionatzen diren. Egileak Europako bost C-KIBS enpresa aztertzen ditu, eta sortzen dituzten zerbitzuak eta gainditu beharreko arazoak identifikatzen ditu. Oro har, Europak kontzentrazio geografikorako eta kostuen eta onuren polarizaziorako joera erakusten du, bai kultura- eta sormen-ekonomian, bai ekonomia digitalean. Politikak eta estrategiak kontuan hartu beharko dituzte eskualdeen arteko desberdintasunak eta ezagutza-oinarrien desberdintasunak (prestakuntza, ideia gidariak eta ibilbideak barne) horrelako proiektuak finantzatzean.

Euskal errealitateari aplikatutako gogoeten eta esperientzien artean, ondorioztatzen da desiragarria litzatekeela euskal merkatua konektatzea, integratzea eta hedatzea, nazioko lan-sareetan sartuz, aldi berean ezagutza-fluxu handia erakarriz, lurralde-ezagutzaren stocka eguneratu, handitu eta aberasteko.

Zer faktorek zehazten dute KIBSen kokapena Euskadin?

Miren Estensoro, Mikel Albizu, Asier Murciego eta Carla Peletierrek idatzitako “Localización de los Servicios Empresariales Intensivos en Conocimiento en regiones manufactureras: el caso del País Vasco y sus entornos urbanos” artikuluak, KIBSak manufaktura-lurraldeetan kokatzeko ereduak aztertzen ditu, Euskadiko kasua aztertuz. Emaitzek erakusten dutenez, KIBSen kontzentrazioak, teknologia-parkeen bidez, espezializazioari lotutako aglomerazioaren abantailak bultzatzen ditu. Alde handiak daude KIBS mota bakoitzaren kokapen-ereduen artean. C-KIBSak (sormen arloko KIBSak) hiri-inguruneetan edo hiri handietan daude; P-KIBSak (KIBS profesionalak), berriz, hiri-inguruneetan zein hirikoak ez direnetan; eta T-KIBSak (KIBS teknologikoak) manufaktura jardueretatik hurbilago daude, eta errazago ugaritzen dira hirikoak ez diren inguruneetan.

Maila anitzeko gobernantza, hiri-inguruneak barne hartuta, beharrezkoa da KIBSek lurraldeen «espezializazio adimenduan» duten zeregina aitortuko duten estrategietarako.

Ba al dago «KIBS ezkuturik» Euskadin?

Aimar Basañez, Jon Barrutia  eta Arturo Rodríguezen “¿Hay «KIBS ocultas» en la pequeña dimensión? Explorando la «función KIBS» de los campeones ocultos desde las capacidades tecnológicas” izeneko artikuluak, frogatzen du KIBSek betetzen dituzten zerbitzu-eginkizunak ez direla enpresa horienak bakarrik. Baliteke KIBS enpresak espezialistak izatea zerbitzu horietan, baina badira bestelako manufaktura enpresa batzuk ere zerbitzu aurreratuak ematen dituztenak. Egileek Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako hamahiru manufaktura-enpresa nazioartekoturen kasu ugariren azterketa kualitatiboa egin dute.

Azterlanak erakusten duenez, gaitasun teknologiko jakin batzuen konfigurazioari esker, enpresa horiek giza kapitalaren gaitasunak eguneratzen dituzte beren enpresa-testuinguruan, eta balio-kateko espezializazio adimenduna errazten dute, jarduera ekonomiko berriak eta ezagutza intentsiboan oinarritutako enplegagarritasun-aukerak sortuz.

Zeintzuk dira I+Gko offshoring jardueretatik onura gehien jasotzen dituzten enpresak?

Francisco Callado, Marta Fernández eta Natalia Utrerok idatzitako, “Actividades de offshoring de I+D y resultado innovador: ¿Se benefician más las empresas de servicios intensivas en conocimiento?” artikuluak, I+G zerbitzuen deslokalizazio-jarduerek KIBS enpresen eta KIBS ez diren enpresen emaitza berritzailean (produktuaren eta prozesuaren berrikuntza) duen eragina aztertzen du. Azterlanaren emaitzek iradokitzen dute deslokalizazio-jarduera berrikuntza-iturri garrantzitsua dela enpresa guztientzat. Deslokalizazio-jarduerak sortzen duen ezagutza-transferentzia baliagarria izan daiteke Espainiako enpresetan produktu eta prozesu berriak garatzeko. Hala ere, erlazio hori ez da berdina azpilagin guztietan: badirudi erlazio sendoagoa dagoela manufaktura-enpresetan KIBSetan baino.

Egileek ondorioztatzen dute KIBSak ez liratekeela hain eraginkorrak izango atzerritik transferitutako I+G zerbitzuak beren berrikuntza-prozesuetan eraldatzeko.

Zer faktorek zehazten dute KIBSen nazioartekotzea Peru bezalako garapen-bidean dagoen herrialde batean?

Jean Pierre Seclen eta Pablo Moyak idatzitako “¿Apertura al mercado exterior de los KIBS peruanos? Un análisis desde la percepción de sus directores ejecutivos” artikuluak, KIBSek zenbateraino egiten dituzten nazioartekotze-jarduerak garapen-bidean dauden herrialdeetan, Peruren kasurako, aztertzen du. Lanak erakusten du Peruko KIBSak kanpo-merkatura irekitzeak hiru faktoreren eragina duela: enpresak egiten duen berrikuntza ez-teknologikoa (antolakuntza eta marketinaren arlokoa); langileen hezkuntza maila (goi-mailako hezkuntza), eta bezeroekiko harremanak.

Politikak formulatzen dituenaren erronka politika dualak diseinatzea da: batzuk KIBSen be­rrikuntza sustatzen dutenak, eta beste batzuk berrikuntza hori hornikuntza-kate lokal zein globaletan txertatzen laguntzen dutenak.

Zer lotura dute gaitasun digitalek eta berrikuntzak KIBSen esportazio-jardunean?

René Castro, Valentina Schmitt eta Elizabeth Aylasen “Desempeño exportador de las KIBS desde una perspectiva de innovación, digitalización y bases de conocimiento diferenciado: evidencias desde Perú” artikuluak, KIBSen nazioartekotzean eragiten duten faktoreak jorratzen ditu, Peruren kasua aztertuz. Emaitzek erakusten dutenez, gaitasun digitalak (online erosketak eta erosketa-aginduetarako softwarearen erabilera) eta KIBSek beren ezagutza-oi­narriaren arabera ezarritako berrikuntzak KIBSen esportazio-jarduera azal dezake­ten faktoreak dira. P-KIBS (KIBS produktiboak) eta C-KIBSek (sormen arloko KIBSak) erlazio positiboak dituzte berrikuntzaren (produktuarena zen antolamenduarena) eta esportazio-errendimenduaren artean, T-KIBSek (KIBS teknologikoak)  baino neurri handiagoan.

Egileen arabera, esku-hartze politikoek ez lukete soilik KIBSen berrikuntza sustatu behar; kontuan hartu beharko lirateke, orobat, KIBSen esportazio-potentziala eta ekosistema digitalaren eta tokiko berrikuntzaren sustapenean duten eginkizuna.

Zein nazioartekotze-ahalmen dute T-KIBSek (KIBS teknologikoek) Brasilen?

Dimária Silva e Meirelles eta José Geraldo de Araújo Guimarãesek idatzitako “Internationalization potential in services: the case of T-KIBS in Brazil” artikuluak, T-KIBSek (ezagutza teknologikoko edukia duten zerbitzu-jarduerak) Brasilen nazioartekotzeko duten potentziala identifikatzea du helburu. Egileek zerbitzu-prozesua islatzen duen eta zerbitzuetara sartzeko oztopoak eta teknologia digitalen erabilera identifikatzen dituen eredu bat proposatzen dute.

Emaitzek erakusten dutenez, nahiz eta T-KIBS batzuen esportazioak hazi egin diren, hazkunde hori oso txikia izan da munduko liderren aldean. Hobetzeko tarte handia dago horrelako zerbitzuen esportazioen hazkunderako beharrezkoak diren baldintzen garapenean.