Eusko Legebiltzarra 2020. Hautesleak. Galderak eta erantzunak. Errolda

Euskal Autonomia Erkidegoan jaioa naiz eta denbora luzez Barakaldon bizi izan naiz, baina orain bi urte daramatzat Logroñon erroldatuta. Eusko Legebiltzarrerako datozen hauteskundeetan botoa eman al dezaket?

Ez, azken bi urteetan Euskal Autonomia Erkidegoan bizi ez zarelako.

Duela egun batzuk izena eta abizenak aldatu ditut NANean eta erroldan beste izen batekin agertuko naiz. Botoa eman dezaket? Zer gertatzen da erroldako izenak eta abizenek NANekoekin bat egiten ez dutenean?

Bai, botoa eman dezakezu baldin eta hauteskunde-mahaiak zure nortasunari buruzko zalantzarik ez badu. Zalantzarik balego, honela konpon daiteke (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 106.2 eta 106.3 artikuluak):

  • Bertan dagoen hautesleren baten ezaguera-lekukotasunaren bidez (“ezagutzen zaituela”).
  • Zure nortasuna egiaztatzen duen agiri baten bidez: zure udaleko errolda-agiria.

Udalean erakusgai jarritako hautesle-erroldako zerrendak ikustera joan naiz eta erroldan inskribatuta nago. Hala eta guztiz ere, botoa ematera noanean hauteskunde-mahaiko errolda-zerrendetan agertzen ez banaiz, zer egin behar dut? Botoa eman dezaket?

Bozkatu ahal izateko, erroldan alta emateko errolda-ziurtagiri berezi bat eskatu behar duzu hiru hiriburuetako Hautesle Erroldako Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialen (HEBOP) batean, zure NANa erakutsita; bestela, zure udalean eska dezakezu ziurtagiri hori, idazkariak edo horren ordezkariak behar bezala egiaztatu ondoren eskaria HEBOPera faxez bidal dezan. HEBOPek ere faxez igorriko dute ziurtagiria udalera, interesdunari helaraz diezaioten.

Ziurtagiri hori lortutakoan, horrekin hauteskunde-mahaira joan eta botoa eman ahal izango duzu. (Ikusi Euskal Autonomia Erkidegoko HEBOPen helbide-direktorioa edo deitu telefonoz horietara). (Errolda-ziurtagiriei dagokienez, ikusi Hauteskunde-batzorde zentralaren 7/2007 Instrukzioa, apirilaren 12koa, EAO 94. zk., apirilaren 19koa).

Zer hautesle-errolda erabiliko da hauteskunde hauetan?

2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen indarreko hautesle-errolda 2020ko martxoaren 1ean itxiko da, ekainaren 15era arte (hautagaitzak aldarrikatzeko data) eginiko altak eta bajak kontuan hartuta. Alta eta baja horiek zuzenketak egiteko epean, maiatzaren 25etik ekainaren 1era bitartean, hautesle-erroldan egin diren erreklamazioen ondorio dira. Azkenik, indarreko hautesle-erroldari altako errolda-ziurtagiriak eta bozketaren egunera arte egon diren sententzia judizialak gehitu behar zaizkio.

Udalak erakusgai jarritako erroldan ote nagoen ikustera joan naizenean konturatu naiz ez naizela zerrendan ageri eta, bidezkoa iruditu ez zaidanez, dagokion erreklamazioa egin dut Hautesle Erroldako Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialean. Erreklamazio horri uko egin diote, ordea. Nire kasua administrazioarekiko auzien epailearen esku utzi dut, baina oraindik ez da epaia ebatzi. Nola eman dezaket botoa hauteskunde-egunean?

Epaileak hauteskunde-eguna baino lehen bere epaia ebatzi arte itxaron behar duzu. Epai horretan bozkatzeko eskubidea ukatzen badizute, ezingo duzu botorik eman. Bozkatzeko eskubidea aitortzen badizu, aldiz, zure boto-eskubidea egiaztatzen duen epai hori esku artean duzula bozkatu ahalko duzu hauteskunde-mahaian. Azken egoera horretan, hauteskunde-mahaian botoa ematen utzi beharko dizute. (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 105.4 artikulua).

Euskal Autonomia Erkidegoko bi udalerritan edo bi hauteskunde-mahaitan izena emanda dudala ikusi dut. Birritan botoa eman dezaket?

Ez, behin bakarrik bozka dezakezu. Birritan bozkatzea hauteskunde-delitua da, zigortuta dago eta isuna dagokio (ikus Hauteskunde Erregimen Orokorrari buruzko Lege Organikoko 142. artikulua). Arazo hori konpontzeko Araba, Bizkaia edo Gipuzkoako (erroldatuta zaudeneko lurraldearen arabera) Hautesle Erroldako Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialeko telefonora deitu (telefonoak kontsultatzeko, ikus webgune honetako Helbide interesgarrien atala).

Alemaniarra naiz, eta azken 20 urteetan Getxon bizi izan naiz. Azkeneko udal-hauteskundeetan bozkatu ahal izan nuen, baita Europako Parlamenturako hauteskundeetan ere. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan botoa eman ahalko dut?

Ez, datozen autonomia-hauteskundeetan nazionalitate espainiarra duten adin nagusikoek bakarrik bozkatu ahal baitute; gainera, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi behar dute eta indarrean dagoen EAEko hautesle-erroldan agertu beharko dute.

Hauteskunde hauetan ez naiz hautesle-erroldan agertzen; zer egin behar dut erroldan izena eman eta datozen hauteskundeetan bozkatu ahal izateko?

Erroldatuta zauden udalera joan eta hautesle-erroldan sartzea eskatu behar duzu.

Hautagaitzek hautesle-erroldako zerrenden aurka egin al dezakete?

Bai, arau honen arabera: Hauteskunde-batzorde zentralaren martxoaren 24ko 1/2011 Instrukzioa.

Zer baldintza bete behar dira Euskal Autonomia Erkidegoko hautesle-erroldan agertzeko eta hauteskunde hauetan bozkatu ahal izateko?

Hona hemen hauteslearentzako eskakizunak (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 2. artikulua):

  • Politikoki Euskal Autonomia Erkidegokoa izatea, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren bateko biztanle izatea.
  • Hauteskunde-egunean adin nagusikoa izatea.
  • Nazionalitate espainiarra edukitzea.
  • Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan indarrean dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko hautesle-erroldan izena emanda edukitzea.

Hiru eskakizun bete behar dira hauteskunde hauetan botoa eman ahal izateko:

  • Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean erroldatuta egotea 2020ko martxoaren 1a baino lehen.
  • Nazionalitate espainiarra edukitzea.
  • 18 urte beteta izatea bozketa egunean.

Zer gertatzen da nire izen-abizenak NANean ongi jasota egon arren hauteskunde-mahaiko erroldan daudenekin bat egiten ez badute, errolda egitean egon izan den akatsen bat dela medio edo euskal ortografiarekin lotutako ezberdintasunak direla medio? Botoa eman dezaket?

Bai, bozka dezakezu baldin eta hauteskunde-mahaian norbaitek zure nortasunaren aldeko ezaguera-lekukotasuna eman badezake (“ezagutzen zaituela”). Hala eta guztiz ere, hauteskunde-mahaiak zure nortasunari buruzko zalantzak baditu, lurralde historikoren bateko hiriburuko Hautesle Erroldako Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialen –HEBOPen- batera joan beharko duzu, zure NANarekin, eta erroldako akatsak zuzentzeko errolda-ziurtagiri berezi bat eskatu beharko duzu bozkatu ahal izateko; bestela, zure udalean ere eska dezakezu ziurtagiri hori, idazkariak edo horren ordezkariak behar bezala egiaztatu ondoren eskaria HEBOPera faxez bidal dezan. HEBOPekoek aipatutako ziurtagiria prozedura horren beraren bidez bidali ahalko dute udalera, interesatuei emateko. Gero ziurtagiri hori hauteskunde-mahaian aurkezten baduzu botoa ematen utzi behar dizute (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 106.3 artikulua eta Hauteskunde Erregimen Orokorraren Lege Organikoko 85.1 artikulua).

Indarreko hautesle-erroldan al daude bozketaren egunean bertan 18 urte betetzen dituztenak?

Bai, bozketa-egunaren aurretik 18 urte betetzen dituzten beste guztiez gainera.

Zergatik ez naiz Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde hauetarako erroldan agertzen aurreko hauteskundeetan botoa eman badut?

Hainbat erantzun daude, botoa eman zenueneko azken hauteskundeak zein izan ziren kontuan hartuta (egiazki ere erroldan ez zaudela egiaztatu ondoren):

  • Baliteke 2019an Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpoko udalerri batean erroldatuta egotea eta, hortaz, 2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoko erroldan baja izatea; hori dela eta, ezin du hauteskunde hauetan bozkatu.
  • Hauteskunde-mahaiko erroldatik hutsegitez zure izena kendu dutelako; horrela bada, bozketa-egunera arte duzu honako hauek eskatzeko:
    • errolda-agiria zure udalean, eta gero zure NANarekin eta udalak emandako agiriarekin Hautesle Erroldako Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialera –HEBOPera- joan behar duzu bozkatzeko erroldan alta emateko errolda-ziurtagiri bat eskatzera.
    • errolda-ziurtagiria zure udalean eskatu, idazkariak edo horren ordezkariak sinatu ondoren, HEBOPera faxez bidaltzeko. HEBOPek aipatutako ziurtagiria prozedura horren bidez bidali ahalko dute, interesatuei emateko.
      HEBOPen ziurtagiria iristen bazaizu hauteskunde-mahaira joan ahalko duzu botoa ematera, errolda-ziurtagiri hori aurkeztuta.

Ez dut nire etxean jaso Hautesle Erroldako Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialek – HEBOPek- bidali beharreko errolda-txartela; bozka al dezaket hauteskunde-mahaian txartel hori erakutsi gabe?

Bai, bozka dezakezu. Errolda-txartelaren xedea informazioa ematea baino ez da, botoa non eman behar duzun jakin dezazun. Bozketa-eguna baino lehen errolda-txartela jaso ez baduzu, deitu telefonoz Euskal Autonomia Erkidegoko hiru HEBOPetako batera (telefonoak webgune honetan aurki ditzakezu, Helbide interesgarriak atalean.

Zenbat euskal hautesle dago atzerrian bizi direnen hautesle-erroldan? Eta Araban? Eta Bizkaian? Eta Amurrion?

Webgune honetan ikus dezakezu, Helbide Interesgarriak atalean.

Nire etxean jaso dut errolda-txartela; hortxe zehaztuta dago zein hauteskunde-mahai eta hauteslekutan bozkatu behar dudan. Ordea, hauteskunde-mahai eta hautesleku horiek ez datoz bat azken hauteskunde autonomikoetakoekin. Zer egin behar dut?

Hautesle Erroldako Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialera dei dezakezu, non bozkatu behar duzun egiaztatzeko. Bestela, joan errolda-txartelean zehaztutako hauteskunde-mahai eta hauteslekura.

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak deitu ondoren, zer epe dute udalek eta kontsulatuek indarreko hautesle-errolda hautesleriak kontsultatzeko moduan jartzeko? Zer zerbitzu mota eman behar dute kontsulta hori egin ahal izateko?

Udalak eta kontsulatuak legez behartuta daude indarreko hautesle-errolda kontsultatzeko zerbitzu bat ematera, hauteskundeak deitu ondorengo 6. egunetik hasita, eta zortzi egunez. Kontsulta informatika-baliabideen bidez egin ahalko da, hautesleak bere burua identifikatu ondoren, edota zerrenda horiek jendaurrean jarriz.

Zein dira hautesle-errolda telefonoz edo internet bidez kontsultatzeko irizpideak Hautesle Erroldaren Bulegoan?

  • Telefonoz (901 101 900): herritarrek eskatutako datuak emango dira soilik hautesleak emandako izen-abizenak eta bere helbidea hautesle-erroldan agertzen direnekin bat etortzen badira.
  • Internet bidez (www.ine.es): kontsultaren bidez erroldako inskripzio-datuak jaso ahalko dituzte hautesleek, baita botoa zein hauteskunde-mahai eta hauteslekutan eman behar duten ere. Kontsulta egiteko aitortutako ziurtagiri elektroniko bat eduki beharko da, edota hauteslearen abizeneko lehenengo hizkia eta horren egoitzari dagokion probintzia, udalerria eta helbidea eman beharko dira.

Aldarrikatutako hautagaitzek eskubidea al dute indarreko hautesle-erroldaren kopiak eskatzeko?

Bai, Hautesle Erroldako Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialean eska ditzakete, arau honen arabera: Hauteskunde-batzorde zentralaren abenduaren 17ko 4/2009 Instrukzioa.

Hala ere, edozein hauteslek eskatu ahal izango du hautagaitzei hauteskunde-propaganda postaz bidaltzeko ematen zaizkien kopia horietan ez sartzeko (HAOLO, errolda zuzentzeari buruzkoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak aldatua).

Twitter

Azken aldaketako data: