Eusko Legebiltzarra 2020. Galderak eta erantzunak. Bozketaren eguna.

Bozketa-ordutegia

Boto-eskubidea baliatzea

Hautesleen lan-eskubideak

Hautesleentzako debekuak

Bozketa-ordutegia

Zein da bozketa-ordutegia?

9:00etatik 20:00etara (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 101.1 artikulua).

Bozketa-ordutegia zabal daiteke?

Oro har, ez. Salbuespen gisa, honako egoeretan zabal daiteke ordutegi hori:

  • Ez ohiko arrazoiak direla medio (hauteslekuan bonba-mehatxua egitea, istripuren bat gertatzea, etab.) lehendakariak bozketa aldi baterako etetea erabakitzen badu. Halakoetan, etenaldiak ordubete baino luzaroago iraungo balu, hauteskunde-mahaiko lehendakariak erabakiko du zenbat denbora luzatu behar den bozketa-ordutegia.
  • Baldin eta arratsaldeko 20:00etan hautesleak beren boto-eskubidea gauzatzeko zain baleuke; halakoetan, hauteskunde-mahaiak botoa emateko baimena emango die (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 112.1 artikulua).
  • Baldin eta eskumeneko hauteskunde-batzordeak hauteskunde-mahaiko lehendakariari agintzen badio bozketaren itxiera-ordutegia atzeratzea, beren nahimenetik kanpoko arrazoiengatik (hauteskunde-mahaietako erroldetan izandako akatsak, adibidez) 20:00ak arte botoa emateko eskubidea gauzatu ezin izan duten herritarrek bozkatzea bermatzeko.

Boto-eskubidea baliatzea

Zer baldintza bete behar da hauteskunde hauetan hautesle izan eta botoa eman ahal izateko?

Hona hemen hautesle izateko eskakizunak (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 2. artikulua):

  • Politikoki Euskal Autonomia Erkidegokoa izatea, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren bateko biztanle izatea.
  • Hauteskunde-egunean adinez nagusia izatea
  • Espainiar nazionalitatea izatea.
  • Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde bakoitzerako berritzen den Euskal Autonomia Erkidegoko Hautesle Erroldan agertzea.

Nork ez du, legez, botoa emateko eskubiderik?

Sufragio-eskubiderik ez duten pertsona bakarrak ( HAOLO) epai irmoaren bidez zigor nagusi edo erantsira kondenatzen direnak, betetzen diren bitartean sufragio-eskubideaz gabetzen dutenak.

Gaur egun, pertsona orok erabil dezake botoa emateko eskubidea, modu aktibo, kontziente, aske eta borondatezkoan, jakinarazteko modua edozein dela ere, eta behar dituen laguntza-baliabideak erabiliz.

Desgaitasuna duten pertsona guztien boto-eskubidea bermatze aldera, 2/2018 Lege Organikoak aipatutako artikulua aldatu zuen. HAOLOren 3, eta 8. xedapen gehigarria sartu zuen; horren bidez, desgaitasunagatik botoa emateko eskubidea mugatu edo baliogabetu zitzaien pertsonak eskubide horretan erabat integratuta geratzen ziren.

18 urte beteko ditut datorren uztailaren 12a, botoa eman al dezaket hauteskunde-egunean?

Bai, baldin eta hautesle-erroldan inskribatuta bazaude.

Zer behar dut Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeetan bozkatzeko? Nahitaezkoa al da NANa, pasaportea edo gidabaimena aurkeztea?

  • Bozkatzeko eskubidea baliatzeko, zure izenak jasota egon behar du botoa ematea dagokizun hauteskunde-mahaiko hautesle-erroldaren zerrendetan (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 105.1 artikulua).
  • Bai. Nahitaezkoa da titularraren (hauteslearen) argazkia ageri duen NANa, pasaportea edo gidabaimena aurkeztea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 105.1 artikulua).

Botoa eman al dezaket nire NANa, pasaportea edo gidabaimena iraungita badago?

Bai. Bozka dezakezu agiri horiek iraungita egonda ere, baldin eta horietan hauteslearen argazkia ageri bada (Euskal Autonomia-erkidegoko hauteskunde-batzordearen 1990eko irailaren 26ko akordioa).

Bozka al dezaket NANa berritzeko frogagiriarekin?

Ez, agiri horretan ez baita hauteslearen argazkia ageri.

Bozka al daiteke futbol-taldeko, unibertsitateko edo bestelako agiri profesional edo pribatu batekin, baldin eta horietan titularraren argazkia agertzen bada?

Ez, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeak (105.1 artikulua) ez baitu halakorik baimentzen; izan ere, ez dira hauteslearen nortasuna ziurtatzeko agiri ofizialtzat jotzen (gai horri dagokionez, informazio hau lagungarri izan daiteke: AEHBren 2001-04-02ko Instrukzioa eta HBZren 2005-03-10ko akordioa).

Zer egin dezakete irakurtzen ez dakiten pertsonek edo beste urritasun fisikoren batengatik beren kabuz boto-txartela aukeratu ezin duten edo hauteskunde-mahaiko lehendakariari eman ezin dioten pertsonek? Bozka dezakete?

Bi, bozka dezakete, beren konfiantzako pertsona baten laguntzarekin (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 104.3 artikulua).

% 33tik beherako ikusmen-gaitasuna duten pertsonek edo Braille sistema ezagutzen dutenek botoa eman al dezakete?

Honako hiru modu hauetan:

  • Dagokion hauteskunde-mahaira joanez, Braille sistemaren bidez bozkatzeko, webgune honetako “Irisgarritasuna” atalean, hain zuzen ere Braille sisteman, azaltzen den moduan.
  • Erroldaz dagokion hauteskunde-mahaira konfiantzazko pertsona batekin batera joanda, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legearen 104.3 artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera.
  • Postaz bozkatuz, webgune honetako “posta bidezko botoa” atalean zehaztutakoaren arabera.

Datozen hauteskundeetan bozka dezaketen pertsonek, hauteskunde-egunaren aurreko 24 orduetan edo hauteskunde-egunean bertan poliziak atxilotu badituzte, bozkatzera joateko eskubidea al dute, poliziaren zaintzapean?

Atxilotutako hautesleek botoa emateko eskubidea dute, baina ezin dute eskubide hori gainerako herritarren baldintza beretan baliatu. Horren ondorioz, galderak jasotzen duen baldintzatan dauden hautesleek idatziz bidali beharko dizkiete eskakizunak dagokien eskualdeko hauteskunde-batzordeari, poliziako arduradunaren irizpideei men eginez, beti ere, eta batzorde horrek agintzen duenaren arabera jardun beharko dute.

Hautesle izanda kartzelan dauden pertsonek bozka al dezakete?

Bai, baina postaz bakarrik. (Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu webgune honetako “Posta bidezko botoa” atala).

Noiz, nola eta nori eska diezaioket pertsona ezgaitu, gaixo edo elbarriak, edo istripua izan dutenak lekualdatzeko laguntza, baldin eta beren kabuz hauteslekura joan ezin badute? Nola eta nork bermatu behar du pertsona horiek bozkatu ahal izatea?

Pertsona horiek posta bidezko botoa eskatu beharko zuten, baina, hala egin ez badute, hauteslekura joateko laguntza eskatzea gomendatzen dugu, honako hauei deituta:

  • Senide edo lagunen bati.
  • Udalari (ikusi udalen direktorioa webguneko Helbide Interesgarriak atalean).
  • Gurutze Gorriari.
  • DYAri.
  • Hauteskunde hauetara aurkezten diren alderdi politikoei (ikus hauteskundeetara aurkezten diren hautagaitzei buruzko webgune honetako orrialdeak; horietan agertzen dira beren webguneetarako estekak).

Itsua edo elbarria naiz, edo urritasun fisikoren dut, eta nire kabuz dagokidan hauteslekura joan banaiteke ere, botoa eman behar dudan hauteskunde-mahaira iristeko zailtasunak ditut (hauteslekuko eskailerak direla medio); gainera, ez daukat nork lagundu. Nori eskatu behar diot laguntza hauteskunde-mahaira iristeko? Botoa eman gabe gelditu behar al dut? Zer egin behar dut?

Arazo hori baduzu, eta ez baduzu posta bidezko botoa eskatu bozka dezakezu:

  • Konfiantzazko pertsona batekin joan zaitezke.
  • Bestela, hauteslekua zaintzen duen ertzainari eska diezaiokezu hautesmahaiko lehendakariari esan diezaiola hautestontzia zu zauden lekuraino eraman diezazula, bozkatzeko eskubidea egikari dezazun
  • Aurrez eskatu baduzu eta ikusmen-ezintasuna baduzu, berriz, Braille sistemaz, webgune honetan azaldutako prozeduraren bidez.

Igo »

2019ko Hauteskunde Orokorretan esleitu zidaten hauteskunde-mahaira joan naiz, eta erroldan ez nagoela esan didate. Nola bozka dezaket? Zer egin behar dut?

Hautesle Erroldako Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialera joan behar duzu bozkatzeko erroldan alta emateko errolda-ziurtagiri berezia eskatzera; izapide hori dagokizun udalaren bidez ere egin dezakezu.

Zer kontsulta edo galdera mota egin dezakete hautesleek hauteskunde-mahaian?

Hauteskunde-batzorde zentralaren arabera (Hauteskunde-batzorde zentralaren 2011-12-01ko akordioa), hauteskunde-mahaiko lehendakariak ez du inolako kontsultarik onartuko, baldin eta ez badira bozkatzeko eskubidea baliatzeri buruzkoak edo hautagaitzetako artekari edo ahaldunengandik etorritakoak. Hautesleek eskualdeko hauteskunde-batzordean aurkez ditzakete beren galderak. Hautesleak behin eta berriro eskatzen badu hauteskunde-mahaiak bere galdera onartzea, lehendakariak jokabidea aldatzeko eska diezaioke, eta, ondoren, polizia-indarren laguntza ere eska dezake pertsona hori hauteslekutik kanporatzeko.

Hauteslearen nortasunari buruzko zalantzarik badago, erroldan eta NANean jasotako izen-abizenetan desberdintasunak daudela-eta, edo hauteskunde-mahaiko zerrendan akats edo hutsuneren bat dagoelako:

  • Erroldako zerrenden kopia egiaztatuen bidez ziurtatuko da bozkatzeko eskubidea, edo errolda-ziurtagiri bereziaren bidez; nolanahi ere, batean zein bestean, hautesleak bere nortasuna frogatu beharko du, titularraren argazkia ageri duen nortasun-agiri nazionalaren, pasaportearen edo gidabaimenaren bitartez (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 105.1 artikulua).
  • Botoa ematen ari den pertsona identifikatzean ezberdintasunak badaude erroldako zerrendan jasotako izen-abizenen eta pertsonak dakarren identifikazio-agiriaren artean, eta ezberdintasun horiek euskal ortografia erabiltzearen ondorio badira, hauteskunde-mahaiak hauteslearen nortasuna egiaztatu beharko du (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 106.2 artikulua).
  • CHauteslearen nortasunari buruzko zalantzarik balego, edo artekari, ahaldun zein beste hautesle batek erreklamazioren bat egingo balu, hauteskunde-mahaiak ebatziko du gaia, gehiengoz. Nortasun-agiriez gainera, une horretan inguruan dauden hautesleen lekukotasuna baliatu ahalko dute erabakia hartzeko; gainera, horren guztiaren akta jaso beharko da hautagaitzetako ordezkariren batek hala eskatzen badu. Norbaitek inoren izenaren usurpatzaile gisa ekin badu edo faltsuki izen hori ezeztatu badu, berriz, eskumeneko auzitegira igorriko da erruduntasun-testigantza, haren erantzukizuna eska dezan (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 106.3 artikulua).

Atzerrian iraunkorki bizi den hautesle bat naiz, eta atzerrian bizitzeagatik Bertan ez dauden Egoiliarren Errolda Berezian izena emanda nago; hala eta guztiz ere, azken egoitza izan nuen Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrian egongo naiz hauteskunde-egunean. Udalerri horretan botoa eman ahalko dut?

Ez, ez baitzaude udalerri horretako hauteskunde-mahaiko erroldako zerrendetan. Postaz bakarrik bozka dezakezu, bizi zaren atzerriko herrialdetik. (Ikus webgune honetan "Bertan ez dauden egoiliarren posta bidezko botoa" atala).

Hauteskunde-mahaiko erroldan izena emanda ez dagoen norbaitek mahai horretan bozka dezake?

Bai, salbuespen gisa, hiru egoera hauetan:

  • Hautagaitzetako artekariek, jarduna betetzen duten mahaian, baldin eta kreditatuta dauden mahai horri dagokion barrutiko hautesleak badira.
  • Hauteskunde-mahai horretako erroldan alta emateko Hautesle Erroldako Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialak emandako (edo udalaren bidez izapidetutako) errolda-ziurtagiri bat aurkeztuz gero. Bozketa-eguneko arratsaldeko 20:00ak arte aurkeztu ahalko dira ziurtagiri horiek (ikus Hauteskunde Erregimen Orokorrari buruzko Lege Organikoko 85.1 artikulua eta Hauteskunde Batzorde Nagusiaren 2003ko maiatzaren 7ko Instrukzioa).
  • Hautesleak hauteskunde-mahaiko erroldako zerrendetan agertzeko duen eskubidea egiaztatzen duen epai bat aurkeztuz hauteskunde-mahaian (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 105.4 artikulua).

Euskal Nortasun Agiriarekin bozkatu nahi dut, eta hauteskunde-mahaiko lehendakariak ez dit uzten, zer egin dezaket? Nortasun-agiri horrekin botoa ematea onartzeko eska dezaket?

Ezin da Euskal Nortasun Agiriarekin botoa eman, ez baita nortasuna ziurtatzeko agiri ofizialtzat jotzen bozkatzeko orduan (Hauteskunde-batzorde Zentralaren 2005eko martxoaren 10eko akordioa). Behin eta berriro agiri horrekin bozkatzen ahaleginduz gero hauteskunde-mahaiko lehendakariak Ertzaintzaren laguntza eske dezake, bai eta beste hautesleen bozkatzeko eskubidea oztopatzea egotzi ere. Akusazio hori hauteskunde-delitutzat jo daiteke. Hala ere, artekariren bati eska diezaiokezu gertakari hori Hauteskunde-mahaiko Bilkura-aktan jasotzeko.

Zer egin behar du hauteskunde-mahaiko lehendakariak pertsona bat Euskal Nortasun Agiriarekin bozkatzera badoa eta, botoa ematen utzi ez diotelako, hautesle horrek lehendakariari salaketa-idatzi bat aurkezten badio, lehendakariak sina dezan?

Lehendakariak ez du salaketa-idatzirik sinatzeko beharrik; idatzi hori jaso eta hauteskunde-mahaiko bilkura-aktari erantsiko dio, bai eta gertatutakoa jaso ere. Hori nahikoa ez balitz, eskualdeko hauteskunde-batzordeari jakinaraziko dio.

Hautesleen lan-eskubideak

Nola bozka dezakegu hauteskunde-egunean lan egin behar dugunok?

  • Hauteskunde-egunean enpresaren ordaindutako baimen bat izateko eskubidea duzu, botoa ematera joan ahal izateko. Ondoko hau zehaztu behar da, hala ere:
  • Zure lanaldiak guztiz bat egiten badu hauteskunde-eguneko ordutegiarekin (9:00etatik 20:00etara), 4 orduko ordaindutako baimena izateko eskubidea duzu.
  • Zure lanaldiak 4 orduz edo gehiagoz bat egiten badu bozketa-ordutegiarekin (baina ez guztiz, aurreko egoeran bezala), 4 orduko ordaindutako baimena izan ahalko duzu.
  • Zure lanaldiak 4 ordu baino gutxiagoz bat egiten badu aipatutako bozketa-ordutegiarekin, ordaindutako baimena lanaldiak eta bozketa-ordutegiak bat egiten duten ordu-kopurukoa izango da.
  • Lanaldi partzialeko kontratua baduzu eta zure lanaldia arrunta baino laburragoa bada, zure ordaindutako baimena lanaldi arruntarekiko proportzioan murriztuko da.

Lanaldia murrizteko eskubidea al dut, nire enpresan dagokidan lanaldia gogoeta-eguneko gauean hasi eta bozketa-eguneko goizeko 8:30an bukatzen bada?

Ez, beren lanorduek bozketa-ordutegiarekin guztiz edo hein batean bat egiten EZ badute langileek ez baitute enpresan baimena eskatzeko eskubiderik.

Bozketa-egunean nire ohiko bizilekutik urruti lan egin behar dut; posta bidezko botoa eskatzeko eskubiderik ba al dut?

4 orduko ordaindutako baimen berreskuraezina hartzeko baimena duzu, deialdiaren egunetik posta bidezko botoa eskatzeko epea bukatu arte, posta-bulegora joan eta dagokion inprimakia betetzeko.

Bozketa-egunean lan egin behar duen langile bat naiz eta enpresari ordaindutako baimena eskatzeko eskubidea dut, baina nola justifika diezaioket enpresari bozkatzera joan naizela?

Horretarako, hautesle guztien eskura daude, botoa ematen duten hauteskunde-mahaietan, bozketa-egunean botoa eman izanaren ziurtagiriak, hauteskunde-mahaiak sinatu beharrekoak.

Zer eskubide dute bozketa-egunean lan egin behar duten Estatuko Segurtasun Indarretako kideek, militarrek, Ertzaintzako kideek edo udaltzainek?

Talde horiek postaz bozka dezakete. Zalantza izanez gero, eskatu aholkua Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailean, Zuzenean zerbitzuaren 012 telefonora deituta.

Hautesleentzako debekuak

Bozkatzera gindoazela nire senarra gaixotu egin da, eta klinikara eraman dute. Bere ordez bozka al dezaket bere NANa eramanda?

Ez. Botoa pertsonala eta sekretua da (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 104.1 artikulua).

Zinpeko zaintzailea naiz, eta bozketa-egunean lan egin behar dut. Nire arma, borra edo gisakorik aldean dudala bozka al dezaket? Zer egin behar dut?

Ez. Debekatuta dago armak edo arma gisa erabil daitekeen beste objekturik eramatea. Debeku horri men egin ezean hauteskunde-mahaiko lehendakariak hauteslekutik kanporatu ahalko zaitu (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 108.3 artikulua).

Posta bidezko botoa eskatu dut baina ez dut beharrezko dokumentazioa jaso. Hauteskunde-mahaira joan naiteke bozkatzera?

Ez. Posta bidezko botoa eskatuz gero, botoa postaz eman edo ez eman, debekatuta dago hauteslekura bertaratuz bozkatzea (Hauteskunde Erregimen Orokorrari buruzko Lege Organikoko 73.1 artikulua).

Nire senarra itsasgizona da, eta bozketa-egunean ez da etxean izango. Bera ez dagoenetan ekintza guztietan bere ordezkari izateko notario-ahalordea dudanez, bere izenean bozka al dezaket notario-ahalorde hori baliatuz?

Ez. Hauteskunde Legeak ez du onartzen ahalorde bidezko botoa. Zure senarrak posta bidez eman behar zuen botoa.

Posta bidezko botoa eskatu dut bozketa-egunean Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egongo nintzela pentsatuz, baina azkenean ez dut joan behar. Botoa ematera joan al naiteke dagokidan hauteskunde-mahaira?

Ez. Posta bidezko botoa eskatuz gero, botoa postaz eman edo ez eman, debekatuta dago hauteslekura bertaratuz bozkatzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 73.1 artikulua).

Twitter

Azken aldaketako data: