Euskadi, aitzindari udalerrietan tokiko harrera-politikak hedatzen

Argitalpen-data: 

https://www.irekia.euskadi.eus/eu/news/96751-euskadi-pionera-despliegue-conjunto-politicas-locales-acogida-los-municipios

  • EUDELek eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak udalek harrera-politika inklusibo eta eraginkorrak garatzea bultzatuko dute, EAEn bizi diren atzerritar jatorriko pertsonen beharretara egokituta.  
  • Esther Apraiz elkarteburuak eta Nerea Melgosa sailburuak harrera-protokoloak eta udal-zerbitzuak (“harreraguneak”) sortzeko jarraitu beharreko urratsak biltzen dituen eskuliburu bat aurkeztu diete gaur hiru lurraldeetako tokiko erakundeei; populazio migratzailea gizarteratzera eta komunitatean integratzera bideratuta daude protokolo eta zerbitzu horiek.  
  • Eskuliburua 19 udalek eta mankomunitatek elkarrekin egindako lanaren emaitza da, eta teknikarien parte-hartzea eta Biltzen-en aholkularitza ditu, integraziorako eta kulturen arteko bizikidetzarako euskal zerbitzuarena, alegia.  
  • Ekimen honen helburua da Udalak bizilagun berriei lagun egitea izapide eta zerbitzu/sistema desberdinetarako sarbidean (errolda, osasuna, gizarte zerbitzuak, hizkuntzen ikaskuntza, hezkuntza, enplegua…), “herritartasun osoko” eskubideak bermatuz.

Gaur goizean, Esther Apraiz EUDELeko elkarteburuak eta Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak Euskadin atzerritarrei harrera emateko tokiko politikak diseinatzeko eskuliburua aurkeztu dute hiru lurraldeetako tokiko erakundeekin egindako jardunaldi batean. Euskaraz “Harrera Ehundu” izenarekin ezagutzen den ekimen aitzindari honetan, arlo horretan ibilbide aurreratua duten hemeretzi euskal udalerrik parte hartu dute. Horietatik, Durangok, Ermuak eta Tolosaldeak euren esperientziak eta ibilbideak partekatu dituzte.

Eskuliburu hori, Estatuko lehenengoa, funtsezko tresna izango da udalentzat hurrengo urteetan. Erreferentziazko eredua da tokiko harrera modu autonomoan kudeatzeko, udalerriaren errealitate espezifikoaren arabera, eta, aldi berean, Migrazioaren aldeko Euskal Itun Sozialaren herrialde-esparruaren barruan.

Horretan, funtsezko printzipioak proposatzen dira, hala nola erantzukizun publikoa eta ikuspegi komunitarioa, harrera integral eta gizatiar baten beharra nabarmentzen dutenak, pertsona migratzaileen eskubideen ildotik.

“Euskal udalerriok Euskadira datozen pertsona guztiei egindako harrera duin, gizatiar eta enpatikoaren erreferente izan nahi dugu, eta, horretarako, “komunitatea ehunduko dugu”, esan du Esther Apraiz EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkateak, hitzaldiaren hasieran. Horretarako, harreraren eta aniztasunaren kudeaketa udal-arlo desberdinen politika transbertsal gisa kokatzearen alde egin du, udalerrien, gainerako erakundeen, Hirugarren Sektorearen eta herritarren arteko lankidetzatik. Apraizek azaldu duenez, Eskuliburuak Udalak sistema eta zerbitzu ezberdinetara sartzeko ate gisa duen rol nagusia garatzen du, baita bizilagun berrien eskubideen bermatzaile gisa duena ere, “herritar osoak” izan daitezen. Elkarteburuak nabarmendu duenez, “tokiko erakundeek, erronka demografikoaren lehen lerroan, migratzaileen herritar-integrazioa lagunduko dugu, beharrezkoa baita aniztasunean oinarritutako elkarbizitzarako eta gizarte-kohesiorako”.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburu Nerea Melgosak nabarmendu duenez, "gure herrietara iritsi diren eta iristen jarraitzen duten pertsonen eta gure artean errotu nahi duten horien erabateko integrazioa erraztu nahi duen tresna da, herri honen aurrerabidea elkarrekin eraikitzeko". "Baliabide heldua, landua, kontrastatua eta leundua, tokiko arlotik, gizarteratzea eta gizarte-kohesioa sustatzeko balioko duena", gaineratu du.

Funtsezko tresna

Dokumentu honek EAEn gizarteratzea eta gizarte-kohesioa sustatzeko funtsezko baliabide gisa baliagarri izan nahi du, eta migratzaileen beharrei nahiz Euskadiren erronka demografiko eta sozialei erantzungo dieten politikak sustatu nahi ditu. Gizarte-eragileekin, erakunde publikoekin eta komunitatearekin koordinatzea funtsezkoa da integrazio arrakastatsua eta gizarte osoaren ongizatea ziurtatzeko.

Eskuliburuaren alderdi aipagarrienen artean, hauek daude:

Printzipio orokorrak: ardatz nagusitzat hartzen da harrera, eskubideen, kulturartekotasunaren, genero-ikuspegiaren eta erakundeen arteko koordinazioaren ikuspegitik. Lehentasuna oinarrizko zerbitzuak berdintasunez eskuratzeko aukera bermatzea da, hala nola osasuna, hezkuntza, enplegua eta euskara eta gaztelania ikastea.

Arau-testuingurua: Eskuliburuak nazioarteko eta estatuko araudiak ditu oinarri, hala nola Migraziorako Euskal Itun Soziala eta Atzerritarren Lege Organikoa. Toki mailan, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeak integrazio eta harrera politikak garatzeko eskumenak ematen dizkie udalerriei.

Tokiko Harrera Politika Diseinatzeko urratsak: zazpi urrats proposatzen dira, beharren diagnostikotik hasi eta harrerarako zerbitzu espezifiko bat sortzeraino, etengabeko ebaluazioekin inplementatutako politiken eraginkortasuna bermatzeko.

7 urratsak: (1) Udalaren bultzada partekatua (politikariak eta teknikariak) eta Hirugarren Sektorea eta herritarrak; (2) beharren diagnostikoa; (3) baliabideen gida; (4) harrera protokoloa; (5) harrera zerbitzua; (6) udalerri barruko eta erakunde arteko koordinazioa; (7) etengabeko ebaluazioa.

Gainera, Eskuliburuak Harrera protokolorako eredua (4. urratsa) dakar eranskin gisa, eragile instituzional eta komunitario guztien esku-hartzea antolatzeko moduari buruzko orientazioa ematen duena.

 

HARRERA EHUNDU eskuliburura sartzeko estekak :

 

 ERANSKIN hau ere erantsi da: Harrera egiteko Tokiko Protokoloaren adibidea (eskuliburuan dagoena)

 

Harrera zerbitzuak (“harreraguneak”)

Harrera zerbitzua giltzarria da baliabide eta eragileen sarearen bidez udalerrira iristen diren pertsonak orientatzeko eta lagun egiteko. Abian jartzeko, Udaleko arlo desberdinen lankidetza transbertsala behar da, baita koordinazioa ere beste sistema/erakunde batzuekin (Errolda, Gizarte Zerbitzuak, Osasuna, Biltzen, Lanbide, SAPIT…) eta gizarte-erakundeekin.

Hurbiltasuna da harrera zerbitzuaren gakoa, aurrez aurreko elkarrizketetan oinarritua, konfiantzazko eta pribatutasunezko espazio batean, pertsonaren beharrak xehetasunez ezagutzeko. Horregatik, erroldaren eta “harreragunearen” arteko lotura da lehenengoa eta garrantzitsuena, funtsezko izapidea delako eta lehen unetik arretarik zuzenena eskaintzeko aukera ematen duelako.

 

Durango, Ermua eta Tolosaldeko esperientziak

DURANGO

Durangoko immigrazio-ereduaren ardatza migratzaileak kulturarteko ikuspegitik hartzea eta integratzea da. Bi ardatzetan egituratzen da: alde batetik, harrera eta integrazioa, hizkuntza ikastea, lan-prestakuntza eta baliabide publikoak eskuratzea bezalako programekin; bestetik, kultura-aniztasunaren kudeaketa, bizikidetza sustatzeko hezkuntza- eta sentsibilizazio-jarduerekin, hala nola ikastetxeetan tailerrak eta arrazakeriaren aurkako ekintzak. Azken helburua da pertsona guzti hauek herritar gisa Durangon integratzea. 

ERMUA

2000. urtean, Ermuko Udalak bere kezka agertu zuen biztanleriaren egituran gertatzen ari ziren aldaketengatik, eta hainbat diagnostiko jarri zituen abian, 2005-2007 Immigraziorako I. Tokiko Planaren atarikoak izan zirenak. Bi hamarkada horietan, immigrazioaren arloko tokiko ekintza publikoa testuinguru sozioekonomikoaren eta immigrazio-politiken zikloen bilakaerara egokituz joan da, logika sozialago eta asistentzialistago batetik transbertsalagoa den beste batera, hainbat arloren eta esku hartzeko eragileren aldetik parte-hartze handiagokoa. Helburuetan oinarritutako eredu batetik (I. Plana), emaitzetan oinarritutako beste batera (2014ko Agenda estrategikoa). Arlo publikotik zentralizatutako logika batetik, gizarte zibilak funtsezko zeregina duen estrategia batera (Migrazioaren aldeko euskal itun soziala). Gaur egun, Ermuko immigrazio politika 4 ardatzetan egituratzen da: harrera, integrazioa, bizikidetza eta parte-hartzea; horien inguruan, 15 esku-hartze programa planifikatzen dira.

TOLOSALDEA (28 udalerri)

Tolosaldeko atzerritar jatorriko pertsonei Harrera egiteko Protokolo Markoa aurkeztu zen 2024ko urriak 17an Lehiberri zentroan, Tolosan. Tolosaldea Garatzen-eko Migrazio eta Aniztasun sailetik sustatuta eta Biltzen gizarteratzea eta kulturarteko bizikidetzaren euskal zerbitzuak gidatuta 5 lan saioz osatutako prozesua aurrera eraman izan da 2024ko urtarriletik uztailera bitartera; Tolosaldeko ordezkari politiko, eskualdeko udaletako sail ezberdinetako teknikari eta gizarte eragiletako ordezkari eta teknikarien parte hartzearekin.

24 pertsonek parte hartu izan dute prozesuan, besteak beste gizarte eragileen artean Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (UEMA), Galtzaundi Euskara Elkartea, Zutani Elkartea, Peñascal Kooperatiba, Tolosaldeko Asanblada Feminista, Divina Gipuzkoako Emakume Afrikarren Elkartea, Jatorkin Elkartea, Boolo Senegal Elkartea, Ereite multikulturala Elkartea eta Sos Arrazakeria Elkarteak izan dira.

Protokolo Markoak bereziki balio izango du:

  • Harrera eta honekin lotutako beste kontzeptu batzuk adosteko.
  • Horren gaineko erantzunkizun publikoa zein den identifikatzeko.
  • Atzerritar jatorriko pertsonei eskainiko diegun harrera eredua zehazteko.
  • Atzerritar jatorriko pertsona iritsi berriei eskainiko dizkiegun tokian tokiko zerbitzu eta prestazioak ordenatzeko.

Protokoloak dokumentu bizia izan nahi duenez, bi berrikuspen une aurreikusten dira, 2025.urtean abian jartzeko lehen momentuetan eta bigarrenez 2025eko urte amaieran.