Azken eguneratzea: 2008/12/10
René Cassin sari banaketa
Ibarretxek esan du euskal gatazka konpontzeko nazioarteko laguntza eta babesa beharrezkoak direla
Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, Juan José Ibarretxe Lehendakaria Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubideen René Cassin Sarien banaketako mahaiburu izan da Bilbon egin duten zeremonia batean. Ekitaldian Roelf Meyer eta Desmond Tutu hegoafrikarrak saritu dituzte apartheidaren aurka egindako borrokagatik eta Hegoafrikan aurrera eraman duten bake prozesuaren egile izateagatik.
Meyerrek Lehendakariaren eta Justizia sailburuaren eskutik jaso du saria. JB
Meyerrek Lehendakariaren eta Justizia sailburuaren eskutik jaso du saria. JB

Juan José Ibarretxe Lehendakariak azpimarratu duenez, "jakin badakigu Euskadin bakea lortzeko funtsezko lana geure esku dagoela", baina, halaber, "munduan izan diren gatazka guztiak nazioarteko laguntzarekin konpondu direla ere badakigu".

Bere hitzaldian, akordio politikoa bilatzeko edozein formulak oinarri-oinarrian pertsona guztientzako eskubide guztiak eskatzen ez baditu, "sortzetiko akatsa" duela esan du. Gainera, adostasun politikoak gatazkak konpontzeko formula bezala aldarrikatu ditu.

Lehendakariak "etsipena alde batera uztea" eskatu du eta euskal gizarteari "itxaropen mezua bidaltzea" beharrezkotzat jo du, "Irlandan, Hegoafrikan  eta beste hainbat herrialdeetan bakea eta akordio politikoak eraiki ahal izan badira, zergatik ez gara hemen egiteko gai izango".

Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak ere ekitaldian parte hartu du eta Hegoafrikako edo Irlandako adibideek "argi erakusten dute prozesu batek denak kontuan izan behar dituela, porrot egin nahi ez badu", azpimarratu du.

Horrela, Azkarragak "elkarrizketa parte hartzaile" baten alde apustu egin du, "hitza gerturatzeko eta alderdi politikoen arteko adostasunak eraikitzeko bidea izan dadin" eta "indarkeriari tarte txikiagoa utz diezaion".

Gainera, Azkarragaren aburuz, "aho batez gaitzetsi behar da terrorismoa eta aho batez erakutsi behar zaie elkartasuna biktimei", baina hori bezain garrantzitsua da "terrorismoa eta horrek eragiten duen nahigabea ez erabiltzea alderdi politiko baten kontra edo proiektu politiko baten alde"; hori ez gertatzeko "hitzarmen sendo bat" lortu behar dela gaineratu du.

Lehendakariak saria eman ostean, Roelf Meyerrek adierazi du Hegoafrikan "liderrek aurrea hartu eta nagusitasunaren paradigma, iraganekoa, kanporatu zutela", haren tokian "etorkizuneko paradigma " jartzeko. Izan ere, "elkarrizketa borroka baino hobea" zela konturatu ziren eta hobe zela "lidergoa eskaintzea", batak besteari gauzak leporatzea baino, eta hobe zela "entzutea hitz egitea baino".


Beste saritua, Desmond Tutu artzapezpikua, ez zen ekitaldian izan, baina bideo grabazio baten bidez saria eskertu zuen eta "apartheidaren aurka borroka egin zuten guztiei" eskaini zien. 

Hegoafrikara bidaia

Tutu eta Lehendakaria duela egun gutxi Hegoafrikan, haren Fundazioaren egoitzan. JB
Tutu eta Lehendakaria duela egun gutxi Hegoafrikan, haren Fundazioaren egoitzan. JB

Duela egun batzuk Lehendakariak eta Joseba Azkarraga Justizia sailburuak bere Fundazioak Ciudad del Cabon duen egoitzan jakinarazi zuten golardo hau emango zutela.

Saria emateagatik eskerrak eman ostean, datorren astean euskal gatazkaren kasua "Elders Group" taldeak (Jende gorenaren taldea)  izango duen bileran aurkeztuko duela. Talde horretako kideak dira, besteak beste, Nelson Mandela; Kofi Annan, Nazio Batuen Idazkari Nagusi ohia; Mary Robinson, Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen Goi Komisario ohia; eta Jimmy Carter, Estatu Batuetako Presidente ohia. Esperientzia handia duten politikariek eta diplomatikoek osatzen dute batez ere taldea, gehienak Nobel saridunak, eta orain arte konpondu gabekoak izan diren arazoen inguruan arreta piztu nahi dute.

Tutuk azaldu duenez, oraindik herrialde batu bat, herrialde adiskidetu bat "benetako komunitate" bilakatzeko lanean ari den herrialde bat da Hegoafrika. Herrialde horren adibideak itxaropena helarazten duen arren, Tuturen aburuz bere herrialdeak ez du beste herrialde batzuetako arazoak konpontzeko "errezeta magikorik". Halere, uste du Hegoafrikan akordio bat lortu bazuten, bakea lortu bazuten, munduko beste edozein lekutan ere lortu daitekeela.

Tutrentzat saria bidegabekeriaren kontra lan egin duen herri batentzat izan behar da, izan ere, "ez dago pertsona normalik, denak dira apartak". Gainera, azpimarratu du bera ia besterik ez zegoelako izan zela liderra, liderretako asko kartzelan edo erbestean baitzeuden.

René Cassin Sariak

Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak antolatutako Giza Eskubideen Renné Cassin Sarien epaimahaiak aurten Desmond Tutu eta Roelf Meyer saritzea erabaki du.

Epaimahaiaren iritziz, biak dira bakearen ikur, eta ez giza eskubideen kulturaren berezko balio bezala bakarrik, justizia proiektu eta elkarbizitzaren oinarri gisa ere bai. Eta bakea ez da indarkeria eza bezala bakarrik ulertu behar, justiziaren ondorioz sortzen den bake positibo bezala ere hartu behar da, egun Hegoafrikan ezartzeagatik saritu nahi diren bi pertsona horien atzean dagoen bakea, hain zuzen ere.

Desmond Tutu

1980ko hamarkadan, apartheidaren kontra egin zuen lanagatik, nazioartean fama hartu zuen elizgizon eta bakezale hegoafrikar bat da; 1984an Bakearen Nobel Saria eman zioten.

Apartheida desagertu zenean, Nelson Mandela Presidenteak sortutako Egiaren eta Adiskidetzearen Batzordeko Zuzendari izendatu zuten.

Egun, Zibilizazioaren Aliantzari babesa ematen dioten munduko 18 pertsona ospetsuetako bat da eta indarkeria ezaren eta bakearen hamarkadarako nazioarteko Koordinazioaren Ohorezko Batzordearen kide da.

Roelf Meyer

Hegoafrikan apartheidetik demokraziara trantsizioa egin zuten garaian Defentsa eta Gai Konstituzionalen Ministro izan zen Roelf Meyer. Gobernuan Alderdi Nazionala ordezkatzen zuen eta, African National Congress alderdiko Cyril Ramaphosarekin batera, apartheidari amaiera eman zioten elkarrizketetako negoziatzaile nagusietako bat izan zen. 1994ko hauteskundeen ostean, Meyerrek Gai Konstituzionalen Ministro izaten jarraitu zuen Nelson Mandela Presidentearen gobernuan.

Egun, gatazka politikoen gestioan duen esperientzia transmititzen du nazioarteko zenbait erakundetan parte hartuz, hala nola Harvardeko Unibertsitatean, edota Ulsterreko Unibertsitatearen Tip O'Neill Katedran. Gainera, nazioarteko zenbait gatazketan aholkulari lanak egiten ditu. Gatazka azpimarragarrienak honako herrialdeetakoak dira; Ekialde Ertaina, Sri Lanka, Ruanda, Burundi edota Kosovo.