Berdinduren komunikatua, Sexu-Askapenaren Nazioarteko Egunean

berdindu.jpg

2020.eko ekainak 28

LGTBI kolektiboa, berriro biltzen da ekainaren 28an, aurten ere, euskal gizartearen aurrean eskubideak eta bizikidetza aniztasunetik aldarrikatzeko., 1969ko ekainaren 28an, joan den urtean 50. urteurrena ospatzen ari ginela, Stonewalleko errebolta gertatu zen New Yorken, eta data hori bihurtu da, urtero, gure aldarrikapenak eta lorpenak agerian jartzeko eguna; ezinbestean, data hori izan behar da oraindik lortu gabe dugun guztia agerian jartzeko eguna ere.

Eusko Jaurlaritzaren LGTBI kolektiboarentzako Informazio eta Laguntza Zerbitzua den Berdindu zerbitzu publikoak, eskerrak eman nahi ditu bizitza eta ahaleginak eman dituzten pertsona guztiei sexu-askapenaren aldeko borrokaren alde, eta, gaur egun, gizartea sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta eraldatzeko lana antolatzen eta gauzatzen jarraitzen dutenei. Era berean, hemen eta gure mugetatik kanpo isilik irauten duten pertsona guztiak aitortu eta ahaldundu nahi ditu. Eta oso bereziki 2020. urte honetan, hain ohikoa ez den egoera bat bizitzen ari garen honetan.

Mundu guztian zehar etxeetako itxialdi orokorrera behartu gaituen pandemiak, kolektiboko pertsona asko erabateko babesgabetasunera eta ikusezintasunera eraman ditu. Eman diren egoera askoren artean, arreta jarri nahi dugu beren bizikidetza-ingurunean armairuan berriz gordetzeko betebeharra ikusi duten pertsona guztiengan, bai eta hurbileko pertsonen zainketen zama beren gain hartzen duten eta honengatik, aldi honetan bereziki bakardadea eta urruntasuna jasan duten LGTBI kolektiboko pertsona guzti horiengan.

Berdindu! -n argi dugu ezin dela adi egoteari utzi. Azken urteotan, agerikoa da faxismoa defendatzen duten taldeen itzulera eta foro publiko jakin batzuetatik ere egiten diren saiakerak, LGTBI kolektiboaren eskubideei buruzko zalantzaren hazia mahai gainean jartzea, bai eta pertsona guztien berdintasunari buruzkoa ere.

Horregatik uste dugu berebiziko garrantzia dutela bizitza eta eskubideak babesten dituzten lege arau berrituak. Oso garrantzitsua da, halaber, LGTBI kolektiboaren egungo errealitatea ezagutzea, hiri-zurrumurru eta -kondairez gain, egiaztatutako eta kuantifikatutako datuekin.

Ikusgaitasun lesbiko, trans eta bi-en egunak, trans despatologizazioaren aurkakoak, LGTBIfobiaren kontrakoak... bat egiten dute gaur egun, garen bezala izatearen eta nahi dugun bezala desiratzearen harrotasunaren aldarrikapenean, bakoitza bere erara, denak eta anitzak.

Hori guztiagatik, Berdindu!-tik pertsona guztiei egun hau sexu-askapenaren alde egiten ari garen aurrerapen guztiak ospatzeko aprobetxatzera animatzen ditugu.

COVID-19ren urtean, oso konplexua da LGTBI kolektiboarentzat kalera irtetea errealitatea ikusarazi eta aldarrikatzera. Gainera, arduragabekeria litzateke herritarrei kalean bilera masiboak egitera deitzea. Baina, krisietatik aukerak atera behar dira, eta, horregatik, ez da aukera galdu behar denboraldi honek gure gizartea eraldatzeko eman duen hausnarketan; eta hori egin beharra dago banantzen gaituen guztia kenduz eta izateko eta adierazteko askatasuna eman behar diren bizikidetza-arauak indartuz, LGTBI kolektiboko pertsonei, eta gainerako pertsona guztiei.

Herritarrei eskatzen diegu, beraz, sentsibilizazio- eta aldarrikapen-ekitaldi guztiekin bat egin dezatela, foro publikoetatik, komunikabideetatik eta sare sozialetatik erakuts dezatela gaur aniztasunaren aldeko borroka-eguna dela, eta balkoietan eta leihoetan bandera zintzilika dezatela.