Osakidetza, Informatika eta Osasuneko 2015eko Sari Nazionalaren irabazle

2016.eko urtarrilak 21

Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak osasunaren alorrean erabiltzeko egin dituen ikerkuntza- eta berrikuntza-ahaleginen aitorpen gisa

 

Osakidetza Informatikako eta Osasuneko 2015eko Sari Nazionalarekin ohoratu dute, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak osasunaren alorrean erabiltzeko proiektuetan –dela erakunde mailan, dela maila pertsonalean– egin dituen ikerkuntza- eta berrikuntza-ahaleginak aitortzeko.

Gaur arratsaldean egin dute ekitaldia, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Medikuntzako Fakultatearen Areto Nagusian, eta bertan izan dira Osasuneko sailburu Jon Darpón eta, saria jasotzen, Osakidetzako zuzendari nagusi Jon Etxeberria. Osasunaren Informatikako Espainiako Elkarteak banatzen du, erakunde eta profesionalek osasunaren esparruan informazioaren eta teknologiaren teknologiak garatzeko eta ezartzeko egindako ekarpenak ohoratzeko. Ekitaldia amaitu ostean, Osasuneko sailburuak azpimarratu du «Osakidetzari egindako errekonozimendu berri bat dela saria, bai eta Euskadin pertsonen osasunaren zerbitzurako teknologia berrien alde egindako apustuari errekonozimendua ere».

Zehazki, «profesionalei zuzendutako mugikortasun-estrategia saritu dute (Osakidetza Mugitzen): estrategiaren barruan ezarritako tresnen bitartez, arreta-gunean nahiz etxean artatu dezakete pazientea, eta, hala, pazientearekiko tratuan segurtasuna, arintasuna eta produktibitatea areagotu daiteke» adierazi du epaimahaiak bere erabakian.

 

                                   OSAKIDETZA MUGITZEN

Agerikoa da azken urteotan benetako iraultza ari dela gertatzen gailu mugikorren erabilerari dagokionez, direla smartphoneak (telefono adimendunak), direla tabletak (tableta elektronikoak). Halako gailu mugikorrak pertsonek informazioa kontsumitzeko eta elkar komunikatzeko dituzten moduak aldatzen ari dira; ildo horretan, mugikortasuna erakundeen eraldaketa digitalerako funtsezko bultzada gisa ari da finkatzen, erabakiak hartzeko denborak murrizteko, produktibitatea areagotzeko eta zerbitzuak modu eraginkorragoan eskaintzeko aukera ematen duenez.

Osasuna iraultza horrek mesedetutako alorretako bat da eta Osakidetzak mugikortasun-estrategiaren aldeko apustua egin du Pazientearen Segurtasunaren esparruan, argi eta garbi profesionalei zuzendutako ikuspegi batetik. Halaxe jaio zen Osakidetza Mugitzen, oraintxe saritu berri duten ekimena. Estrategia horrek profesionalek informazioa kontsumitzeko eta komunikatzeko moduak aldatu ditu, datu mugikorren konexioan eta App-en nahiz gailu-anitzeko aplikazioen erabileran oinarrituta (web responsive design).

Zehazki, Pazientearen Segurtasunaren eta Zerbitzu Soziosanitarioen testuinguruetan, Osakidetzak pazientea arreta-gunean artatzeko aukera ematen duten aplikazio batzuez hornitzen ditu bere profesionalak eta beste hirugarren batzuk.Arreta-gune horiek ospitalean (pazientea dagoen gunean), kanpoko zentroetan (itunduak) eta pazienteen etxean izan daitezke.

Osakidetzako profesionalei mugikortasun-tresnak emanda, orobat, pazientearekiko tratuaren segurtasuna, arintasuna eta produktibitatea areagotzeko aukera ematen da. Mugikortasuneko gailuak kudeatzeko mekanismoei esker, datuak erabiltzean segurtasun fisikoko neurri berberak betetzen direla bermatzen da, nola Osakidetzako zentroetan, hala haietatik kanpo ere.

Profesionalek gailu pertsonalak erabiltzeak (Bring Your Own Device - BYOD) , gainera, erabiltzaileen gogobetetze maila handitzen du, betiere, datu pertsonalen eta profesionalen arteko bereizketa bermatuta (Mobile Device Management - MDM).

Osakidetza Mugitzen mugikortasun-estrategiak honako hauek ekarri ditu berekin: protokolo arinetan oinarritutako egikaritza-plataforma berriak ezartzea, garapeneko framework berri bat zehaztea, estilo korporatiboei buruzko gidaliburu berri bat diseinatzea, aplikazio mugikorrak kudeatzeko soluzio bat ezartzea (Mobile Application Management) eta Osakidetza Store abiaraztea (merkatuan daudenen modukoa).

 

 

Madril, 2016eko urtarrilak