Itsaslabar malkartsuek, padurek, hondartza lasaiek eta xarma handiko arrantza-portuek bat egiten dute Euskal Kostaldean. Gaztelugatxeko Doniene gure kostaldeko altxorretako bat dugu: urtero, milaka bisitarik geldialdia egiten dute bertan, eta parajearen edertasunarekin txundituta geratzen dira. Orain gutxi, Iñaki Lizarraga bizkaitarrak Donieneko ermitatik ateratako argazki bat Bing Microsoft etxeko bilatzailearen irudi nagusi izan da. Inguruko itsaslabarrak eta X. mendeko ermitaraino iristeko eskailerak ikus daitezke irudi horretan.
Hori horrela, mundu osoko milioika erabiltzailek Gaztelugatxeko Doniene, Euskadiko erakargarri turistiko nagusienetako bat, ezagutzeko abagunea izan dute.
Hogei udalerrik osatzen dute Busturialdea eskualdea, eta Gaztelugatxeko Doniene ez ezik, beste hainbat altxor gordetzen ditu, hala nola, Urdaibaiko Biosfera Erreserba, Santimamiñeko kobak, eta Laidako eta Lagako hondartzak.
|