Azken eguneratzea: 2009/02/03
Bizkaiko megalitoguneak Monumentu izendatu ditu Eusko Jaurlaritzak
17 gunetan bildu dira eta estazio eta elementu bakoitzaren deskripzioa egin da eta bakoitzari bere babes esparrua ezarri zaio. Monumentu izendapenarekin batera babestutako eremua ezarri da, berorretan onartutako erabilerak zehaztuz.

Gobernu Batzordeak, Kultura Sailaren proposamenaren harira, Bizkaiko Estazio Megalitikoak Monumentu Multzo izendapenaz, Kultura Ondasun gisa deklaratzea erabaki du. Gaur onartutako Dekretuak Monumentu Multzo izendapena eta megalito gune hauek  izango duten babes-araudia ezartzen du.

Bizkaiko megalitoak 17 gunetan bildu dira eta estazio eta elementu bakoitzaren deskripzioa egin da eta bakoitzari bere babes esparrua ezarri zaio.  Monumentu izendapenarekin batera babestutako eremua ezarri da eta berorretan onartutako erabilerak zehaztu dira. Oro har, kontuan izanda megalitoen berezitasunak, hiru esparru ezarri dira:

  • Lehenak bere baitan hartzen du monumentu megalitikoak kokatuta dauden azalerak. Berariaz zehaztuta ageri dira planoetan eta babes bereziko gune honetan erabilerak mugatu dira eta aztarnategia ikertzeko eta zabaltzeko jarduerak soilik egin ahal izango dira. Hortaz, bertako erabilerek zientzia  eta kultura jarduerak izan beharko dituzte helburu, hau da, erabilera horien bitartez, babestutako ondasunaren zabalkundea eta ezagutza egokia bultzatu beharko dira. Horregatik, egitarau zehatzak prestatuko dira elementu horiek artatzeko.
  • Bigarren esparruak megalitoen hurbileko ingurunea hartzen du (babes bereziko azaleren edo 1. eremua deritzonaren inguruan), gutxienez 5 metroko itzulingurua barnebildu beharko dute monumentuok, kanporen dauden ertzetatik hartuta. Dena dela, neurri hori hamar metrokoa izan ahalko da, monumentua artatzeko beharrezkoa baldin bada. Eremu honetan ez da onartuko ondasunaren artapenari kalte eragiten dion inolako jarduerarik. Bai, ordea, aztarnategia dagokion natur gunean integratzera bideratutakoak, baldin eta integrazio horren bitartez, artatu beharreko kultur ondasunean funtsezko aldaketarik eragiten ez bada. Hori horrela, kulturarekin, turismoarekin eta aisiarekin zerikusirik duten erabilerak sustatuko dira.   
  • Hirugarren esparruak eremu zabalagoa hartzen du; esparru hauek mendi lerroekin zuzeneko harremana duten heinean, Estazio Megalitikoa osatzen dute. Gune hauei oinarrizko babesa ezarri zaio eta ohiko erabilera eta jarduerei eutsi egin ahal izango zaio, baina ñabardura batzuekin. 

Gaur Eusko Jaurlaritzak onartu duen Dekretuaren bidez, honako estazio megalitikoak monumentu multzo izendatu dira:

1.- AIZKOKO ESTAZIO MEGALITIKOA
 Udalerria: Karrantza Harana.
 Monumentu-kopurua: 26.

2.- ALENEKO ESTAZIO MEGALITIKOA (ARRIBALTZAGA)
 Udalerriak: Artzentales, Sopuerta eta Trucios-Turtzioz.
 Monumentu-kopurua: 21.

3.- ARMAÑONGO ESTAZIO MEGALITIKOA
 Udalerriak: Trucios-Turtzioz eta Karrantza Harana.
 Monumentu-kopurua: 14.

4.- BALGERRIKO ESTAZIO MEGALITIKOA
 Udalerriak: Artzentales, Balmaseda eta Karrantza Harana.
 Monumentu-kopurua: 8.

5.- ERETZAKO ESTAZIO MEGALITIKOA
 Udalerriak: Galdames eta Güeñes.
 Monumentu-kopurua: 6.

6.- LA ESCRITA ESTAZIO MEGALITIKOA (HORMATZA)
 Udalerria: Karrantza Harana.
 Monumentu-kopurua: 9.

7.- GORBEIAKO ESTAZIO MEGALITIKOA
 Udalerriak: Areatza, Orozko eta Zeanuri.
 Monumentu-kopurua: 21.

8.- KALAMUAKO ESTAZIO MEGALITIKOA
 Udalerriak: Markina-Xemein eta Etxebarria.
 Monumentu-kopurua: 3.

9.- MUNARRIKO LANDAKO ESTAZIO MEGALITIKOA
 Udalerriak: Berango, Sopelana eta Urduliz.
 Monumentu-kopurua: 7.

10.- OIZKO ESTAZIO MEGALITIKOA
 Udalerriak: Berriz eta Mallabia.
 Monumentu-kopurua: 6.

11.- SOLLUBEKO ESTAZIO MEGALITIKOA
 Udalerriak: Bermeo, Busturia, Mundaka eta Sukarrieta.
 Monumentu-kopurua: 8.

12.- LA CHOZAREN ZELAIKO TRIKUHARRIA (AÑES)
 Udalerria: Urduña.

13.- LARRAZABALAKO TUMULUA (GAZTELUMENDI)
 Udalerria: Zamudio.

14.- MUNJOZURIKO TRIKUHARRIA (ILLUNZAR)
 Udalerriak: Nabarniz eta Ereño.

15.- SAIPUTZUETAKO TRIKUHARRIA (URKIOLA)
16.- PAGOTXUETAKO TUMULUA (URKIOLA)
 Udalerriak: Abadiño eta Lemoa.

17.- ASPURUKO TUMULUA (ARTXANDA)
 Udalerria: Galdakao.


Kultura Sailak, monumentu izendutako estazio megalitiko hauek Euskal Kultura Ondarearen Zentroari atxikitutako Kalifikatutako Kultura Ondasunen Erroldan inskribatuko ditu eta gaur onartutako Dekretuaren berri Jabego Erregistroari, interesdunei eta Abadiño, Areatza, Artzentales, Balmaseda, Berango, Bermeo, Berriz, Busturia, Ereño, Etxebarria, Galdakao, Galdames, Güeñes, Lemoa, Mallabia, Markina-Xemein, Mundaka, Nabarniz, Orozko, Sopelana, Sopuerta, Sukarrieta, Trucios-Turtzioz, Urduliz, Urduña, Karranza Harana, Zamudio eta Zeanuriko udalei, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari ere jakinaraziko zaie. Aldi berean, Kultura Sailak arestian aipatutako udalei  babestutako guneari dagokion lurralde araudia Legeak dion arabera egokitu eta moldatu dezala eskatuko dio eta Monumentu izendapenaz eragindako eremuan egin beharreko lanak Bizkaiko Foru Aldundiak onartu beharko ditu.

Gipuzkoako megalitoak, 28 megalito gunetan bilduta,  Eusko Jaurlaritzaren 2003ko uztailaren 8ko  133 Dekretuak Monumentu Multzo izendapenaz, Kultura Ondasun gisa babestu zituen. Egun, Kultura sailaren Kultura Ondare Zentroa Arabako megalitoak babesteko lanean ari da.

Megalitoei buruzko informazio gehigarria:

Megalistimoak Euskal Herrian izan zuen garapena zehaztea ez da erraza. Gisa honetako ehorzketak Neolitikoa aurreratua zenean hasi eta Eneolitikoan eta Brontze-aroan  eman ziren gehien bat, tumulu bakan batzuk Burdina-arokoak baitira. Paleolitikoan, Mesolitikoan eta Neolitiko aitzinean, hilotzak bakarka ehorzten ziren. Neolitikoaren hondarrean , aldiz, megalitoen baitan gorpu ugari ehorzten ziren, ehorzketa kolektiboetan, antza.

Euskal Herrian dauden megalitoak oso tamaina desberdinekoak dira, handiagoak ordokietan daudenak eta txikiagoak mendialdekoak. Desberdintasun hauek eraiki zituzten garaiko berezitasunekin lotzen dira; horretan, giza multzo haietako bakoitzaren ohitura, aukera eta jende kopuru berak zer ikusi handia izatea litekeena da

Monumentu megalitikoetan bi motatako egitura bereiz ditzakegu: trikuharri edo dolmenak eta tumuluak. Megalitoak bere baitan hobia badu trikuharri gisa katalogatzen da, ez badu edo hala moduzko kaxa hori txikia bada tumulu gisa katalogatuko litzateke. Haitz hauek ezartzeko, gailurrak eta leku ikus errazak aukeratzen zituzten, uren isuri mugaldeak, muinoak eta hegiak, nahiz eta kasu batzuetan  mendi lepo, aldapa edo mendi magaletan altxatzen zituzten. Inguru hartako landaretza bota eta erre ondoren, eraikitzen zituzten monumentuak horretarako inguruko harriak eta haitzak erabiliz. Trikuharrien kasuan, lehendabizi barruko kutxa osatzen zuten eta tumuluetan harrespilak egiten zituzten.

Trikuharri barruko kaxa edo gela xut jarritako harlosa handiz osatzen zen eta beste haitz batekin estaltzen zen. Behin hori eginda, egitura harria eta lurra erabiliz lurperatu egiten zen, lurketari forma desberdinak emanez. Trikuharrien barruko kaxak, gehienetan, lauki edo poligono forma du, luzatuez gero, hobira iristeko barne korridorea sortzen da. Trikuharria estaltzen duen lurketa 10 eta 15 metroko biribila hatzen du eta zentimetro gutxi batzuk eta bi metrotarainoko gailurra. Beti ere, kontuan izan neurri hauek egun duten itxuraren gainekoak direla eta ez halabeharrez, eraiki zituzten garaikoak. 

Mairubaratzak eta harrespilak ehortz tegiak ziren eta trikuharrien legez gorpu ugari hilobiratzen ziren bertan. Mota askotako tumuluak daude. Eraikuntza hauek, trikuharrien garaikoak dira, baina hauek baino erabilera luzeagoa izan zuten; Burdina-aroan harrespil edo mairubaratzetan gorpu-errausketak hilobiratu baitziren.

Carbono14aren teknikak erabiliz, Europako trikuharri zaharrenak Bretaina eta Portugalekoak direla jakin dugu. Luzaroan, Euskal Herriko megalitoak penintsulakoen influentzia zela uste izan da. Duela gutxi aurkitutako aztarnek beste influentzia batzuk erakusten dizkigute eta beste jatorri batzuen, edo jatorri desberdinen aukera ematen dute milaka urtetan eta aldaketa handiekin gauzatu zen ohitura honentzako.

Megalito fenomenoaren hasieran gizakiak ehiztariak ziren eta bizi ziren lurraldea hobeto ezagutuz eta kultura garapenari eskez, landaretza eta abereak mederatzen eta erabiltzen ikasi zuten, nekazaritza eta abeltzaintza garatuz eta horren ondorioz lur jakin batzuetan biziz. Gizon eta emakume haiek bizitegiak egin zituzten eta mendietan trikuharriak eta mairubaratzak eraiki zituzten hildakoak ehorzteko, hasieran eta urteak joan hala zendutakoak erraustu ondoren hilobiratzeko; zendutakoak beste bizitzarako tresna eta opariekin ehorzten zituzten.  Giza talde haiek ehunkada mila urtetan aurre egin zioten bizitzari eta haiei esker gara hemen. 


BIZKAIKO EREMU ETA MONUMENTU MEGALITIKOEN DESKRIBAPENA, BANAN-BANAN


1. AIZKOKO ESTAZIO MEGALITIKOA

 Udalerriak: Karrantza Harana.
 Monumentu-kopurua: 26.


 Bizkaiko estazio megalitiko handienetako bat da, eta, beste batzuk bezala, Karrantza Haranean dago, zehazki Karrantza Haranaren eta Mena Haranaren (Burgos) artean; bertan aurki daitezkeen monumentu batzuk, hain zuzen, Burgoseko lurraldearen baitan sartzen dira.

 Estazioko garaierarik garrantzitsuenak Bernia (828 m) eta Aizko (815 m) mendiak dira, eta, hain zuzen, azken horrek ematen dio izena eremu guztiari; hala eta guztiz ere, bere kotarik garaienetan 1142 metroko garaierara iristen den mendilerroan dago sartuta (Mesada mendilerroa).

 Inguru horretan, artzaintzak eta abeltzaintzak garrantzi handia dute; dena den, lan egiteko eredu tradizionalen ordez, larre artifizialak erabiltzen dira eta abereak ukuiluan sartzen dira.

 Bertako monumentu batzuetan indusketa arkeologikoak egin dituzte, eta, horiei esker, dagokien aldi historikoa ezagutzeko balio izan duten datu garrantzitsuenetako batzuk lortu dira.

 Besteak beste, estazio horretan honako monumentu megalitiko hauek aurki ditzakegu:

 TRIKUHARRIAK: Alcuera, Bernalta I, Bernia I eta IV, Cotobasero I, II, El Fuerte, El Fuerte 2 (El Mazo), Fuentellano II, La Boheriza 2, La Cabaña I, II, III eta IV, La Calera eta Ubal.

 TUMULUAK:  Bernalta II, Bernia II eta III, La Boheriza 1, El Muro, Fuentellano I (Cerroja Ieko lautada), Cerroja 2ko lautada, La Cabaña V eta VI.

 MENHIRRA: Cotobaserokoa.

2. ALENEKO ESTAZIO MEGALITIKOA (ARRIBALTZAGA)

 Udalerriak: Artzentales, Sopuerta eta Trucios-Turtzioz.
 Monumentu-kopurua: 21.

Kantabriako mugan (Castro Urdiales) dagoen estazioa da, Aguera, Brazomar eta Barbadun ibaien banalerroetan dagoena, hain zuzen.

 Katea arku baten moduan zabaltzen da, eta Brazomarreko harana inguratzen du; altuerarik garaiena 804 metrotan dago (Alen), baina 600 eta 700 metro arteko tontorrak ugari dira.

 Inguru horretako material geologikoak hareharriz osatuta daude, eta, zenbaitetan, kareharri kretazeoz. Bestalde, monumentu megalitikoak sorrarazi dituen abelazkuntza gaur egunera arte iritsi da; aldi horretan, abere-mota ugari hazi dira, baina, bereziki, behi-hazienda izan da nagusi.

 Gune askotan, monumentuak berak aurkitzeaz gain, material litiko isolatuak edo eremu horretan asentamendu edo bizileku bat zegoela aurreikusteko besteko kopuruak aurkitu dira, bai eta hurbileko monumentuen antzeko tipologia dutenak ere; horrenbestez, garai hartan zona horretan zegoen jarduera handia egiaztatu du.

 Eremu horretan, 21 elementu aurkitu ditugu guztira: 10 tumulu, 9 dolmen, menhir bat eta lauzkaz egindako egitura bat.

 Hain zuzen, estazio horretan daude honako monumentu megalitiko hauek:

 TRIKUHARRIAK: Arroyuelos II, Campo Ventoso I, II, IV, VI eta VII, Geretalanbre, Laherrera III, Perutxote eta Tres Piquillos.

 TUMULUAK: Arroyuelos I, Betaio, Campo Ventoso III, V eta VIII, Geretalanbre 2, Laherrera I, II eta Latrabe.

 MENHIRRA: Ilso Perutxote.

 EGITURA: Perutxote.


3. ARMAÑONGO ESTAZIO MEGALITIKOA

 Udalerriak: Trucios-Turtzioz eta Karrantza Harana.
 Monumentu-kopurua: 14.


 Estazio megalitiko hori 14 elementuz dago osatuta. Karrantza Haraneko iparraldeko mugan dago, eta estazioari garaierarik garrantzitsuena (859 m) duen mendiak ematen dio izena.

 Lurra harearriz dago osatuta, baina, zenbait lekutan, kareharri urgoniarra ere aurki daiteke; bestalde, aprobetxamenduak larreak dira, eta, horietan, zuhaixkaz betetako eremuak daude, era nahiko askean bazkatzen duten behi-aziendentzat, bereziki.

 Dolmen batean edo bestean indusketak egin dituzte, eta, horiei esker, material litiko interesgarria eskuratu da.

 Estazio horretan, hain zuzen, honako monumentu megalitiko hauek aurki ditzakegu:

 TRIKUHARRIAK: Armañón I, Campo Diego, La Galupa I, II, IV eta V, La Lama eta Suceso.

 TUMULUAK: Carcelares, La Galupa III, Picosal II eta Surbías.

 EGITURAK: Biroleo I eta II.


4. BALGERRIKO ESTAZIO MEGALITIKOA

 Udalerriak: Artzentales, Balmaseda eta Karrantza Harana.
 Monumentu-kopurua: 8.

 Ordunten (Balgerri) dago, Burgoseko probintziaren mugan (Mena harana); horrez gain, Kadagua eta Asur haranak banatzen ditu. Estazio horretako garaierak nabarmenak dira, eta, besteak beste, Zalama mendiaren 1344 metroak eta La Maza mendiaren 1205 metroak azpimarratu behar dira.

 Geologiari dagokionez, harearriz eta tuparriz dago osatuta, eta bertako aprobetxamendu ekonomikoa abeltzaintzarekin dago lotuta, argi eta garbi; behiak dira abeltzaintzaren oinarri nagusi, eta, eskualdeko zati handi batean bezala, horiek nahiko modu askean bazkatzen dute, monumentu megalitikoak dauden larreak ustiatuz.

 Hemen izendatu direnez gain, estazioan zalantzazko jatorria duten beste monumentu megalitiko ugari daude, bai eta silex materialaren elementu isolatuak agertu diren beste leku batzuk ere.

 TRIKUHARRIAK: Burgueno II eta Mazapando II (Poza de Zabala 2).

 TUMULUAK: Burgueno I eta III, Mazapando I (Poza de Zabala 1), B2 edo Garbea, Unzilla eta Balgerri.


5. ERETZAKO ESTAZIO MEGALITIKOA

 Udalerriak: Galdames eta Güeñes.
 Monumentu-kopurua: 6.


 Nerbioi ibaiaren paralelo (ibaiaren ezkerraldean) du altuerarik handiena (895 m), estazioari izena ematen dion mendian, hain zuzen. Konposizio geologikoari dagokionez, hareharria eta kareharria aipatu behar dira; zenbaitetan, gainera, azaleratu eta paisaiaren zati handi bat estaltzen dute.

 Estazio horretan, meatzeen ustiapena indartsua izan da, eta, horrenbestez, zenbait lekutan, aztarna handia utzi du; gaur egun, ostera, baso-ustiapena (koniferoak) da nagusi mendi-mazeletan, eta larreetara irekitako eremuetan, berriz, erdi aske dauden abereak aurki daitezke: behiak eta behorrak.

 Estazio horretan dauden monumentuetako batean edo bestean indusketak egin dira, eta, horri esker, material arkeologiko interesgarria eskuratu da.

 Zehazki, estazio horretan honako monumentu megalitiko hauek aurki ditzakegu:

 TRIKUHARRIAK: Ganeran, Gazteran eta Pico Mayor.

 TUMULUAK: Eskatxabel I eta II.

 EGITURAK: Kanpazaulo.


6. LA ESCRITA ESTAZIO MEGALITIKOA (HORMATZA)

 Udalerriak: Karrantza Harana.
 Monumentu-kopurua: 9.

Armiñongo estazioaren jarraipena da, eta horren bertikalki dago, Karrantza Haraneko ekialdeko amaieran, Villaverde Turtziozen mugan, zehazki; hori da, hain zuzen, Eskitzako mendatetik abiatuta, haranean sartzeko bidea.

 Zehazki, Eskitza estazioak iparraldera eta hegoaldera duen jarraipena da; baina bere neurri handia eta aipatutako mendixka direla-eta, beste estazio bat bailitzan hartzen da.

 Hareharria nagusi den lur-eremuetan dago, eta haraneko gainerako lurretan gertatzen den bezala, Armañongoaren ezaugarri sozio-ekonomiko berak ditu. Estazio horretan aurki daitezkeen garaiera garrantzitsuenak Chozas los Ilsos eta Hormatza mendiak dira, 742 eta 554 metrokoak, hurrenez hurren.

 Zehazki, estazio horretan honako monumentu megalitiko hauek aurki ditzakegu:

 TRIKUHARRIAK: Chozas los Ilsos 1 (Ribacoba IIren zelaietan), Chozas los Ilsos 2 (Ribacoba Ien zelaietan), Hormatza eta E4 edo Los Ilsos II.

 TUMULUAK: E1 (Salduria), E2 (Los Ilsos I), E5 (Los Ilsos III), E6 (Los Ilsos IV) eta E7 (Los Ilsos V).


7. GORBEIAKO ESTAZIO MEGALITIKOA

 Udalerriak: Areatza, Orozko eta Zeanuri.
 Monumentu-kopurua: 21.


 Lurralde historikoaren hegoaldean dago, Arabarekin muga egiten duen lekuan. Batez ere kareharriz osatutako mendigunea da, eta, bertan, Gorbeia (1475 m) eta Lekanda (1314 m) mendiak nabarmendu behar dira, horiek baitituzte garaierarik garrantzitsuenak; bertatik Itxinako dolina handira eta hango paisaia karstikora irits gaitezke. Noski, aipatutako "karst" hori zona horretan kareharriak duen nagusitasunaren ondorio da, nahiz eta zenbait gunetan hareharria gehiago ageri den inguruak ere egon.

 Eremu horretako gune garaietan larreak dira nagusi, eta, horietan, ardiak eta ahuntzak nahiz behiak egon ohi dira; halaber, mendi-mazeletako baso-birpopulaketak azpimarratu behar dira, aurrez aipatutako espezie aloktonoen nahiz autoktonoen multzoei dagozkienak, bereziki.

 Hemen, hamar monumentu megalitiko baino gehiago daude; dena den, kontuan izan behar da Bizkaian gutxien aztertu den zonetako bat dela, nahiz eta interes handia duen. Hain zuzen, ezagutzen diren monumentu gehienak mendizale eta txangozaleek gehien egiten dituzten ibilbideetan daude; horrenbestez, mendi-mazeletako elementu interesgarrien hutsunea sumatzen da, dudarik gabe etorkizunean agertuko direnak.

 Hain zuzen, estazio horretan honako monumentu megalitiko hauek aurki ditzakegu:

 TRIKUHARRIAK: Astepe 1 (G4), Astepe 2 (G5) eta Astepe 3 (G6), Edia, Errekatxuetako Atxa, Gaztañazarreta, Igitaia, Ipergorta 1 (Gorosteta) eta 2, Mejandi (G2), Mendigana (Larreder), Ubixeta (G1), Usengatzu eta Pagozarreta.

 TUMULUAK: Egalazaburu, Gorbeiako Gurutzea (Igitaia), Gorbeia II, Kortetako Lepoa 1, 2 eta 3.

 MENHIRRA: Gurutzegane.


8. KALAMUAKO ESTAZIO MEGALITIKOA

 Udalerriak: Markina-Xemein eta Etxebarria.
 Monumentu-kopurua: 3.


 Estazio horren norabidea IE-HM da, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako lurraldeen arteko mugan dago; zona horretako konposizio litologikoari dagokionez, berriz, tuparriak eta hareharriak dira nagusi.

 Bestalde, aprobetxamendu ekonomikoari dagokionez, zona horretako baso-birpopulaketa azpimarratu behar da; dena den, leku garaietan, larreak ere ikus daitezke.

 Zehazki, estazio horretan honako monumentu megalitiko hauek daude:

 TRIKUHARRIAK: Diruzulo, Estrakinburuko Barrutia eta Olaburu. Halaber, Kanpaizuloko tumulua aipatu behar da, nahiz eta azken hori Gipuzkoako lurraldean sartzen den.


9. MUNARRIKO LANDAKO ESTAZIO MEGALITIKOA

 Udalerriak: Berango, Sopelana eta Urduliz.
 Monumentu-kopurua: 7.


 Estazio hori monumentu-multzo ugariz dago osatua. Multzo horiek oso elkartuta daude, eta, horrez gain, gizakiek neurri handi batean bereganatutako zonan daude kokatuta; horrek, beraz, eragin argia du monumentuen kontserbazio-egoeran eta horien inguruan izan daitezkeen arriskuetan.

 Txorierri eta Ibaizabal bereizten dituen mendilerroko azken mendiak dira; ia itsasoraino iristen dira, eta mendi-kategoria ere galduz doaz, horien altitude erlatiboak eta absolutuak erabat baxuak baitira: 100-200 metro artekoak. Hain zuzen, zona horretako kotarik altuena Munarriko Landak du, 256 metroko altuera, zehazki; lurrari dagokionez, berriz, harearrizkoa da.

 Estazio horretan honako monumentu megalitiko hauek aurki ditzakegu:

 TRIKUHARRIAK: Goikogana (M2), Munarriko Landa 1 eta Saierriko Landa 1.

 TUMULUAK: Munarriko Landa 2, Saierriko Landa, Saierri Muinoa eta Saierriko Landa 2.


10. OIZKO ESTAZIO MEGALITIKOA

 Udalerriak: Berriz eta Mallabia.
 Monumentu-kopurua: 6.

Estazio hau Oiz mendiaren lerrokaduran dago; hain zuzen, mendi horrek ixten du iparraldetik Ibaizabalen harana. Muino txikiz dago osatuta, baina muino horiek malda handia dute kostalderantz; barrualderantz, ostera, profilak ez dira hain gogorrak, eta, horregatik, gizakiak neurri handiagoan bereganatu ditu. Lurraren gizatiartze horretan, halaber, eragin handia izan du alderdi eguzkitsua izateak. Bestalde, estazio horretako kota altuena Oiz mendiari dagokio, 1025 m baititu.

 Beheko eta erdiko lurretan, koniferoak eta birpopulaketa dira nagusi; zona garaietan, ostera, larre ugari daude, behien nahiz ardien abeltzaintzarako erabiltzen direnak. Zona horietan, hain zuzen, azterketa sistematikoagoa izan da; aldiz, mendi-mazelako eta bigarren mailako zonak ia aztertu gabeko lur-eremuak dira oraindik.

 Zona horretako konposizio litologikoari dagokionez, bestalde, hareharria da nagusi.

 Zehazki, estazio horretan honako monumentu megalitiko hauek daude:

 TRIKUHARRIAK: Ama Birjinen Basoa (Markinen Basoa) eta Iturzurigana.

 TUMULUAK: Ama Birjinen Basoa II, Ipiñarrieta (Kortabarri) eta Probazelaiburu I eta II.


11. SOLLUBEKO ESTAZIO MEGALITIKOA

 Udalerriak: Bermeo, Busturia, Mundaka eta Sukarrieta.
 Monumentu-kopurua: 8.

 Estazio hori Sollubeko mendikatean dago, eta bertako azken mendiak Matxitxako lur-muturrera arte iristen dira; lurrari dagokionez, berriz, kostaldeko flyshen jarraipena da, eta buztina nahiz kareharria txandakatzen dira.

 Sedimentazio-maila urria izan ohi da, eta, horren ondorioz, estazio hori osatzen duten elementu asko desagertu egin dira edo egoera txarrean daude, are gehiago aloktonoak birlandatzeko egin den luberritzea oparoa izan dela kontuan hartuta.

 Dena den, azken urteetan egin den azterketa sistematikoari esker, aztarna ugari eskuratu ahal izan dira, eta, horrenbestez, 2004. urtetik, horietako gehienak arkeologiaren ikuspegitik ikertzen ari dira, sistematikoki; ikerketa horren ondorioz, megalitismoak Euskadin izan zituen agerpenei buruz orain arte ezagutzen ez ziren emaitzak lortu dira.

 Zehazki, Katillotxuko multzoaz ari gara, Neolitiko eta kalkolitiko kronologietako bost dolmenek eta aire zabaleko asentamendu batek osatua. Hilobi-adierazpen horietatik guztietatik Katillotxu V izendatutako monumentua azpimarratu behar da, bertan arte megalitikoaren adierazpen egituratu batzuk aurkitu baitira.

 Dolmen hori bi aldiz induskatu da, eta, horien bidez, silex materialaz eginiko 62 pieza aurkitu dira (22 objektu berriz ukituta zeuden); aurkikuntza horiek, beraz, megalitiko aurreko aldietan leku horretan gizakia bizi zela pentsarazten dute. Oinplano trapezoidaleko hilobi-ganbara bat dago (1,20 m x 0,60 m), 10 metroko diametroa eta 75 zentimetroko altuera duen tumulu batez estalita; ganbera horren barruan, harrizko bi eraztun daude, eta handienak monumentuaren kanpoko muga adierazten du, bertikalki dagoen blokez egindako peristilo txiki baten moduan.

 Bertan, apaindutako piezak azpimarratu behar dira, bai ganberan daudenak, bai tumuluan daudenak. Adierazpen horietako lehenengoa ganberako buruaren harlauzan aurkitu zen; bertan, kobrezko gezi punta bat, zulatze-teknikaren bidez egina, eta une honetan aztertzen ari diren beste irudi batzuk daude. Aipatutako elementu hori hilarri armatu edo arma-mota bat zeraman giza itxurako adierazpen batean agertzen da, eta, kronologiari dagokionez, K.a III. milurtekoan kokatzen gaitu (cal BC). Beraz, bere testuinguruan berreskuratutako ortostato apainduen lehenengo aztarnak dira Kantabriatik Pirinioetara arteko eremu guztian (Asturiastik Kataluniara); hori dela-eta, etorkizunerako beste ikerketa-ildo bat ireki du.

 Estazioan honako monumentu megalitiko hauek aurki daitezke:

 TRIKUHARRIAK: Katillotxu I, Sollubeko Iturria eta Añabusti.

 TUMULUAK: Katilotxu II, V eta VI, Pakatene eta Urkidi.


12. LA CHOZAREN ZELAIKO TRIKUHARRIA (AÑES)

 Udalerria: Urduña.

Añesko estazio megalitikoa izendatu den eremuaren zati da; dena den, izendapen honetan, Añesko trikuharria soilik hartu da kontuan, Salvada mendilerroaren inguruan baitago, Mena haranarekin (Burgos), Arabarekin (Aiara) eta Bizkaiarekin (Urduña) muga egiten duen lekuan. Hain zuzen, estazioko monumentu gehienak Arabako eta Burgoseko lurretan daude.

 Zona horretan, artzaintzak garrantzia du oraindik (gero eta ahulagoa den arren), eta, horrenbestez, bertan aprobetxamendu ekonomikoak izan duen jarraipena dela-eta, hain urrun dauden aldi historikoak lotu ditu.

 Trikuharri horretan -oraingoz, Añesko estazioaren Bizkaiko lurretan dagoen bakarra- indusketak egin dituzte, eta emaitza oso onak lortu dira, agerian gelditu diren materialei eta egiturei dagokienez.


13. LARRAZABALAKO TUMULUA (GAZTELUMENDI)

 Udalerria: Zamudio.

 2001. urtean aurkitu zuten X. Grrotxategik eta M.J. Yarrituk, eta, gerora, J.C. Lopez Quintanak berrikusi zuen; azken horrek, zehazki, azterketa bat egin zuen, tumulu hori historiaurrekoa zela egiaztatzeko. 2003. urteko azterketa horren eta beste irizpide batzuetan oinarritutako beste azterketa baten ondoren, Sailkatutako Kultura Ondasun izendatu beharreko monumentu megalitikotzat proposatu zuten.

 Horrela izendatzeko oraindik azkarregi den arren, Gaztelumendiko estazio megalitikoarekin lotu daitekeen elementu bakanetako bat da; dena den, etorkizunean egingo diren azterketetan beste elementu batzuk agertuko dira.

 Tumulua Txorierri eta Mungialdea haranak banatzen dituen mendilerroan dago, Gamizmendi (347 m) eta Eperlanda Basoa (335) tontorren artean eta Larrazabalaren erdialdean. Tutu-formako egitura biribila da, apur bat desitxuratua eta erdian sakonune batekin; horrez gain, hareharriz eta lurrez osatutako egitura du, 11 metroko diametroa eta metro erdiko altuera duena. Tumuluaren material litikoa berreskuratu egin da, bai monumentuarena, bai horren ingurukoa; horiei esker, beraz, historiaurrean bertan gizakia bizi izan zela baiezta daiteke.


14. MUNJOZURIKO TRIKUHARRIA (ILLUNTZAR)

 Udalerriak: Nabarniz eta Ereño.

 Gaur artean, zona horretan katalogatu diren megalitiko bakanetako bat da. Illuntzar-Busterrigana mendikatean (HE-IM norabidea) dago, Urdaibai ibaiaren eskuinaldeko mendixka batean (544 m); bi alderdi banatzen dituen lerroan aurkituko dugu, Nabarnizen eta Ereñon dauden bi mendiren artean, Galarrai (600 m) eta Busterrigana (684 m), hurrenez hurren.

 1990. urtean sailkatu zuten, eta, geroztik, lan arkeologiko ugari egin dira bertan; horiei esker, hain zuzen, trikuharri-ganbera bat aurkitu ahal izan da, bai eta horrekin lotutako material litikoa ere (harri-kristala eta silexa).

 Ganbera estaltzen duen tutu-formako egitura hareharriz eta kareharriz dago egina (batez ere lehenengoak dira nagusi); bestalde, diametroari dagokionez, 12,30 metro (I-H) eta 11,10 metro (E-M) ditu, eta lurretik 1,13 metroko altuerara iristen da.


15. SAIPUTZUETAKO TRIKUHARRIA
16. PAGOTXUETAKO TUMULUA (URKIOLA)

 Udalerriak: Abadiño eta Lemoa.

 Bi monumentu megalitiko horiek Urkiolako estazio megalitikoa izendatu denaren zati bat osatzen dute; zehazki, Mugarra eta Urkiolako mendatea lotzen dituen mendikatean dago. Hain zuzen, aztertu beharreko bi elementuek Aramotzeko mendilerroaren hasiera eta amaiera zehazten dute, Mugarratik Saibigain artekoa; mendilerro hori, zehazki, Mediterraneoko eta Kantauriko urak banatzen dituen mendikatearen perpendikular dago. Zona horretako tontor garaienek 1000 metro dituzte, gutxi gorabehera, eta, besteak beste, Urkiolamendi eta Saibigain aipatu behar dira. Lur-eremu horren gainazalean (oso azalean) kareharria dago, eta, askotan, azaleratze horrek eragindako paisaiak ikus daitezke. Bestalde, mendi-mazeletan konifero asko landatu arren, zona altuetan larre ugari daude, eta, horietan, ardiak eta ahuntzak bazkatzen dira; abere horien abeltzaintza, hain zuzen, indarra galtzen ari da, behien eta behorren abelazkuntzak eraginda.

 Aurreko kasuan gertatu bezala, zona hori ez da aztertu; baina, urteak pasa ahala, katalogatzeko elementu ugari aurkituko dira bertan, seguru.


17. ASPURUKO TUMULUA (ARTXANDA)

Udalerria: Galdakao.

 Artxandako estazio megalitikoan sartzea erabaki diren monumentu megalitikoetatik, Aspuru da kultura-ondasun izendatu ez den bakarra. Estazio horretan ikaragarria izan da gizakiaren eragina, tradizioz Bizkaiko hiriburuaren atsedenlekuetako bat izan baita; horrenbestez, eremu horretan presio handia izan da. Halaber, ezin da ahaztu hiri handi baten inguruan izan ohi den urbanizazio-prozesua.

Txorierriko harana eta Ibaizabalen behe-ibilera banatzen dituen gailur-lerroa da, IM-HE norabidean. Lur-eremua hareharrizkoa da, eta bertako tontorrak ez dira oso altuak; hain zuzen, garrantzitsuenak Avril eta Ganguren tontorrak dira, 382 eta 480 metrokoak, hurrenez hurren.

 Estazio horren elementuetako batzuetan (aurrez ere aipatu dira) dagoeneko indusketak egin dituzte, eta, horiei esker, monumentuei buruzko datu ugari lortu ahal izan da, bai eta material interesgarriak ere.

 Dena den, Aspuru multzo horretatik apur bat isolatuta gelditu da, estazioa indar handiagoz zehazteko aukera emango duten elementu berriak aurkitu zain.

Gasteiz, 2009ko otsailaren 3an