[ Atzera ]

2. EUSKARAZ EGITEKO ESKUBIDEA

2.6. Poliziarekin ditugun harremanetan

·        Egin dezaket euskaraz poliziarekin?

Bai, euskara ofiziala den lurraldean, zeure eskubidea da “Administrazioarekin[1] edota Autonomia Erkidegoan kokatutako edozein erakunde edo entitaterekin harremanak euskaraz zein gaztelaniaz izateko eskubidea, ahoz nahiz idatziz”[2].

Ondorioz, ertzainei, udaltzainei edo bestelako poliziei euskaraz egin diezaiekezu, eta eurengandik erantzuna euskaraz jasotzeko eskubidea daukazu[3].

·        Nola uztartzen dira polizia lanaren funtsezko zereginak eta herritarren hizkuntza eskubideak?

Ertzaintzaren funtsezko zereginak dira pertsonak eta ondasunak babestea, haiek beren eskubide eta askatasunez baliatu ahal izan daitezen bermatzea eta, Euskal Autonomi Elkarteko lurralde-eremu osoan, herritarren segurtasunaren alde lan egitea[4].

Antzeko ardurak dituzte, bakoitzak bere jardun esparruan, beste polizia kidegoek ere. 

Baina baditu poliziaren zereginak berezko diren ezaugarriak, kidegoaren hizkuntza prestakuntza egokitu beharra dakartena.

Kontuan hartu behar da[5], batetik, zerbitzu hori ezin dela eten, eta gaitutako agenteen ordez ezin dela beste langilerik jarri. Gainera, zerbitzu hori Euskal Autonomia Erkidego guztian eskaini behar da eta, sarri askotan, herritarrarekin zuzen-zuzeneko harremana edukiz eta, horrek guztiak, horretarako behar den hizkuntza gaitasunaren ezaugarriak eta beste laguntza zerbitzu batzuen gertutasuna baldintzatzen du.

Zerbitzuaren ezaugarri berezi horiek aintzat hartu behar dira ezinbestean, eta ezaugarri horiek eragin dute Ertzaintzan aplikatzen diren hizkuntza eskakizunen definizioaren berezitasuna, mintzamen gaitasunari nagusitasuna eta lehentasuna emanez. Baina horrek, era berean, arau bereziak ekarri ditu lanpostuei dagokien derrigortasun datak ezartzean eta funtzionarioen prestakuntzarako Administrazioak jarritako baliabideak egituratzeko moduan, funtsezko zerbitzu publiko batek eskatzen duen etengabeko jarraipenari dagozkion betekizunetara egokitu behar izan baita.

·        Zertan oinarritzen da segurtasun eta zaintza zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubidea?

Euskararen ofizialtasunean eta ofizialtasunaren araubidean[6].

Herritarron eskubideak eta euskararen ofizialtasuna jasotzen dituzten arau nagusiek[7] eta Espainiako Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziak definitu dituzte, EAEko eta Nafarroako herritarroi dagokigunean, eskubideon mugak, hizkuntzen ofizialtasunaren ondorioak eta bere ezarpen eremua, diskriminatzeko debekua, berdintasuna zein ekintza positiboa.  

Bertan onartzen zaigu euskara ofiziala den lurraldean diren aginte publiko guztiekin euskaraz jarduteko eskubidea, aginteok Estatuaren, Autonomia Erkidegoaren, Lurralde Historikoaren nahiz Udalaren menpe egon[8].

Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoan, Poliziaren Legeak berak jasotzen ditu, hutsegiteen astunaren maila zehazteko irizpideen artean, herritarrei kalteak eragitea, herritarrekiko begirunerik eza, Administrazioaren eta Polizia Zerbitzuen itxura lardaskatzea eta, orohar, herritarren segurtasuna baldintzatzea[9].

Nafarroako Foru Erkidegoak, bere aldetik, Poliziari buruzko Foru legean jaso du hizkuntzarengatik diskriminatzeko debekua[10].

·        Eskarietan, erreklamazioetan edo bestelako idatzizko mezuetan erabili dezaket euskara?

Bai, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan euskara, nahiz gaztelania, erabil dezakezu herri aginteekin dituzun harremanetan[11].

·        Ertzaintzak, Polizia Nazionalak edo beste segurtasun indar batzuek idatziz ematen didanak euskaraz egon behar du?

Bai, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako herri-aginteek esku hartzen duten egintza guztiak, eta administrazioaren jakinarazpen eta adierazpenak euskaraz eta gaztelaniaz idatzita egon behar dute, salbu eta interesdun partikularrek Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako bat berariaz erabiltzea aukeratzen badute[12].

Beste horrenbeste agintzen du legeak Nafarroako Eremu euskaldunari dagokionean[13].

Elebitasuna ofiziala den lurraldean, administrazio publiko guztiak hartzen ditu barne legezko betebehar horrek[14].

·        Poliziak atxilotzen dituenek ba al dute hizkuntza eskubiderik?

Bai, poliziako kideek atxilotzen dituzten pertsonen eta bere zainpean dituztenen bizia eta gorputz-osotasuna zaindu behar dituzte, eta beraien ohore eta duintasuna eta legez dagozkien eskubideak errespetatu[15]. Bai hizkuntza eskubideak ere, besteak beste.

·        Errazago aurkituko dut polizia lana euskaraz jakinda?

Bai, euskaraz jakitea beharkizuna da polizia lanpostu batzuk betetzeko[16]. Euskara beharkizuna ez denean, merezimendu gisa baloratzen da, kasuan kasuko lanpostuari ezarritako hizkuntza eskakizunaren arabera. Merezimendu horrek gehieneko puntuazioan izango duen portzentaia arautegi aplikagarrian ezarrita dago[17].

·        Zelako neurriak hartu dira poliziek hizkuntza gaitasun egokia izan dezaten?

Euskal Autonomia Erkidegoan 1998an jarri zen martxan Ertzaintzan euskararen normalkuntza prozesua, ertzain guztiek euren eginkizunen arabera egokitutako euskara-gaitasuna lor dezaten, euskal herritar guztien hizkuntza eskubideak errespetatuz[18].

·        Sartzen al da herritarren hizkuntza aukera bermatzea Polizia Zerbitzua Hobetzeko Ekimenetarako Bulegoaren funtzioen artean?

Bai, herritarren eta ondasunen segurtasun eta zaintza zerbitzu guztiak ele ofizial bietan ematea legezko betekizuna izateaz gain, polizia zerbitzuaren kalitatea hobetzeko eta zerbitzuari gainbalioa emateko ahaleginak barne hartu behar ditu herritarren hizkuntza aukera bermatzeko neurriak.

Hori horrela, hona Ekinbide – Polizia Zerbitzua Hobetzeko Ekimenetarako Bulegoaren funtzioak[19]:

a) Polizia zerbitzuaren funtzionamendua hobetzeari buruzko ekimenak, herritarrek aurkeztutakoak, jasotzea, aztertzea eta bultzatzea.

b) Aurkeztutako ekimenak ikusi ostean, polizia zerbitzuaren funtzionamendua hobetzearen alde egiteko neurriak proposatzea Segurtasun sailburuordeari.

c) Polizia zerbitzua hobetzeko neurriak hartzeko proposamenak eta azterlanak egitea, beti ere Herrizaingo Saileko eskudun organoek eskatu ezkero.

d) Esleituta dituen eskumenez baliatzeko, lankidetzan jardutea Herrizaingo Saileko Kabineteko Zuzendaritzarekin, baldin eta kabinete horrek hala eskatzen badio.

e) Polizia zerbitzuak hobeto funtziona dezan, aurreko idatz-zatietako funtzioekin zerikusia duten eta interesgarritzat jotzen diren jarduerak burutzea, Herrizaingo Saileko Segurtasun Sailburuordearen Kabineteko Zuzendaritzaren ahalmenen barruan beti ere.

·        Zein da Nafarroako euskal hiztunek segurtasun eta zaintza zerbitzuak euskaraz jasotzeko duten eskubidearen oinarria?

Nafarroan, legeak ezarritako mugen barruan, euskara ofizial izaki, herritarrek euskaraz nahiz gaztelaniaz egin dezakete bertako poliziarekin eta bertan diharduen beste edozein poliziarekin[20].

Hizkuntza bereizkeria dakarten ekintza guztiak hutsegite oso larritzat jotzen ditu Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko Foru Legearen Testu Bateginak[21].

·        Ba al dugu frantses poliziarekin euskaraz egiteko eskubiderik Ipar Euskal Herrian?

Frantsesa da hizkuntza ofizial bakarra Ipar Euskal Herrian eta hango legediak ez die beste hizkuntzetako hiztunei ezelako eskubiderik onartzen[22].


Ikus Hizkuntzaren estatusaren eta hiztunen eskubideen oinarri juridikoak

·        Poliziarekin euskaraz egiteko eskubidearen oinarriak

4/1992 LEGEA, uztailaren l7koa, Euskal Herriko Poliziari buruzkoa.

6/1989 LEGEA, uztailaren 6koa, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa.

30/1998 DEKRETUA, otsailaren 24koa, Ertzaintzan euskararen normalkuntza prozesua arautzen duena.

388/1998 DEKRETUA, abenduaren 22koa, Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Funtzionarioen Lanpostuen Hornidurari buruzko Araudia onesten duena.

227/2000 DEKRETUA, azaroaren 14koa, Ertzaintzaren jarduera eremuan, batetik, Ekinbide – Polizia Zerbitzua Hobetzeko Ekimenetarako Bulegoa sortu, eta, bestetik, bulego horren antolamendua eta funtzionamendua arautzen dituena.

213/2002 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, urriaren 14koa, Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko Foru Legearen Testu Bategina onesten duena



[1] 4/1992 LEGEA, uztailaren l7koa, Euskal Herriko Poliziari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENAK

LEHENENGOA. 1.- Ertzaintzako eta Udaltzaingoko funtzionariak, bere estatutu araubideari dagokionean, Euskal Funtzio Publikoaren legedi orokorrean ezarritakoaren arabera araupetuko dira osagarri moduan.

2.- Ertzaintzaren hizkuntz normalkuntza Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/ 1989 Legearen V. Idazpuruan ezarritakoaren arabera araupetuko da berariz. Eusko Jaurlaritzak, Ertzaintzaren izaera eta berezitasun funtzionalak direla eta, sektore horretan burutuko den hizkuntz normalkuntzaren prozesua araupetuko du, aldi baterako hirugarren xedapenean adierazten den epean.

[2] 10/1982 Legea, azaroaren 24koa, euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa. 5. artikulua, 2. azpiatala.

[3] Ikus  Hizkuntzaren estatus juridikoa

[4] 4/1992 LEGEA, uztailaren l7koa, Euskal Herriko Poliziari buruzkoa. 26. atala.

[5] 30/1998 DEKRETUA, otsailaren 24koa, Ertzaintzan euskararen normalkuntza prozesua arautzen duena. Zioen adierazpena.

[6] Ikus Hizkuntzaren estatus juridikoa

[7] Nagusiki, Espainiako Konstituzioa, Euskal Autonomia Erkidego Estatutua, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa, 10/1982 euskararen Legea, 18/1986 euskararen Foru Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legea, azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duena).

[8] Berdin Administrazio Instituzionala edo Korporatiboa denean ere.

[9] 4/1992 LEGEA, uztailaren l7koa, Euskal Herriko Poliziari buruzkoa. 94. artikulua.

[10] 213/2002 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, urriaren 14koa, Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko Foru Legearen Testu Bategina onesten duena. 55. art.

[11] 10/1982 Legea, azaroaren 24koa, euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa. 5. 2. a) azpiatala.

18/1986 Foru Legea, abenduaren 15ekoa, euskarari buruzkoa.  6. artikulua.

30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena. 36. artikulua. Prozeduretako hizkuntza.

[12] 10/1982 Legea, azaroaren 24koa, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa. 8.2. artikulua.

[13] 18/1986 Foru Legea, Abenduaren 15ekoa, Euskarari buruzkoa. 11. artikulua.

[14] Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legea.

36. artikulua. Prozeduretako hizkuntza. 1. Estatuko administrazio orokorraren prozedurak gaztelaniaz izapidetuko dira. Dena den, interesdunek autonomia erkidegoan ofiziala den beste hizkuntza ere erabil dezakete, autonomia erkidego horretan kokatutako estatuko administrazio orokorreko organoetara jotzen dutenean.

Kasu horretan, interesdunak aukeratutako hizkuntzan izapidetuko da prozedura. Prozeduran interesdun bat baino gehiago bada eta hizkuntza bera aukeratzen ez badute, prozedura gaztelaniaz izapidetuko da. Dena den, interesdunek eskatutako agiri edo lekukotasunak beraiek aukeratutako hizkuntzan emango zaizkie.

[15] 4/1992 LEGEA, uztailaren l7koa, Euskal Herriko Poliziari buruzkoa. 36.1. atala.

[16] 4/1992 LEGEA, uztailaren l7koa, Euskal Herriko Poliziari buruzkoa.

45. atala. l.- Polizia Kidegoetan sartzeko deialdien edukiak, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen V. Idazpuruan ezarritako harpenei egokituko zaizkie, eska daitezkeen euskararen hizkuntz gaitasun mailei dagokienean eta hizkuntza hori jakiteari eman beharko litzaiokeen balioari dagokionean.

2.- Hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko egiten diren proben edukia eta moduak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ezarritako aginduei atxikiko zaizkie. Proba horietan, aipatu erakundeko ordezkari bat epaimahai kalifikatzaileko kide izango da.

47. atala.- (Aukeraketa-bideetarako) 3.- Deialdiek bete behar diren lanpostuak zehaztuko dituzte, eska daitezkeen hizkuntza eskakizunak eta barne-aurrerabiderako gordetzen diren lanpostuak adieraziko dituztelarik.

[17] 30/1998 DEKRETUA, otsailaren 24koa, Ertzaintzan euskararen normalkuntza prozesua arautzen duena. 9.4. artikulua.

[18] 30/1998 DEKRETUA, otsailaren 24koa, Ertzaintzan euskararen normalkuntza prozesua arautzen duena. Zioen adierazpena.

4/1992 LEGEA, uztailaren l7koa, Euskal Herriko Poliziari buruzkoa.

39. artikulua.-

1.- Euskal Herriko Poliziako kideek beren zereginak egoki betetzea bermatuko duen etengabeko lanbide heziketa eta gaikuntza izango dute. Era berean, Euskal Administrazio publikoak beren menpeko poliziako funtzionariek behar bezalako hizkuntz gaitasuna lor dezaten saiatuko dira.

2.- Euskal Polizi-lkastegiak heziketarako ekintzak prestatuko ditu aldizkako programen bidez, lanbiderako ahalmena eta gaitasuna iraun arazi eta hobetzeko; aipatu programak aldian-aldikoak, orokorrak eta Euskal Herriko Poliziako funtzionari guztientzat izango dira.

3.- Heziketarako ekintzen hartzaileak zein izango diren, helburuen eta polizi zerbitzuetan sortutako beharren arabera zehaztuko dira. Ekintza horiek hartzaile diren langile guztiek egin beharko dituzte, polizia zerbitzuak behar bezala betetzearen kaltetan gabe.

4.- Aginduzkotzat ezartzen diren ekintzak nahitanahiez egin beharko dituzte hartzaile diren funtzionariek, eta ateratako etekina doakionaren espedientean erasota utziko da.

5.- Heziketazko edozein ekintza burutzeak eta, hala egokituz gero, gainditzeak ez du, berez, lanpostu zehatz, bati atxikitzeko eskubiderik emango. Halere, eta deialdian berariz hala ohartematen denean, lortutako heziketa eta ezagupenak beharrezko dituzten lanpostu huts guztiak eskatu beharko dituzte ekintza gainditzen duten funtzionariek, egiten den lehenengo deialdian eta lehentasunez; hala ez badute egiten, derrigorrez horietako edozein lanposturi atxikiak izan daitezke.

[19] 227/2000 DEKRETUA, azaroaren 14koa, Ertzaintzaren jarduera-eremuan, batetik, Ekinbide – Polizia Zerbitzua Hobetzeko Ekimenetarako Bulegoa sortu, eta, bestetik, bulego horren antolamendua eta funtzionamendua arautzen dituena. 2. artikulua.

[20] Ikus Hizkuntzaren estatus juridikoa

[21] 213/2002 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, urriaren 14koa, Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko Foru Legearen Testu Bategina onesten duena.

55. artikulua. Hona hemen hutsegite oso larriak: f) Sexu, erlijio, hizkuntza, iritzi, jaioterri edo auzotasunagatik edo pertsona edo talde baten beste edozein ezaugarri edo gorabeheragatik bereizkeria dakarten ekintza guztiak; pentsamendua, ideiak eta iritziak askatasunez adieraztea eragoztea; askatasun publikoak edo eskubide sindikalak trabatzea, edo lanuzterako eskubidea askatasunez erabiltzeari mugak jartzea.

[22]  Sakontzeko jo beza irakurleak Hizkuntzaren estatus juridikoa” izeneko atalera.