2. EUSKARAZ EGITEKO ESKUBIDEA
2.5. Garraiobideetan eta trafiko gaietan
· Ba al dut garraiobide publikoetan euskaraz informazioa jasotzeko eskubiderik?
Bai, Euskal Autonomia Erkidegotik abiatzen diren garraiobide publikoko zerbitzu guztietan, publikoari zuzendutako inprimakiak, abisuak eta jakinarazpenak euskaraz eta gaztelaniaz egin behar dira[1].
· Euskaraz atenditzeko obligaziorik ba al dute garraiobide publikoetan?
Bai, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoko eremu euskaldunean diren erakunde publiko guztiak[2] daude euskararen ofizialtasun araubidearen pean.
Horien artean sartzen dira zerbitzu publikoak kudeatzeko sortzen diren zuzenbide publikoko erakundeak nahiz zuzenbide pribatuko baltzuak, azken hauen kapitala Administrazioak edo Administrazioaren erakunde publiko batek jartzen duenean.
Eusko Trenbideen Baltzu Publikoaren kasuan[3], esaterako, espreski jasota dago bere estatutuetan Autonomia Erkidegoaren eskubide eta obligazio guztiak hartzen dituela bere gain zerbitzua ustiatzearekin zerikusia duten gaietan.
Administrazioak zeharka kudeatzen dituen zerbitzuei dagokienean ere, kontratatzen diren enpresek Administrazioaren lekua hartuko dute herritarrekiko obligazioetan eta eskubideetan.
Beraz, herritarrei euskaraz nahiz gaztelaniaz egiteko eta erantzuna jasotzeko eskubidea bermatu behar zaie ahoz eta idatziz garraiobide publikoetan ere.
· Bide seinaleak euskaraz jarri behar dira?
Bai, Euskal Autonomia Erkidegoan kaleetako eta bideetako seinaleak eta iragarpenak euskaraz eta gaztelaniaz[4] aurkituko dituzu, nazioarteko arauak beteta, erabiltzaileek ulertzeko moduan eta segurtasuna arriskutan jarri gabe[5].
Nafarroako Foru Erkidegoan, eremu euskalduneko udalek euskara eta gaztelera erabiliko dute kaleen errotuluetan eta tokien berezko izenetan, beti ere, ohikoak errespetatuz[6].
Ipar Euskal Herrian frantsesa da nagusi bide seinaleetan[7].
Frantses Estatuan berriki eman dira lehen urratsak bide seinaleak ele bitan jartzeko. Ofizialki seinalizazio elebiduna ilegala izanik ere, praktikan ez da seinale elebidunen aurkako ekimenik bideratzen.
Britainian[8], bost departamentutatik hiruk, hots, Finistèrek, Côtes d’Armorek eta Morbihanek, bide nagusietan seinaleak bretoieraz eta frantsesez jartzeko baimena eman dute.
Frantzian departamendua arduratzen da nagusiki errepide sareaz eta hango seinalizazioaz, trafiko handiko errepide nazionalak Estatuak kudeatzean dituen arren, eta udalek ere eskumen-eremua dutela kontuan hartuta.
· Toki izenak euskaraz jarri behar dira bide seinaleetan?
Toki izen ofizialek kasuan kasuko hizkuntza-jatorria errespetatu behar dute beti[9].
Beraz, toki izena euskal jatorrikoa denean izen ofizialak euskal era arautua gorde behar du.
Aldiz, toki izenaren jatorria gaztelania denean, gaztelaniaren idaztarau akademikoei jarraitu beharko zaie, eta, erromantzea bada toki izenaren jatorria, erromantzearen berezko grafian idatzi behar da toki izena.
· Nafarroan ere bai?
Nafarroako eremu euskaldunean euskarazko toki izena da ofiziala, gazteleraz bestelako izenik ez daukanean. Gazteleraz beste izen bat duenean, biak erabiliko dira.
Nafarroako eremu mistoan eta ez euskaldunean ofiziala zera da Euskararen Foru Legea indarrean sartu zenean (1986.12.18) ofizial zena. Baina gaztelerazko toki izenek euskaraz desberdina, jatorrizkoa eta ohikoa den izena dutenean, biak erabiliko dira[10].
· Eta Ipar Euskal Herrian?
Ipar Euskal Herrian badira euskarazko toki izenak zenbait bide seinaletan, Frantziako errepideetan bide seinaleak frantsesa ez beste hizkuntza batean jartzea legezkoa ez den arren[11].
Berez, Estatua da toki izen ofizialak jartzeko eskumena duen bakarra. Estatuaren izena, erregioen izenak, departamenduenak eta udalerrienak dira toki izen ofizialak Frantzian.
Beste toki izen edo toponimo guztiak ez dira ofizialtzat hartzen, eta horiek erabakitzeko eskumena udalerriarena da. Udalerriari dagokio, hortaz, ofizialak ez diren toponimoak erabakitzea eta horren araberako errotulazioa finkatzea.
· Zeintzuk izan dira hartu diren neurriak bide segurtasuneko jardueretan euskararen erabilera normalizatzeko?
Euskal Autonomia Erkidegoko urterik urteko bide segurtasuneko planek euskararen erabilera normalizatzeko helburuak, helburuok betetzeko neurriak eta betetze-mailaren jarraipena eta ebaluazioa jaso dituzte[12].
Euskal Autonomia Erkidegoan, Bide Segurtasuneko 2003-2006 Plan Estrategikoa dago egun indarrean eta bide irakaskuntzaren arrakasta faktoreen artean jasotzen da bertan euskararen erabilera zabaltzea[13].
· Ikus Hizkuntzaren estatusaren eta hiztunen eskubideen oinarri juridikoak
· Garraiobideetan euskara erabiltzeko eskubidearen oinarriak
1.- Espainiako Estatuaren legerian
· Real Decreto Legislativo 339/1990, de 2 de Marzo por el que se aprueba el Texto articulado de la Ley sobre Tráfico, Circulación de Vehículos a Motor y Seguridad Vial
http://www.administracion.es/portadas/perfiles/ciudadano/legislacion/transporte_trafico.html
· Real Decreto 13/1992 de 17 de Enero, por el que se aprueba el Reglamento General de Circulación para la aplicación y desarrollo del texto articulado de la Ley sobre Tráfico, Circulación de Vehículos a Motor y Seguridad Vial
http://www.seguridadvial.org/pdf/legislacion_pdf/Reg_Vehiculos.pdf
2.- Frantziako Estatuaren legerian
Ikus Nazioarteko arauetan
3.- Euskal Autonomia Erkidegoaren legeetan
· Jaurlaritzaren 1982garreneko Maiatzaren 24ko 105/1982 DEKRETOA, "Sociedad Pública Eusko Trenbideak - Ferrocarriles Vascos, S. A." sortaraztea erabaki eta horren Araudia, ontzat emanaz
http://www.euskadi.net/cgi-bin_k54/bopv_20?E&F=19820604&A=198200693
· Bide Segurtasuneko 2003-2006 Plan Estrategikoa
http://www.trafico.euskadi.net/euskera/html/plan.html
4.- Nafarroako Foru Erkidegoaren legeetan
http://www.unece.org/trans/conventn/signalse.pdf
6.- Jurisprudentzian
Ikus Hizkuntzaren estatus juridikoa
[1] Euskararen 10/1982 Legearen 11. artikulua.
http://www.euskadi.net/cgi-bin_k54/bopv_20?C&F=19821216&A=198201955
[2] Espainiako Konstituzio Auzitegiaren 82/1986 epaia. 2. oinarri juridikoa.
[3] Jaurlaritzaren 1982garreneko Maiatzaren 24ko 105/1982 DEKRETOA, "Sociedad Pública Eusko Trenbideak - Ferrocarriles Vascos, S. A." sortaraztea erabaki eta horren Araudia, ontzat emanaz.
8garren atala.- Eskubide eta eginbeharrak ardezkaketa-bidez hartzea.
Baltzuak Euskadiko Autonomia-Elkartearen ordezkotza hartzen du bere baltzu-xede duen trenbidezko eta errepidezko garraioari atxikitako lanariei buruz, eta bai ustiaketari berari darizkionak izan eta orain arte Autonomia-Elkartearen ondarean sartzen ziren nolanahiko akzio eta zor-agiriei buruzkoetan ere.
[4] Real Decreto Legislativo 339/1990, de 2 de Marzo por el que se aprueba el Texto articulado de la Ley sobre Tráfico, Circulación de Vehículos a Motor y Seguridad Vial.
Art. 56. Idioma de las señales.- “Las indicaciones escritas de las señales se expresarán al menos en el idioma español oficial del Estado.”
Real Decreto 13/1992 de 17 de Enero, por el que se aprueba el Reglamento General de Circulación para la aplicación y desarrollo del texto articulado de la Ley sobre Tráfico, Circulación de Vehículos a Motor y Seguridad Vial
Art. 138. Idioma de las señales. “Las indicaciones escritas en las señales se expresarán al menos en el idioma español oficial en todo el territorio del Estado.”
[5] Euskararen 10/1982 Legearen 10.2 artikulua.
http://www.euskadi.net/cgi-bin_k54/bopv_20?C&F=19821216&A=198201955
[6] Euskararen 18/1986 Foru Legearen 16. artikulua. “Eremu euskalduneko Toki Entitateek euskara eta gaztelera erabiliko dute beren xedapen, argitalpen, hiriko kaleen errotulu eta tokien berezko izenetan, beti ere, ohikoak errespetatuz.”
Lege honen euskarazko bertsioa itzulpena da eta ez da ofiziala. Testu ofiziala, gaztelerazkoa, ikusteko: http://www.parlamento-navarra.es/castellano/obralegislativa/obraleg1/Obraleg1leyesforales089.pdf
[7] Ikus Hizkuntzaren estatus juridikoa (1.3. Ofizialtasunik eza)
[8] Ikus Eurolang aldizkari elektronikoan agertutako berria: http://www.eurolan.net/news.asp?id=4859
[9] Euskararen 10/1982 Legearen 10.1 artikulua.
http://www.euskadi.net/cgi-bin_k54/bopv_20?C&F=19821216&A=198201955
[10] Euskararen 18/1986 Foru Legearen 8. artikulua.
1. Foru Komunitatearen toponimoek gaztelaniaz eta euskaraz izanen dute izendapen ofiziala, honako arau hauen arabera:
Eremu euskaldunean, izendapen ofiziala euskalduna izanen da, honez den beste izen bat gaztelaniaz, kasu honetan biak erabiliko baitira.
Eremu misto eta ez-euskaldunean, izendapen ofiziala gaur egungoa izanen da. Hala ere, gaztelaniaz adierazitakoek euskaraz jatorrizko eta ohiko izen bat baldin badute, biak erabiliko dira.
2. Nafarroako Gobernuak, Euskaltzaindiaren aldez aurreko txostenari jarraiki eta artikulu honen lehendabiziko atalean aurrikusitakoaren arabera, Foru Komunitatearen toponimoak erabakiko ditu, baita lurralde, herri eta hiriarteko bideen izen ofizialak ere, eta horren berri eman beharko dio Parlamentuari. Hiriko kaleen izenak jartzea Udal bakoitzari dagokio.
3. Gobernuak erabakitako izenak, aurreko ataletan xedatutakoaren arabera, Nafarroako lurraldearen barruan eta ondorio guztietarako, legezkoak izanen dira eta errotuluak haiekin bat etorriko dira. Nafarroako Gobernuak errotulazioaren normalizazioa arautuko du, Estatuak onetsi dituen nazioarteko arauak beti errespetatuz.
Lege honen euskarazko bertsioa itzulpena da eta ez da ofiziala. Testu ofiziala, gaztelerazkoa, ikusteko: http://www.parlamento-navarra.es/castellano/obralegislativa/obraleg1/Obraleg1leyesforales089.pdf
[11] Hala ere, Frantziak, Espainiak ez bezala, berretsita dauka Bide seinaleei buruzko Nazioarteko Ituna eta itun honek bide ematen du seinaleak herri bakoitzeko hizkuntzan, bakarra duenean, edo hizkuntza gehiagotan idazteko. Hona itunak hizkuntzen erabilerari buruz esateko daukana:
BIDE SEINALEEI BURUZKO HITZARMENA
VIENAN SINATUTA, 1968KO AZAROAREN 8AN.
http://www.unece.org/trans/conventn/signalse.pdf
8. art.
5. Artikulu honetako 3 eta 4 paragrafoek aipatzen duten seinalizazioa egin beharko da herrialdeko hizkuntzan edo hizkuntzetan, eta honako hitzarmen hau sinatu dutenek egoki irizten badiote, baita beste hizkuntza batzuetan ere, bereziki, Nazio Batuetako hizkuntza ofizialetan.
14. art.
4. Seinale bakar bat ezin izango da adierazi bi hizkuntzatan baino gehiagotan.
1. Eranskina
BIDE SEINALEAK
B atala
Lehentasunezko seinaleak
2. “STOP”seinalea
(a) “STOP” B,2-ren bidez seinaleztatuko da. Bi eredu daude:
(i) B,2a eredua oktogonala da; hondo gorria du, eta zuriz idatzita dago “STOP” hitza, ingelesez edo, bestela, dagokion Estatuko hizkuntzan; hitzak, gutxienez, panelaren azaleraren herena beteko du;
(ii) B,2b eredua zirkularra da; atzealdea zuria edo horia du, eta ertza, berriz, zuria da; B,1 seinalea dago adierazita, inolako inskripziorik gabe, eta goialdetik hurbil, “STOP” hitza, beltzez edo urdin ilunez, ingelesez edo dagokion herrialdeko hizkuntzan adierazita.
C atala
DEBEKUA EDO MUGA EZARTZEN DUTEN SEINALEAK
7. Geldiunea egin gabe pasatzeko debekua
(a) Nahitaez gelditu behar den aduanarekiko hurbiltasuna adierazteko seinalea C,16 izango da: “DEBEKATUTA DAGO GELDIUNEA EGIN GABE PASATZEA”. Hitzarmen honetako 8. artikuluarekin bat etorrita, seinaleak ADUANA hitza adieraziko du, ahal dela bi hizkuntzatan; Hitzarmena sinatu eta C,16 seinaleak erabiltzen dituzten aldeek akordioa lortzen saiatuko dira, hitz hori ager dadin hizkuntza berean jartzen dituzten seinale guztietan.
E atala
ARAU BEREZIETARAKO SEINALEAK
3. Bide bakarreko seinalea
(a) Bi seinale daude adierazteko bide bakarreko errepidea dela:
(i) E,3a seinalea. Bidearen ardatzarekiko perpendikularra; seinalearen panela lauki-formakoa izango da.
(ii) E,3b seinalea. Bidearen ardatzarekiko horizontala; laukizuzena luzea, eta alderik Luzeena horizontala izango da. “Bide bakarra” esamoldea idatz daiteke E,3b seinalean dagoen gezian, dagokion herrialdeko hizkuntzan edo hizkuntzetan.
8. Gune jakin baterako balio duten seinaleak
(a) Gunearen hasieran.
(iii) Seinale batek gune jakin bateko errepide guztietan aplikatzen dela adierazteko (gune osorako balioa), seinalea jarri beharko da panel laukizuzen batean, hondoa kolore gorri bizia duena. “GUNE” hitza edo herrialdeko hizkuntzan baliokidea dena jarri beharko da seinalearen panelaren azpian edo gainean. Seinaleak ¡adierazten dituen gainerako mugak, debekuak edo obligazioak ager daitezke seinalearen panelaren azpian edo beste panel osagarri batean.
G atala
NORABIDEA, POSIZIOA EDO ARGIBIDEAK ADIERAZTEKO SEINALEAK
1. Ezaugarri orokorrak eta sinboloak
V. ARGIBIDEAK ADIERAZTEKO SEINALEAK
5. “BIDEA IREKITA EDO ITXITA”
(b) Bidea itxita badago, 1 panela gorria izango da, eta “ITXITA” hitza izango du idatzita; bidea irekita badago, panel berdea izango da, eta “IREKITA” hitza izango du idatzita. Hitzak zuriz idatzita egongo dira, eta ahal bada, hainbat hizkuntzatan.
H atala
PANEL OSAGARRIAK
4. Arautzeko seinaleak bide partikularrak erabiltzen dituzten erabiltzaileentzat izango dira soilik, eta dagokien kategoriaren sinboloa adierazi beharko dute. Adibidez, H5a eta H5b.
Zeinu arautzaileak ez bazaizkie aplikatu behar bidea erabiliko duten erabiltzaile batzuei, zehaztasun hori adierazi beharko da bere kategoriari dagokion sinboloaren bidez eta “izan ezik” esamoldea idatziz herrialdeko hizkuntzan. Adibidez: H,6. Behar izanez gero, hizkuntza bereko esamolde batez ordezkatu daiteke sinboloa.
[12] Adibide moduan 2000. urteko Bide Segurtasun Planean euskararen erabilera normalizatzeko finkatutako neurriak jarri ditugu hemen:
Euskararen erabileraren Normalizazioa 0.-ATARIKOA
Plan honetan aurkezten diren jarduera-proposamen guztietan, ¾herrierakundeen ardurapekoetan nahiz entitate pribatuekin elkarlanean egindakoetan¾ Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera zuzena eta bateratua bermatuko da bai ahozko, bai idatzizko adierazpenetan.
Horretarako, kontuan izango da azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak, Euskeraren Erabilpena Arauzkotzezkoak, herri-administrazioen jardunari dagokionez irizpide orokortzat elebitasuna ezartzen baldin badu ere, ez duela ofizialkidetasuna soilik ezartzen. Izan ere, euskararen normalizazioa bera legearen helburu baita; hortaz, herri-aginteei ahalmena ematen die hizkuntza honen erabilera areagotzeko neurriak hartzeko. Neurri hauek euskara nabarmentzea bideratuko lukete.
1.-HELBURU NAGUSIAK1.1.-Gida-baimena eskuratzeko ikasprozesuari eta ebaluazio-prozesuari dagokienez, honako alderdiotan eragitea:
1.1.A.- Autoeskoletarako euskarazko ikasmaterialean (eskuliburuak, ariketa- eta azterketatestak)
1.1.B.- Azterketa teorikoan eta azterketa praktikoan
1.2.- Seinale eta paneletako errotulazioari dagokionez, bi hizkuntza ofizialen erabilera zuzena bermatzea.
2.-NEURRIAK2.1.-Lehen helburuko 1.1.A. puntuari dagokionez, dirulaguntzadeialdia kaleratuko da, hainbat gida-baimenetarako euskarazko ikasmateriala argitaratzea diruz lagunduko duena.
2.2. Lehen helburuko 1.1.B. puntuari dagokionez, Herrizaingo Saileko Trafiko Zuzendaritzak behar diren gestioak egingo ditu Trafiko Zuzendaritza Nagusiarekin azterketa teorikoen eredu gehiago euskaratzeko eta azterketa praktikoetan aztertzaile euskaldunak egon daitezen bermatzeko.
Arduradunak: Trafiko Zuzendaritza eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza
2.3.-Bigarren helburu nagusiari begira:
- Udalerri, hiriburu nahiz foru-aldundien eraginpean daudenen kasuan, erakundea bera izango da helburu hori betetzeko jarraibideak ezarriko dituena bere euskaraplanean.
- Autobideen kasuan berriz, azaroaren 24ko 10/82 Oinarrizko Legeak, Euskeraren Erabilpena Arauzkotzezkoak finkatutakoa betetzen dela bermatuko da. Halaber, horren jarraipena egiteko zenbait prozedura hitzartuko da Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza eta alor horretako erakundeen artean.
Arduradunak: Udalak, foru-aldundiak, Europistas, Autopista Vasco-Aragonesa eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza.
III. Planaren Jarraipena eta Ebaluazioa- Bide Segurtasun Planaren nondik-norakoen jarraipena eta kontrola Bide Segurtasun Batzordeak egingo du, Komite Iraunkorraren bitartez.
- Bide Segurtasun Planaren indarraldia bukatutakoan memoria bat egingo da, burututako jarduketan zein izan diren zehazteko, eta hala badagokio, baloratzeko.
[13] Zehaztasun gehiago, Planean bertan: http://www.trafico.euskadi.net/euskera/html/plan.html