[ Atzera ]

2. EUSKARAZ EGITEKO ESKUBIDEA

2.3. Komunikabideetan

·        Eskuratu dezaket euskaraz gizarte komunikabideetatik jasotzen dudan informazioa?

Bai, aldizkariak[1], irrati eta telebista saioak, nahiz beste komunikabide batzuetako saioak euskaraz jasotzeko eskubidea[2] daukazu, eta aginte publikoen erantzukizuna da zure eskubidea bermatzea[3].

Herritar guztiek dute gizarte-komunikabideetatik informazioa euskaraz nahiz gazteleraz jasotzeko eskubidea[4].

·        Zeintzuk dira aginte publikoek beren gain hartu dituzten erantzukizunak zure eskubideak bermatzeko?

- Komunikabide sozial publiko eta pribatuetan euskararen mailaz mailako presentzia bultzatuko dute[5].

- Aginte publikoen gestiopean dauden telebista eta irrati emisoretan eta gainerako komunikabideetan euskararen presentzia egokia dela begiratuko dute[6].

- Euskara gizarte-komunikabideetan sarriago erabiltzeko neurriak hartuko dituzte, bi hizkuntza ofizialen erabilera parekatu arte[7].

- Hizkuntza ofizialen erabilera orekatua lortzeko, euskararen erabilera lehenetsiko da Erkidegoaren komunikabideetan[8].

- Radio Televisión Españolak euskara ofizial den eremuan dituen emisio-zentroen hizkuntza-normalkuntza bultzatuko dute[9].

·        Zer esparru hartzen dute euskara komunikabideetan babesteko eta sustatzeko neurriek?

Euskara erabiltzeko eta zabaltzeko ekimenek honako esparru hauek izango dituzte helburu[10]:

-         irratigintza

-         prentsa eta argitalpenak

-         zinemagintza

-         antzerkia eta ikuskizunak

-         ikus-entzunezkoak[11]

·        Zeintzuk dira euskararen erabilera komunikabideetan sustatzeko hartu diren neurriak?

-“Euskal Irrati Telebista” erakunde publikoa sortzea.

Lau telebista katek eta bost irrati emisorek osatzen dute EiTB taldea.

Euskal Telebista 1 (ETB-1), Euskal Telebista 2 (ETB-2), ETB Sat/Euskadi TV eta Canal Vasco dira EiTB taldeko telebista kateak.

Hauetatik, ETB-1 da egun osoan telebista euskaraz ikusteko aukera eskaintzen duena, 24 orduko euskarazko programazioa ematen baitu.

ETB Sat (Euskadi TV) telebistako programazioa ere etenik gabe ematen da 24 orduz eta orokorra da. Europar ikusleentzat Euskal Irrati Telebistak daukan eskaintza da. Bertako programazioa ETB 1 (euskaraz) eta ETB-2 (gaztelaniaz) kateen programazioaren laburbilduma da. Jarraitzaileen parte handi batek euskaraz informatu, hezitu eta entretenitu nahi duela hartu du aintzat. Euskararekin batera, gaztelania eta frantsesa berezkoa duten euskaldunak badirela ere hartu du kontuan.

Canal Vasco katea Amerika eta amerikarrentzat pentsatuta dago. Hizkuntza nagusia gaztelania da. Euskaraz egindako agerpenak, azpidatzita edo azalpen batekin agertzen dira.

ETB-2k euskal gizarte osoari zuzendutako programazioa ematen du gaztelaniaz.

EiTB taldeko bost irrati emisoren artean, Euskadi Irratia da euskara hutsean emititzen duen eduki orokorreko irrati bakarra. 24 orduz euskaraz bizi nahi duen euskaldunaren irratia da bera.

Euskadi Gazteak ere euskaraz emititzen du, musika, umorea eta gazteei zuzendutako informazioa ardatz dituela. 

Radio EiTB Irratian musika eta kultura aurkituko dituzu euskaraz eta gazteleraz.

Radio Euskadi eta Radio Vitoria dira eduki orokorra duten beste bi emisorak eta gazteleraz emititzen dute gehien bat.

- Maiztasun modulatuko uhin metrikoetako irrati-hedapeneko emisorentzako baimenak[12] emateko prozeduran, bi hizkuntza ofizialak modu parekatuan erabiltzeko betebeharra ezartzea

- Komunikabideetan euskararen erabilera sendotzeko eta indartzeko eta euskal komunikabideen egitasmoak bideragarriago egiteko diru-laguntzak[13] ematea

- Irratigintza, prentsa eta argitalpenak, zinemagintza, antzerkia eta ikuskizunak, eta ikus-entzunezkoak arautzen dituzten legeetan euskararen erabilera sustatzeko titulu berezia sartzeko aurreikuspena[14]

·        Zer paper jokatzen dute gizarte-eragileen ekimenez sortutako komunikabideek euskararen erabilera indartzeko orduan?

Lehen mailako garrantzia dute gizarte-eragileen ekimenez sortutako komunikabideek, aginte publikoen sustapena falta den eremuetan, batik bat.

Ipar Euskal Herrian, esaterako,  ez da euskarazko komunikabide publikorik eta ekimen pribatuari esker bermatzen da euskararen presentzia komunikabideetan.

Bereziki aipatzekoa da euskarazko irratigintza[15]: Gure Irratia Baionan, Irulegiko Irratia Garazin eta Xuberoko Boza Maulen. Hirurak dira lekuan-lekuko irratiak, frekuentzia bakarrekoak eta zabalkunde eremu mugatukoak.

Hirurak dira "Elkarte-Irratiak" (Radio Associative), Frantziako Estatuan A klasekoak deitzen dituztenak. Hau da, L´Institute de l´Audiovisuel delakoaren bitartez diru laguntza jasotzen dutenak, aurrekontuaren hirutik bat gutxi gora-behera (200.000 libera inguru), Frantziako Irrati publiko eta komertzialek euren aurrekontuen zati txiki batez osatu behar izan duten Fonde de soutien a l´expression radiophonique delakoari esker. Bestalde, publizitatea ere egin dezakete, baina, urteko aurrekontuaren % 20 gainditu gabe.

Zenbait erakundetatik ere jasotzen dituzte diru laguntzak, hala nola, Departamendutik, Euskal Kultur Erakundetik, Herrien Sindikatutik eta Akitaniako Kontseilutik; bai eta Hego Euskal Herriko erakundeetatik, hots, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailetik, besteak beste.  Horrezaz gain, bazkide edo laguntzaileak ere badituzte, asko izango ez bada ere, urtero diru-kopuru jakin bat ematen dutenak. Esan gabe doa, aldian aldian kanpaina eta jaialdi bereziak ere egin izan dituztela dirua biltzeko, jakina baita publizitate bidez lortu beharrekoak maiz hutsegiten duela.

Nafarroan, Euskal Telebista da ikusten den euskarazko telebista publiko bakarra, baina badira gizarte-ekimenez sortutako bi telebista kate (Ttipi – Ttapa Telebista eta Xaloa Telebista) eta lau irrati (Xorroxin Irratia, Karrape Irratia, Esan Erran Irratia eta Beleixe Irratia) euskaraz emititzen dutenak[16].

·        Zein da prentsa idatziaren egoera Ipar Euskal Herrian?

Ipar Euskal Herrian ezin da, legez, prentsa euskara hutsean egin. Data, zuzendariaren izena, arduradunena, argitalpenaren izaera eta irarkolaren datuak behintzat frantsesez idatzi behar dituzte euskal komunikabide guztiek.

Agindu hori jaso dute oraintsu[17] Frantziako Batzorde Parekidetik. Agindua ez betetzeak zera lekarke, Batzorde Parekideak komunikabide izaera ez onartzea euskara hutsean argitaratzen jarraitzen dutenei eta, ondorioz, banaketa posta arruntez egin beharra, horrek lekarkeen atzerapenarekin eta garestitzearekin.

Frantziako Batzorde Parekidearen aginduak Konstituzioaren 2. artikulua du lege-oinarri, horren logikari jarraiki, xehetasun ofizialak hizkuntza ofizialean agertu behar baitira Batzorde Parekidearen irakurketaren arabera.

Zailago da euskarazko argitalpenen aurkibideak frantsesez argitaratzeko obligazioa, Batzordeak agindu bezala, justifikatzea legearen aldetik[18]. Euskal komunikabide batzuek erabaki dute jada ez dutela horrelakorik argitaratuko eta lehenago kenduko dutela aurkibidea orobat edo Parisera aldizkariaren itzulpena bidali[19].


·        Ikus Hizkuntzaren estatusaren eta hiztunen eskubideen oinarri juridikoak

·        Komunikabideetan euskara erabiltzeko eskubidearen oinarriak eta komunikabideen araubide orokorra

1.- Espainiako Estatuaren legerian

-         4/1980 Legea, urtarrilaren 10ekoa, irratiaren eta telebistaren estatutua arautzen duena

-         10/1988 Legea, maiatzaren 3koa, telebista pribatua arautzen duena

-         31/1987 Legea, abenduaren 18koa, telekomunikazioak antolatzeari buruzkoa

-         37/1995 Legea, abenduaren 12koa, satelite bidezko telekomunikazioak arautzen dituena

-         25/1994 Legea, uztailaren 12koa, por la que se incorpora al ordenamiento juridico español la Directiva 89/552/cee, sobre la coordinacion de disposiciones legales, reglamentarias y administrativas de los estados miembros relativas al ejercicio de actividades de radiodifusion televisiva.

-   41/1995 Legea, abenduaren 22koa, de televisión local por ondas terrestres

-         42/1995 Legea, abenduaren 22koa, kable bidezko telekomunikazioei buruzkoa

-         22/1999 Legea, ekainaren 7koa, de Modificación de la Ley 25/1994, de 12 de julio, por la que se incorpora al Ordenamiento Jurídico Español la Directiva 89/552/CEE, sobre la coordinación de disposiciones legales, reglamentarias y administrativas de los Estados miembros, relativas al ejercicio de actividades de radiodifusión televisiva.

-         11/1998 Lege orokorra, apirilaren 24koa, telekomunikazioei buruzkoa

-   1362/1988 Errege dekretua, azaroaren 11koa, por el que se aprueba el plan tecnico nacional de la television privada

2.- Frantziako Estatuaren legerian

-         94-665 Legea, 1994ko abuztuaren 4koa, Frantses Hizkuntza Erabiltzeari buruzkoa (Toubon Legea)

3.- Euskal Autonomia Erkidegoaren legeetan

-         5/1982 Legea, maiatzaren 20koa, “Euskal Irrati Telebista” herri-erakundea sortzeko dena

-         157/1982 Dekretua, uztailaren 19koa, Euskal Telebista-Televisión Vasca, S. A." akziokako Herri-Baltzua sortarazteari buruz.

-         158/1982 Dekretua, uztailaren 19koa, "Eusko Irratia-Radiodifusión Vasca, S. A." akziokako Herri-Baltzua sortarazteari buruz

-   77/1984 Dekretua, maiatzaren 20koa, "Euskal Irrati-Telebista" Herri-Erakundeari "Gasteiz Irratia, A. B." Akziokako Herri-Baltzua eratzeko baimena emanez.

-         180/2003 Dekretua, uztailaren 22koa, frekuentzia modulazioduneko uhin metrikoen bidezko irrati zabalkunderako zerbitzua eskaini ahal izateko hainbat baimen luzatzea erabakitzen duena

-         240/1986 Dekretua, azaroaren 11koa, maiztasun modulatutako uhin metrikoetako irrati hedapeneko emisorentzako baimena emateko prozedura jartzen duena

-   138/1994 Dekretua, martxoaren 22koa, Euskal Autonomi Elkarteko Udal Erakundeei frekuentzia modulatudun uhin metrikoetako irratizabalkunde zerbitzu publikorako baimena emateko modua arautzen duena.

-         18/1987 Dekretua, otsailaren 17koa, maiztasun modulatutako uhin metrikoetako irrati hedapeneko emisorentzako baimena emateko prozedura jartzen duen azaroaren 11ko 240/1986 Dekretuko 1, 4, 8.B), 8.E) artikuluen eta Xedapen Gehigarriaren idazkera berria emanez

-   218/2003 Dekretua, irailaren 23koa, Euskal Ikusentzunezkoaren Erakunde arteko Batzordea sortu eta erregulatzeko dena (EIEB)

4.- Nafarroako Foru Erkidegoaren legeetan

-         313/1996 Foru Dekretua, irailaren 9koa, lurreko uhinen bitartezko telebista lokalen zerbitzua administrazio kontzesioen bidez kudeatzeko araubide juridikoa Nafarroako Foru Komunitatean arautzen duena

-   18/2001 Foru Legea, uztailaren 5ekoa, Nafarroako ikus-entzunezkoen jarduera arautu eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortzen duena

-         Decreto Foral 431/1992, de 21 de diciembre, por el que se establece el régimen de las concesiones administrativas para la prestación del servicio público de radiodifusión sonora en ondas métricas con modulación de frecuencia por medio de emisoras de titularidad municipal

-   336/1997 Foru Dekretua, azaroaren 10ekoa, Nafarroako Foru Komunitatean frekuentzia modulatuko uhin metrikozko irrati emisoreetarako baimenak ematea arautzen duena.

5.- Europar Batasunean

-         Decisión del Consejo 2001/48/CE, de 22 de diciembre de 2000, por la que se adopta un programa plurianual comunitarioa de estímulo al desarrollo y el uso de contenidos digitales europeos en las redes mundiales y de fomento de la diversidad lingüística en la sociedad de la información

-   Decisión del Consejo 1996/664/CE, de 21 de noviembre de 1996, relativa a la adopión de un programa plurianual para promover la diversidad lingüística de la Comunidad en la sociedad de la información

6.- Jurisprudentzian

-         Espainiako Konstituzio Auzitegiaren 10/1982 epaia, martxoaren 23koa 

-         Espainiako Konstituzio Auzitegiaren 127/1994 epaia, maiatzaren 5ekoa 

-         Espainiako Konstituzio Auzitegiaren 6/1981 epaia, martxoaren 16koa 

-         Espainiako Konstituzio Auzitegiaren 86/1982 epaia, abenduaren 23koa 

-   Sentencia de 23 de febrero de 1999, C-42/97, as. ParlamentoEuropeo c. Consejo de la Unión Europea, del Tribunal de Justicia de las Comunidades Europeas



[1] Aldizka ateratzen diren argitalpen guztiei emango diegu izen hau, egunero, astero, hilero edo urtero ateratzen direnak izan.

[2] Ikus, esaterako, Euskal Autonomia Erkidegoko Euskararen Legearen 5.2.c) azpiatala.

5. artikulua. 2. “Euskal Herritarrei honako funtsezko hizkuntza-eskubide hauek aitortzen zaizkie:

c) Aldizkariak, irrati eta telebista eta beste adierazpideetako emankizunak euskeraz jasotzeko eskubidea.”

[3] Ikus, besteak beste, Nafarroako Euskararen Foru Legearen 27. eta 28. artikuluak:

27. artikulua. 1. “Administrazio Publikoek bultzatuko dute euskararen mailaz mailako presentzia komunikabide sozial publiko eta pribatuetan.

Horretarako, eta komunikabideek euskara gero eta gehiago eta ohiko moduan erabil dezaten, Nafarroako Gobernuak diruz eta materialez laguntzeko planak gauzatuko ditu.

2. Foru Komunitateak gestionatzen dituen telebista eta irrati emisora eta gainerako komunikabideetan, Nafarroako Gobernuak euskararen presentzia egokia begiratuko du.”

28. artikulua. “Administrazio Publikoek babestuko dituzte euskaraz egiten diren azalpen kultural eta artistikoak, liburu argitalpenak, ikusentzunezko ekoizpena eta bestelako ekintzak.”

[4]  Ikus Euskal Autonomia Erkidegoko Euskararen Legearen 22. artikulua: “Gizarte-adierazpideek albisteak euskeraz eta gazteleraz eman diezaizkieten duten eskubidea aitortzen zaie herritar guztiei.”

[5] Ikus Euskararen Foru Legearen 27.1 artikulua

[6] Ikus Euskararen Foru Legearen 27.2 artikulua

[7] Ikus 10/1982 Legearen 22. artikulua

[8] Ikus 10/1982 Legearen 23. artikulua

[9] Ikus 10/1982 Legearen 24. artikulua

[10] Eusko Jaurlaritzari ezartzen dio 10/1982 Legearen 25. artikuluak esparru horietan euskararen erabilera sustatzeko ardura.

[11] Nafarroari dagokionean, araubideak antzeko esparruak hartzen ditu babespean. Ikus Euskararen Foru Legearen 28. artikulua

[12] Gaur egun (2004ko iraila), hogeita hamabost frekuentzia-modulazioduneko irrati ari dira martxan Euskal Autonomia Erkidegoan esleitutako frekuentzietan.

[13] Ikus, adibidez, 2004ko diru-laguntzen deialdiak: http://www.ej-gv.net/m20/M20BusquedaProcedimientosServlet?lenguaje=eu&TipoProcedimiento=1&Materia=73&Departamento=38&Cmd=Buscar

[14] 10/1982 Legearen 25. artikuluko azken lerroaldian dioenez, “Horretarako, aurreko alor hoietzaz ihardun eta hoiek araupetu ditzaten legeetan horretzazko idazpuru bat sartuko da”.

[15] Ikus Julian Belokiren “Euskara biziberritzeko nola baliatu irratiaz”, http://www.euskadi.net/euskara_ebpn/txosten/BELOKI.pdf

[16] Consejo Audiovisual de Navarrak jasotzen dituenak sartu ditugu hemen. Ez da ahaztu behar Espainiako Estatuan irrati ilegalak legalak baino hiru aldiz gehiago direla. Ikus gai honi buruz Expansión.com-ek eta Cinco Días-ek emandako albisteak, beste askoren artean:

http://www.unav.es/fcom/mmlab/boletin/archivo/bol040701.htm

[17] 2004ko ekainaren 14an jasotako gutunean Frantziako Batzorde Parekideak aginduta, uztailaren 14rako frantses itzulpena bermatu behar dute euskaraz ateratzen diren komunikabideek, bestela, oraingo baldintzetan aldizkariak banatzeko eskubidea ukatu baitzaie.

[18] Egia da Toubon Legearen 7. artikuluan frantsesezko laburpena argitaratzeko beharra ezartzen zaiela diru laguntza publikoak jasotzen dituzten erakunde pribatuei, argitalpenak frantsesa ez beste hizkuntza batean ateratzen dituztenean, baina orduan ere atzerriko hizkuntza denean bakarrik. Ez da ezer esaten Frantziako beste hizkuntza batzuetan idatzitako prentsaz.

[19] Ikus, adibidez, Yves Matxikotek, Xirika gazteen astekariko arduradunak, Berria egunkariari egindako adierazpenak: http://www.berria.info/hemeroteka/inprimatzeko.php?htmla=BERRIA/y2004/m06/d20040623/p00016020.html; edo  Peio Jurajuriak, Herria astekariko erredakzioburuak, egindakoak: http://www.berria.info/hemeroteka/inprimatzeko.php?htmla=BERRIA/y2004/m06/d20040623/p00016008.html