[ Atzera ]

2. EUSKARAZ EGITEKO ESKUBIDEA

2.2. Justizia-auzitegietan

·        Euskara, erabil dezaket epaiketa batean?

Bai, Espainiako Estatuan, euskara erabil dezakezu[1], ahoz zein idatziz, euskara ofiziala den lurralde guztietako epaitegietan eta auzitegietan, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoan[2] eta Nafarroako Foru Erkidegoan[3].

Prozesu bateko alderdiek zein prokuradoreek eta abokatuek, bai eta lekukoek eta perituek ere, jarduketa judizialak burutzen diren autonomia-erkidegoaren lurraldean ere ofiziala den hizkuntza erabili ahal zango dute, ahozko zein idatzizko adierazpenetan[4].

·        Zer hizkuntza-eskubide dagozkit, oro har, epaiketa batean?

Hizkuntza dela-eta diskriminatua ez izateko eskubidea[5].

Herritar guztiek, Justizia Administrazioarekin dituzten harremanetan, beren aukerako hizkuntza erabil dezakete, eta ezin zaie eskatu inolako itzulpenik.

Euskaraz aurkezten diren idatziak eta dokumentuak, bai eta jarduketa judizialak ere, erabat baliodunak eta eraginkorrak izango dira[6].

·        Zer hizkuntza-eskubide dagozkit prozedura penal batean?

Oro har dagozkidan eskubideez gain,[7] hizkuntzaren erabilerari dagokionez, akusatu orok eskubidea du[8]

- ahalik eta eperik laburrenean, ulertzen duen hizkuntza batean eta xehetasunez, beraren aurka aurkeztu den akusazioaren izatasunaz eta kausaz informatua izateko;

- doan interprete baten laguntza izateko, auzitegian erabiltzen den hizkuntza ulertzen edo hitz egiten ez badu.

Prozedura penaletan[9], Espainiako Estatua behartuta dago[10]

- organo jurisdikzionalek, Alderdietako batek eskatuz gero, prozedura eskualdeko edo eremu urriko hizkuntzetan eramatea ziurtatzera;

- akusatuari eskualdeko edo eremu urriko bere hizkuntza erabiltzeko eskubidea bermatzera;

- eskualdeko edo eremu urriko hizkuntza batean idatzita dauden demandak eta frogak, ezesgarritzat jo ez daitezen ziurtatzera; ez behintzat horregatik bakarrik halakotzat jotzen badira;

- prozedura judizial bati atxikitako dokumentuak, inork eskatuz gero, eskualdeko eta eremu urriko hizkuntza horietan idaztera, beharrezko balitz interpreteengana eta itzultzaileengana joaz, interesdunentzako gastu gehigarririk gabe.

·        Zer hizkuntza-eskubide dagozkit prozedura zibil batean?

Espainiako Estatua, prozedura zibiletan, behartuta dago[11]

- organo jurisdikzionalek, Alderdietako batek eskatuz gero, prozedura eskualdeko edo eremu urriko hizkuntzetan eramatea ziurtatzera;

- auzi bateko Alderdi bat auzitegi batean aurrez aurre agertu behar denean, eskualdeko edo eremu urriko bere hizkuntza erabiltzea baimentzera, horregatik gastu gehigarririk eragin gabe, eta

- dokumentuak edo frogak eskualdeko edo eremu urriko hizkuntzetan aurkeztea baimentzera, beharrezko balitz interpreteengana eta itzultzaileengana joaz.

·        Zer hizkuntza-eskubide dagozkit administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren aurreko prozedura batean?

Administrazio arloan eskudun diren jurisdikzioen aurreko prozeduretan, Espainiako Estatua engaiatzen da[12]

- organo jurisdikzionalek, Alderdietako batek eskatuz gero, prozedura eskualdeko edo eremu urriko hizkuntzetan eramatea ziurtatzera,

- auzi bateko Alderdi bat auzitegi batean aurrez aurre agertu behar denean, eskualdeko edo eremu urriko bere hizkuntza erabiltzea baimentzera, horregatik gastu gehigarririk eragin gabe,

- dokumentuak edo frogak eskualdeko edo eremu urriko hizkuntzetan aurkeztea baimentzera, beharrezko balitz interpreteengana eta itzultzaileengana joaz, eta

- aurreko atalen aplikazioak eta, beharrezko balitz, interpreteak eta itzultzaileak erabiltzeak interesdunentzat gastu gehigarririk ekar ez dezaten neurriak hartzera.

·        Euskara ofiziala ez den lurraldeetan, haietan ere bai?

Frantziako Errepublikan, beste Estatu batzuetako herritarrei beren hizkuntzan deklaratzeko eskubidea aitortzen zaie[13]; ez da aurreikusten, ordea, frantses herritarrek auzitegietan frantsesa ez beste hizkuntza bat erabiltzea.

Frantses hizkuntzaren ezagutze-eza eta, ondorioz, frantses herritarraren defentsa-eza egiaztatuko balira, pentsa liteke Frantziako auzitegiek onartuko luketela kasu horretan beste hizkuntza batean deklaratu eta frantsesera itzultzea.

Prozedurako hizkuntza, edozein kasutan, frantsesa izango da[14].

Espainiako Estatuan, euskara ofiziala den lurraldetik kanpo, jarduketa judizialak gaztelaniaz egingo dira edo, bestela, tokiko hizkuntza ofizialkidean; babestuta geratuko da, auzitegian erabiltzen den hizkuntza ulertzen edo hitz egiten ez badu, doan interprete baten laguntza izateko akusatuak duen eskubidea, eta, auzi penaletan, bere burua defendatzeko bidezko frogabideak erabiltzekoa.

Euskaraz sortzen diren jarduerek eta idatziek euskara ofiziala ez den lurralde batean kokatutako organo judizialetan ondorioak izan behar badituzte, ofizioz eta alderdientzako kosturik gabe itzuliko dira[15].

·        Zein da hizkuntzen ofizialkidetasunaren irismena Espainiako Justizia Administrazioan?

Konstituzio Auzitegiak[16] ezartzen du Justizia Administrazioko ofizialkidetasunaren irismena "berezia"[17] dela.

Ez zaie ezartzen organo judizialei gaztelania ez beste hizkuntzarik jakin beharra, justizia bakarra baita Espainiako lurralde osoan.

Epaileek aukera dute ulertzen ez duten hizkuntza batean idatzita dauden idatziak edo dokumentuak itzularazteko, hori beharrezkoa denean beren funtzio jurisdikzionala betetzeko.

Nolanahi ere, autonomia-erkidego bateko hizkuntza ofizialkidea jakitea karrera judizialeko lekualdatze-lehiaketetarako balioetsiko den merezimendua da; baina horretarako baino ez[18].

Espainiako Estatuan, gaztelania ez beste hizkuntza ofizialak jakitea ez da inola ere ezinbesteko eskakizuna funtzio jurisdikzionala egikaritzeko, ez eta karrera judizialean sartzeko merezimendua ere; izan ere, justizia bakartzat aintzatesten da Estatuaren lurralde osoan eta karrera judizialeko kideek postuak eta autonomia-erkidegoak txandaka ditzakete.

·        Zein da epaileen eta magistratuen lan-hizkuntza?

Epaileek eta magistratuek gaztelania erabil behar dute[19] jarduketa judizial guztietan; dena dela, euskara ere erabil dezakete[20], alderdietako batek ere aurka egiten ez badu, defentsa-gabezia alegatuz.

·        Nola balioesten da euskara jakitea karrera judizialean?

Euskara lehentasunezko merezimendu gisa balioesten da[21] plaza hutsak betetzeko lehiaketetan, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan.

Euskara jakitea merezimendu gisa aintzatesten zaion epaileari edo magistratuari urte bateko antzinatasuna egotziko zaio[22] epaile-kategoriako plazak hornitzeko egiten diren lehiaketetan; bi urtekoa magistratu-kategoriako plazak hornitzeko egiten diren lehiaketetan, eta hiru urtekoa kide anitzeko organoei dagozkien plazak hornitzeko egiten diren lehiaketetan.

Argitu behar da, hala ere, pertsona berak bi merezimendu alegatzen dituenean (autonomia-erkidegoko hizkuntza ofizialkidea, eta bertako Zuzenbide Zibil berezia edo forala jakitea), bi merezimendu horien batura guztizkoaren ehuneko hirurogeita hamabostera mugatzen dela[23].

·        Zein da fiskalen lan-hizkuntza?

Ministerio fiskalaren ordezkariek gaztelania[24] erabil behar dute jarduketa judizial guztietan; dena dela, euskara[25] ere erabil dezakete, alderdietako batek ere aurka egiten ez badu, defentsa-gabezia alegatuz.

·        Nola balioesten da euskara jakitea karrera fiskalean?

Fiskalen gorputzaren kasuan, ez dago inolako lege-aurreikuspenik, gaztelania ez beste autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialak jakitea balioesteari dagokionez.

Dena dela, kontuan izanik fiskalen estatutu juridikoa epailenaren antzekoa dela eta antzeko eskakizunei atxikita daudela (gaitasuna, bateraezintasun-araubidea, sartzeko eta sustatzeko arauak, etab.), ezerk ez luke eragotziko, hizkuntza ofizialei dagokienez ere, karrera judizialeko kideentzat dagoen arauketaren antzeko bat; ez legoke horretarako eragozpenik.

·        Zein da idazkari judizialen lan-hizkuntza?

Idazkari judizialek gaztelania[26] erabil behar dute jarduketa judizial guztietan; dena dela, euskara[27] ere erabil dezakete, alderdietako batek ere aurka egiten ez badu, defentsa-gabezia alegatuz.

·        Nola balioesten da euskara jakitea idazkaritza judizialeko plazen horniketan?

Euskara merezimendu gisa balioesten da[28] Idazkari Judizialen Gorputzeko lekualdatze-lehiaketetarako. Ez da merezimendu gisa balioetsiko, ordea, idazkari judizialen lanbide-sustapenerako, ez eta gorputzean sartzeko ere.

Hain zuzen ere, bi puntu ematen dira bigarren hizkuntza-eskakizuna (HE2) egiaztatzeagatik, lau puntu hirugarren hizkuntza-eskakizuna (HE3) egiaztatzeagatik, eta sei puntu laugarren hizkuntza-eskakizuna (HE4) egiaztatzeagatik, kontuan izanik antzinatasuna urteko puntu batekin balioesten dela.

Aipatu behar da, dena dela, arau-aurreikuspen hau ez dela praktikan aplikatu, gaurdaino[29].

·        Zein da ofizial, laguntzaile eta agente judizialen lan-hizkuntza?

Epaitegietako eta auzitegietako funtzionarioek gaztelania[30] erabil behar dute jarduketa judizial guztietan; dena dela, euskara[31] ere erabil dezakete, alderdietako batek ere aurka egiten ez badu, defentsa-gabezia alegatuz.

·        Nola balioesten da euskara jakitea ofizial, laguntzaile eta agente judizialen administrazio-karreran?

Kasu honetan, euskara jakitea merezimendu gisa balioesten da[32], dela lekualdatze-lehiaketetan, dela barne-sustapenean, baldin eta ondorioak modu lurraldekatu batean izaten baditu.

·        Zein da auzitegiko medikuen lan-hizkuntza?

Auzitegiko Medikuen Gorputza Justizia Administrazioaren zerbitzuko pertsonalari dagokio eta, hala izanik, gorputzeko kideek gaztelania erabiliko dute jarduketa judizial guztietan[33]; dena dela, euskara[34] ere erabil dezakete, alderdietako batek ere aurka egiten ez badu, defentsa-gabezia alegatuz.

·        Nola balioesten zaie[35] auzitegiko medikuei euskara jakitea?

Legeak ahalmentzen du, baina ez du behartzen, Auzitegiko Medikuen Gorputzean sartzeko hautaprobak deitzeko eskumena duen organoa autonomia-erkidegoko berezko hizkuntzaren jakiteari buruzko proba bat ezartzera; proba aukerakoa eta baztertze-indarrik gabea izango da.

Hizkuntza ofizialkidea jakitea, kasu bakoitzean, Auzitegiko Medikuen Gorputzean sartzeko deialdien oinarrietan ezarritakoaren arabera balioetsiko da.

Lekualdatze-lehiaketetan ere balioetsiko zaie auzitegiko medikuei euskara jakitea, Justizia Administrazioaren zerbitzuko gainerako pertsonalari bezala.

·        Baliodunak dira auzitegietan euskara hutsean emandako dokumentuak?

Bai, autonomia-erkidego bateko hizkuntza ofizialean aurkezten diren dokumentuek, gaztelaniara itzuli beharrik gabe, baliotasun eta eraginkortasun osoa dute[36].

Autonomia-erkidegoan kokatutako organo judizialen jurisdikziotik kanpo ondorioak izan behar dituztenean, salbu berezko hizkuntza ofizial bera duten autonomia-erkidegoak badira, ofizioz itzuliko dira dokumentu horiek.

Legeek hala xedatzen dutenean edo defentsa-gabezia alegatzen duen alderdi batek eskatuta ere itzuli egingo dira.

·        Nola uztartzen dira batzuek euskara erabiltzeko duten eskubidea eta besteek euskara ez jakitea, prozesu baten barruan?

Ahozko jarduketetan, euskara erabiltzeko eskubidea interprete baten parte-hartzearen bidez bermatzen da.

Izatez, legeak[37] aurreikusten du auzitegiak, probidentzia baten bidez, erabiltzen ari den hizkuntza dakien edozein pertsona gaitu dezakeela interprete gisa, itzulpen leiala egingo duela zin egin edo hitz eman ondoren.

Aurreikuspen hori ez da ezertan bereizten gaztelania eta, beharrezko balitz, jarduketa judizialak burutzen diren autonomia-erkidegoko berezko hizkuntza ofiziala ez dakiten Espainiako Estatuko[38] hizkuntza ez-ofizialen hiztunentzat ezartzen denetik.

Gaztelania ez beste hizkuntza batean idatzitako dokumentuei dagokienez, arauketa izan desberdina da jarduketa judizialak burutzen diren lurraldearen arabera[39]; izan ere, hizkuntza ez-ofizial batean idatzita dauden dokumentuei edozein kasutan itzulpena erantsi behar zaie. Itzulpena “modu pribatuan egin ahal izango da”.

·        Nork ordaindu behar ditu itzulpen-gastuak?

Itzulpena beharrezko denean, dela ahozko jarduketena, dela aurkeztutako dokumentuena, guztiei babes judizial eraginkorra eskaintzeko funtzio jurisdikzionala betetzeko, epaileek ofizioz agindu ahal eta behar dute itzulpena[40].

Euskaraz sortutako ahozko jarduketak eta idatziak gaztelaniara itzultzeak, euskararen ofizialtasun-eremuan, ez dio ekarriko inolako gastu gehigarririk[41] bere aukerako hizkuntza ofiziala eraginkortasun eta baliotasun juridiko osoz erabiltzeko eskubideaz baliatzen denari.

Euskaraz egindako jarduketen eta idatzien itzulpena, baldin eta euskara ofiziala den lurraldean kokatutako organo judizialen jurisdikziotik kanpo ondorioak izan behar badituzte, ofizioz eskatzen da, eta horrek ez dakar gastu gehigarririk prozesuko partaideentzat[42].

Gainera, Espainian delitu batez akusatua den edozein pertsonak, prozesuan erabiltzen den hizkuntza ulertzen edo hitz egiten ez badu, eskubidea du doan interprete baten laguntza izateko[43].

Hizkuntza ez-ofizial batean idatzitako dokumentuen itzulpenari –itzulpen pribatuari– dagokionez, desadostasunik balego, epaileak dokumentuaren itzulpen ofiziala eskatuko du, prozesu zibilean aurkeztua zuenaren kontura[44].

Baina, itzulpen ofiziala funtsean pribatuaren berdina gertatzen bada, itzulpen hartatik sortutako gastuak itzulpena eskatu zuenak ordaindu beharko ditu.


·        Ikusi Hizkuntzaren estatusaren eta hiztunen eskubideen oinarri juridikoak

·        Justizia-auzitegietan euskara erabiltzeko eskubidearen oinarriak

1.- Espainiako Estatuaren legerian

-         6/1985 Lege Organikoa, uztailaren 1ekoa, Botere Judizialarena

-         1/2000 Legea, urtarrilaren 7koa, Prozedura Zibilarena

-         Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmena

-         Eskualdeetako Hizkuntzen eta Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Gutuna

-         1/1995 Erregelamendua, ekainaren 7koa, Karrera Judizialarena

-         428/1998 Errege Dekretua, apirilaren 29koa, Idazkari Judizialen Gorputzaren Erregelamendu Organikoa onartzen duena

-         249/1996 Errege Dekretua, otsailaren 16koa, Justizia Administrazioko Ofizialen, Laguntzaileen eta Agenteen Gorputzen Erregelamendu Organikoa onartzen duena

-         296/1996 Errege Dekretua, otsailaren 26koa, Auzitegiko Medikuen Gorputzaren Erregelamendu Organikoa onartzen duena

2.- Frantziako Estatuaren legerian

-         94-665 Legea, 1994ko abuztuaren 4koa, Frantses Hizkuntza Erabiltzeari buruzkoa (Toubon Legea)

-   Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmena

3.- Euskal Autonomia Erkidegoaren legeetan

-         Azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legea, Euskeraren erabilpena arauzkotzekoa

- 123/1997 DEKRETUA, maiatzaren 27koa, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadira destinatuta dagoen Epailaritzako Idazkaritzaren arteko lankidetza-organua sortzen duena.

- 81/2001 DEKRETUA, maiatzaren 8koa, Justizia Administrazioaren EAEko Aztergunea sortu eta arautzen duena.

-         159/2003 DEKRETUA, uztailaren 8koa, Justizia Administrazioaren EAEko Aztergunea sortu eta arautu zuen dekretua aldatzeko dena.

-         1684/1987 Errege Dekretua, azaroaren 6koa, Justizia Administrazioaren funtzionamendurako baliabide materialen eta ekonomikoen horniketaren arloko funtzioak Estatuaren Administraziotik Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatzeari buruzkoa

-         410/1996 Errege Dekretua, martxoaren 1ekoa, azaroaren 6ko 1684/1987 Errege Dekretuaren bidez Justizia Administrazioaren funtzionamendurako baliabide materialen eta ekonomikoen arloan Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatutako zerbitzuak zabaltzen dituena

-         514/1996 Errege Dekretua, martxoaren 15ekoa, Justizia Administrazioaren zerbitzuko bitarteko pertsonalen arloko funtzioak eta zerbitzuak Estatuaren Administraziotik Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatzeari buruzkoa

-         117/2001 DEKRETUA, ekainaren 26koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko hizkuntza-normalkuntzarako neurriak finkatzen dituena

4.- Nafarroako Foru Erkidegoaren legeetan

-         1/2000 Foru Legea, urtarrilaren 7koa, Euskarari buruzkoa

-         812/1999 ERREGE DEKRETUA, maiatzaren 14koa, Justizia Administrazioaren zerbitzuko bitarteko pertsonalen arloko funtzioak eta zerbitzuak Estatuaren Administraziotik Nafarroako Foru Erkidegora eskualdatzeari buruzkoa.

-   813/1999 ERREGE DEKRETUA, maiatzaren 14koa, Justizia Administrazioaren funtzionamendurako baliabide materialen eta ekonomikoen horniketaren arloko funtzioak Estatuaren Administraziotik Nafarroako Foru Erkidegora eskualdatzeari buruzkoa.

5.- Jurisprudentzian

-         Espainiako Konstituzio Auzitegiaren 82/1986 epaia, ekainaren 26koa 

-         Espainiako Konstituzio Auzitegiaren 84/1986 epaia, ekainaren 26koa  

-         Espainiako Konstituzio Auzitegiaren 105/2000 epaia, apirilaren 13koa

-         Espainiako Konstituzio Auzitegiaren 46/1991 epaia, apirilaren 13koa

-         Espainiako Konstituzio Auzitegiaren 56/1990 epaia, maiatzaren 4koa 

-         Espainiako Konstituzio Auzitegiaren 74/1989 epaia, maiatzaren 22koa 

-         Espainiako Konstituzio Auzitegiaren 74/1987 epaia, maiatzaren 25ekoa  

-         Espainiako Konstituzio Auzitegiaren 27/1991 epaia, otsailaren 14koa 

-         Espainiako Konstituzio Auzitegiaren 50/1986 epaia, apirilaren 23koa 

-         Espainiako Konstituzio Auzitegiaren 93/1984 epaia, urriaren 16koa 

-         Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia, 1999ko martxoaren 1ekoa, (Administrazioarekiko Auzietako Sala)

-         Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia, 1999ko martxoaren 1ekoa, (Administrazioarekiko Auzietako Sala)

-         Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia, 1999ko otsailaren 9koa, (Administrazioarekiko Auzietako Sala)

-         Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia, 1995eko apirilaren 29koa, (Administrazioarekiko Auzietako Sala)

-         Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia, 1998ko apirilaren 13koa, (Administrazioarekiko Auzietako Sala)

-         Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia, 1998ko ekainaren 16koa, (Administrazioarekiko Auzietako Sala)  

-         Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia, 1998ko maiatzaren 4koa, (Administrazioarekiko Auzietako Sala) 



[1] Kontuan izan bedi Espainiako Konstituzio Auzitegiaren 2000ko apirilaren 13ko epaia, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 231.4 artikuluaren gainekoa, 16/1994 Lege Organikoak manu horretan gauzatutako erreformaren ondoren. 231.4 artikulu horren oraingo idatzaldiak hau ezartzen du: 
 
“Autonomia-erkidego bateko hizkuntzan egindako jarduketa judizialek eta aurkeztutako dokumentuek, gaztelaniara itzuli beharrik gabe, baliotasun eta eraginkortasun osoa izango dute. Jarduketa eta dokumentu horiek ofizioz itzuliko dira autonomia-erkidegoan kokatutako organo judizialen jurisdikziotik kanpo ondorioak izan behar dituztenean, salbu berezko hizkuntza ofizial bera duten autonomia-erkidegoak badira. Era berean, itzuli egingo dira legeek hala xedatzen dutenean edo defentsa-gabezia alegatzen duen alderdi batek eskatzen duenean”.

[2] Euskeraren Erabilpena Arauzkotzezko Oinarrizko Legearen 9. art.:

“1. Epailaritzarekingo harremanetan, herritar guztiek aukerako hizkuntza ofizialaz baliatu ahal izango dute, inolako itzulpenik ezin eska dakiekeela.

2. Euskeraz aurkeztutako idazki eta agiriak, eta bai epailaritza-ihardunak, balio osozkoak eta eragite-indarrezkoak izango”.

[3] Euskarari buruzko Foru Legearen 14. art.: “Justizia Administrazioarekiko harremanetan, herritar guztiek beraiek hautatutako hizkuntza ofiziala erabili ahalko dute, indarrean dagoen legerian xedatutakoaren arabera”.

[4] Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen 142.3 art.

[5] Vid. Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmena. 14. art.: “Diskriminazioaren debekua. Hitzarmen honetan aintzatesten diren eskubideez baliatzea inolako bereizketarik gabe ziurtatu behar da, batez ere arrazoi hauengatik bada: sexua, arraza, kolorea, hizkuntza, erlijioa, iritzi politikoak edo bestelakoak, etorki nazionala edo soziala, gutxiengo nazional bateko kide izatea, ondasunak, jaiotza edo zernahi beste egoera”.

[6] Ofizialtasunaren eremuaren barruan.

[7] Vid. Espainiako Konstituzioaren 24. artikulua eta Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenaren 6. artikuluaren 1. paragrafoa, besteak beste.

24. art. Babes judizial eraginkorrerako eskubidea

“1. Gizabanako guztiek eskubidea dute, beraiei dagozkien eskubide eta interes legitimoak egikaritzean, epaile eta auzitegien babes eragingarria lortzeko, eta ezin daiteke inoiz ere babesgabeziarik gerta.

2. Halaber, guztiek dute eskubidea, legeak lehendik izendaturiko epaile arrunta izateko, abokatuaren defentsa eta laguntza izateko, haien aurkako akusazioaren argibideak jasotzeko, jendaurreko prozesua bidegabeko atzerapenik gabe eta berme guztiekin burutzeko, euren buruen babeserako egoki diren frogabideak erabiltzeko, beren buruen aurka adierazpenik ez egiteko, errudun direla ez aitortzeko, eta errugabetasun-presuntzioa izateko.

Legeak arautuko du senidetasunarengatik edo lanbide-sekretuarengatik zein kasutan ez dagoen betebeharrik, ustez delitu diren egitateei buruz adierazpenak egiteko”.

6. art. Bidezko prozesu bat izateko eskubidea.

“1. Pertsona orok eskubidea du bere auzia, bidezko eran, jendaurrean eta arrazoizko epe baten barruan, Legeak ezarritako Auzitegi independente eta inpartzial batek entzuna izateko, bere eskubide eta betebehar zibilei buruzko auziez edo beraren aurka zuzendutako zigor-arloko zernahi akusazioaren oinarriari buruz erabakiko duena”.

[8] Vid. Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenaren 6.3 artikulua.

[9] Vid. Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren (EEUHG) 9.1.a) artikulua.

[10] EEUHGren 9. artikuluak honetara mugatzen du Estatuaren konpromisoa: “neurriak hartzea justifikatzeko besteko eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako hiztun-kopurua duten agintari judizialen barrutiei dagokienez, (...) eta baldintza batekin, alegia, paragrafo honek eskaintzen dituen aukerez baliatzeak ez dezala epaileak hartu justizia ondo administratzeko oztopotzat”.

[11] Vid. Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren 9.1.b) artikulua eta 9. orri-oina.

[12] Vid. Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren 9.1.c) artikulua eta 9. orri-oina.

[13] Frantziako Estatuak, 1974ko maiatzaren 3an, Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmena berretsi zuen; beraz, Frantziako ordenamendu juridikoak segurtasunerako eta askatasunerako eskubidea aintzatesten du (5.2 art.: “Prebentiboki atxilotutako pertsona orok informatua izan behar du, ahalik eta eperik laburrenean eta ulertzen duen hizkuntza batean, atxilotzearen arrazoiez eta beraren aurka aurkeztutako edozein akusazioz.”), bai eta judizio justu baterako eskubidea ere (6.3. art.: “Akusatu orok, gutxienez, ondorengo eskubide hauek ditu: a) informatua izateko, ahalik eta eperik laburrenean, ulertzen duen hizkuntza batean eta xehetasunez, beraren aurka aurkeztutako akusazioaren izatasunaz eta kausaz; …; e) doan interprete baten laguntza izatekoa, Auzitegian erabiltzen den hizkuntza ulertzen ez badu edo hitz egiten ez badu”).

[14] Ikusi “Toubon Legea” delakoaren 1. art.:

Loi 94-665, du 4 août 1994, relative à l’utilisation de la langue française. (Loi Toubon)

Art. 1. – “Langue de la République en vertu de la Constitution, la langue française est un élément fondamental de la personnalité et du patrimoine de la France.

Elle est la langue de l'enseignement, du travail, des échanges et des services publics.

Elle est le lien privilégié des Etats constituant la communauté de la francophonie”.

[15] Ikusi 1. oharra.

[16]  82/86 (6 eta 11 Oinarri Juridikoak) eta 84/86 (3 Oinarri Juridikoa) epaietan.

[17] Iritzi bera agertu du Konstituzio Auzitegiak azken aldiko jurisprudentzian, hain zuzen, apirilaren 13ko 105/2000 epaian.

[18] Vid. ondoren hizkuntzaren balioespena karrera judizialean eta fiskalean, bai eta idazkari judizialean, auzitegiko medikuen, eta ofizial, laguntzaile eta agente judizialean gorputzetan ere.

[19] Botere Judizialaren Lege Organikoa. 231.1 artikulua: “Jarduketa judizial guztietan, Epaileek, Magistratuek, Fiskalek, Idazkariek, eta Epaitegietako eta Auzitegietako gainerako funtzionarioek gaztelania erabiliko dute, Estatuaren hizkuntza ofiziala”.

[20] Botere Judizialaren Lege Organikoa. 231.2 artikulua: “Epaileek, Magistratuek, Fiskalek, Idazkariek, eta Epaitegietako eta Auzitegietako gainerako funtzionarioek autonomia-erkidegoko berezko hizkuntza ofiziala ere erabili ahal izango dute, alderdietako batek ere aurka egiten ez badu, defentsa-gabezia alegatuz.”

[21] Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren 1998ko otsailaren 25eko Akordioaren 108. artikulua eta ond. (BOE, 1998ko martxoaren 6koa, 56/1998 zk.), Karrera Judizialaren ekainaren 7ko 1/1995 Erregelamendua aldatzen duena.

[22] Karrera Judizialaren ekainaren 7ko 1/1995 Erregelamenduaren 110. artikulua: “Berezko hizkuntza ofizial bat duen autonomia-erkidego bateko plaza baterako lehiatzen den Epaileari edo Magistratuari, betiere lehiaketaren  deialdi-datatik gutxienez hilabeteko aurrerapenaz eskatu izateagatik dagokion merezimenduaren aintzatespena lortuko balu, lekualdatze-lehiaketaren ondorio hutsetarako, eskalafoian duen egoerari dagozkion ondorengo antzinatasun-aldiak erantsi izan balitzaizkio egokituko zitzaiokeen eskalafoi-postua egotziko zaio:

a) Epaile-kategoria duten Karrera Judizialeko kideek zerbitzatutako organo jurisdikzionalei dagozkien plazak hornitzeko lehiaketetan: urte bat.

b) Magistratu-kategoria duten Karrera Judizialeko kideek zerbitzatutako kide bakarreko organoei dagozkien plazak hornitzeko lehiaketetan: bi urte.

c) Kide anitzeko organoei dagozkien plazak hornitzeko lehiaketetan: hiru urte”

[23] Karrera Judizialaren ekainaren 7ko 1/1995 Erregelamenduaren 114. artikulua:

“1. Epaileak edo Magistratuak 110. eta 112. artikuluetan aurreikusten diren merezimenduak batera bilduko lituzkeenean, lehiaketa ebaztearen ondorioetarako eskalafoi-postuaren egozpenerako antzinatasun-aldiaren zenbaketa 110. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz dagokiona izango da, eta sei hilabete, urte bat, edo urte bat eta sei hilabete gehituko dira, hurrenez hurren, Epaile-kategoria duten Karrera Judizialeko kideek zerbitzatutako organo jurisdikzional bat bada, Magistratu batek zerbitzatutako kide bakarreko organo bat bada, edo kide anitzeko organo bat bada.

2. Erregelamendu honetako 110. eta 112. artikuluetan ezartzen diren merezimenduak, behin manu horietan ezarritako baldintzetan aintzatetsiz gero, igoera egokituko dakien Epaileen eskalafoi-antzinatasunari erantsiko zaizkio, soil-soilik 1/1995 Erregelamenduaren beraren 187. artikuluan (artikulu horretako bigarren paragrafoko hiru zenbakian, hain zuzen) ezartzen diren xedeetarako, eskatzaile-ezagatik Epaileen sustapenez bete behar diren Magistratu-kategoriari dagozkion plaza hutsen esleipenean, zer eta beren eskalafoi-egoeragatik sustatuak izan behar duten eta, gainera, merezimendu horien aintzatespena lortua dutenek lehentasuna eduki ahal izan dezaten dagokion autonomia-erkidegoan eskaintzen diren plazen esleipenean.

3. Aurreko zenbakian aipatzen diren merezimenduak, behin zenbaki horretan adierazten diren baldintzetan aintzatetsi ondoren, kontuan izango dira, kasu bakoitzean, autonomia-erkidego jakin batean Epaile izendatuak izan behar dutenei destinoa egozterakoan, ondorio huts horietarako, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 307.3 artikuluan eta ekainaren 7ko 1/1995 Erregelamenduaren 33.1 artikuluan aipatzen den izendapen-hurrenkera osatuz”.

[24] Vid. 14. oharra.

[25] Vid. 15. oharra.

[26] Vid. 14. oharra.

[27] Vid. 15. oharra.

[28] Vid. Botere Judizialaren Lege Organikoaren 471. art., apirilaren 29ko 428/1998 Errege Dekretuaren (Idazkari Judizialen Gorputzaren Erregelamendu Organikoaren) 33.7 art., eta, haren aplikazio analogikoari begira, otsailaren 16ko 249/1996 Errege Dekretuaren (Justizia Administrazioko Ofizialen, Laguntzaileen eta Agenteen Gorputzen Erregelamendu Organikoaren) Bigarren Xedapen Gehigarria.

[29] Idatzaldia 2004ko uztailekoa da.

[30] Vid. 14. oharra.

[31] Vid. 15. oharra.

[32] Vid. 249/1996 Errege Dekretua, otsailaren 16koa, Justizia Administrazioaren zerbitzuko Ofizialen, Laguntzaileen eta Agenteen Gorputzen Erregelamendu Organikoa onartzen duena eta, bereziki, erregelamendu horren 5.4, 11.4 eta 54.9 artikuluak, bai eta 1998ko apirilaren 13ko, 1998ko maiatzaren 4ko eta 1998ko ekainaren 16ko Auzitegi Gorenaren epaiak ere (epai horietan, hain zuzen, Botere Judizialaren Lege Organikoaren araberakotzat jotzen da berezko hizkuntza merezimendu gisa balioestea).

[33] Vid. 14. oharra.

[34] Vid. 15. oharra.

[35] Vid. Botere Judizialaren Lege Organikoaren 454.1 artikulua eta, besteak beste, Auzitegiko Medikuen Gorputzaren Erregelamendu Organikoa onartzen duen otsailaren 26ko 296/1996 Errege Dekretuaren 4.7 artikulua.

[36] Vid. Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen 142.4 art. eta Botere Judizialaren Lege Organikoaren 231.4 art.

[37] Vid. Botere Judizialaren Lege Organikoaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 231. artikuluaren 5. puntua, bai eta Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen 142. artikuluaren 5. puntua.

[38] Jurisprudentzia konstituzionalak ezartzen du "gaztelania ulertzen ez duen edo hitz egiten ez duen espainiar herritarrak, atzerritarrak bezala, interprete baten laguntza izateko eskubidea duela", 74/87 epaian (2 eta 3 Oinarri Juridikoak).

[39] Hizkuntza ez-ofizial batean idatzitako dokumentuei buruz, ikusi Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen 144. artikulua, prozesu zibilei eta, era berean, modu osagarrian, beste prozesu batzuei (zigor-arlokoei, administrazioarekiko auzietakoei, lan-arlokoei eta militarrei) aplikatzekoa.

[40] Kontuan izan bedi Espainiako Konstituzio Auzitegiaren 2000ko apirilaren 13ko epaia.

[41] Ikusi Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren 9. art.

[42] Ikusi 1. oharra.

[43] Ikusi Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenaren 6.3.e) artikulua.

[44] Ikusi 36. oharra.