2. EUSKARAZ EGITEKO ESKUBIDEA
2.1. Ikastetxeetan
· Egin dezaket euskaraz eskolan?
Bai, egin dezakezu euskaraz bai eskolan bai unibertsitatean[1], idatziz nahiz ahoz, eskola pribatuan[2] nahiz publikoan, zure ikaskideekin, irakasleekin[3] nahiz ikastetxeko beste langileekin, dena delakoa dela aukeratu duzun hezkuntza-eredua, edo irakasgaia zein hizkuntzatan ematen den; beti ere, euskara ofiziala[4] den eremuan[5].
· Egin dezaket euskaraz eskolan euskara ofiziala ez den eremuetan ere?
Bai, edozein tokitan hitzegin daiteke euskaraz harreman pribatuetan. Adierazpen askatasuna, berdintasunerako eskubidea eta nortasuna askatasunez garatzeko eskubidea direla medio, ezin zaie herritarrei ukatu bakoitza bere hizkuntzan mintzatzeko eskubidea.
Baina, euskara ofiziala ez izanik, eskubidearen alde pasiboa galtzen da, hau da, aginte publikoek eta euren menpekoek ez dute herritarrak aukeratu duen hizkuntzan erantzuteko obligaziorik.
Horrez gain, hezkuntza-administrazioak ez dauka zertan onartu ofiziala ez den hizkuntzan idatzita ez dauden eskabideak, agiriak, azterketak, idazlanak, ariketak edo bestelako testuak, eta, onartuta ere, ez du hiztunak aukeratu duen hizkuntzan erantzuteko betebeharrik.
- Euskaraz egin ditzakegu azterketak baita irakasgaia gazteleraz ematen denean ere, euskararen ez beste hizkuntzen azterketen kasuan izan ezik
- Idazlanak eta ariketak euskaraz egin ditzakegu, nahiz eta irakasgaia gazteleraz izan, euskararen ez beste hizkuntzen idazlanen eta ariketen kasuan izan ezik
- Klaseetan parte hartzeko ere euskara aukeratu dezakegu eta euskaraz egin ditzakegu galderak eta abar
- Eskabideak eta bestelako adierazpen guztiak euskaraz aurkez ditzakegu
- Agiriak, baimenak, jakinarazpenak eta bestelako komunikazioak euskaraz jasotzeko eskubidea daukagu
- Inork ezin gaitu gazteleraz egitera behartu
- Erantzuna euskaraz jasotzeko eskubidea daukagu bestea erakunde publikoa denean edo erakunde publiko bati lotuta dagoenean
· Ikas dezaket euskara eskolan?
Bai, euskara eskolan ikasteko eskubide osoa daukazu, hautatu duzun ikastetxea edo eredua direnak direla.
Eskolak, edozein dela ere, hizkuntza ofizialen irakaskuntza bermatzeko obligazioa[7] dauka eta, gainera, modu eraginkorrean antolatu behar du euskararen irakaskuntza, derrigorreko irakaskuntza amaitzen duten ikasle guztiek lurraldeko bi hizkuntza ofizialak jakin ditzaten.
Nafarren kasuan, hezkuntza maila ez-unibertsitarioetan derrigorrezkoa izanen da euskara eta gaztelaniaren irakaskuntza, ikasle guztiek oinarrizko eskolatzearen bukaeran bi hizkuntzetan gaitasun maila nahikoa frogatu ahal izan dezaten, eremu euskaldunean bizi direnentzat[8].
Eremu mistoko nafarrei dagokienean, euskara irakaskuntzan sartzea mailaz maila, gero eta gehiago, eta nahikotasunaz eginen da, ikastetxeetan eskatzen dutenendako euskarazko irakaskuntza duten ereduak sortuz.
Hortaz, hezkuntza maila ez-unibertsitarioetan euskara irakatsiko zaie eremu mistoan nahi duten ikasleei, oinarrizko eskolatzearen bukaeran euskararen ezagupen nahikoa izan dezaten[9].
Nafarroako eremu ez-euskaldunean, euskararen irakaskuntza bultzatua izanen da, eta hala behar izanez gero, botere publikoek osoki edo partzialki finantziatua, sustapen eta promozio irizpideei jarraiki eta eskarien arabera[10].
· Ikas dezaket euskaraz eskolan eta unibertsitatean?
Bai, zure ikasketak euskaraz nahiz erdaraz burutu ditzakezu[11], bai eskolan bai unibertsitatean.
Hiru hizkuntza-eredu dituzu bai Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza‑sisteman bai Nafarroako Foru Erkidegokoan[12], unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzan.
A hizkuntza-eredua aukeratzen baduzu, gazteleraz jasoko duzu irakaskuntza eta euskara irakasgai izango duzu.
B hizkuntza-eredua aukeratzen duenak irakasgai batzuk euskaraz izango ditu eta beste batzuk gazteleraz.
D hizkuntza-ereduan sartzen direnak euskarazko irakaskuntza jasoko dute eta gaztelera irakasgai izango dute.
Ipar Euskal Herrian euskaraz ikasi nahi baduzu, ikastolek emango dizute aukera hori. Frantziako eskola publikoak ez dizu euskaraz ikasteko aukera eskainiko[13].
Frantsesa ez beste Frantziako hizkuntzak eskolan irakastea salbuespentzat hartzen du hango legediak[14], Hezkuntza Kodeak berak eskualdeetako hizkuntzen eta kulturen irakaskuntza aurreikusten duen arren[15].
· Baztertu dezaket euskara ikastea nire ikasketetatik?
Ez, euskara ez da hautazko ikasgaia[16]. Derrigorreko irakaskuntza amaitzen duten ikasle guztiek jakin behar dituzte bizi diren lurraldean ofizial diren hizkuntzak[17].
Hala ere, bere ikasketak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo hasita euki; edo bere ohiko egoitza Autonomia Erkidegoan ez dutela egiaztatu dezaten ikasleei, euskera ikastea barkatu ahal izango zaie, horretarako jarri daitezen modutan[18].
Berdin gertatzen da Nafarroako Eremu Euskalduneko ikasleen kasuan[19].
· Baztertu dezaket gaztelera ikastea nire ikasketetatik?
Ez, gaztelera ez da hautazko ikasgaia[20] Hego Euskal Herrian. Espainiako estatuan derrigorreko irakaskuntza amaitzen duten ikasle guztiek jakin behar dituzte bizi diren lurraldean ofizial diren hizkuntzak[21].
· Zer eskubide aitortzen zaie Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleei?
A.- Beren nortasunaren garapen osoa emango dien heziketa hartzeko eskubidea dute ikasleek. Horretara bideratuko dira beti ikastetxeen curriculum-diseinuak, hezkuntza- eta curriculum-proiektuak eta, halaber, irakaskuntzako programazio orokorra ere.
Heziketa horrek ondorengo hauek hartzen ditu:
a) Eskubide eta askatasunen errespetuan hezitzea eta elkarbizitzako demokrazia-printzipioen barruan, tolerantzia eta askatasuna erabiliz.
b) Lanerako ohitura intelektual eta teknikoak hartzea, halaber zientzia, teknika, gizadi, historia eta estetika mailako ezagutzak ere.
c) Nortasuna askatasunean garatzea eta demokraziazko elkarbizitza ahalbidetuko duten balioetan oinarrituz osabetezko heziketa ematea ikasleei.
d) Irakasleek, beren historia eta kultura ezagutuz, Euskal Herriko kide diren aldetik, beren geografi, gizarte eta ekonomi eta kultur ingurumarian sustraitzea sustatuz beren kultur nortasuna aurkitzea.
e) Ikasle guztiek, baldintza berdinetan, derrigorrezko irakaskuntza aldia bukatzean, bi hizkuntza ofizialen ezagutza praktikoa izatea, horrela, euskeraren erabilpena indartuz eta normalkuntzari laguntza emanez.
f) Afektibotasunaren garapen armonikoa, autonomia pertsonalarena, autoestimarena eta besteekin harremanetan izateko gaitasunarena.
g) Lanbidezko ekintzak, intelektualak eta ludikoak gauzatzeko gaitasuna.
h) Osasunaren babesa eta gaitasun fisikoen garapena ziurtatuko duen hezkuntza.
i) Irakaskuntzaren kalitatea hobetuko duen parte hartzea.
j) Bakerako, askatasunerako eta herrien arteko elkarlan eta solidaritaterako heziketa.
B.- Hezkuntzako maila desberdinetara heltzeko aukera beretarako eskubidea dute ikasle guztiek. Derrigorrezkoak ez diren mailetan, aprobetxamendu nahikotik edo ikasketarako bere gaitasunetatik sortzen diren mugak bakarrik izango dituzte.
Hona aukera-berdintasuna bermatzeko erabiliko diren bideak:
a) Jaiotza, arraza, hizkuntza, sexua, ekonomia-maila, gizarte-maila, politika-, moral- edo erligio-mailako uste sendoak direla bide bereizkeriarik ez egotea, ez eta urritasun fisiko edo psikikoengatik ere edo beste edozein egoera pertsonal edo sozialagatik ere.
b) Aukeren benetakoa eta efektiboa den berdintasuna bermatuko duten neurri positiboak jartzea.
c) Integraziorako hezkuntza-politikak gauzatzea eta hezkuntza-behar berezientzako erantzunak.
· Zer eskubide aitortzen zaie Nafarroako ikasleei?
A.- Nafarroako ikasleek eskubidea dute beren nortasuna oso-osorik garatzeko moduko prestakuntza hartzeko.
Eskubide hori gauzatzeko, ikasleen prestakuntzak honakoa bermatuko du:
a) Oinarrizko eskubide eta libertateen errespetuan eta askatasun eta tolerantziazko jokabidean oinarrituriko prestakuntza, bizikidetasunaren printzipio demokratikoetatik abiatuz.
b) Adimena lantzeko ohitura eta lan teknikak barneratzea, baita ezagupen zientifiko, tekniko, humanistiko, historiko eta artistikoak ere.
c) Ikaslearen sinesmenen araberako prestakuntza erlijioso eta morala edo, adin txikiko ikasleen kasuan, beren guraso edo tutoreenaren araberakoa.
d) Adimen eta lanbide jardueretan aritzeko gaitasuna.
e) Espainiako hizkuntz eta kultur aniztasuna errespetatzeko prestakuntza; horren barruan, gaztelaniaz jakin beharra eta erabiltzeko eskubidea izatea, Espainiako hizkuntza ofiziala baita, eta, hala dagokionean, euskaraz edo euskara ikastekoa, arlo horretako arauek adierazitakoari jarraikiz.
f) Gizarte eta kultur bizitzan erabat parte hartzeko prestakuntza.
g) Nafarroako gizartearen kultur identitatea ezagutzeko bidea ematen duen prestakuntza egokia.
h) Bakerako eta herrien arteko kooperazio eta elkartasunerako prestakuntza.
i) Afektibitatearen, norberaren autonomiaren eta besteekiko harremanetarako gaitasunaren garapen harmonikoa.
j) Osasuna zaintzera eta gaitasun fisikoak garatzera bideraturiko heziketa.
k) Nork bere ikastetxean hartzen duen irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko parte hartzea[22].
B.- Ikasleek adierazteko askatasuna izanen dute, hain zuzen, gertaera akademikoekiko euren desadostasuna adierazteko[23].
C.- Ikasleak ikastetxean bildu ahalko dira[24] eskolako zein eskolaz kanpoko jarduerak burutzeko eta, halaber, hezkuntza edo prestakuntza osatzeko helburua duten bestelakoetarako[25].
· Zer eskubide aitortzen zaie Ipar Euskal Herriko ikasleei?
Frantseseko ez beste hizkuntzetako hiztun diren ikasleei ez zaie euren hizkuntzetan ikasteko eskubidea aitortzen, ez hizkuntza bera ikasteko edo harreman pribatuetatik kanpora erabiltzeko.
Frantziako hezkuntza sisteman ikasten duten ikasleen eskubideak eta betebeharrak bertako hezkuntza kodean azaltzen direnak dira[26].
· Zeintzuk dira ikasleen betebeharrak[27]?
Eskola-elkarteko gainerako kideek eskubide eta askatasunez baliatu ahal izatea errespetatu beharra dute ikasleek.
Betebehar hori ondorengo eginkizunetan zehazten da:
a) Eskola-elkarteko kide guztien kontzientzi-libertatea eta ideologi, erligio, moral eta etika mailako uste sendoak errespetatzea, halaber duintasuna, integritatea eta intimitatea ere.
b) Jaiotza, arraza, sexua, ideologia, hizkuntza, kultura, erligioa edo eritzia edo beste edozein zirkunstantzia pertsonal edo sozial dela bide, eskola-elkarteko kiderik ez bereiztea.
c) Ikastetxeko hezkuntza-proiektua errespetatzea edo, egon badagoenean, bertako idearioa, indarrean dauden legeen arabera.
d) Ikastetxeko antolakuntzarako eta funtzionamendurako araudia edo barne jardunbiderako araudia betetzea.
e) Ikastetxeko ondasun higiezinak eta instalazioak errespetatzea eta zuzenki erabiltzea.
f) Ikastetxeko irakaskuntzaren, eskola-norabidearen eta elkarbizitzaren garapenik onenari laguntza emateko asmoz, eskola-elkarteko gainerako kideekin batera, parte hartzea eta aktiboki laguntzea.
g) Ikasle guztiek eta bakoitzak klasera joateko duen banakako eskubidea errespetatzea.
· Zeintzuk dira ikasleen gurasoen eskubide‑betebeharrak?
Euskal Eskola Publikoaren helburuen artean sartzen dira gurasoek herri‑ikastetxeen kudeaketan demokrazia-legez parte hartzeko duten eskubidea gauzatzea eta bermatzea, guraso nahiz tutoreek beren seme‑alabentzako ikastetxea aukeratzeko eta beren seme-alabentzako nahi duten erlijio‑irakaskuntza aukeratzeko eskubidea gauzatuko direla bermatzea, gurasoek eta ikasleek hizkuntza-eredua aukeratzeko duten eskubidea gauzatu ahal izan dezaten eta beste hainbat[28].
Espainiako legediaren arabera[29], “Los padres, en relación con la educación de sus hijos, tienen los siguientes derechos:
a) A que reciban una educación con las máximas garantías de calidad, en consonancia con los fines establecidos en la Constitución, en el correspondiente Estatuto de Autonomía y en las leyes educativas.
b) A la libre elección del centro.
c) A que reciban la formación religiosa y moral que esté de acuerdo con sus propias convicciones.
d) A estar informados sobre el progreso de aprendizaje e integración socio-educativa de sus hijos.
e) A participar en el control y gestión del centro educativo, en los términos establecidos en las leyes, y
f) A ser oídos en aquellas decisiones que afecten a la orientación académica y profesional de sus hijos.
2. Asimismo, como primeros responsables de la educación de sus hijos, les corresponde:
a) Adoptar las medidas necesarias, o solicitar la ayuda correspondiente en caso de dificultad, para que sus hijos cursen los niveles obligatorios de la educación y asistan regularmente a clase.
b) Estimularles para que lleven a cabo las actividades de estudio que se les encomienden.
c) Conocer y apoyar la evolución de su proceso educativo, en colaboración con los profesores y los centros.
d) Respetar y hacer respetar las normas establecidas por el centro, y
e) Fomentar el respeto por todos los componentes de la comunidad educativa.
3. Las Administraciones educativas favorecerán el ejercicio del derecho de asociación de los padres, así como la formación de federaciones y confederaciones.”
· Irakasleek, ikasleek eta ikasleen gurasoek eskubide berdinak al dituzte?
Ez, talde bakoitzak bere eskubideak eta betebeharrak ditu. Egoera juridikoa ez da berdina irakasle, ikasle edo guraso izan.
Azaldu ditugu aurreko galderei erantzutean zeintzuk diren ikasleen eta gurasoen eskubide-betebeharrak. Irakasleek, bere aldetik, bermatuta daukate katedra askatasuna. Hori bai, hezkuntza-helburuak betetzera bideratuko da askatasun horren erabilera, legeetan ezarritako printzipioen arabera[30].
Horrez gain, azpimarratzea komeni da irakasleek eta ikasleek murriztuta dauzkatela euren eskubideak hezkuntza‑administrazioaren antolaketan sartuta dauden heinean. Hezkuntza‑sistemarekiko duten menpekotasunak euren egoera juridiko aktiboa mugatzen du[31]. Beste muga batzuez gain eta hizkuntza eskubideez ari garela, hezkuntza‑administrazioaren esku dago lan-hizkuntza zein izango den erabakitzea[32].
· ikus Hizkuntzaren estatusaren eta hiztunen eskubideen oinarri juridikoak
· Ikastetxeetan euskaraz egiteko eskubidearen oinarriak
1.- Espainiako Estatuaren legedian
- 1/1990 LEGE ORGANIKOA, urriaren 3koa, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzkoa.
8/1985 LEGE ORGANIKOA
Lege Testuak
2.- Frantziako Estatuaren legedian
- 94-665 Legea, 1994ko abuztuaren 4koa, frantses hizkuntzaren erabilerari buruzkoa (Toubon Legea)
3.- Euskal Autonomia Erkidegoaren legeetan
- 322/2003 DEKRETUA, abenduaren 23koa, Euskal Herriko Unibertsitateko estatutuak onartzen dituena
- 1/1993 LEGEA, otsailaren 19koa, Euskal Eskola Publikoari buruzkoa
- 160/1994 DEKRETUA, apirilaren 19koa, Euskal Autonomi Elkarteko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubide eta betebeharrei dagokiona
- 138/1983 DEKRETUA, uztailaren 11koa, Euskal Herriko irakaskuntza ez unibertsitarian hizkunaza ofizlalen erabilera araupetuz
- Hezkuntza eta Kultura Sailaren 1983.eko Abuztuaren 1eko AGINDUA, uztailaren 138/1983 Dekretua, Euskal Herriko Autonomi Elkarteko irakasmaila ez unibertsitarietan hizkuntza ofizialen erabilera araupetzen duena garatuz
OHARRAK, ETA PROPOSAMENAK
ESKABIDEAK BESTE WEB
4.- Nafarroako Foru Erkidegoko legeetan
5.- Jurisprudentzian
- Espainiako Konstituzio Auzitegiaren 83/2000 EPAIA, martxoaren 27koa
- Espainiako Konstituzio Auzitegiaren 134/1997 EPAIA, uztailaren 17koa
- Espainiako Konstituzio Auzitegiaren 88/1983 EPAIA, urriaren 27koa
- Espainiako Konstituzio Auzitegiaren 137/1986 EPAIA, azaroaren 6koa
- Espainiako Konstituzio Auzitegiaren 195/1989 EPAIA, azaroaren 27koa
- Espainiako Konstituzio Auzitegiaren 19/1990 EPAIA, otsailaren 12koa
- Espainiako Konstituzio Auzitegiaren 6/1982 EPAIA, otsailaren 22koa
[1] Euskararen 10/82 Legearen 17.garren atala. “Jaurlaritzak, ikaslegoari nahitaezko ikastaldiak bukatzerakoan bi hizkuntza ofizialak erabilzeko adina ezagutuko ditueneko segurantza emateko xedezko neurriak hartu eta euskera-giroa bermatuko du, barne nahiz kanpo-ekintzapidetan eta arduralaritzako ihardun eta agirietan euskera agizko adierazpide eginez.”
[2] Euskararen 10/82 Legearen 16. 3. atala. “Herri-diruzko laguntza hartu eta araupeko irakaskuntza Erkidegoan ofizial ez den hizkuntza bat oinarri dela eman ditzaten norbanako-jabetzapeko ikastegiek, euskera eta gaztelera nahitaezko ikasgai gisa emango dituzte.”
[3] Euskararen 10/82 Legearen 19.garren atala. “Irakasleen gaikuntzarako unibersitate‑eskolek irakasleak bere berarizkotasunak eskatzen duenaren arauera euskeraz eta gazteleraz erabat gai izan daitezela lortzeko egokituko dituzte bere ikasketa-egitarauak.”
[4] Hona Euskararen Aholku Batzordearen Lege Garapenerako Batzorde Atalak 2001eko urtarrileko txostenean jasotakoa: “Hizkuntza bat lurraldean ofizialtzat hartzen den momentutik eragozpenik gabe erabil daiteke eraginkortasun juridiko osoz harreman publiko eta pribatu guztietan, hau da, ofizialtasunaren lehenbiziko ondorio juridikoa hizkuntza erabiltzeko eskubidea da, eta erabili ere modu aktiboan zein pasiboan erabiltzeko (norberak edozein kasutan erabiltzeko eskubidea eta erantzuna norberaren aukerako hizkuntzan jasotzeko eskubidea bestea erakunde publikoa denean), eta horrek berekin dakar, bistan da, botere publikoen eta administrazioaren egiturak hizkuntza anitzen ofizialtasunera moldatu beharra.”
[5] 10/82 Legea, azaroaren 24koa, euskararen erabilpena arauzkotzeko dena. 5.garren atala. “1. Euskal Herritar guztiek dute hizkuntza ofizialak hitzez nahiz idatziz ezagutzeko eta erabiltzeko eskubide.
2. Euskal Herritarrei honako funtsezko hizkuntza-eskubide hauek aitortzen zaizkie:
a) Arduralaritzarekin eta Autonomia-Elkartean kokatutako edozein Ihardutze-Sail edo Erakunderekin harremanak hitzez eta/edo idatziz euskeraz edo gaztelaniaz izateko eskubidea.
b) Ikasketak bi hizkuntza ofizialetan egiteko eskubidea.
c) Aldizkariak, irrati eta telebista eta beste adierazpideetako emankizunak euskeraz jasotzeko eskubidea.
d) Lanbidezko, lanezko, politikazko eta sindikaritzazko ekintzetan euskeraz aritzeko eskubidea.
e) Edozein bilkuratan euskeraz egiteko eskubidea.
3. Eskubide hauek eraginkorrak eta benetakoak izan daitezen, herri-agintesailek beroien erabilpena bermatuko dute.”
[6] Euskal Herriko Unibertsitateari dagokionean ikus 322/2003 DEKRETUA, abenduaren 23koa, Euskal Herriko Unibertsitateko estatutuak onartzen dituena.
“165. artikulua.– 1. Unibertsitateko kide guztiek eskubide hauek izango dituzte:
a) Hizkuntza ofizialetako edozeinetan jardutekoa.
b) Hizkuntza ofizialetako edozeinetan izatekoa harremanak UPV/EHUko organoekin.
c) Eskolak hizkuntza ofizialetako edozeinetan jasotzekoa, bai eta eskolak edozeinetan ematekoa ere.
d) Lanak, probak eta azterketak hizkuntza ofizialetako edozeinetan egitekoa.
e) Ikerlanak hizkuntza ofizialetako edozeinetan egin, argitaratu eta defendatzekoa.
2. UPV/EHUk euskararen erabilera bermatuko du funtzionario publikoen oposizioetan eta lan‑kontratuko langileak hautatzeko prozeduretan.”
Nafarroako Unibertsitate Publikoari dagokionean ikus 110/2003 FORU DEKRETUA, maiatzaren 12koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuak onesten dituena.
“118. artikulua. 1. Gaztelania eta euskara Nafarroako hizkuntzak dira, eta, beraz, unibertsitateko kide guztiek dute biak jakin eta erabiltzeko eskubidea, hurrengo artikuluak ezarritako moduan.
2. Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskara administrazioan nola erabiliko den erabakitzeko erreferentziatzat hartuko dira organo eskudunek lege indardunei jarraikiz ematen dituzten hizkuntza jarraibideak.”
“119. artikulua. 1. Unibertsitateko Komunitateko partaide guztiek eskubide hauek dituzte: a) Unibertsitatearen gobernu organo eta administrazio zerbitzuetara zuzentzean, Foru Erkidegoko bi hizkuntzetako edozeinetan hitz egitea. b) Unibertsitateko bileretan Nafarroak dituen bi hizkuntzetako edozeinetan hitz egitea. c) Unibertsitateak euskaraz eskaintzen dituen irakasgaietan irakaskuntzak euskaraz jaso eta eskaintzea, bai eta lanak, azterketak edo probak euskaraz egitea ere, Legeak ezartzen duen moduan.
2. Unibertsitateko organo guztiek, beren eskumen esparruetan, behartuta daude eskubide horiek bermatzen. Horretarako, Unibertsitateak behar diren baliabideak jarriko ditu.”
[7] Hizkuntza bat ofizial egiteak dakarren beste ondorio bat zera da, hots, botere publikoek euren hezkuntza planetan hizkuntza ofizial direnak sartu behar dituztela, derrigorreko hezkuntza gainditu duen guztiak hizkuntza ofizialak ezagutzeko bestean [vid. horretaz LOGSEren 19.a) artikulua edo, Euskal Autonomia Erkidegoan, Euskal Eskola Publikoari buruzko 1/1993 Legearen 3.2.g) artikulua].
[8] Euskararen Foru Legeak horrelaxe jasotzen du 24. artikuluan.
[9] Euskararen Foru Legeak horrelaxe jasotzen du 25. artikuluan.
[10] Euskararen Foru Legeak horrelaxe jasotzen du 26. artikuluan.
[11] Euskararen 10/82 Legea. 15garren atala. “Ikasle guztiei, hezkuntza-maila berezitan, irakaskuntza euskeraz eta gaztelaniaz hartzeko eskubidea aitortzen zaie. (...)”
[12] 18/1986 Foru Legea, Abenduaren 15ekoa, Euskarari buruzkoa. 19. artikulua. “Herritar guztiek dute hezkuntza mailetan irakaskuntza euskaraz eta gaztelaniaz izateko eskubidea, ondoko kapituluetan ezarritako eran.”
1. atala: Hizkuntza frantsesak Frantziaren nortasuna eta ondarea onarritzen ditu, Errepublikaren hizkuntza baita Konstituzioaren arabera.
Irakaskuntzako, laneko, harremanetako eta zerbitzu publikoetako hizkuntza da.
11–I. atala – Frantsesa da irakaskuntzaren, azterketen eta lehiaketen hizkuntza, bai eta tesiena eta oroit‑idazkiena ere, ikastetxe publikoetan eta pribatuetan; kanpoko edo eskualdeetako hizkuntzen eta kulturen irakaskuntzak justifikatzen dituen salbuespenetan eta irakasle lagunak edo gonbitatutako irakasleak kanpokoak direnean izan ezik.
L.312-10. atala. - Eskualde hizkuntzen eta kulturen irakaskuntza eman daiteke eskolatze-aldi osoan.
Hezkuntzaren kontseilu nagusia kontsultatzen da, L.231- 1. atalak ematen dizkion eskumenen arabera, eskualde hizkuntzen eta kulturen ikaskuntza laguntzeko baliabideez, hizkuntza hauek erabiliak diren eskualdeetan.
Article L.312-11.- Irakasleek baimena dute eskualde hizkuntzez baliatzeko lehen mailako eskoletan eta haur‑eskoletan, beren irakaskuntzaren lagungarri diren aldi oroz, bereziki hizkuntza frantsesaren ikaskuntzan.
[16] Hezkuntza eta Kultura-Sailaren 1983.eko Abuztuaren 1eko AGINDUA, Uztailaren 138/1983 Dekretua, Euskal Herriko Autonomi Elkarteko irakasmaila ez unibertsitarietan hizkuntza ofizialen erabilera araupetzen duena garatuz.
“1. artikulua. 1. Euskara eta gaztelania derrigorrezko irakasgaiak izango dira Euskal Autonomi Elkarteko Eskolaurre, O.H.O., L.H., B.B.B. eta U.B.I. mailako ikastetxe guztietan.”
[17] Konstituzio Auzitegiak adierazi du “Estatu osoaren (autonomia erkidegoena ere bai) betebehar konstituzionala da gaztelaniaren eta berezko hizkuntza ofiziala duen erkidegoko hizkuntzaren ezagutza ziurtatzea…, eta horrek berekin dakar, jakina, bi hizkuntzak irakatsi behar direla erkidegoko ikastetxeetan helburu hori erdiesteko moduko intentsitatearekin. Eta betebehar hori Estatutotik ezezik Konstituziotik bertatik ere badator (3. art.)”. Horri ondokoa gaineratu dio Konstituzioaren interpretatzaile gorenak: “gutxieneko ikastordu-kopuruaren araudiak bi hizkuntza ofizialak behar bezala ikasteko aukerarik ematen ez badu, ez da betebehar konstituzionala betetzen” (Konstituzio Auzitegiaren 88/1983 epaia).
[18] Euskararen 10/82 Legearen 21. atalean jasotakoaren arabera.
[19] Euskararen Foru Legearen 24. 3. atala. “Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko ikasketak eremu euskaldunetik at hasi dituzten ikasleak edota eremu honetan ohiko ez den bizilekua dutela justifikatzen dutenak, euskararen irakaskuntzatik salbuetsiak izan daitezke.”
[20] Euskararen 10/82 Legea. 16garren atala. 1. “Unibersitate ikasketetaraino eman dedin irakaskuntzan, aitak, kuradoreak edo hala egokituz gero ikasleak berak ikasketak egiteko aukeratu ez duen hizkuntza ofiziala erakustea nahitaezkoa izango da.”
[21] Ikus, besteak beste, hizkuntza ofizialak jakiteko betebeharrari buruz (ez bakarrik gazteleraren derrigortasunari buruz), bai Espainiako Auzitegi Gorenaren 1998ko urtarrilaren 26ko epaia (Administrazioarekiko auzietako aretoa), Ar. 668, eta 2000ko martxoaren 27ko epaia (Administrazioarekiko auzietako aretoa), Ar. 3979, bai Espainiako Konstituzio Auzitegiaren 134/1997 epaia, uztailaren 17koa (EAO, abuztuaren 6koa).
[22] 417/1992 Foru Dekretuaren 6. artikulua, 191/1997 Foru Dekretuak aldaturikoa
[23] 417/1992 Foru Dekretuaren 14. 1. artikulua, 191/1997 Foru Dekretuak aldaturikoa
[24] 417/1992 Foru Dekretuaren 14. 2. artikulua, 191/1997 Foru Dekretuak aldaturikoa
[25] Ikus baita 417/1992 Foru Dekretuko 7. artikulutik 10.era, eta 12., 13., 18., 19 eta 20. artikuluak.
[26] Droits et obligations des étudiants : code de l'éducation, art. L. 811-1 et suivant(s)
Article L811-1. Les usagers du service public de l'enseignement supérieur sont les bénéficiaires des services d'enseignement, de recherche et de diffusion des connaissances et, notamment, les étudiants inscrits en vue de la préparation d'un diplôme ou d'un concours, les personnes bénéficiant de la formation continue et les auditeurs.
Ils disposent de la liberté d'information et d'expression à l'égard des problèmes politiques, économiques, sociaux et culturels. Ils exercent cette liberté à titre individuel et collectif, dans des conditions qui ne portent pas atteinte aux activités d'enseignement et de recherche et qui ne troublent pas l'ordre public.
Des locaux sont mis à leur disposition. Les conditions d'utilisation de ces locaux sont définies, après consultation du conseil des études et de la vie universitaire, par le président ou le directeur de l'établissement, et contrôlées par lui.
Article L511-1. Les obligations des élèves consistent dans l'accomplissement des tâches inhérentes à leurs études ; elles incluent l'assiduité et le respect des règles de fonctionnement et de la vie collective des établissements.
Article L511-2. Dans les collèges et les lycées, les élèves disposent, dans le respect du pluralisme et du principe de neutralité, de la liberté d'information et de la liberté d'expression. L'exercice de ces libertés ne peut porter atteinte aux activités d'enseignement.
[27] Ikus 417/1992 Foru Dekretuaren 22. artikulua eta 160/1994 Dekretuaren 20. artikulua
[28] Ikus Euskal Eskola Publikoaren 1/1993 Legearen 3., 5., 6., 13. eta 21. artikuluak.
[30] Hezkuntza eskubidea arautzen duen 8/1985 Lege Organikoaren 3. artikulari jarraiki.
[31] Hona, esate baterako, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleen eta ikertzaileen eskubideak eta betebeharrak:
“322/2003 DEKRETUA, abenduaren 23koa, Euskal Herriko Unibertsitateko estatutuak onartzen dituena.
52. artikulua.– 1. UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileek eskubide hauek izango dituzte, legerian eta estatutu hauetan jasotako beste eskubide edo ahalmenez gain:
a) Katedra askatasunarekin eta ikertzeko askatasunarekin aritzekoa, ideia eta sineste zientifikoak askatasunez adierazita.
b) Bitarteko egokiak izatekoa eginkizunak behar bezala betetzeko, duintasun pertsonal eta profesionala erabat errespetatuta.
c) Prestakuntza jaso eta lanean etengabe gora egitekoa.
d) EHUko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoetan parte hartzekoa; eta karguak eta eginkizunak betetzeko hautatuak izan badira, horietan jardutekoa.
e) Unibertsitatean eragina duen informazioa jasotzekoa UPV/EHUko organoetatik, komunikazio gardenaren printzipioa errespetatuta.
f) Egindako lana ebaluatzeko prozeduren eta sistemen berri izatekoa, bai eta ebaluazioaren emaitzena ere.
g) Askatasunez elkartzekoa, sindikatzekoa, eta negoziazio kolektiboa eta greba egitekoa, euren lan baldintzak finkatu eta defendatzeko.
h) UPV/EHUk eskainiko dituen gizarte prestazioetarako eskubidea, eta lana osasun baldintza egokietan egitekoa. UPV/EHUk aparteko garrantzia emango dio laneko arriskuak saihesteari eta arrisku horiei buruzko informazioa eta prestakuntza emateari.
2. UPV/EHUk ahalegina egingo du irakasleen irakats betebeharrak homogeneoak izan daitezen, eta erreferentziazko plantilan zehaztutako irizpideen araberakoak.
53. artikulua.– UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileek betebehar hauek izango dituzte, legerian jasotakoez gain:
a) UPV/EHUren funtzionamendua hobetzen laguntzekoa, zerbitzu publiko moduan, irakaslanak, ikerlanak eta administrazio lanak eginda dagokien alorrean.
b) Unibertsitateko jokamoldeak errespetatzea unibertsitateko beste kideekiko harremanetan.
c) Ezagutza zientifikoak eta prestakuntza eguneratzekoa, irakaslana, ikerlana eta gaitasun pedagogikoa hobetzeko.
d) Karguetan eta batzordeetan aritzeko hautatuak izan badira, arduraz jardun eta parte hartzekoa.
e) Irakasleen lana kontrolatu eta ebaluatzeko UPV/EHUk ezarriko dituen prozeduretan parte hartzekoa, eta irakaslanaren, ikerlanaren eta gestio lanen berri ematekoa urtero kasuan kasuko sail, institutu edo ikastegiari.
f) UPV/EHUko instalazio, ondasun eta baliabideak behar bezala erabiltzea.
g) Estatutu hauek eta beroriek garatzen dituzten arauek betetzekoa, bai eta unibertsitateko gobernu organo eskudunen erabaki eta akordioak ere.”
[32] “Hirugarren uste ustel bat, Administrazioak bere lan-hizkuntza definitzeak administrazio horretako funtzionarioen eskubide-laukian sortaraz ditzakeen kalteen inguruan sortzen da. Izan ere, batzuen iritziz, Administrazioak bere barne jarduerak zein hizkuntzatan hezur-mamitu behar diren ofizialki zehazteak bertako sail eta bulegoetan lanean diharduten funtzionarioen funtsezko eskubideak –eta bereziki adierazpen‑askatasuna– urratuko lituzke.
Gure artean, ordea, ezin daiteke –ñabardura askoz jantzi barik behinik behin– horrelakorik baieztatu. Hemen, ikusiko dugunez, funtsezko eskubideen edukiaren eta norainokotasunaren ikuspegitik, ezin daitezke parekatu herritar soilak eta, funtzionarioak bezala, administrazioaren antolakuntza-esparruren baten baitan kokatuta izateagatik, administrazio horrekiko menpekotasunezko harremanaz lotuak daudenak, hala nola, herri eskoletako ikasleak, presondegietako presoak eta abar.”
Erkoreka Gervasio, J.I. “Euskara Euskal Administrazioetan; erabilera arautzeari aurpegi emateko bideak”. Eleria. 0. zenbakia, 1996, 35-54