1. Hizkuntzaren estatus juridikoa
1.1. Ofizialtasun osoa
· Euskara, ofiziala al da?
Bai, euskara ofiziala[1] da, gaztelaniarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoan[2] eta Nafarroako Foru Erkidegoko eremu euskaldunean[3].
· Zer ondorio ditu euskara ofizial izateak?
Hiztunak eskubidea duela euskara balio eta eraginkortasun juridiko osoarekin erabili ahal izateko, eta inork ezingo diola eskatu berak hautatutako hizkuntza ofiziala ez besteren batean mintza dadin, eta eskubidea duela, orobat, mintzakidea erakunde publikoa bada, berak hautatutako hizkuntza horretan erantzun diezaion.
· Herri-aginteek euskaraz erantzun behar al diete hala nahi duten herritarrei?
Bai, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoko eremu euskaldunean diren herri-aginte guztiak[4] daude euskararen ofizialtasun-araubidearen pean.
Hor sartzen dira:
- Eusko Jaurlaritzaren menpeko administrazio-erakundeak[5].
- Eremu euskaldunean diren Nafarroako Gobernuaren[6] administrazio-erakundeak.
- Udalak eta toki-administrazioko gainerako erakundeak.
- Lurralde historikoetako administrazioak
- Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako eremu euskaldunean den Estatuaren administrazioa.
- eta, hala balegokio, Europar Batasunak lurralde horietan ezar ditzakeen administrazio-erakunde edo ordezkaritzak.
- Horiez gain, baita erakunde autonomoaren izaera duten administrazio-erakundeak ere, hala nola: Instituto Nacional de Estadística (INE), Instituto Nacional de Empleo (INEM) , Instituto Nacional de la Seguridad Social (INSS), Agencia Estatal Tributaria, Red Nacional de Ferrocarriles Españoles (RENFE), Correos y Telégrafos, eta abar.,
- Orobat, Euskal Autonomia Erkidegoan edo Nafarroako eremu euskaldunean diren bertako zein nazioarteko beste herri-aginte batzuk.
· Harreman publiko nahiz pribatuetarako euskara askatasunez hautatu ahal izateko herritarrek duten eskubidearen oinarria, zein da?
Euskararen ofizialtasuna.
Berdintasunerako eskubidea[7], eta hitz egiteko euskara hautatzeagatik bereizkeriarik ez jasateko eskubidea.
Espainiako 1978ko Konstituzioak I. tituluko II. kapituluan onartzen dituen eskubide eta askatasunek, eta horien artean berdintasunerako eskubideak, herri-aginte guztiak lotzea[8].
Herritarrak eta herri-aginteak[9] konstituzioaren eta ordenamendu juridikoaren gainerako arauen menpe egotea.
· Gure harremanetarako euskara hautatzeko eskubidea lurraldeko edozein lekutan erabil dezakegu, lurralde horretako egoera soziolinguistikoa edozein dela ere; egia ote?
Bai, hizkuntza bat ofiziala da gizartean duen pisua[10] edozein dela ere, eta hizkuntza horri ofizialtasuna ezagutzeak esan nahi du herritar guztiek dutela eskubide berbera euskara ofizial den lurraldeko edozein lekutan erabiltzeko.
· Zer esan nahi du euskara eta gaztelania ofizialkide izateak, herri-aginteek herritarrekiko harremanetan biak erabili behar dituztela nahitaez?
Ez, Espainiako ordenamendu juridikoak aukera ematen du hizkuntza ofizialkideetan bata edo bestea –bat bakarra– erabiltzeko[11].
Izan ere, toki-administrazioko euskal korporazioek, nahi izanez gero, badute beren jardueretarako euskara lehenestea, eta horretarako oinarri juridikoa Autonomia Erkidegoan aplikazio osagarrikoa den Estatuko araudian aurki dezakete, hark aukera ematen baitu hizkuntza ofizialkideetako bat bakarra balio eta eraginkortasun juridiko osoarekin erabiltzeko, beti ere toki-administrazioko korporazioak berak horren inguruan hartutako erabakiekin bat etorriz[12].
[13].
1.2. Ofizialtasun partziala
· Zeri deitzen diogu ofizialtasun partziala?
Euskaraz ari garela, nafar euskaldunen hizkuntza-eskubideen erabilera arautzen duen Nafarroako Foru Erkidegoko araubide juridikoari deitzen diogu izen horrekin.
· Zergatik partziala?
Nafarroan euskararen ofizialtasuna partziala da erkidego horren lurraldeko eremu batean baino ez delako ofiziala eta Nafarroako herritar euskaldunen zati bati baino ez dizkiolako ezagutzen hizkuntza-eskubideak.
· Non da ofiziala euskara?
Euskara, gaztelaniarekin batera, hizkuntza ofiziala da Euskararen Legeak eremu euskalduna deitzen duen Nafarroako zatian; udalerri hauek sartzen dira eremu horretan:
Abaurregaina, Abaurrepea, Altsasu, Anue, Araitz, Arakil, Arano, Arantza, Arbizu, Areso, Aria, Aribe, Arruazu, Auritz, Bakaiku, Basaburua, Baztan, Bera, Bertizarana, Betelu, Donamaria, Doneztebe, Elgorriaga, Eratsun, Ergoiena, Erroibar, Esteribar, Etxalar, Etxarri Aranatz, Ezkurra, Garaioa, Garralda, Goizueta, Hiriberri, Igantzi, Imotz, Irañeta, Ituren, Iturmendi, Labaien, Lakuntza, Lantz, Larraun, Leitza, Lesaka, Luzaide, Oitz, Olatzagutia, Orbaizeta, Orbara, Orreaga, Saldias, Sunbilla, Uharte Arakil, Ultzama, Urdazubi, Urdiain, Urrotz, Ziordia, Zubieta eta Zugarramurdi.[14]
· Zein hizkuntza-eskubide ezagutzen zaie Nafarroako herritarrei?
Euskara jakin eta erabiltzeko eskubidea dute.
Hezkuntzako era bateko eta besteko mailetan irakaskuntza[15] euskaraz eta gaztelaniaz jasotzeko eskubidea, Legeak[16] ezarritako baldintzetan, Nafarroako errealitate soziolinguistikoaren arabera, eta printzipio hauekin bat etorriz: borondatezkoa izatea, mailakakoa izatea eta begirunea.
Herri-administrazioekiko[17] harremanetan euskara zein gaztelania erabiltzeko eskubidea, Legeak ezarritako baldintzetan[18].
Horrez gain, eremu euskalduneko nafarrei eskubide hauek ezagutzen zaizkie:
- Administrazio-jakinarazpen eta -komunikazioak euskara hutsez jasotzeko eskubidea, euskara hutsez jasotzeko aukera berariaz egin dutenean, eta hizkuntzetako bat berariaz aukeratu ez dutenean, bi hizkuntza ofizialez idatzita jasotzekoa.
- Fede-emaile publikoei euskarazko kopia eta lekukotzak eskatu eta horiek euskaraz eskuratzeko eskubidea, eta fede-emaile horien erantzukizunekoak diren matrize eta agiriak itzultzeko ardura fede-emaileena eurena izatekoa.
- Eta herri-erregistroetan euskarazko kopia eta ziurtagiriak eskatu eta eskuratzeko eskubidea.
· Zein da euskararen legezko estatusa eremu mistoan eta eremu ez‑euskaldunean?
Euskara ez da ofiziala Nafarroako eremu mistoan[19] ez eta eremu ez-euskaldunean ere[20].
Hala ere, Euskararen Legeak eremu mistoko herritar guztiei ezagutzen die Nafarroako herri-administrazioarekiko harremanetan euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea, eta lege horretan aurreikusten denez, herri-administrazio horiek zehaztu egin behar dute zein lanpostu publikotarako izango den beharrezkoa euskara jakitea .
Ez dago horrelako aurreikuspenik eremu ez-euskaldunerako; Legearen arabera, badago eremu horretako herritarrei gaztelaniara[21] itzul dezaten eskatzea Nafarroako Herri Administrazioari euskaraz zuzentzan zaizkionean.
Irakaskuntzaren inguruan, Legeak xedatzen du eremu mistoko ikastetxeetan euskarazko irakaskuntzarako lerroak sortuko direla, eta hau dio hitzez hitz: ”eremu ez‑euskaldunean, euskararen irakaskuntzari laguntza emanen zaio, eta, hala balegokio, herri-aginteek finantzatu eginen dute irakaskuntza hori, osoki edo hein batean, hizkuntza hori sustatzeko irizpidean oinarrituta, eta zer eskari[22] dagoen ikusita".
Era berean, eremu mistoan eta ez-euskaldunean, toponimoen erabilera ohikoa eta ofiziala hizkuntza biez[23] izanen da, baldin eta gaztelaniazko izenaz gain, euskaraz gaztelaniazkoa ez bezalako izena badute, jatorrizkoa eta usadiozkoa.
· Zer ondorio dakar hizkuntza bat ofizial ez izateak?
Euskara ez da ofiziala Ipar Euskal Herrian, administrazio eta politikaren aldetik Frantziako Pirinio Atlantikoetako Departamenduan sartuta dagoen Euskal Herriaren zati horretan.
Frantziar Errepublikako hizkuntza ofizial bakarra frantsesa da.[24] Bera da irakaskuntzako, laneko, trukeetako eta zerbitzu publikoetako hizkuntza.[25]
Ez euskarak ez Frantzian diren herrien hizkuntza berezkoek ere ez dute ezagutza ofizialik.[26]
Horren ondorioa da herri-aginteek:
- ez hizkuntza horiek jakitea ez erabiltzea dituztela sustatzen.
- frantsesaz besteko hizkuntzak ez dituztela hartzen beren herrialdeko ondarearen eta kultur aberastasunaren zatitzat.
- ez dutela uste ofizialak ez diren hizkuntzek inolako babes berezirik merezi dutenik.
Horren ondorioz,
- Ofizialak ez diren hizkuntzek ez dute osperik agintegune ofizialetan
- eta, batez ere, ofizialak ez diren hizkuntzek eta haien hiztunek ez dute eskubiderik estatuaren ikuspuntutik.
· Hizkuntza horiei ofizialtasunik ez ezagutzeak zer egoeratan uzten ditu hiztunak?
Hizkuntza horiei ofizialtasuna ezagutu gabe, herritarrek eurek hartu behar izaten dituzte beren gain hizkuntza babestu, garatu eta sustatzeko zereginak, bai eta beren eskubideak aldarrikatzekoa ere.
Frantziako ordenamendu juridikoak[27] babestu egiten ditu elkartzeko askatasuna, irakaskuntza-askatasuna eta berdintasunerako eskubidea, eta horri esker dira legezko euskara babestea eta sustatzea beren gain hartu duten gizataldeen ekimen eta ekintzak.
Adierazpen- eta manifestazio-askatasunak babesten dituzte euskarazko argitalpen eta hedabide pribatuak zein euskaldunen eskubideak ezagutuak izatea eskatzen duten aldarrikapen-ekintzak.
· Beharrezkoa al da hizkuntzari ofizialtasuna ezagutzea belaunaldien arteko transmisioa, gizarte-erabilera eta kalitatea ziurtatze aldera?
Bai, hiltzeko zorian diren hizkuntzak berreskuratzearen inguruan adituak diren Joshua A. Fishman-ek[28] eta Richard Y. Bourhis-ek azpimarratu dute zein garrantzitsua den erakundeen laguntza eta herritarren parte hartzea, biak aintzat hartzea, hizkuntzek bizirik irautea lortze aldera.
Gobernu baten hizkuntza-politikak ezin du arrakastarik izan baldin eta herritarren borondatea eta parte hartzea kontuan hartzen ez badira. Baina, aldi berean, egia da hau ere: herritarraren parte hartzea berez ez da aski hizkuntza baten berreskurapena eragiteko, baldin eta erakundeen laguntzarik ez badu.
Herri-aginteek hizkuntza baten normalizazio-prozesuan duten zeregina ezinbestekoa da.
· Zer ondorio izango luke Frantziar errepublikako euskal hiztunentzat euskara hizkuntza ofizial gisa ezagutua izateak?
Ofizialtasunak berarekin dakar, ezinbestean
- Ofizialtasunaren lurralde-eremuan nork bere hizkuntza balio eta eraginkortasun juridiko osoarekin erabiltzeko eskubidearen bermea.
- Herritarrek beren hizkuntza-eskubideak erabiltzeko aurkitzen dituzten oztopo eta zailtasunak kentzeko herri-aginteek duten betebeharra.
- Hizkuntza ofizial baten alde eta bestearen kaltetan arbitrarietatez jokatzeko debekua.
- Bizitza ekonomiko eta sozialean, herri-administrazioekiko harremanetan, irakaskuntzan, osasun-arloan, auzitegietan, hedabideetan eta edozein gune publiko edo pribatutan hizkuntza aukeratu ahal izateko eskubidea.
Bereziki nabarmendu beharrekoa da euskara irakaskuntzan sartzeak hizkuntzaren transmisiorako izango lukeen eragina eta biderkatze-ondorioa. Euskara irakaskuntzan sartzen ez bada, haren iraupena arriskuan izango da Ipar Euskal Herrian, 2001ean egindako Euskal Herriko Inkesta Soziolinguistikoan[29] eskuratutako datuen arabera; hain zuzen ere, duela mende bat baino gehiago, abokatu eta domingotar frantses Henri-Dominique de Lacordaire ospetsuak, Frantses Akademiako kide eta erlijio-gaietan Frantziako mintzalari bikainena izan omen zenak, horrexetaz ohartarazi zuen: "une langue qu'on n'enseigne pas est une langue qu'on tue."
1.4. Nazioartearen babesa
· Arduratzen al dira nazioarteko erakundeak euskara babesteaz?
Bai, gutxiengoen hizkuntzak eta eskualdeetakoak, euskara horien artean, eta hizkuntza horietako hiztunen eskubideak aintzat hartuak dira oso nazioarteko legedian eta nazioarteko erakundeen jardueran, baita Europar Batasunaren araudian[30] ere.
· Zeintzuk dira hizkuntza-aniztasuna babesteko zereginean gehien nabarmendu diren nazioarteko erakundeak?
Ondoren, hizkuntza-ondarearen babesean gehien nabarmendu diren erakundeak aipatuko ditugu, oro har, eta Europako hizkuntzak babesteko zereginean nabarmendu direnak, bereziki:
- Nazio Batuen Erakundea (NBE)
- Europako Kontseilua[31]
- Europar Batasuna (EB)
· Hizkuntza guztietako hiztunen eskubideak eta hizkuntza-aniztasuna babesteko beharrizana aitortzen dituzten testu juridiko nagusiak, nazioartean aplikatzekoak, zeintzuk dira?
- Giza Eskubideen Nazioarteko Adierazpena, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Hitzarmena, Haurraren Eskubideen gaineko Hitzarmena, gutxiengo nazional, etniko, erlijioso eta linguistikoetako kide diren pertsonen eskubideei buruzko Adierazpena, horiek oro Nazio Batuen Erakundearen batzar nagusiak onartutakoak, 1948an, 1966an, 1989an eta 1992an, hurrenez hurren, eta bai Espainiak bai Frantziak sinatu eta sendetsitakoak.
- Eskualdeetako hizkuntzen eta gutxiengoen hizkuntzen gaineko Europako Gutuna, Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmena, Europako gutxiengoen hizkuntzen eta dialektoen hezkuntza- eta kultura-arazoen gaineko Gomendioa, Vienako 1993ko Adierazpena eta Gutxiengo Nazionalak Babesteko Esparru Akordioa, guztiak Europako Kontseiluaren barruan onartutakoak.
- Europako Erkidegoa Eratzeko Itunaren 149. artikulua, 1997ko urriaren 2ko Amsterdameko Itunak eman zion idazkera berriaren arabera, eta Europako Parlamentuaren adierazpen, Europako Batzordearen komunikazio eta Eskualdeetako Lantaldearen irizpen zenbait, Europar Batasunaren barruan onartutakoak.
· Nork bere hizkuntza ezagutu eta erabiltzeko eskubidearen nazioarteko arauketaren ezaugarriak, zeintzuk dira?
Duintasun eta balioaren aldetik hizkuntza guztiak berdinak direla aldarrikatzea.
Herritarrek, erabiltzen duten hizkuntza dela-eta, bereizkeriarik ez jasateko duten eskubidea ezagutzea.
Kultura- eta hizkuntza-ondarea babesteko beharrizana baieztatzea.
Helburu horiek betetzeko neurri zehatzak hartzeko beharrizana, neurriok dena delako testuan dagoeneko zehaztuta daudenean izan ezik.
· Nahitaez bete beharrekoa al da nazioarteko testu juridikoen edukia?
Bai, nazioarteko itunek negozio izaera dute, estatuek euren artean egindako negoziazioaren ondorio dira; estatuek, testua adostu ondoren, sinatu eta sendetsi egiten dute, nazioarteko eremuan betebeharrak beren gain hartzeko duten borondatearen adierazgarri.
Nazioarteko itunak, sendetsitakoan, sinatu dituzten estatuen barruko ordenamendu juridikoaren zati bihurtzen dira.[32]
Nazioarteko erakundeen adierazpen, gomendio eta irizpenek, funtsean, interpretaziorako edo egitasmo-erako arauak dituzte, eta arau horiek estatu sinatzaileetako herri-aginteak ere behartzen dituzte.
Hala, esate baterako, indarrean den Espainiako Konstituzioak onartzen dituen funtsezko eskubideak, eta horien artean berdintasunerako eskubidea, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren arabera interpretatu behar dira, Konstituzioak berak agintzen duenez.[33]
Bereizi egin behar dira, ordea, Europar Batasunaren erakundeetatik datozen arauak, beste era batean aplikatzen baitira Batasuneko kide diren estatuen barruan.
· Zer egin daiteke hiztunen eskubideak ezagutzen dituen nazioarteko itun bat, edo estatuari egiteko edo ez egiteko betebehar jakin batzuk ezartzen dizkion bat, betetzen ez bada?
Estatu baten barneko zuzenbidearen osagai diren nazioarteko arauak zuzen-zuzenean aplikatzekoak dira eta badago auzitegi arruntetan haiek baliatzea.
Gainera, eskumen- eta prozedura-arauen arabera erkidegoaren gaietan jurisdikzio-ahala baliatu behar denean, Luxemburgeko Justizia Auzitegiari dagokio horrelako auziak epaitzea. Auzitegi horrek hau bermatzen du: EBko legeria (teknikoki "erkidego‑zuzenbidea" deritzona) berdin interpretatu eta aplikatuko dela Batasuneko kide diren estatu guztietan, hau da, bat bera izango dela alderdi guztientzat eta egoera guztietan. Auzitegiak ahala du Batasuneko kide diren estatu, EBko erakunde, enpresa eta banakoen arteko lege-gatazkak konpontzeko[34].
Era berean, Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmena sinatu zuten estatuek hau onartu zuten: egoera jakin batzuetan eta giza eskubide jakin batzuk babesteko, estatu barruko auzibidea amaitutakoan, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren jurisdikzioaren pean jarriko zirela.[35]
* Hizkuntzaren estatusaren eta hiztunen eskubideen oinarri juridikoak
1.- Konstituzio-multzoa
- Espainiako 1978ko Konstituzioa (ES)
- Frantziako 1958ko Konstituzioa (F)
- Gizakiaren eta Herritarraren Eskubideen gaineko 1789ko Adierazpena (F)
2.- Nazioarteko arauak
- Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala, 1948koa
- Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Hitzarmena, 1966koa (ES)
- Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Hitzarmena, 1966koa (ES)
- Kultur aniztasunaren gaineko UNESCOren Adierazpena (ES)
- Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmena (ES)
- Eskualdetako Hizkuntzen eta Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Gutuna, 1992koa (ES)
- Europako gutxiengoen hizkuntzen eta dialektoen hezkuntza- eta kultura-arazoen gaineko Gomendioa (EN, F)
- Gutxiengo nazionalak babesteko Esparru Akordioa (ES)
- Europako Erkidegoa Eratzeko Ituna (ES)
3.- Eskumen-banaketa eta ofizialtasunaren arauketa
- Euskadiko Autonomia Estatutua
- Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa (ES)
- Euskararen Erabilera Arauzkotzeko Legea
- Frantses hizkuntza erabiltzeari buruzko legea (F)
4.- Jurisprudentzia
- Espainiako Konstituzio Auzitegiaren 82/1986 epaia[36], ekainaren 26koa (ES)
- Espainiako Konstituzio Auzitegiaren 83/1986 epaia[37], ekainaren 26koa (ES)
- Espainiako Konstituzio Auzitegiaren 84/1986 epaia[38], ekainaren 26koa (ES)
- Espainiako Konstituzio Auzitegiaren 123/1988 epaia[39], ekainaren 23koa (ES)
- Espainiako Konstituzio Auzitegiaren 337/1994 epaia[40], abenduaren 23koa (ES)
[1] Espainiako 1978ko Konstituzioaren 3. artikulua.
[2] Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 6. artikulua: “Euskarak, Euskal Herriaren berezko hizkuntza denez, hizkuntza ofizialen maila izango du Euskal Herrian gaztelaniarekin batera eta guztiek dute bi hizkuntzok ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea.”
[3] Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 9. artikulua: “2. Euskarak ere hizkuntza ofizialaren maila izanen du Nafarroako eskualde euskaldunetan. Foru lege batek hizkuntza horren irakaskuntza antolatuko du, eskualde horiek zehaztu, euskararen erabilera ofiziala arautu eta Estatuko legeria orokorra abiapuntutzat harturik.”
Euskararen Legearen 2. artikulua: “1. Gaztelania eta euskara Nafarroaren berezko hizkuntzak dira eta, ondorioz, herritar guztiek dute eskubidea biak ezagutu eta erabiltzeko. 2. Gaztelania da Nafarroako hizkuntza ofiziala.. Euskara ere bada, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren (lehen aipatutako berorren) 9. artikuluan eta Foru Lege honetako artikuluetan ezarritako baldintzetan.”
[4] Espainiako Konstituzio Auzitegiaren 82/1986 epaia. 2. oinarri juridikoa.
[5] Lehendakariak eta berak izendatutako sailburuek osatutakoari ez ezik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Erkideari ere hala deitzen zaio, nahiz eta hori ez den zuzena.
[6] Horrela deitzen zaio Nafarroako Foru Erkidegoko Administrazioari ere, Nafarroako Gobernuari berari ez ezik.
[7] Espainiako 1978ko Konstituzioaren 14. artikulua: “Espainiarrak legearen arabera berdinak dira, eta ezin da inolako bereizkeriarik egin, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, iritzi nahiz bestelako inguruabar edo egoera pertsonal zein sozialak aintzat hartuta.”
[8] Espainiako 1978ko Konstituzioaren 53. artikulua: “Titulu honetako bigarren kapituluan onartutako eskubide eta askatasunek herri-aginte guztiak lotzen dituzte.” (...)”
[9] Espainiako 1978ko Konstituzioaren 9. eta 103. artikuluak.
9. artikulua: “Herritarrak eta botere publikoak Konstituzioaren eta antolamendu juridikoaren gainerako arauen menpe daude. 2. Botere publikoei dagokie inguruabar zehatzak sustatzea, gizabanakoaren eta berak osatzen dituen taldeen askatasuna eta berdintasuna benetakoak eta eragingarriak izan daitezen; oztopoak kentzea, horiek haien osotasuna eragotzi edo zailtzen badute; eta herritar guztien parte-hartzea erraztea, bai bizitza politikoan, baita ekonomia-, kultura- eta gizarte-bizitzan ere. (...)”
103. artikulua: “1. Herri Administrazioak objektibotasunez betetzen ditu interes orokorrak, eta eragingarritasun-, hierarkia-, dezentralizazio-, deskontzentrazio- eta koordinazio-printzipioen arabera dihardu, legeari eta zuzenbideari bete-betean men eginez. (...)”
[10] Konstituzio-auzitegiaren 82/1986 (2. oinarri juridikoa) eta 337/1994 (5. oinarri juridikoa) epaiak.
[11] Konstituzio-auzitegiak adierazi duenez “herri-aginteek hizkuntza ofizialkideetako edozein erabil dezakete, nahieran, berek hala erabakita edo interesatuek aukeratu dutelako, baldin eta horrela araututa badago; beti ere interesatuetako inori kalterik eragiten ez bazaio erabiltzen ari den hizkuntza ez dakiela-eta; interesatu horrek, ordea, baliozko eran alegatu beharko du hizkuntza ofizial hori –gaztelaniaz besteko bat izan behar du, nahitaez– ez dakiela.” Prozedura osoa euskaraz egin ahal izatea hizkuntza horrek Euskal Autonomia Erkidegoan duen izaera ofizialaren ondorio berezkoa da; izaera horrek berarekin dakar autonomia-erkidego horren eremuan euskaraz egiten den jarduketa oro eraginkor izatea.” (STC 82/1986, 9. oinarri juridikoa)
[12] Azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuak, Toki-administrazioko erakundeen antolamendu, jardunbide eta araubide juridikoaren Erregelamendua onartu zuenak, hau dio:
86.1 artikulua: “Bilkuretarako deialdiak, eguneko gai-zerrendak, mozioak, boto partikularrak, erabaki proposamenak eta informazio-batzordeen irizpenak gaztelaniaz edo toki-administrazioko erakundearen autonomia-erkidegoko hizkuntza ofizialkideaz idatziko dira, aplikatzekoa den legeriarekin eta Korporazioak berak horren inguruan hartutako erabakiekin bat etorriz.”
2. Eztabaidetan berdin erabil daiteke gaztelania edo autonomia-erkidegoan ofizialkide den hizkuntza.”
110. 1 artikulua.: Aktak idazteaz den bezainbatean, 86-1 artikuluan hizkuntzen erabileraz xedatutakoa da aplikagarria.”
[13] Euskararen erabilera arauzkotzeko Legeak hau dio 8. artikuluan:
“8.1. Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan egon daitezen Herri-Agintaritzagatikako edozein aginte-araupide edo erabaki ofizialek bi hizkuntzetan idatzita egon beharko du zabalkunde ofiziala egiteko.
8.2. Euskal Herriko Autonomia-Elkarteango herri-agintariek eskuhartu dezateneko egintza guztiak, eta bai arduralaritza-mezu eta adierazpenak ere, bi hizkuntzetan egon beharko dute, doakienek berariz Autonomia-Elkarteko hizkuntza ofizialetatik bat aukeratu dezatenean salbu”
[14] Hemen aipatzen diren toponimoak jatorrizkoak dira, eta Euskaltzaindiak araututakoaren arabera idatzi dira.
Aldiz, Euskararen Legeak, 5. artikuluan, bestela jasotzen ditu toponimo horiek, lege horren 3. eta 8. artikuluek hizkuntza-arauaz eta izendapen ofizialaz, hurrenez hurren, besterik dioten arren. Horrela, eremu euskalduneko udalerriak izen hauekin aipatzen ditu:
5. art.
1. Foru Lege honen ondorioetarako, Nafarroan hiru eremu bereiziko dira:
a) Eremu euskalduna, udalerri hauez osatua: Abaurrea Alta, Abaurrea Baja, Alsasua, Anué, Araiz, Aranaz, Arano, Araquil, Arbizu, Areso, Aria, Arive, Arruazu, Bacáicoa, Basaburúa Mayor, Baztán, Bertizarana, Betelu, Burguete, Ciordia, Donamaría, Echalar, Echarri Aranaz, Elgorriaga, Erasun, Ergoyena, Erro, Esteríbar, Ezcurra, Garayoa, Garralda, Goizueta, Huarte Araquil, Imoz, Irañeta, Ituren, Iturmendi, Labayen, Lacunza, Lanz, Larráun, Leiza, Lesaca, Oiz, Olazagutía, Orbaiceta, Orbara, Roncesvalles, Saldias, Santesteban, Sumbilla, Ulzama, Urdax, Urdiáin, Urroz de Santesteban, Valcarlos, Vera de Bidasoa, Villanueva, Yanci, Zubieta y Zugarramurdi.
(...)
3. art.
1. Herri-aginteek beharrezkoak diren neurri guztiak hartuko dituzte herritarren artean bereizkeriarik egin ez dadin hizkuntza-arrazoiak direla-eta.
2. Herri-aginteek errespetatu eginen dute hizkuntza-araua foru-lege honetan xedatutakoaren ondorioz egiten diren jarduketa guztietan eta lege hori garatzeko xedapen guztietan.
3. Hizkuntza-arauak ezartzeari dagozkion kontuetan Euskaltzaindia izanen da kontsulta-erakunde ofiziala; herri-aginteek erakunde horri eskatuko dizkiote aurreko idatz-zatian ezarritakoa betetzeko beharrezko iruditzen zaizkien txosten edo irizpen guztiak.
8. art.
1. Foru Erkidegoko toponimoak ofizialak izanen dira euskaraz eta gaztelaniaz, arau hauen arabera:
a) Eremu euskaldunean izen ofiziala euskaraz izanen da, gaztelaniazko izenik ez badago; egonez gero, izen biak erabiliko dira.
[15] Euskararen Legearen 1. artikulua: “2. Lege honen funtsezko helburuak dira: (…) c) Euskararen erabilera eta irakaskuntza bermatzea, Nafarroako errealitate soziolinguistikoaren arabera, eta beti ere, printzipio hauekin bat etorriz: borondatezkoa izatea, mailakakoa izatea eta begirunea.”
Euskararen Legearen 19. artikulua: “Herritar guztiek dute eskubidea hezkuntzako era bateko eta besteko mailetan irakaskuntza euskaraz eta gaztelaniaz jasotzeko, ondoren datozen kapituluetan ezarritako baldintzetan".
[16] Legeak berak eremu-bereizketaren arabera ezartzen dituen zehaztapenak ikusita, murriztapena dela ulertu behar da.
[17] Euskararen Legearen 6. artikulua.
[18] Legeak berak eremu-bereizketaren arabera ezartzen dituen zehaztapenak ikusita, murriztapena dela ulertu behar da.
[19] 5. art.: "1. Foru Lege honen ondorioetarako, Nafarroan hiru eremu bereiziko dira: b) eremu misto bat, udalerri hauez osatua:
Abartzuza, Antsoain, Agoitz, Artzibar, Atetz, Barañain, Burgi, Burlata, Ziritza, Zizur, Etxarri, Etxauri, Eguesibar, Ezkarotze, Espartza, Lizarra, Ezkabarte, Garde, Goñerri, Guesa, Gesalatz, Uharte, Izaba, Itza, Itzalzu, Jaurrieta, Xulapain, Lezaun, Lizoain, Otsagabia, Odieta, Olaibar, Oltza, Ollaran, Orontze, Orotz Betelu, Iruñea, Gares, Erronkari, Jaitz, Sartze, Urzainki, Uztarroze, Bidankoze, Bidaurreta, Atarrabia, Deierri eta Zabaltza.”
[20] 5.artikulua: “1. Foru-lege honen ondorioetarako, Nafarroan hiru eremu bereiziko dira: c) Eremu ez-euskaldun bat, gainerako udalerri guztiez osatua.”
[21] Euskararen Legearen 18. artikulua.
[22] Euskararen Legearen 26. artikulua.
[23] Euskararen Legearen 8. artikulua.
[24] Art 1 de la Loi Constitutionelle 92-554: “La Langue de la Republique est le français”.
[25] Toubon legearen 1. artikulua (Loi 94-665): “Langue de la République en vertu de la Constitution, la langue française est un élément fondamental de la personnalité et du patrimoine de la France. Elle est la langue de l'enseignement, du travail, des échanges et des services publics. (...)”
[26] Nazioaren batasunaren, modernitatearen eta unibertsaltasunaren izenean frantses hizkuntzari ematen zaion babes instituzionala ez da iristen Frantziako gainerako hizkuntzetara. Frantsesaz besteko hizkuntza berezkoez mintzatzen diren hiztunen eskubideak onartzeko orduan hau izan da aurrerapenik handiena: korsikera haur-hezkuntzan eta lehen hezkuntzan irakats dadin onartzea, CODE DE L'EDUCATION delakoaren L312-11-1 artikuluan jasotako aurreikuspenaren arabera (inseré par Loi nº 2002-92 du 22 janvier 2002, art. 7 Journal Officiel du 23 janvier 2002): " La langue corse est une matière enseignée dans le cadre de l'horaire normal des écoles maternelles et élémentaires de Corse".
[27] Batez ere Déclaration des Droits de l'Homme et du Citoyen du 26 août 1789 izeneko adierazpenak eta Frantziako 1958ko urriaren 4ko Konstituzioak.
[28] Ikus “Reversing Language Shift. Theoretical and Empirical Foundations of Assistance to Threatened Languages”, Joshua A. Fishman-ena.
[29] Ikus “Euskararen jarraipena III. Euskal Herriko inkesta soziolinguistikoa” http://www.euskadi.net/euskara_inkestak/ini_cs.pdf
[30] Bereizi egin ditugu bata eta bestea, zeren eta Europar Batasuneko zuzenbidea ezin baita berez nazioarteko zuzenbidetzat hartu, Europar Batasunak ez baitu berariazko nortasun juridikorik, eta ez baita nazioarteko zuzenbide publikoko ohiko subjektua.
[31] Ez dira nahastu behar aipatu dugun Europako Kontseilu hori, Europar Kontseilua eta Europar Batasuneko Kontseilua. Europako Kontseilua gobernu arteko erakunde bat da, 45 estatu ditu kide eta hauek dira bere xede nagusiak:
- Giza-eskubideak, demokrazia, aniztasun politikoa eta legearen agintea babestea.
- Europaren nortasuna eta kultur aniztasuna sustatzea,
- Europar gizarteak dituen arazoen konponbideak bilatzea: gutxiengoen aurkako bereizkeria, xenofobia, krimen antolatua, eta abar…
- Eta Europan egonkortasun demokratikoaren sendotzeari laguntzea.
[32] Espainiako 1978ko Konstituzioak 96. artikuluan hau dio: 1."Baliozkotasunez eginiko nazioarteko itunak Espainian modu ofizialean argitaratu eta gero barne-antolamenduaren osagai izango dira. Haien xedapenak indargabetu, aldatu edo eteteko nahitaezkoa da itunetan beretan ezarritako moduan egitea edo nazioarteko zuzenbideko arau orokorrak betetzea."
[33] Espainiako 1978ko Konstituzioaren 10. artikulua: "1. Ordena politikoaren eta gizarte-bakearen oinarri dira gizabanakoaren duintasuna, hari datxezkion eskubide bortxaezinak, nortasunaren garapen askea, eta legeei eta gainerakoen eskubideei zor zaien begirunea.
2.Konstituzioak aitortzen dituen oinarrizko eskubideei eta askatasunei buruzko arauak interpretatzeko, kontuan hartuko da Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala, bai eta gai berberen inguruan Espainiak berretsi dituen nazioarteko tratatuak eta itunak ere.”
[36] Gobernuko presidenteak Euskararen Erabilera Arauzkotzeko Legearen aurka ezarritako konstituziokontrakotasuneko errekurtsoa ebatzi zuen, eta Lege horren hiru manu konstituzioaren kontrako zirela adierazi zuen (prozedurako hizkuntzari buruzko manua, toki-administrazioko erabilerari buruzkoa eta zinpeko itzultzailearen titulazioaren arauketari buruzkoa). Epai horretan konstituzio-auzitegiak adierazi zuen ofizialkidetasunaren arauketa autonomia-erkidegoaren eskumena zela, eta ofizialkidetasunak autonomia-erkidegoko herri-aginte guztiak behartzen dituela. Orobat, haren irudiko, funtzio publikora sartzeko euskara jakitea eskatzea ez da berdintasun-printzipioaren aurkakoa.
[37] Gobernuko presidenteak Katalanaren Normalizazioaren gaineko Legearen aurka ezarritako konstituziokontrakotasuneko errekurtsoa ebatzi zuen. Lege horretako bi manu konstituzioaren aurkakoak zirela adierazi zuen: lehena, bi elez argitaratutako lege baten interpretazioa zalantzazkoa izanez gero benetako testua katalanez idatzitakoa izango zela ezartzen zuen manua, eta bigarrena, Generalitateari herritarren hizkuntza-eskubideak gauzatzeko politika-, administrazio- edo auzibide-ekinbideak erabiltzeko beharrezkoa zen gaitasun juridikoa ematen ziona.
[38] Gobernuko presidenteak Galizieraren Normalizazioaren gaineko Legearen aurka ezarritako konstituziokontrakotasuneko errekurtsoa ebatzi zuen. Konstituzio Auzitegiak idatz-zati bat konstituzioaren aurkakoa zela adierazi zuen, hain zuzen ere, galiziera jakiteko betebeharra ezartzen zuena.
[39] Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Normalizazioaren gaineko Legearen zenbait manuren aurka Gobernuko presidenteak ezarritako konstituziokontrakotasuneko errekurtsoa ebatzi zuen. Alderdi orokorrez den bezainbatean, euskal autonomia-erkidegoko, Kataluniako eta Galiziako hizkuntza-normalizazioko legeak aipatzen ditu. Hizkuntza-normalizazioari buruzko aurreko epaietan aipatutakoez besteko gaietan, interesgarriak dira hiru gairen gainean egiten dituen azterketak: administrazio-prozedurako hizkuntzaren gainean, administrazio militarrean hizkuntza ofizialkidea erabiltzearen gainean eta eskola-graduatuaren titulua lortzeko hizkuntza biak jakin behar izateko eskakizunaren gainean egiten dituen azterketak, alegia.
[40] Auzitegi Goreneko Hirugarren Aretoak epai hori eman zuen Kataluniako Parlamentuaren Hizkuntza Normalizazioaren gaineko Legearen zenbait manu zirela-eta ezarritako konstituziokontrakotasun-arazoaren inguruan. Hezkuntzaren inguruko gaiak aztertzen ditu. Auzitan jarritako manu horiek konstituzioaren araberakoak direla ebatzi zuen.
[41] Beren umeek heziketa ama-hizkuntzaz jaso dezaten gurasoek duten eskubidearen ingurukoa da. Hitzarmenaren 8. eta 14. artikuluak eta Erantsitako Protokoloaren 2. artikulua, heziketa jasotzeko eskubidearen ingurukoa.
Auzia jarri zutenek hizkuntza-araubidearen gaineko Belgikako legeriaren aurka ezarri zuten errekurtsoa, haien ustean legeria horrek beren seme-alabei –Belgikako flandeserazko eremuan bizi ziren– heziketa frantsesez emateko aukera mugatu egiten zuelako.
Zehatz esanda, hauek ziren auziaren gaiak: auzia jarri zutenak bizi ziren udalerrietan –flandeserako eremukoak– frantsesezko heziketarik antolatu ez izana; udalerri horietan frantsesezko heziketa eskaintzen zuten ikastetxeei diru-laguntzarik ez ematea; ikastetxe horiek ematen zituzten tituluak homologatzeko eskaerei ezetza ematea; auzia jarri zutenen seme-alabei frantsesezko eskolak ematen ziren leku zenbaitetara sartzen ez uztea.
Auzitegiaren irudiko gai horietako azkenak bakarrik urratzen zuen hitzarmena, hain zuzen ere, hitzarmen horretako 14. artikuluak –Erantsitako Protokoloko 2. artikuluarekin batera– ezarritako eskakizunak urratzen zituen, haur batzuei, haien gurasoen egoitza beste arrazoirik gabe, leku batzuetan eskaintzen ziren frantsesezko eskoletara joateko aukera ukatzen zitzaienean. Auzitegiaren iritziz, Belgikako legegileak baliatu zituen bitartekoak neurrigabeak ziren gauzatu nahi zituen interes orokorren aldean. Auzitan jarritako beste neurriak arrazoi objektiboen araberakoak zirela iritzi zion, zeren eta argi ikusi baitzitekeen Belgikako gobernuaren nahia zela Belgikako bi eskualde nagusien barruko hizkuntza-batasuna jagotea. Eta nahi horren funtsa herri-interes jakin bat zen, hain zuzen ere, eskualde elebakar batean ziren Estatuaren menpeko ikastetxe guztiek eskualde horretako hizkuntzaz eman zezatela hezkuntza, beste hizkuntza batzuek baino zio hobearengatik eskualde horretakoa zen hizkuntzaz, alegia. Auzitegiak ez zuen uste Belgikako legegileak baliatzen zituen bitartekoak neurrigabekoak zirenik gauzatu nahi zuen herri-interes horren eskakizunen aldean.