1. ardatza: Gardentasuna eta gobernu ona
Gardentasunaren eta gobernu onaren ardatzak zenbait premiari erantzuten die: gardentasunaren eta herritarren partaidetzaren kulturan aurrerapausoak ematekoari; sektore publiko eta pribatuen arteko eta administrazioen arteko lankidetza-formula berriak ikertzekoari eta praktikan jartzekoari; eta politika publikoen emaitzak eta eraginak ebaluatzea sustatzekoari, politika horiek hobetu daitezen eta helburu zehatzak lortzera bideratu daitezen.
Ardatz estrategiko honen bidez euskal administrazioan martxan jarritako gardentasun- eta partaidetza-esperientziak finkatu eta horietan sakondu nahi da. Esperientzia horiei esker, dagoeneko lortu dira zenbait helburu garrantzitsu; esate baterako, estatu osoko gardentasun-sailkapenetako lehen postuan egotea eta datuak modu irekian eskaintzeko ataria sortzea (Open Data Euskadi).
Orain erakunde osoan sustatu behar da gardentasunaren kultura, euskal administrazioaren eguneroko funtzionamenduan zeharkako ikuspegi gisa erantsi dadin. Halaber, ardatz honen erronka ere bada modu eraginkorrean eta efizientean betetzea arlo honi buruzko oinarrizko araudi berriaren ondoriozko betebeharrak.
Gainera, ardatz estrategiko honen helmenak ere barne hartzen du herritarren partaidetza sustatzea politika publikoen diseinuan, gauzatzean eta ebaluazioan, bai eta berrikuntza sozialeko ekimenak sustatzea eta horietan parte hartzea ere.
Helburuak:
Hauek dira 2014-2016 epealdirako BPPren helburuak gardentasunari eta gobernu onari dagokienez:
- EAEren lidergoari eustea estatuko gardentasun-sailkapenetan eta nazioartean erreferentzia diren ereduetarantz urratsak ematea.
- Urtean %10 haztea argitaratutako dataset-kopurua.
- Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren Lege-proiektua onartzea.
- Politika publikoen ebaluazioak argitaratzeko atari bat sortzea.
- Politika publikoak behar bezala ebaluatzea, modu eredugarrian eta antolaketa-kulturan asko eraginez.
- Demokraziari eta Herritarren Partaidetzari buruzko Liburu Zuria jendaurrean aurkeztea 2014. urtearen amaieran.
- Parte-hartzearen aldeko formula berriak proposatzen dituzten bizpahiru proiektu pilotu sustatzea.
- Etorkizuneko azterketa bat egitea jakiteko zer erreferentziazko administrazio-eredutarantz jo beharko litzatekeen.
Proiektuak:
Proiektu hauek osatzen dute 1. ardatz estrategikoa:
- Gardentasunaren eta kontuak ematearen kultura sustatzea
- Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren Legea egitea
- Politika publikoen ebaluazioa sustatzea
- Demokraziari eta Herritarren Partaidetzari buruzko Liburu Zuria egitea
- Gizarte-berrikuntza sustatzea, Basque Social Innovation-en bidez
- Administrazio-ereduari buruzko azterketa prospektiboa
Aurreko esteken bidez proiektu bakoitzaren informazio xehatua koltsulta daiteke, hala nola proiektuen jarraipenaren informazioa ere bai.
Bestalde, PIParen blogean ere ardatz honen proiektuei buruzko informazioa argitaratu da.