Hezkuntza Sailak eta Ikerbasquek emakume ikertzaileen lana aitortu eta bistaratu dute
2022-09-28
- Jasone Cenoz, Amanda Sierra eta Marta Olazabal emakume ikertzaileek euren ibilbideagatik aitorpena jaso dute gaur.
- Emakume ikertzaileen jarduna aitortzeko laugarren edizioa izan da hau. Ekimenaren helburua Euskadiko emakume ikertzaileak bistaratzea da, ikertzaileen belaunaldi berrientzat eredu eta inspirazio izan daitezen
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburu eta Ikerbasqueko presidentea buru zela, Euskal Autonomia Erkidegoan ikerketan diharduten hiru emakumeri aitortzak banatu zaizkie gaur goizean, Jasone Cenoz, Amanda Sierra eta Marta Olazabali, hain zuzen ere. Ekitaldian, Fernando Cossío Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea, Eva Ferreira EHUko errektorea eta Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektorea ere izan dira, bai eta Euskadiko unibertsitate, ikerketa-zentro eta zentro teknologikoen ordezkariak ere. Ekitaldirako beren-beregi etorria, Bilboko Botikazar Institutuko Batxilergoko ikasle talde bat ere bertan izan da.
Hauxe da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Ikerbasquek emakume ikertzaileen jarduna aitortzeko antolatzen dituen aintzatespenen laugarren edizioa. Berez ez da sari bat, Euskadiko emakume ikertzaileak eta horien lana bistaratzeko modu bat baizik, ikertzaileen belaunaldi berrien eredu eta inspirazio izan daitezen.
Emakume ikertzaileen aukeraketa Ebaluazio Batzorde batek hartu zuen bere gain eta aho batez, erabaki zuen 2022ko edizioan sarituak izango ziren ikertzaileak euren ikerketa lanen hiru kategoriatan, alegia, ibilbide zientifiko osoa, ikerketa-esparru bateko lidergoa eta ikertzaile gazte baten ekarpen nabarmena.
Honako hauek dira hiru ikertzaileak:
Advanced, ikerketa arloko karrera osoaren aitorpena:
- Jasone Cenoz, UPV/EHUko Hezkuntzarako Ikerkuntza eta Diagnosi Metodoen Saileko katedraduna
Consolidator, bere ikerketa-arloko lidergoaren aitorpena:
- Amanda Sierra, Ikerbasqueren Research Professor ikertzailea, Achucarro - Basque Center for Neurosciences ikerketa zentroan
Starting, ikertzaile gazte baten ekarpen nabarmenaren aitorpena:
- Marta Olazabal, Ikerbasqueren Research Associate ikertzailea BC3 Basque Centre for Climate Change ikerketa zentroan
Aitortutako emakume ikertzaileak aukeratzeko, Ikerbasquek Euskadiko emakume ikertzaileen ekoizpen nahiz ekarpen zientifikoei buruzko datuak aztertu ditu. Amaierako hautaketa Ikerbasqueko Patronatuaren Ordezko Batzordeak egin du, Fundazioko Batzorde Zientifikoak baliozkotu duelarik. Batzordeak hiru kategorietako ikertzaileen maila zientifiko altua azpimarratu du, eta horrek agerian uzten du, batzordearen esanetan, Euskadin emakume ikertzaileek egiten duten zientziaren ahalmen handia.
Advanced: Jasone Cenoz
|
Consolidator: Amanda Sierra
|
Starting: Marta Olazabal
|
Urteko aitorpenak
Ekimena Ikerbasqueren Plan Estrategikoaren esparruan gauzatzen da, plan horren 12 erronketako bat baita Ikerbasqueren ikertzaileen komunitatean sartzen diren ikertzaileen genero-berdintasunean aurrera egitea. Alde horretatik, Zientziarako Euskal Fundazioak gauzatutako Berdintasun Planean jasota dago emakume ikertzaileei urtero aitorpena egiteko ekimen hau.
Aurreko edizioetan Ikerbasquek eta Hezkuntza Sailak hurrengo ikertzaile hauek aitortu dituzte
- Advanced:
- Maria Isabel Arriortua
- Helen Matute
- Miren Cajaraville
- Consolidator:
- Aitziber López-Cortajarena
- Clara Martín
- Malu Martínez-Chantar
- Starting:
- Maia García Vergniory
- Matxus Perugorria
- Paola Ferrario