Segurtasun Pribatua Koordinatzeko Batzordeak Ertzaintzako SPUren eta sektorearen arteko lankidetza-ekimenak aztertu ditu

01.JPG

2015.eko azaroak 13

Gaur bildu da Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan

Euskadiko Segurtasun Pribatua Koordinatzeko Batzorde Mistoa gaur bildu da Eusko Jaurlaritzan Ertzaintzako Segurtasun Pribatuko Unitateko memoriaren 2015eko datuak aztertzeko ez ezik, SPUren eta segurtasun pribatuaren sektorearen arteko lankidetza-ekimenak ere aztertzeko, bai eta aipatutako sektorean aipamenak emateko erregulazioa aztertzeko ere.

Bilera egin dute Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagak, Segurtasuna Koordinatzeko zuzendari Rodrigo Gartziak, Ertzaintzako zuzendari Gervasio Gabirondok eta Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Prozesuen zuzendari Eugenio Artetxek, Ertzaintzako Segurtasun Pribatuko Unitatearen buru Francisco Llanezak lagunduta, segurtasun-enpresen, prestakuntza-zentroen eta detektibe-bulegoen ordezkariekin Segurtasuneko Memoriaren berri emateko eta segurtasunaren arloko EAEko eskumenen erabilera arautzen duen dekretuaren jarraipena egiteko.

Memoriaren arabera, gaur egun, Ertzaintzako Segurtasun Pribatuko Unitateak 96 segurtasun-enpresa ikuskatzen eta gainbegiratzen ditu, eta 40 detektibe-bulegoren eta segurtasun pribatuko 32 prestakuntza-zentroren jarduera kontrolatzen du.

Halaber, 2015eko SPUko jarduera-txostenenean jasotakoaren arabera, urte honetan 1.300 establezimendu inguru ere ikuskatu dituzte; horietatik 820 garatzen duten jardueragatik segurtasun-neurri bereziak nahitaez eduki behar dituzten enpresak dira, eta 483 segurtasun pribatuko enpresak eta zentroak.

Lankidetzarako tresnak

Gobernu-kontseiluak 2014ko urriaren 21ean onartutako dekretuak Ertzaintzaren eta segurtasun pribatuaren sektorearen arteko lankidetza-mekanismoak egituratzen ditu arriskuen balorazioari buruzko informazioa trukatzeko eta ondoriozko babes-neurriak ezartzeko, legegintzaldi honetan Euskadiko Segurtasun Pribatua Koordinatzeko Batzorde Mistoa sortzearekin hasitako lankidetza-lerroan sakonduz.

Hori horrela, batzordearen gai-zerrendaren barruan lankidetza-ekimenak azaldu dituzte segurtasuneko zaintzaileen prestakuntzari eta prebentzioko alertei dagokienez, besteak beste.

Horrez gain, betebeharrak gainditu dituzten segurtasun pribatuko langileei, bai eta segurtasun pribatuko sektore edo jarduerekin zerikusia duten pertsona fisiko edo juridikoei ere aipamenak emateko Segurtasun Saila lantzen ari den aginduaren berri ere eman dute; agindu hori ere jasota dago dekretuan.