Arantxa Tapiaren bisitaldia Amberg-eko (Baviera) SIEMENSen planta nagusira

2015.eko urriak 08

 

-      Fabrika adimentsu gisa sailkatuta dago, produkzioaren % 75 automatizatuta baitago, ekoizpena optimizatzeko 

-      Industria 4.0k giza baliabideen paradigma eta lantaldeen antolaketa aldatzea ekarriko du, eta gaitasun berriak erantsiko ditu 

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren ordezkari batzuk Alemania bisitatzen ari dira egunotan. Bisitaldiaren azken txanpan, mundu osoan ezagunak eta Euskadirako oso interesgarriak diren bi enpresa bisitatuko dituzte: SIEMENS (gaur joango dira Bavierako egoitzara) eta ZF (bihar abiatuko dira Baden-Württemberg-era).

Gaur goizean, Arantxa Tapia sailburuak Siemens-ek berak enpresaren fabrika digitaltzat jotzen duenaren instalazioak bisitatu ditu. Laugarren industria-iraultzan «fabrika adimentsu» esaten denaren adibide da, ekoizpenaren zati handi bat automatizatuta baitago eta produktuek eurek zuzentzen baitute fabrikazioa.

Fabrika digitaleko Manufakturako presidenteorde Gunter Beitinger-ekin planta bisitatu ondoren, sailburuak bi alderdi nabarmen baloratu ditu, hots, eraginkortasunarekin eta emaitzak hobetzearekin lotutakoak, bai eta giza baliabideen paradigma berria ere.

Ekoizpen-prozesuak optimizatzea

«Gauzen interneta eta industria 4.0 nabari eta erreala zer den ikusi ahal izan dugu gaur, ekoizpena optimizatzea eta bikaintzea bilatzen duena», adierazi du Tapiak.

Ekoizpenari adimena gehitzeari esker, mundu birtuala mundu errealetik gertuago dago; izan ere, produktuak elkarrekin erlazionatzen dira, baina baita makinekin ere; hartara, ekoizpen-prozesuak optimizatzen dira.

SIEMENSen, produktuak makinekin komunikatzen dira, eta prozesu guztiak optimizatuta daude, kontrol teknologikoaren bitartez. Lan erreala eta IKTak konbinatzen dituenez, SIEMENSen ekoizpena zortzi aldiz handiagoa da.

Hortaz, Tapiak esan duenez, «4.0 ekoizpenaren aldeko apustua egitea ekoizpen-prozesu eraginkorrak eskuratzea da eta, hortaz, emaitzak hobetzea». 

Giza baliabideen paradigma aldatzea

Ekoizpen oso automatizatuak eta elkarri konektatuta dauden makinek ekoizpen-prozesua optimizatzen dute eta, aldi berean, erakundea eta horretan diharduten giza baliabideen profilak aldatzen dituzte.

Nolanahi ere, giza baliabideak dira oraindik ere fabrikaren estrategia zehazteko azken arduradunak eta horiei dagokie erabakiak hartzea. Hori dela eta, kudeaketa-egitura berriak berrantolatzen ari dira, eta gero eta profil teknikoagoak sartzen ari dira ekoizpen-prozesuetan.

«Bizitzen ari garen industria-iraultzak ekoizpeneko elementu guztiak –giza baliabideak eta lantaldeen antolamendua barne– sistema produktiboago baten beharretara egokitzea eskatzen digu», Arantxa Tapiaren aburuz.

SIEMENSek berak aitortzen du giza baliabideak eraldatu nahi dituela; hartara, alderdi teknikoa sistema mekaniko eta automatikoek edo makinek hartuko lukete, eta pertsonek programatzeko ardura, bai eta makinak hezi eta zaintzekoa ere.

«Kontua ez da pertsonek ekoizpen-prozesuetan duten funtzioa deuseztatzea, giza baliabideen funtzioak eguneratzea baizik, esaterako, makinak programatzea eta zaintzea», argitu du sailburuak.

SIEMENSen fabrika adimentsuan egiten diren prozesuen % 75 automatizatuta daude dagoeneko, eta ekoizpena bikaintzea dute xede, produktu akastunen ehunekoa nabarmen murriztu dadin.

Errealitate areagotuari, big datari eta beste teknika berri batzuei esker, nabarmen hobetzen da prozesu industrialen eraginkortasuna.

SIEMENS planta

Amberg-eko fabrikak 15 milioi produktu ekoizten ditu; zehazki, segundoko produktu bat.

357.000 langile ditu munduan; horietatik, 4.500ek Amberg-eko planta digitalean dihardute.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak ere aurten bisitatu du Alemaniako Industria 4.0rako fabrika-eredu den planta hau.

Ezaugarri nabarmenenak:

-      Kalitate-ehunekoa oso handia da; akastunen bikaintasunetik oso hurbil dago.

-      Automatizazioari esker, ekoizpenaren % 75 modu autonomoan egiten da.

-      8 aldiz handitzen da ekoizpena, digitalizazioaren ondorioz.