Nazioartekotzearen euskal partzuergoa eratu da
Iturria: Irekia - Eusko Jaurlaritza
2014.eko Maiatzak 22
- Nazioartekotzearen Euskal Sistema indartzeko hitzarmen bat egitea adostu dute Eusko Jaurlaritzak, Sprik, Foru Aldundiek eta Merkataritza Ganberek.
- Eusko Jaurlaritzak oso aurreratuak ditu nazioartekotzearekin loturiko lanetarako finantzazio formula berriak.
Gaur arratsaldean egin dute Nazioartekotzearen Euskal Partzuergoaren (NEP) lehenengo zuzendaritza-bilera. Eusko Jaurlaritzako eta hiru lurraldeen Foru Aldundietako eta Merkataritza Ganberetako ordezkariak bildu dira bertan.
Industria sailburuordea, Juan Ignacio García de Mutiloa, izan da batzarreko burua. Eusko Jaurlaritzak bultzatutako nazioartekotze-estrategiaren helburuak azaldu ditu: «Euskal Nazioartekotze Sistema sendo eta eraginkorra izan nahi dugu. Partzuergoaren bitartez, instituzioen partetik elkarlan handiagoa eta emaitza hobeak bermatu nahi dizkiogu Euskadiko enpresen nazioartekotzeari».
NEPek enpresei laguntzak hobetzeko eta sistema bera optimizatzeko bide bateratu bat garatzea adostu du. Enpresen nazioartekotze prozesuen egungo beharrizanei hobeto erantzuteko baliabide eta mekanismo publikoak egokituko ditu.
Lehenengo zuzendaritza-bilera horretan, NEP modu formalean osatu dute, eta agintaldi honetarako funtzionamendurako dinamika eta helburuak zehaztu dituzte.
Alde horretatik, euskal instituzioek hitzarmen bat egingo dute laster. Hitzarmenak konpromisoa hartuko du gaurko bileran garrantzitsutzat hartu dituzten helburuak lortzeko ezarri dituzten elkarlan irizpideen arabera lan egiteko.
Enpresaren nazioartekotze beharretarako neurriak
Elkarretaratzean, Motiloak Eusko Jaurlaritzak orain dela gutxi onartu duen 2014-2016 aldirako Enpresen Nazioartekotzeko Planaren estrategia-bideak errepasatu ditu. Gainera, azpimarratu du Nazioartekotzerako Euskal Sistemak euskal enpresaren nazioartekotze fase guztietan zerbitzuak eskaintzen dituela. Hala ere, plan berriak enpresen beharrizan espezifikoak ad hoc zehazten ditu, enpresa guztiak ez baitaude nazioartekotze prozesu egoera berean. Horiei erantzuna emateko programak bultzatzen ditu planak.
Horri begira, nazioartekotzearekin lotura duten enpresa-operazioen finantziaziorako formulak definitzearen egokitasunaz Planean bertan bildutakoa partekatu du NEPek. Eusko Jaurlaritzatik oso modu bizian ari dira horretan lanean, formulak oso egoera aurreratuan dituztela.
Aldi berean, sailburuordeak Planean zehaztutako jarduketa-lehentasunak azaldu ditu, eta Spri Atzerriko Sareko berrantolaketa ere bai.
Eusko Jaurlaritzak eta Sprik diru-laguntza programekin lotura duten zerbitzuak dituzte. Zuzeneko promoziorako, talentuaren trebakuntzarako eta inbertsioen erakarpenerako informazioa eman eta sentsibilizatzen dute. Gainontzeko instituzioek aipatutako lerro baten edo gehiagoren zerbitzuak dituzte.