Azken eguneratzea: 2010/07/19

Irune Aguirrezabal Europar Batasunerako eta Kanpo Harremanak Koordinatzeko zuzendariak parte hartu du Vitoria-Gasteizko Nazioarteko Zuzenbidearen eta Nazioarteko Harremanen Ikastaroan

Hitzaldian, zuzendariak nabarmendu du eskualdeen zereginak duen garrantzia hazkunde ekonomiko iraunkorrari begira

 

Mahai-inguruko argazkiaUztailaren 12tik 16ra bitartean izan dira, Gasteizen, urtero bezala, Euskal Herriko Unibertsitateak antolatuta eta hainbat erakundek lagunduta, Nazioarteko Zuzenbidearen eta Nazioarteko Harremanen Ikastaroak. Goi mailako akademikoak biltzen dituzten ikastaro horiek fama handia lortu dute munduan, han aztertzen diren gaiak direla eta.

Eusko Jaurlaritzako Europar Batasunerako eta Kanpo Harremanak Koordinatzeko zuzendariak Nazioarteko Merkataritza eta Ingurumenari buruzko mahai-ingurua moderatu zuen. Mahai-inguru horretan Irene Blázquez Navarrok (Madrilgo Unibertsitate Autonomokoa), José Carlos Fernández Rozasek, Julio García Lópezek eta Carmen Otero García-Castrillónek (hirurak Madrilgo Unibertsitate Konplutentsekoak) hartu zuten parte. Gaurkotasun handiko gaiei buruz hitz egin zuten: dumping ekologikoa, ingurumen arloko nazioarteko erregimen juridikoak, baliabide naturalen ondasun publiko-pribatuaren dikotomia, besteak beste.

Konklusio moduan, esan behar da nazioarteko mailan bildu behar direla sinergiak nazioarteko merkataritza arloko foroen (batez ere, Munduko Merkataritza Antolakundearen / MMA) eta ingurumenaren agenda aurreratzen duten nazioarteko foroen artean, horrela, bi arloen arauak, premiak eta gatazkak eta eztabaidak ebazteko eremuak batera daitezen.

Zuzendariak nabarmendu zuen eskualdeek duten ahalmena garapen iraunkorra bultzatzeko. Ildo horretan, esan zuen Eusko Jaurlaritzak sustatuko duela bere enpresen nazioartekotzea, beti ere haien erantzukizun soziala kontuan izanik. Era berean, aipatu zuen ardura partekatzeak zer garrantzia duen erabakiak hartzeko prozeduran, klima-aldaketari aurre egiteko neurriak ausardiaz hartzeko eta ekonomia iraunkorra izatea lortzeko bidea errazteko.

 

[Iturria: Eusko Jaurlaritza - Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia]