Berdindu · Ba al duzu zalantzarik? · Bisexualitatea
Bisexualitateari buruzko galderarik ohikoenak
Orientazio bisexualaren inguruan dituzun zalantzak argituko dizkizuten erantzunak aurkituko dituzu hemen.
Índice
- Bisexualitatea existitzen al da?
- Zer da bisexualitatea?
- Nork erabaki behar du bisexuala naizen ala ez?
- Bi sexuak berdin gustatu behar al zaizkit bisexuala izateko? Bi sexuetarako sentitu behar dudan erakarpena fisikoa soilik izan al daiteke? Fisikoa soilik izan behar al du? Gerta al daiteke kasuren batean fisikoa ez izatea? Eta ezein kasutan ez?
- Bisexuala naizelako pertsona promiskuoa izan behar al dut?
- Nire familiak nekez ulertuko luke bisexuala naizela. Heterosexuala naizela uste dute. Zer egin behar dut?
- Nire familiak nekez ulertuko luke bisexuala naizela. Heterosexuala naizela uste dute. Zer egin behar dut?
- Batzuek uste dute heldugabea naizela, heterosexualitatetik homosexualitaterako aldaketa-prozesuan sartuta nagoela eta nahastuta nagoela… edota homosexuala naizela, baina ausardiarik ez dudalako bisexualitatean ezkutatzen naizela. Egia al da hori?
- Bisexualek homosexualek eta heterosexualek baino arrisku handiagoa al dute sexu-transmisiozko infekzio batek kutsatzeko?
- Definizioz bisexualak izango liratekeen pertsona jakin batzuek zergatik ez dute beren burua bisexualtzat hartzen? Bisexualak direla esaten jarraitu behar al dugu? Benetan bisexualak al dira?
- Zer alde dago emakume bisexualaren egoeraren eta gizon bisexualaren egoeraren artean?
- Ba al dago “luma” duen bisexualik? Hau da, maskulinoak emakumeen kasuan, eta femeninoak gizonen kasuan.
- Transexual bat bisexuala izan al daiteke?
- Bisexualitateaz hitz egiten den guztietan, Kinsey-ren teoria azaltzen da. Teoria horretan, zer da egia, eta zer gezurra?
- Zer esan nahi du bifobia terminoak?
- Nork izan ditzake portaera bifobikoak?
- Zein dira bifobia formarik ohikoenak?
- Pertsona batzuei zergatik ematen die beldurra bikotekide bisexuala izateak?
- Nola egin dakioke aurre bifobiari?
- Non aurki daiteke bisexualitateari buruzko informazioa?
- Tira, emakumeen bisexualitatea badago, baina gizonena ez.
1. Bisexualitatea existitzen al da?
Bai, heterosexualitatea eta homosexualitatea bezalaxe. Horiek existitzen direla inork zalantzan jartzen ez badu, zergatik daude zalantzak bisexualitatearen inguruan? Ez da frogatu behar den zerbait. Sexu-orientazio bat da, beste batzuen artean.
2. Zer da bisexualitatea?
Pertsona batek sexu bereko zein beste sexuko pertsonenganako desioa, afektua edo erakarpena sentitzeko duen gaitasuna da.
3. Nork erabaki behar du bisexuala naizen ala ez?
Ez da erabaki beharreko zerbait, eta are gutxiago inguruko pertsonek epaitu beharreko zerbait.
4. Bi sexuak berdin gustatu behar al zaizkit bisexuala izateko? Bi sexuetarako sentitu behar dudan erakarpena fisikoa soilik izan al daiteke? Fisikoa soilik izan behar al du? Gerta al daiteke kasuren batean fisikoa ez izatea? Eta ezein kasutan ez?
Ez du zertan. Rina Riesenfeld-ek oso ikuspegi zabala ematen du “Bisexualidades” liburuan. Bertan dioenez, zure sexu bereko zein beste sexuko pertsona batek hainbat modutan erakar zaitzake (modu emozional eta sexualean, modu emozionalean soilik, modu sexualean baina zure fantasian soilik…), eta erakarpenak ez du zertan berdina izan bi kasuetan. Azken batean, oso gai subjektiboa da, eta bere burua bisexualtzat hartzen duen pertsona bakoitzaren barruan baino ezin da aurkitu erantzuna.
5. Bisexuala naizelako pertsona promiskuoa izan behar al dut?
Ez, pertsona promiskuoak homosexualak, bisexualak eta heterosexualak izan daitezke. Promiskuitatea ez da bisexualitatean soilik agertzen, eta ez da bisexualitatearen adierazgarri.
6. Nire familiak nekez ulertuko luke bisexuala naizela. Heterosexuala naizela uste dute. Zer egin behar dut?
Lehenik eta behin, nola pentsatzen eta jarduten duten jakin beharko zenuke. Jarrera homofobikoak edo bifobikoak dituzten ala ez. Ondoren, poliki-poliki, bisexualitateari buruzko informazioa eman behar diezu, eta prest egon behar duzu homosexualitatearen eta bisexualitatearen inguruko mitoak apurtzeko.
7. Nire familiak nekez ulertuko luke bisexuala naizela. Heterosexuala naizela uste dute. Zer egin behar dut?
Aurreko kasuan bezala. Baliteke zure familiak ahalegin handia egin izana homosexualitatea ulertzeko, eta oso harrituta geratu izana beste sexuko pertsona batez zerbait senti dezakezula jakitean. Batez ere, saiatu gauzak oso garbi edukitzen, eta izan eskuragarri azalpenak behar bezala emateko beharrezkoa den informazio osoa, hutsegiterik izan ez dadin.
8. Batzuek uste dute heldugabea naizela, heterosexualitatetik homosexualitaterako aldaketa-prozesuan sartuta nagoela eta nahastuta nagoela… edota homosexuala naizela, baina ausardiarik ez dudalako bisexualitatean ezkutatzen naizela. Egia al da hori?
Gay edo lesbiana batzuek, hasieran eta gizarte-presioagatik, bisexualak direla uste dute, sexu-orientazioaz ziur egon arte. Eta zenbaitetan, bisexual sentitzen ez diren batzuek (eta zenbaitetan lotsarik gabe aitortzen dute hori) bisexualak direla esaten dute, komeni zaienaren arabera. Hori egitea koherentziarik gabe jokatzea eta ingurukoak kaltetzea da (iruzurraren biktimak baitira). Gainera, gure ingurunean aintzat har gaitzaten lortzeko borrokan dihardugunon aurkako jokabidea erakusten du. Hala ere, horrek ez du esan nahi denek horrela jokatzen dutenik. Beren burua bisexualtzat hartzen duten pertsona asko koherenteak dira, eta eurentzat eta gainerakoentzat kaltegarriak izan daitezkeen portaerak saihesten dituzte.
9. Bisexualek homosexualek eta heterosexualek baino arrisku handiagoa al dute sexu-transmisiozko infekzio batek kutsatzeko?
Arriskua bera da sexu-harremanetan neurririk hartu ezean. GIBa ez dago sexu-orientazioarekin lotuta, arrisku-praktikekin baizik.
10. Definizioz bisexualak izango liratekeen pertsona jakin batzuek zergatik ez dute beren burua bisexualtzat hartzen? Bisexualak direla esaten jarraitu behar al dugu? Benetan bisexualak al dira?
Sexu-orientazioari dagokionez, pertsona bakoitza sentitzen den bezalakoa da. Pertsona bakoitzak bere gain hartzen duen identitatea erabat errespetatu behar da, bakoitzaren lehentasunak juzgatu, balioetsi edo ikertu gabe. Pertsona bat bisexuala izan daitekeela uste badugu ere, ez dugu hori pentsatzen jarraitu behar, norberak ongi baitaki nola sentitzen den barruan.
11. Zer alde dago emakume bisexualaren egoeraren eta gizon bisexualaren egoeraren artean?
Bisexualok bifobia izeneko diskriminazio mota jasaten dugu. Geroago hitz egingo dugu horretaz). Emakumeek, gainera, diskriminazio anizkoitza jasan behar dute emakume izateagatik. Bestalde, gizon heterosexualen artean, emakume bisexualek “gizonezkoen fantasia heterosexualaren” zama eraman behar dute, hau da, aldi berean bi emakumerekin sexu-harremanak izateko edo sexu-harremanak dituzten bi emakume behatzeko fantasiarena.
12. Ba al dago “luma” duen bisexualik? Hau da, maskulinoak emakumeen kasuan, eta femeninoak gizonen kasuan.
Gizarte-eredu heteronormatiboaren ondorioz sortutako estereotipoa da hori. Eredu horren arabera, zuria ala beltza da dena. Estereotipoaren jatorria hori izanik ere, oso erabilia da LGTB kolektiboaren barruan, eta azpimarratu beharra dago jarrera eta sexu-orientazioa erabat independenteak direla.
13. Transexual bat bisexuala izan al daiteke?
Bai. Sexu-orientazioa eta genero-identitatea erabat independenteak dira. Transexual heterosexualak, homosexualak eta bisexualak daude.
14. Bisexualitateaz hitz egiten den guztietan, Kinsey-ren teoria azaltzen da. Teoria horretan, zer da egia, eta zer gezurra?
Alfred Kinsey eta haren taldea lehenak izan ziren sexu-esperientziei buruzko erregistro bat egiten. Oso positiboa izan zen aurkeztu zen garaian. Horretaz gain, bisexualitate-mailarako faseak ezarri nahi izan ziren, eta horrela lortutako datuak errealitatetik oso urrun zeuden. Izan ere, uste dut gu geu ere ez garela gai ustezko eskala horretan zer puntutan gauden adierazteko. Kinsey esperientzietan eta desiretan oinarritu zen, baina bisexualitateak hori baino askoz gehiago biltzen du. Gainera, beren burua bisexualtzat hartzen ez duten pertsona asko bisexual gisa definitu nahi dira, eta, arestian adierazi dugunez, pertsona bakoitzak bere gain hartzen duen identitatea hartu beharko genuke baliozkotzat.
15. Zer esan nahi du bifobia terminoak?
Bisexualekiko abertsioa. Arbuio gisa ulertutako abertsioa, hain zuzen ere. Arbuio horren arrazoietako bat beldurra izan daiteke, baina ez du zertan arrazoi bakarra izan. Oro har, bisexualekiko diskriminazio mota oro hartzen da jarrera bifobikotzat.
16. Nork izan ditzake portaera bifobikoak?
Denok, baita bisexualek ere.
17. Zein dira bifobia formarik ohikoenak?
Ikusezintasuna, kontuan ez hartzea eta hitzezko agresioak.
18. Pertsona batzuei zergatik ematen die beldurra bikotekide bisexuala izateak?
Bisexuala aldi berean bi sexuetako pertsonekin sexu-harremanak izateko beharra duen pertsona desleialaren estereotipoarekin identifikatzen dutelako, baina ez du zertan horrela izan. Desleialtasuna eta sexu-orientazioa independenteak dira erabat.
19. Nola egin dakioke aurre bifobiari?
Oro har, jakintza eta informazio positiboarekin, mitoak apurtuz.
20. Non aurki daiteke bisexualitateari buruzko informazioa?
Interneten bisexualitateari buruzko orri asko daude, baina gehienak euskaraz eta gaztelaniaz bestelako hizkuntzetan. Literaturari dagokionez, honako hauek gomendatzen ditugu: Seré Bisexual, Darío Lópezena (2004) eta Bisexualidades, Rina Riesenfeld-ena (2006).
21. Tira, emakumeen bisexualitatea badago, baina gizonena ez.
Chicagoko eta Torontoko unibertsitateko ikertzaile talde batek egindako eta 2005. urtean argitaratutako azterlan batean, gizonen bisexualitatea existitzen ez zela ezarri nahi izan zen zientifikoki. Horretarako, gizonen eta emakumeen irudi erotikoak eta estimulazio genitalaren neurgailuak erabili zituzten. Azterlan horren arabera, gizon bisexualen % 1,7 neurri handiagoan kitzikatzen zen sexu bereko pertsonekin. Gayak direla esan nahi al du horrek? Ez, ez du hori esan nahi. Lehenik eta behin, estimulazio genitaleko patroiak baino ez dira kontuan hartu, nahitaez erantzun genitalik eragiten ez duten fantasien eta erakarpenen patroiak alde batera utzita. Bigarren, esperimentua egiteko erabilitako laginketa-taldeko kideen kopurua ez da nahikoa esanguratsutzat hartzeko. Eta, hirugarren, Freud eta Kinsey teorikoek bisexualitateari emandako definizioan oinarrituta dago teoria hori. Teoriko horien arabera, gizonengandik eta emakumeengandik estimulazio berdina (% 100ean) sentitzen duten pertsonak baino ez dira bisexualak.