Urtaroak eta Lurraldeak / Udazkena
Udazkena ere ez da ekinokzioarekin batera, ez eta egun jakin batzuetan hasten; zeren eta estatistika meteorologikoek iraila udazkeneko lehen hilabetetzat jotzen badute ere, iraileko parametro meteorologikoak hurbilago daude udatik, ekainekoak baino. Horrela, bada, ia behatoki guztietan, eta bereziki isurialde atlantikokoan, irailean ekainean baino batez besteko tenperatura altuagoak erregistratu ohi dira, eta kostaldeko behatokietan iraila da, hain zuzen ere, egun estali gutxien eskaintzen dituen hila. Beraz, eta, batez ere kostaldean, egokiagoa da udakotzat hartzea, udazkenekotzat baino. Horrek esan nahi du, udazkena motzagoa dela, eta bi hilabete besterik ez dituela hartzen: urria eta azaroa; eta udak, aldiz, lau.
Europako udazkenaren ezaugarrietako bat mendebaleko haize-zirkulazio nagusi motel samarra da, meandro zabalak marraztuz ibili ohi dena. Udazkena normalean urrian nabarmentzen da, Atlantikoan geratzen den antizikloi iraunkor bat lagun, itsasoko lehenengo aire-polar bolada iraunkor samarrak lurrazalaren paretik sartzen direnean. Iparreko egoera hori luzatuz gero, euri ugari eragin dezake, itsasoko ur-azala oso beroa dagoenez, lurrunketa eta prezipitazioak oso gogorrak izaten baitira.
Tenperaturaren aldetik, batez bestekoak bi hilabete horietan zakar jaisten badira ere, isurialde atlantikoko udazkenak askotan antz handiagoa du udarena, neguarena baino. Urria behatoki guztietan maiatza baino beroagoa da. Uren banalerroaren beste aldean, udazkenaren epela ez da hain nabaria, ez horixe, eta azaroa, berriz, nahiko hotza izan ohi da.