Berdindu · Sexu orientazioa · Gurasoei nola esan

Zenbait galdera, esan baino lehen

Zure sexu-orientazioari buruz gurasoekin hitz egin aurretik, kontuan izan honako alderdi hauek:

Eroso al zaude zure sexualitate homosexualarekin?

Errudun-usteekin eta depresioaldiekin gorabeherak izaten badituzu, hobe duzu gurasoei geroago esatea. Gurasoei esateko kemen handia beharko duzu eta hobe zenuke indarrez bete-betean egotea.

Ba al duzu besteren laguntzarik?

Gurasoen erreakzioa oso txarra baldin bada, zuk norengana joko duzun (pertsona edo taldea izan daiteke), laguntza eta babes emozionala izan ditzazun. Zure buruaren balioaz jabetzea biziki garrantzitsua da.

Ba al dakizu nahikoa homosexualitateari buruz?

Gurasoek, ziurrenik, bizi osoan gizarte homofobikotik jasotako informazioaren araberako erreakzioa izango dute. Gaiari buruz irakurgai serioren bat irakurri baduzu, gurasoekin informazio hori eta azterlan fidagarriak parteka ditzakezu, haiei laguntzearren.

Zer giro dago etxean?

Hitz egiteko unea hautatzeko aukera baduzu, hauta ezazu kontu handiz. Ahal dela, gurasoak haserre ez daudenean edo arazo larririk (lagunen baten heriotza, lanpostutik kaleratzea edo berehalako ebakuntza baten premia) ez dutenean egin ezazu.

Pazientzia izango al duzu?

Aitak eta amak agian denbora asko behar izango dute informazio hori barneratzeko, zuk esan aurretik aukera hori aintzat hartu ez bazuten. Prozesu horrek sei hilabetetik bi urtera bitarte iraun dezake.

Zerk bultzatzen zaitu orain esatera?

Gurasoak maite dituzulako eta zuen artean dagoen hutsune horrek deseroso egonarazten zaituelako izatea espero dugu. Ez esan homosexuala zarela haserrealdi batean edo eztabaidan ari zaretela; zure sexualitatea ez da arma bat.

Ba al duzu materialik?

Gay ez direnek oso gutxi dakite homosexualitatearen gainean. Honako informazio hauetakoren bat, gutxienez, eskura izan ezazu: gurasoei zuzendutako liburu bat, Gay eta Lesbianen Gurasoen Elkarteko tokiko edo nazioko harremanetarako pertsonaren telefono-zenbakia, edo gay izan gabe gai hori egoki lan dezakeen aholkulari baten izena.

Ekonomiari dagokionez, gurasoen mende bizi al zara?

Gurasoek ikasketetarako laguntza ekonomikoa kenduko dizutela edo etxetik botako zaituztela susmatzen baduzu, agian hobe izango da zure gaineko kontrol ekonomikorik ez duten garai batean esatea.

Oro har, nola moldatzen gara gurasoekin?

Gurasoekin ongi moldatu izan bazara beti eta maitasuna eman badizute (baita zuk haiei ere), ziurrenik modu positiboan hartuko dute gaia.

Zuk zeuk erabaki al duzu esatea?

Gurasoei esatean zerbait lortuko duzula (erreakzioa edozein izanik ere) ziur dakizunean esan beharko zenieke, ez lehenago. Ez zaitzatela presionatu.

Gurasoekin zure sexu-orientazioari buruz hitz egitea

Sarrera:

alaben sexu-orientazioaren berri izaten dutenean gainditu behar izaten duten prozesuari buruzko informazioa ematea gay eta lesbiana gazteei. Hona hemen etapak: xoka, ukatzea, errudun-ustea, sentimenduak adieraztea, erabaki pertsonala eta egiaz onartzea. Gurasoekin hitz egiteko aukera aztertzea eta baiezkoa erabakitzea ere prozesuan sartzen dira. Guk proposatuko ditugun iradokizunak eta metodoa premisa jakin batean oinarritzen dira: zure ustez, gurasoak (edo bietako bat, behintzat) ulerkorra(k) izango d(ir)ela, nahiz eta agian ez dizu(te)n babesik emango. Gurasoak gaiari aurre egiteko gai ez direla izango pentsatzen baduzu, eta zurekin duten harremana bertan behera utz dezaketela susmatzen baduzu, liburuxka honek agian ez dizu lagunduko. Oharra: familia bakoitza berezia da. Guraso gehienek hemen deskribatu ditugun etapak gainditzen dituzte baina, hala ere, izan zaitez malgua gurasoekin. Hemen aurkituko dituzun adibideak eta iradokizunak Gay eta Lesbianen Gurasoen Elkarteetako bileretan jasotakoak dira. Guraso gutxi dira «eredugarri», hau da, gero aurkeztuko dugun deskribapenarekin guztiz bat datozenak. Zer espero dezakezun eta horren aurrean nola jokatu baldin badakizu, urrats garrantzitsu hori egiteko hobeto prestatuta egongo zara, laguntza eta babes handiagoa izanik.

Gurasoen eta seme-alaben eginkizunak trukatzea

Gurasoekin hitz egiten duzunean, gurasoen eta semearen/alabaren eginkizunak trukatu egin direla senti dezakezu aldi batez. Zure esperientzia ikasbide izango da haientzat. Esandakoaren aurrean gurasoek hartzen duten jokabidearen arabera, zuk «guraso» eginkizuna bete beharko duzu eta denbora utzi beharko diezu sentimenduak adierazteko eta ikuspegi berria osatzeko. Prozesu hori ez da erraza izango. Ziurrenik zure bizitzaren zati garrantzitsu hori berehala ulertu eta onar dezaten irrikaz egongo zara. Pazientzia berehala agortuko zaizu agian. Baina gauza berdinak behin eta berriz errepikatu beharko dituzu. Hasieran, bilakaera oso mantso joango da (mantsotasun mingarria izan daiteke). Haien erreakzioa oso hunkigarria izango da. Ez ezazu pentsa zerbait azaltzen diezunean, entzun bezain laster haien sentimenduak adimen intelektualari gailenduko zaizkienik. Utziezu denbora eta espazioa. Azter ezazu zeure kasua: urtetako borroka izan duzu zeuk ere! Gurasoek gainditu beharko dituzten erronkak zuk gainditu dituzunen antzekoak izango dira baina baduzue alde bat: zuk aurrera egin duzu prozesuan. Izan pazientzia.

Polemika: banantzea eta kentzea

Familia askoren kasuan, ordura arte ezagutu eta maitatu izan duten semea edo alaba aldi baterako kentzearen —edo hiltzearen— pareko izaten da. Elisabeth Kubler-Ross-en arabera, maite dugun norbait hiltzen denean honako etapa hauek igarotzen ditugu: ukatzea, haserrea, negoziazioa, depresioa eta onartzea. Maite dugun norbait joaten denean bezalaxe, gay eta lesbianen gurasoen hasierako erreakzioa banantzearekin eta galerarekin loturik egoten da. «Gogoan dut goiz batean semea sukaldean zegoela, gosaria prestatzen; mahaian eseri eta egunkaria irakurtzen ari zen. Begiratu eta zera esan nahi nion: «Ez zaitut ezagutzen baina nahiago nuke alde egingo bazenu eta nire semea bueltan ekarriko bazenu». Semeak edo alabak bere sexu-orientazioaren berri ematen dienean, gurasoek norbait galdu dutela sentitzen dute, baina sentimendu hori aldi baterako izaten da.
Hemen deskribatu ditugun etapak pertsona gehienen kasuan aplikatzen diren arren, ez dira modu absolutuan garatzen guztiontzat. Zenbait kasutan, etapa bat ez dagokionean gertatzen da, ordenatik kanpo; edo etaparen bat agian ez da gertatzen. Pertsona batzuek hiru hilabete behar izaten dituzte etapa guztiak betetzeko; beste batzuek, aldiz, urteak. Beste gutxi batzuek ez dute aurrera egiten beren buruaz erruki direlako. Nolanahi ere, hasierako sentimendua galera-sentimendua da. Guraso gehienek uste dute semea edo alaba jaiotzetik bertatik ezagutzen eta ulertzen dutela. Historia zaharrei atxikitzen zaizkien arren —eta zenbait kasutan historiak kontatzean nahasi egiten dira—, gehienek ziurtasun osoz esaten dute badakitela zein den seme-alaben pentsamoldea. Hasieran, gurasoek duten semearen edo alabaren zentzua galdu egiten dute eta ez dakite oraindik haien irudimeneko pertsona ordezten duen pertsona erreal hori gustuko ote duten. Semeak edo alabak egia esaten dienean kolpe handiena hartzen dutenek jasango dute, ziur aski, kentzearen eta ukatzearen sentimendu handiena. Ez dira semearengandik edo alabarengandik urruntzen; aitzitik, semea edo alaba nahita urrundu da haiengandik.
Lehen aldiz, gurasoek urruntzea sumatzen dute eta, ziurrenik, sentimendu horretaz jabetu izan dira urtetan. Sentimendu hori traumatikoa da. Pazientzia izanik eta guztion aldetik ulerkor izanda, hasierako harremana berreskura daiteke berriz ere. Eta are gehiago; kasu gehienetan, harremana askoz hobea izaten da elkarrekiko zintzotasunean oinarritzen delako.

Ulertzeko prozesuaren etapak

Xoka

Lehenengo etapa, xoka («shock») aurreratu egin daiteke, baldin eta zure ustez gurasoek ez badute susmatu ere egiten zer esan behar diezun. Etapa horrek hamar minutu iraun dezake, edo astebete; oro har, egun gutxiren buruan desagertzen da. Xoka erreakzio naturala da eta guztiok gainditu behar izaten dugu —denbora gehiagoan edo gutxiagoan— larritasuna eta nahigabea saihesteko.
Jakinaraz iezaiezu ezin izan diezula egia guztia esan eta, urteak joan urteak etorri, zuen artean sortu den urruntasun hori ez duzula gustuko. Esaiezu maite dituzula. Esan behin eta berriz. Hasieran ez dute positiboki erantzungo zure maitasun-adierazpenaren aurrean, baina bakarrik daudenean eta gaiaren gainean hausnartzen dutenean, iritsiko da erantzun hori ere. Gogoraraz iezaiezu atzoko seme edo alaba bera zarela: «Atzo maite ninduzuen. Atzotik hona ni ez naiz aldatu; atzoko bera nauzue».
Batzuetan, aitak edo amak ez du xok-fasea igaro behar izaten: «Beti jakin izan dut ezberdina zinela. Aukera hori aintzat hartua nuen. Ondo da. Maite zaitut. Errealitatea ulertzen eta onartzen lagundu beharko didazu». Batzuetan zera esaten dute: «Aspaldi jakin genuen; izan ere, iaz, udan, gutun bat utzi zenuen mahai gainean eta zuk zerbait esateko zain egon gara». Zure kasua hori baldin bada, askoz ere errazagoa izango da dena, zenbait etapa gaindituak izango dituztelako haien kabuz.

Ukatzea

Ukatzeak mehatxuzko mezu edo mezu mingarri baten aurrean babesa ematen du. Ez du zerikusirik xokarekin; izan ere, pertsonak mezua entzun bai, baina horri aurre egiteko defentsa-mekanismo bat garatzen ari dela adierazten du. Ukatzeak forma ugari izan ditzake: etsaitasuna -«Nire semeek ezin dute maritxu izan»-; ez onartzea -«Ongi da, bihotza. Zer nahi duzu bazkaltzeko?»-; jaulkitzea -«bizimodu hori hautatzen baduzu, ez dut ezertxo ere jakin nahi»-; edo ukatzea -«etapa bat baino ez da, pasatuko zaizu». Zure sexu-orientazioaren pertzepzioa desitxuratuta dago gure gizarte homofobikotik jaso eta onartu dituzten mezuen ondorioz. Ukatzea modu askotara adieraz daiteke: hipnosi-antzeko egoera lasaian egonez, edo negar edo oihu histerikoak eginez. Guraso askok tarteko bidea hartzen dute: askotan negar egiten dute.
«Emaztea eta biok ziur geunden gure semea liberazio homosexualeko jardueraren batean zebilela, arriskutsua eta kitzikagarria zelakoan. Komunikabideetan homosexualitateari buruz ematen dituzten erreportajeak interesatzen zitzaizkiola ikusten genuen, baina gure ustez, oraindik heldutasunera iritsi gabe zegoelako zen eta oraindik ez zekielako benetan zer nahi zuen. Psikiatrarengana lehenbailehen joateko esaten genion, azken urtean pilatutako haserre hori guztia tratatzeko. Psikiatrarengana bakoitza bere aldetik joatea erabaki genuen. Pablok bizpahiru saio egin ostean, gure ukatze-mekanismoa birrinduta utzi zuen psikiatrak: «gazte gay askoren aholkulari izan naiz eta nire ustez hori ez da ilusio iragankor bat; nire jakintzarik onenean oinarritzen naiz, zuen semea gaya da».
Aholkulari baten edo pare baten izena eman diezaiekezu, baldin eta gurasoek uste badute aholkularitzaren bitartez nahasmendua argituko dela. Hobe da pertsona hori gay ez izatea, gurasoek pertsona «inpartzial» baten ikuspuntua entzun nahi izango dute-eta. Aholkulari batengana joateko eskatzen badizute behin eta berriz, honako iradokizun hau egin diezaiekezu: zu joango zarela baldin eta haiek ere zure saio kopuru bera egiten badute. Baliteke ezezkoa esatea, haiek ez dutelako laguntzarik behar baina agian norbaitekin hitz egiteko aukera eskertu egingo dute barru-barruan.
Gurasoek baliteke laguntza behar izatea «normala» eta «norma edo araua» bereizteko. Ziurrenik, haien ustez homosexualitatea ez da normala. Laguntzeko, esan diezaiekezu homosexualitatea ez dela norma edo araua, baina zuretzat naturala hori dela. Naturan ere, mundu osoan arau guztiek izaten dituzte salbuespenak; pertsona gehienek bi begiak kolore berekoak izaten dituzte baina badira bi begiak kolore ezberdinetakoak dituztenak ere. Gurasoek ulertu beharko dute zure sexu-orientazioa ez dela arauaren araberakoa baina zuretzat erantzun natural eta zintzoa dela.
Haien ukatzeak honelako forma hartzen badu: «Ez dugu horretaz hitz egin nahi», edo astebetez ez badute jarrera aldatzen, berriz ere ekin beharko diozu, arian-arian eta kontu handiz. Gurasoak lasai daudenean, leun-leun heldu gaiari. «Aita, aspaldian zurekin hitz egin nahi nuen horretaz; mesedez, ez nazazu zuregandik urrundu. Ezin dut gezurretan jarraitu zurekin. Maite zaitut eta zeuk ere orain arte bezala maitatzen jarraitzea nahi nuke». Pertsonaliza ezazu zure mezua, bere defentsak ahultzeraino. Eskatzen dizuten informazioa eman behar diezu, baina ez gehiago, ez baduzu nahi. Zure esperientziei buruzko informazioa ematen badiezu, gerta liteke defentsak gehiago sendotzea. Erantzun soilik egiten dizkizuten galderei; gero ere egingo dizkizute galdera gehiago. Zuri galderak egitean deseroso baldin badaude, agian haien galderak zerorrek egin beharko dituzu erantzun aurretik. Gurasoetako bakoitzarekin bakarka hitz egiteko prestatuta egon beharko zenuke, behar izanez gero. Bikote gehienen kasuetan, beste xok-egoera batzuetan jokatzen duten bezalaxe erreakzionatzen dute gai honen aurrean; alegia, batek aurrea hartzen du eta bestea baino lehen jartzen da konponbidean. Ez zaitez haserretu bietan mantsoen dabilenarekin. Maiz, bikote-harremanean ere arazoak sortzen dira horrelako egoeretan. Errazago egokitzen denak agian esango du bere senarrari edo emazteari gauzak mantso onartzea gustatzen zaiola; edo onartzen mantsoago ibiltzen denak agian pentsatuko du bere bikoteak bizkorregi onartu duela egoera. Erritmo ezberdina behar duten gurasoen artean tentsioa sor daiteke, esanbidez edo isilbidez.

Errudun-ustea

Homosexualitateari aurre egin behar dioten gehienek «arazotzat» hartzen dute eta honako galdera hauek egiten dizkiote euren buruari: «Zein da arrazoia?» Arrazoia argituz gero, sendatzeko moduan izango direla uste dute. «Nire kasuan, zalantza introspektiboa bihurtu zen: Zer egin dut nik gaizki? Arrazoia genetikoa edo ingurunearekin loturikoa izanik ere, nire errua zela uste nuen. Ni, gizon izanik, zer nolako eredu nintzen galdetzen nion neure buruari: nire gizontasuna aztertzen nuen. Aldi batez, berdin zion egoerari zer ikuspegitik begiratzen nion; arazoaren arrazoi nagusia neu nintzela uste nuen. Eta sentimendu hori ezin nion inori adierazi, lotsarazi eta tristatu egiten baininduen». Bi gurasoek izaten dute errudun-uste hori baina semearen edo alabaren sexu bereko gurasoak intentsitate handiagoz bizi izaten du. «Egun batean, emazteak zera esan zidan: «ez dut uste zentzuzkoa denik errua zeure buruari botatzea: zuk bi seme hazi dituzu eta bata gaya da eta bestea ez. Beste faktore batzuk ere badaude tartean, seguru».
Maiz, guraso ezkongabeek errudun-uste handiagoa izaten dute, bikotekiderik ez izateagatik banantzearen edo dibortzioaren ondorioz: «Huts egin dizut; ez dut lortu zure aita eta ama izatea». Aita edota ama errudun sentitzen direnean, bere buruarengan zentratzen dira. Ez dute lortzen zuk igaro behar izan duzunarengatik kezkatzea; etapa horretan, beren gogoetetan bakartuegiak egoten dira. Zure gurasoak direnez, agian ez dira gai izango errudun-ustea dutela onartzeko. Sentimendu hori onartzeak zera esan nahiko luke: «nire eraginez zaude egoera izugarri horretan, nik egin zaitut desberdina. Bota niri errua.» Egoera hori ez da erosoa ezein gurasorentzat. Zuk hainbat modutara lagun ditzakezu. Esaiezu zure ustez arrazoia ez dela haiek uste duten bezain sinplea. Esan teoria asko daudela eta homosexualitatearen jatorria ezezaguna dela. Eskain iezaiezu gurasoei zuzendutako liburu bat. Liburu bat ongi hartuko dute une horietan, aditu baten esanak biltzen dituelako. Izan ezazu eskura liburu bat gurasoei emateko; ez itzazu bidali liburu-denda gay batera liburua erostera.
Haiek orain, agian, konfiantzako norbaitekin hitz egiteko prest egongo dira; beste batzuek, agian, elizgizon batekin hitz egin nahi izango dute. Zaila izango da haiek aukeratu duten pertsona horrengandik urruntzea, nahiz eta zure ustez pertsona hori ez den egokiena. Beste familia batzuei lagundu dien elkarteren baten berri baldin baduzu, emaiezu izena. (Gayen aldeko elkarte bat baliagarri izan dakieke baina agian ez dute elkartera joan nahi izango, kontrako alderdia delakoan.) Emaiezu gay eta lesbianen gurasoen Elkartearen tokiko bulegoaren telefono-zenbakia, baita beste guraso batzuena ere, betiere zuk aldez aurretik jakinarazi badiezu haien telefono-zenbakia emango diezula zure gurasoei. Ez pentsa berehala erantzungo dietenik iradokizun horiei; lotsatuta edo errudun sentitzen badira, agian ez dute ezer egingo. Informazio hori ematen badiezu, hazia ereitea izan daiteke, denborarekin fruitua emango duen hazia.

Sentimenduak adieraztea

Errudun-ustea eta errua nork bere buruari botatzea alferrikakoak direla konturatzen direnean, gurasoak galderak egiteko prest egongo dira, baita erantzunak entzun eta zure sentimenduak onartzeko ere. Horixe da une egokia zuen artean elkarrizketa emankorra izateko. Orain, sentimendu mota guztiak azaleratuko dira: «Zapuztuta nago, ez dudalako bilobarik izango». «Arren, ez esan senitartekoei: neure burua ez dut gai ikusten jendearekin gai horretaz hitz egiteko», «Bakarrik eta minduta sentitzen naiz», «Uste dut hobe litzatekeela jakin izan ez banu», «Nola egin diezagukezu horrelakorik?», «Nahiago nuke hilko banintz». Gizarte homofobiko batean bizi garenez, zuk ere horrelako sentimendu asko nabari izan dituzu (isolamendua, baztertua izateko beldurra, mina, nahasmena, etorkizunari beldurra...) eta zuk ere antzeko sentimenduak izan dituzula adieraz diezaiekezu. Alabaina, utz iezaiezu behar duten denbora sentimendu horiek adieraz ditzaten; orain, haien premiak dira lehentasuna, zure premien gainetik. Ez badute liburua irakurri edo ez badute beste guraso batzuekin hitz egin, gauza horiek egiteko proposa diezaiekezu. Esan kapitulu bat irakurriko duzula haiekin, edo gurasoen bilera batera zu ere joango zarela haiekin.
«Pablok Daniel ezagutzeko eskatu zigun. Hasieran ez genuen nahi, zeren, gertatutako guztiaren errua geure buruari botatzeari utzi genionean, erru guztia Danieli leporatzen hasi baikinen. Haserre nengoen gure familian horrelako hondamendia gertatu zelako; gure bizitzak pikutara joango zirela uste nuen, ziur nengoen. Guraso onak ginela uste izan dut beti, guk ez genuen horrelakorik merezi. Pablorekiko sentitzen nuen haserrea oso gutxitan adierazi nuen; baina hortxe zegoen beti, uneoro nik haserre horri aurre egin behar izateko moduan». Haserrea eta atsekabea dira, ziurrenik, gehien adierazten diren sentimenduak. Kasu askotan, hasierako sentimenduak izaten dira, herratsuak eta krudelak. Zure gurasoek aurrera egingo badute, hobe da sentimendu horiek azaleratzea, ezkutuan gorde eta ez-ikusiarena egitea baino. Zuretzat ez da erraza izango sentimendu horiei aurre egitea. Atzera egiteko tentazioa izango duzu, gaia atera izanaz damutuko zara. Baina ez etsi! Ez egin atzera! Sentimendu horiek adierazten dituztenean, gurasoak onbidean daudela esan nahi du.

Erabaki pertsonala

Trauma emozionala gutxitzen den heinean, gurasoek modu arrazionalagoan helduko diote gaiari. Ez litzateke harritzekoa izango une horretan zera egin nahi izatea, etorkizunean dituzten aukerak aztertzea. Bidegurutze batera iristea bezala da. Pertsona bakoitzak bide bat aukeratzen du eta aukera horrek pertsona horren jarrera adierazten du; hain zuzen ere, egoerari aurre egiteko garaian pertsona horrek hartuko duen jarrera. Baliteke gurasoek bide bera ez aukeratzea. Hainbat faktorek izan dezakete eragina hautatzen duten bidean. Homosexualitateari buruzko testuak irakurtzea eta beste guraso batzuekin hitz egitea lagungarri suertatuko zaie, ziur aski, jarrera positiboagoa izateko. Erlijio-orientazioa ere oso garrantzitsua izango da. Liberala nahiz kontserbadorea izan, oro har, gurasoen orientazioak zerikusi handia izango du haien erantzunarekin.
Beste faktore garrantzitsu bat hauxe da: zurekin zuten harremana berreskuratzeari ematen dioten garrantzia. Faktore ugarik izango dute eragina gaiari aurre egiteko modua bat edo beste izan. Jarraian, hiru erabaki mota deskribatuko ditugu. 1- Gehienek semea edo alaba maitatzen jarraituko dute eta honako hau esan ahal izango dute: «Nire semea edo alaba zara oraindik ere». Semearen edo alabaren sexu-orientazioaren errealitatea onartu ahal izango dute eta babesa eskainiko diote. Izan ere, orain, gurasoen eta semearen edo alabaren arteko harremana elkarrekiko zintzotasunean eta errespetuan oinarrituko da. Guraso gehienek diotenez, harreman hori ordura artekoa baino hobea da. Guztion sentimenduak hobeak izango dira gertatutakoari dagokionez. Orain arte, gurasoek zure premiei azaletik baino ez diete erreparatu baina hemendik aurrera arreta handiagoa eman ahal izango diete. Orain, gainditu behar izango dituzun arazoekin kezkatzen hasiko dira. «Gure semearen premiei buruzko uste txiki bat bagenuen, baina orain, emaztea eta biok gehiago jabetzen gara eta berak gainditu behar izan duen guztia hobeto ulertzen dugu».
«Unibertsitatean bakarkako logela lortu genion, gelakide bati azalpenik edo aitzakiarik eman behar izan gabe bizi ahal izan zedin». «Daniel maizago gonbidatzen hasi ginen eta berehala familiako kidetzat hartu genuen. Pablok anaiari esan zionean Luisekin ere hitz egin genuen eta Pablori erabateko babesa eman genion.» 2- Batzuetan, gaiari buruz gehiago eztabaidatu beharrik ez dagoela erabakitzen dute gurasoek. Gaiari buruz hitz egin dezakete, baina oso gai delikatutzat jotzen dute. Zertxobait egin dute aurrera, baina ez dute nahi gehiago aurreratu. Horrek ez du esan nahi zurekiko jarrera negatiboa dutenik. Haiek badakite zeintzuk diren beren mugak eta ez dituzte gainditu nahi. Jarrera hori errespetatu behar zenuke baina oraindik ere laguntzeko saiakera egin dezakezu. Adieraz iezaiezu maite dituzula —hitzen eta ekintzen bidez—. Jakinarazi, arian-arian, zure sexualitateari buruzko gauzak: alegia, zein gay taldetan parte hartzen duzun (auzo-elkartean, talde erlijiosoan edo atletismo taldean). Ahalegina egin beharko duzu zuregandik urrun ez daitezen. Aurkeztu zure lagunak; pertsona homosexual gehiago (gutxi badira ere) ezagutzea lagungarri izango zaie topikoak urratzeko. Batzuetan, zure sexu-orientazioa liskar-iturri izan daiteke etengabe. Egiten edo esaten duzun guztia zure arazoaren sintomatzat har dezakete: zure ordutegiak, zure hizkera, zure lagunak, zure lanbide-aukera, zure eskola-kalifikazioak eta abar. (Egiaz, kezka horiek zure gurasoen eskasia pertsonalaren adierazgarri dira). Egoera horrek irauten duen bitartean, gurasoak eta semea edo alaba izango dira galtzaile. Oro har, gurasoetako batek muturreko paper hori hartzen duenean bere gain, besteak ere antzeko jarrera hartu behar izaten du nahitaez.
Seme-alabei dagokienez, guraso-bileretara joan edo seme-alabei babesa ematen dieten beste guraso batzuekin hitz egiten duten gurasoek oso gutxitan izaten dute jarrera negatiboa. Ez badute bilera batera joan nahi, agian prest egongo dira jatetxe lasai batean beste guraso batzuekin elkartzeko. Zure saiakerak ez badira ongi ateratzen, ez etsi. Bila ezazu ordezko aita edo ama bat, edo lagun zaitzakeen lagunen bat. Atzerabideaz ere hitz egin behar dugu. Arazoak konpontzeko garaian eta jarrerak aldatzeko prozesuan, zenbait kasutan bi urrats aurrera eta beste bat atzera egiten da. Ez da harritzekoa gurasoek urrats bat edo bi atzera egitea eta zure ustez jada gaindituta zegoen gairen bati buruz berriz ere eztabaidan hastea. Emaiezu denbora barneratzeko. Hori gertatzen bada etsiak hartuko zaitu baina aldaketaren bidea horrela egiten da askotan.

www.ampgyl.org
Liburuxka hau Estatu Batuetako Gay eta Lesbianen Guraso eta Lagunen Elkarteak argitaratutako "How you can say to yours parents you are goy" liburuxkaren itzulpena da. Euskarazko edizio hau Gay eta Lesbianen Gurasoen Elkarteari esker egin ahal izan da.
Verdaguer i Callís, 10
08003 Barcelona
Telefono-zenbakiak:933 195 550 - 656 433 624.

Azken eguneratzea: 2012/07/18