Hegazti Gripeari Buruzko Galderak
 
Hegaztiak Hegan


1. Zer da hegazti gripea?
2. Desberdinak al dira hegazti gripearen eta giza gripearen birusak?
3. Zer berezitasun dauka oraingo hegazti griperaren agerraldiak?
4. Nola hedatzen da hegazti gripea?
5. Zein da hegazti gripeak gizakientzat daukan arriskua?
6. Hegazti gripeaz kutsa daiteke pertsona basa hegaztiekin manipulatzeagatik?
7. Gaixotasuna kutsatzen al da hegazti infektatuak jateagatik?
8. Zer aldaketak gertatu behar dute birusa pandemiko bihurtzeko?
9. Zein dira hegazti gripeak pertsonengan aurkezten dituen sintomak?
10. Ba al dago txertoren bat hegazti gripearen H5N1 birusetik pertsonak babesteko?
11. Gripearen birus arruntaren aurka hartzen den txertoak babesten al du hegazti gripearen birusetik?
12. Ba al dago tratamendurik?
13.  Bidaia daiteke hegazti gripeko kasuak izan diren herrialdetara?
14. Zer gertatzen da H5N1 hegazti gripea dagoen lurralde batetik datorren norbaitek gripe sintomak aurkezten baditu?
15. Gripe pandemia saihestu daiteke?

 

igo1. Zer da hegazti gripea?

Hegazti gripea, edo gripe abiar deritzona, A motako gripearen birusak sorturiko gaixotasun infekzioso bat da, normalean hegaztiei erasaten diena eta ez hain sarritan txerriei. Oso gutxitan bada ere, inoiz gertatu da birus honek pertsonei erasatea, animalia gaixoekiko ukipenean egon ondoren.

Etxe hegaztien artean infekzioak bi gaixotasun mota eragiten ditu: birulentzia baxukoa eta birulentzia altukoa. Lehenengoak, patogenotasun baxukoa ere deitua, sintoma arinak eragiten ditu hegaztiengan eta, batzuetan, diagnostikatzen zaila gertatzen da. Bigarrena, patogenotasun altukoa, oso azkar hedatzen da hegaztien artean eta hilkortasun tasa izan daiteke %100ekoa lehenbiziko 48 orduetan.

igo2. Desberdinak al dira hegazti gripearen eta giza gripearen birusak?

Gripearen A birusak hainbat tipo eta subtipo aurkezten ditu birusaren 2 proteina hauen arabera: hemaglutinina (H) eta neuraminidasa (N). A birusaren subtipo guztiek eragin diezaiekete hegaztiei. Halere, hegazti gripeaz mintzo garenean, bereziki hegaztiengan aurkitzen diren eta normalean gizakiei erasaten ez dieten subtipoez ari gara.

Giza gripeaz mintzo garenean, normalean gizakiei erasaten dieten subtipoez ari gara, adibidez, H1N1, H1N2 eta H3N2 subtipoak.

Gripearen A birusak etengabeki aldakuntzan daude eta horrexegatik aldatu behar izaten da urteroko txertaketa kanpainetako txertoen konposizioa.

igo3. Zer berezitasun dauka oraingo hegazti griperaren agerraldiak?

Asiako hegoekialdean agertu zen 2003 urtearen erdialdean eta orain arte erregistratu den agerraldi handiena eta larriena da. Birus eragilea, H5N1, endemikoa da une honetan herrialde askotan eta 150 milioi hegaztiren heriotza edo suntsipena eragin du eta 117 pertsonari erasan die lau herrialdetan (Kanbodian, Indonesian, Thailandian eta Vietnamen), horietako 60 hil direlarik.
Beste agerraldi batzuek, Taiwanekoak adibidez,  H5N2 subtipoak eragina, ez diete pertsonei erasan.

igo4. Nola hedatzen da hegazti gripea?

Hegaztiengan birusa listuan, mukian eta zirinean aurkitzen da. Kutsakortasun kasuan, eskrezio horiekin edo kontaminaturiko azalerekin ukipenean jartzean kutsatzen da.

igo5. Zein da hegazti gripeak gizakientzat daukan arriskua?

H5N1 birusak normalean ez die erasaten pertsonei. Halere, orain arte 117 pertsonarengan diagnostikatu dira kasuak. Kasu hauetako gehienak hegaztiekiko edo hauen gorozkiekiko ukipen zuzenagatik gertatu dira, nekazaritza guneetan, hegaztien eta gizakien arteko ukipena normala den tokietan alegia; baina litekeena da kasuren batean infekzioa pertsonatik pertsonara kutsatu izana.  Horretan datza kezkarik handiena, birusa aldatzea, pertsonentzat oso kutsakorra izango den forma bat hartuz eta oso erraz hedatzea; horixe litzateke pandemiaren hasiera.

igo6. Hegazti gripeaz kutsa daiteke pertsona basa hegaztiekin manipulatzeagatik?

Oraingoz, gure herrialdean ez dago hegazti griperik; beraz, ez dago kutsatzeko arriskurik ere. Dena dela,  hegazti gripea egon edo ez egon, ehiztariek eta basa hegaztiekin manipulatzen duten pertsona guztiek oinarrizko neurri higienikoak hartu behar dituzte hegazti hauen ukipenean egon ondoren.

igo7. Gaixotasuna kutsatzen al da hegazti infektatuak jateagatik?

Orain arte egin diren ikerketen arabera,  hegazti gripearen birusa arnasaren bidez bakarrik kutsatzen da, baina ez infektaturiko hegaztia jateagatik. Gainera, birus honek ez ditu jasaten tenperatura altuak eta, ondorioz, hegaztia kuzinatzean suntsitu egiten da.

igo8. Zer aldaketak gertatu behar dute birusa pandemiko bihurtzeko?

Birusa pertsonen artean kutsagarri bihur daiteke bi mekanismoren bidez: 

  • giza birusaren eta hegazti birusaren arteko material genetikoaren trukearen bidez, ko-infekzio batean gerta litekeena
  • egokitze prozesu mailakatu baten bidez.

Lehenengo kasuan hedapena, eztanda bat bezala, bat-batekoa izango litzateke; bigarrenean, berriz, denbora tarte bat egongo litzateke babes neurriak aurkitu ahal izateko. 

igo9. Zein dira hegazti gripeak pertsonengan aurkezten dituen sintomak?

Infekzio iturriaren esposizioan egon ondorengo inkubazio denbora izan liteke 3-5 egunekoa, gehienez 7 egunekoa. Deskribatu diren sintoma batzuk gripe arruntaren ohikoak izan dira (sukarra, eztula, eztarriko hantura, giharretako mina); beste batzuk, begietako infekzioa, pneumonia, arnas gaixotasun larria, eta beste sintoma larriago batzuk. Sintomak izan daitezke infekzioa eragiten duen birusaren araberakoak.

igo10. Ba al dago txertoren bat hegazti gripearen H5N1 birusetik pertsonak babesteko?

Oraingoz ez dago txertorik baina laborategi batzuk ari dira jadanik entseiu klinikoak  egiten eta garatzen, zein txerto esperimental izan litekeen eraginkorra aztertzeko, eta zenbait formulaziok beharko den antigeno kantitatea ekonomizatzea ahalbidetuko ote luketen determinatzen, horrela txertoa produzitzeko gaitasuna areagotzeko. Txertoko birusak birus pandemikoaren ahalik eta antzekoena izan behar du, horregatik txertoa eskala handian produzitzen ez litzateke hasiko birus pandemikoa agertu arte, eta orduan deklaratuko litzateke pandemia.

igo11. Gripearen birus arruntaren aurka hartzen den txertoak babesten al du hegazti gripearen birusetik?

Ez, pertsonei gripe arruntaz erasaten dien birusaren antogenoak erabiliz prestatua dagoelako eta ez H5N1 birusaz. Txerto hauek, hegaztiekin ukipen zuzenean dauden pertsonei ematen zaizkienean (oilategi, hiltegi...) birus arruntetik babesten ditu eta, beraz, hegazti birusaz kutsatzeko arrisku hipotetiko handiagoa daukaten pertsona hauengan bi birusez aldi berean kutsatzeko arriskua murrizten dute. Horrekin mugatu egiten da birus arruntak eta hegazti birusak elkarren artean material genetikoa trukatzeko eta potentzial pandemikoa leukakeen birus berri hori sortzeko arriskua.

igo12. Ba al dago tratamendurik?

Bi medikamentu daude, neuraminidasaren, oseltamibirraren (merkatu izenez, Tamiflua) eta zanamibirraren (merkatu izenez, Errelentza) inhibitzaile direnak, gripe arruntaren birusak eragiten duen gaixotasunaren larritasuna eta iraupena gutxitzen dutenak. Berauen eraginkortasuna sintomak agertu ondorengo lehen 48 orduak igaro baino lehen administratzean datza.  H5N1 birusak gizakiengan duen portaerari buruz, oraingoz ez dago datu askorik, baina orain arte dagoen esperientziaren arabera, badirudi sentikorra dela neuraminidasaren inhibitzaileen aurrean.

Erabil litezke beste medikamentu antibiral batzuk ere, adibidez, amantadina eta rimantadina, baina frogaturik dago birusaren erresistentziak berehalaxe gara litezkeela aipatu medikamentuei aurre egiteko.

Egin diren azterketek frogatu dutenez, zanamibirra eta oseltamibirra eraginkorrak dira pertsona heldu osasuntsuengan gripearen agerraldia prebenitzeko, %70-90eko eraginkortasun portzentajearekin, gripe birusaren esposizioan egon aurretik zein ondoren hartuta.

igo13.  Bidaia daiteke hegazti gripeko kasuak izan diren herrialdetara?

Osasunaren Mundu Erakundeak adierazi duenez, hegazti gripea, oraingoz behintzat ez du lurralde horietara bidaiatzeari uko egiteko arrazoia. Dena dela, gomendagarria da aholku sanitario batzuk betetzea aparteko egoera batzuetan bakarrik gertatzen diren kutsadura arriskuak saihesteko. Esate baterako, ez ukitu hegaztiak dauden merkatu, tegi edo erreserba naturaletako animalia bizirik, (edo akabaturik edo berauen gorozkirik); ez erosi edo ez eduki inolako ukipenik konpainiako hegaztiekin; eta gripe arruntaren aurkako txertoa hartu lurralde horietakoren batera bidaiatzerakoan, ko-infekzioa saihesteko. Oso garrantzitsua da era berean higiene pertsonal ona edukitzea eta jende samalda handiko guneak saihestea (azokak, gaizki egurasturiko lokal txikiak, etab.). Eta betiere, norberaren osasun egoeran arreta jarri behar da itzuli ondorengo zazpi egunetan. Bitarte horretan sukarra, eztula edo arnas eragozpenak agertuko balira, gomendagarria izango da medikuarengana joatea balorazioa egin dezan.

igo14. Zer gertatzen da H5N1 hegazti gripea dagoen lurralde batetik datorren norbaitek gripe sintomak aurkezten baditu?

Ia segurutzat eman daiteke ez dela hegazti gripea izango, baldin eta hegaztien ukipenean metro bat baino gutxiagoko distantziara egon ez bada behintzat. Normalena gripe arrunta izatea da. Gripe sintomatologia daukan pertsona honek H5N1 birusak erasandako herrialdeen zerrendako herrialderen batetik badator eta ukipenen bat izan badu hegazti biziekin (oilasko, ahate, antzara, indioilar), basa hegaztiekin zein txerriekin (edo aipatu animaliak dauden lekuetan ibili bada) herrialde horietakoren batean sintomak hasi baino 7 egun lehenago, bere medikuarengana jo behar luke eta honek, kasua baloratu ondoren, Osasuneko Lurralde Zuzendaritzetako Epidemiologia Unitateei jakinarazi.

igo15. Gripe pandemia saihestu daiteke?

Ez dago ziur jakiterik, gripe birusaren ezegonkortasunagatik. Halere, OMEk uste du neurri egokiak berehalaxe hartuz gero, saihestu ahal izango litzatekeela.
Aurreneko lehentasuna eta defentsa lerro garrantzitsuena zera da, ahal den neurrian murriztea giza esposizioko aukerak birusaren gordailu handienetara, hau da, hegazti infektatuetara. Hori lortzeko bidea hegazti gripearen agerraldien detekzio goiztiarra eta kontrol neurrien ezarpena dira, hegazti infektatuen suntsipena barne, eta berauen hondakinen xedapen sanitarioa.
Erabilgarri dauden ebidentzia guztiek adierazten dute pertsonak kutsatzeko arriskua areagotu egiten dela, hegaztien artean patogenotasun altuko birus bat hedatzen denean,   H5N1 birusa adibidez. Gizakiengan infekzioen kopurua ugaritzen denean, birusak mutazio bat jasateko eta pandemia sortzeko arriskua ere areagotu egiten da.

Testu osoa ikusi (doc, 301 Kb)


 

Donostia-San Sebastian, 1. 01010 - Vitoria-Gasteiz. Telf. 945 019201
Faxa: 945 019192 e-mail: dirsalud-san@ej-gv.es

Azken eguneratzea: 2007/08/23