E-kultura neurtzeko bidean

KEPA SARASOLAREKIN ELKARRIZKETA: EHU-ko Informatika Fakultateko irakaslea eta IXA taldeko kidea

e-kulturaEuskararen eta euskal kulturaren presentzia interneten aztertzeko bideak zein izan daitezkeen ezagutzeko Kepa Sarasolarengana jo du Behatokiak. Elkarrizketaren bidez sarean eskura dauzkagun informazio iturriak eta aurki ditzakegun datuak ezagutu ditugu, eta baita egoera ezagutzeko informazio horietatik atera dezakegun argazkia ere. Sarasolak etorkizunari begira dauzkagun erronkei erantzuteko bideak azaldu dizkigu.

EGOERAREN ANALISIA

Azken urteotan euskarazko baliabideen hazkundea nabarmena izan da. Gaurko egoera ondoko erreferentzia hauetan neur dezakegu:

Softkat, Euskarazko software katalogoa: gune honetan dauden datuen arabera irakaskuntzari eta interneti buruzko produktuak dira garatuen daudenak. Aurkezten den zerrendaz gain, berriak, gehien jaitsitako produktuen zerrenda, azken produktuak eta behatokia ere agertzen dira besteak beste. Guztira 344 produkturi buruzko informazioa lor dezakegu.

  Produktuak
Irakaskuntza 76
Interneten aritzeko 62
Dokumentazioa 52
Hizkuntza 47
Bulego aplikazioak 34
Aisialdia 33
Tresna orokorrak 29
Bestelakoak 11

Euskarazko IKTen inbentarioa: Euskararen eta IKTen sektoreko eragileek (hornitzaileak, kolaboratzaileak, erabiltzaile-taldeak, elkarteak) gauzatzen dituzten proiektuen eta baliabideen informazioa sistematikoki bilduta izateko tresna da. Guztira 307 proiekturi eta 9 sektoretako eragileei buruzko informazioa biltzen du ondoko sailkapenaren arabera:

  Proiektuak Agente teknologikoak
Hizkuntza-baliabideak eta -tresnak 71 4
Itzulpengintzari laguntzeko tresnak 15 3
Sistema interaktibo aurreratuak 19 2
Euskarazko softwarea 198 5
Informazioaren eta jakintzaren kudeaketa 24 3
Edukien industria 9 1
Prestakuntza/ E-learning 7 3
E-inklusioa 5 1
Besterik 5 0

Inguma: Euskal komunitate zientifikoaren datu basean euskarazko produkzioaren oinarrizko erreferentziak jaso dira (27.644 dokumentu). Hauen artean 6.701 idatzizko dokumenturen kontsulta zuzena egin daiteke (artikuluak, liburuak, itzulpenak eta abar).

Elebila: euskarazko bilatzailea “euskarazko presentzia neurtzeko lehenengo termometroa da” Sarasolaren ustez. Elebilak interneten euskaraz zer dagoen bereizten du. Oinarrizko hitz bat sartuz gero -da esaterako-, 608.000 orri inguru agertzen dira euskaraz; aitzitik, antzeko froga Googleen ingelesez egin ondoren -is hitzarekin- 9.660.000.000 inguru daudela ikusten dugu.

Blogari.net: Blogei eta mezu kopuruari buruzko informazioa lor dezakegu. Artikulu hau idatzi den unean adibidez:

  • 15.151 mezu
  • 12.547 irudi
  • 15,59 mezu/egun
  • 3.971 erabiltzaile

ETORKIZUNARI BEGIRA

Azaldu den egoera kontuan izanik ”euskararen presentzia baliabide digitaletan eta interneten ez dela basamortua esan daiteke, baina hil ala biziko kontua da; militantzi aktiboa egon arren hutsuneak ere agertzen dira. Elebilaren adibideari jarraituz, tresna berriak guk geuk zuzenean garatu behar ditugu ez baitira sistema komertzialak. Horretaz gain, jendea animatu behar da euskararen aldeko joera izaten eremu digital honetan ere.

Unibertsitatean dagoen informazioa hobeto eskuratzeko tresna berriak bultzatzen gabiltza: informazioa badago, nola bilatu da egun daukagun beste erronken arteko bat eta Hizkuntza-teknologiaren bitartez landuz gero hobe. Adibidez, Britainia Handiko Ondare artistikoaren erakundeko arduradunarekin batera ondare baliabideak hobeto aurkitzeko proiektua garatu nahian gabiltza”.

Azken urteotan aurrerapauso handiak egin badira ere desafioa bertan da.

BALIABIDEAK:

Softkat: http://softkat.ueu.org/
Inventario de las TIC en euskera: http://www.euskara.euskadi.net/r59-19678x/es/t06aInventarioWar/t06aInicioServlet?idioma=c
Inguma: http://www.inguma.org/
Elebila: http://www.elebila.eu./search_basic/
Blogari.net: http://www.blogari.net/direktorioa.php

INFORMAZIO GEHIAGO:

BAT soziolinguistika aldizkariko 66. alean Teknologia berriak eta euskararen egoera sakontasunez aztertzen dituzte Andoni Sagarnak, Araceli Diaz de Lezanak eta Ixa taldeko kideek. Horretaz gain ikerketa lerroen eta aplikazioen eta azterketa teorikoen berri ere ematen da.

BAT soziolinguistika aldizkariari buruzko informazioa:

http://www.soziolinguistika.org/node/3