Euskadiko Klimatologia

Osagai Klimatikoen Azterketa / Prezipitazioak

Euskal Autonomia Erkidegoan izaten dugun plubiositate garrantzitsua eta prezipitazioen intentsitate handia oso ondo ulertzen da orografiari begiratuz gero. Kontuan izaten badugu, batetik, euskal mendiak mendebal-eki orientazioan daudela; eta bestetik, euskal mendiak, mendebaletik dituzten Kantaurialdeko mendilerrokoak eta ekialdean altxatzen diren Pirinioak baino baxuagoak direla; eta, azkenik, Mediterraneo mendebaleko eskualde ziklogenetikoak nolabait ere airea xurgatu egiten duela, oso ondo ulertuko dugu mendebaletik datorren haizea zergatik okertu eta Euskal Autonomia Erkidego osoa zeharkatuz bideratzen den Mediterraneoko arrorantz.
Klima honetan plubiositatea handiagoa edo txikiagoa izatea ez da prezipitazio-kopuruaren kontua soilik, prezipitazio horien iraupena ere kontuan hartu beharrekoa da, txandaka-txandaka denetarik izaten dugu, euririk gabeko tarteak, lehorteak, izugarrizko euri-jasak, eta prezipitazio motarik arruntena dugun, zirimiria. Baina askotan garrantzitsuaga da euria zenbat denboran egiten duen, botatako ur-kantitatea bera baino. Nahi izanez gero, hiru hiriburuetako hileko prezipitazioen grafikoa ikus daiteke.

Precipitaciones

Lehorteak:

Oraindik ez da egin uholdeak eragiten dituzten euri gogorrei eta lehorteei buruzko azterlan exhaustiborik.Berriki, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleak larritu egin ziren 1989 eta 1990 urteetan nozitu, baina bi urte lehenagotik zetorren lehortearekin. Prezipitazioak % 35 jaitsi ziren. Baina egia esan, kanpoak ia ez zuen lehorterik nozitu; are gehiago, nekazaritzako ekoizpena, guztira, aparta izan zen. Hala eta guztiz ere, hiruburuetan askotan kendu beharra izan zuten ura. Biztanle gehien dituen hiria izaki, Bilbok jasan zituen, kalterik gehien, bilbotarrek urtebetez jasan behar izan baitzituzten ur-murrizketak. Bilbon erabiltzen den uraren zati handi bat Araban dauden Zadorrako urtegiek hornitzen dute, eta han ikaragarri jaitsi zen uraren maila, inguru horretan ere prezipitazioak urriak izan baitziren. Gainera, tenperaturak ere oso altuak izan ziren, batez ere 1989an, eta lurrunketak, hego-haizea lagun, asko lagundu zuen urtegiak ia lehortzen.

Euri-jasak:

Badira ordea, lehorteak baino usuago eta ekonomi aldetik garrantzitsuagoak diren beste fenomeno batzuk: euri-jasak, isurialde atlantiko osoan uholde larri eta garestiak eragiten dituzten fenomenoak, hain zuzen. Hiriaren sorreratik bertatik, Ibaizabalen uholdeek mendetan zehar kalte itzelak sortu dituzte hirian, aldian behin. Gipuzkoan ere, euri-jasen ondoren, uraldiek galera handiak eragin dituzte etxebizitzetan, kanpoan eta bideetan.

Azken urteotako uholderik garrantzitzuena 1983ko abuztuaren amaieran bizi izan zen, 26 eta 27an batez ere, eta bereziki Bizkaian eragin zituen kalteak, eta gutxixeago Gipuzkoan. Euririk gehien Bilboko itsasadarraren inguruan egin zuen. Hiru faktorek egin zuten bat euri-erauntsi horiek eragiteko: lehenik, uda osteko lehenbiziko aire-masa polarra iritsi zen, altu samar; bestetik, euskal kostaldeko uraren azaleko tenperatura altuak gainean aire masa epel heze oso ezegonkorra sortarazi zuen; eta azkenik, iparretik haize arinak sartu ziren, eta horiek erliebearekin topo egitean igotzen hasi eta ezegonkortasuna muturrera eraman zuten.

Ondorio larriak izan zituen euri-eraunsien beste gertaera aipagarri bat handik urte batzuetara gertatu zen, berriro ere udan, eta Gipuzkoako lurraldearen heren batean izan zuen eragina. 1988ko uztailaren 19an goialdetik aire hotzezko tanta bat sartzean, lurrazalaren kontrako aire-geruza heze eta beroarekin topo egitean, truxu itzelak eragin zituen, batez ere Deba eta Urola arroetan.

Elurra:

Euskal Autonomia Erkidegoko elurraren taulak erakusten duenez, itsasoaren mailan, kostaldean, elurra fenomeno arraroa da. Mendietan elur sasoian urrian ere egin dezake elurra, baina ez du oso ugari egiten. Elurrak beranduenera ere maiatzean eraunsten du, depresio sakon bat poloaren pareko latitudeetatik meridianoari jarraikiz iristen denean.

Elurterik oparoenak, iparreko fluxu hezeak ipar-ekialderantz aldatu ahala, pixkanaka hoztuz, baina azkenean prezipiatazioarik eragiteko lehorregi daudenean izaten dira. Isobaren mapan Europako kostan antizikloi luzexka bat eta Eskandinabiatik kontinente osoa iparretik hegora zeharkatu ondoren, Mediterraneo mendebalera iristen den depresio bat agertu ohi dira. Depresioarekin batera datorren iparreko fluxu hotz eta heze azkar batek eragiten ditu lehenengo elurteak. Eta gerta daiteke, bigarren bultzaldi batean, Mediterraneoko depresioak aire-masa hezeagoak ekartzea, eta ordurako lurrazalaren gainean dagoen aire-masa hotzagoarekin topo egitean elurteak ugaltzea. Azkenean, Atlantikoko antizikloi luzexka "etzan" egiten da Europa iparraldean eta eten egiten du fluxu hezea.

Elurra eragiten duten beste egoera batzuk ur-tanta hotzekin gertatu ohi dira. Negua bada eta lurrazaleko geruzak behar bezain hotz badaude, prezipitazioak lurrera iristerako elur-malutatan biltzen dira.

Txingorra:

Txingorra sarriago egiten du kostako behatokietan barrualdekoetan baino. Kostaldean urtean 5 egunetik gora egiten du txingorra, baina barrualdean nekez egiten du batez beste 3 egun baino gehiagotan. Hori bai, kostaldean neguan sarriagoa den bezala, barrualdean askoz ere ohikoagoa da udan. Arrazoia, bada, txingorra eragiten duten igoera zakarragoak, are gehiago zakartzen dira kostan erliebearengatik eta aire-masa polarren baitan, uraren ondo-ondoan dauden beheko geruzak Bizkaiko itsasoa zeharkatzean epeltzen direlarik sortzen den ezegonkortasunagatik. Aldiz, hegoaldean, txingorra eragiten duten igoerak, udan lurzorua eta hori ukitzen dagoen airea biziki berotzean sortzen den ezegonkotasun termikoen ondorioz izan ohi dira.

Nekazariak betidanik izan dira udako txingorraren beldur, batez ere mahastizainak eta fruta-arbolak dituztenak. Harriak min handia egin diezaioke mahatsari biltzeko ia prest dagoenean, eta urtebeteko lana alferrik galdu. Harri-erauntsirik izan ez dadin, eratzen ari diren hodeien kontra koheteak leherrarazteko eta iodurodun abionetak igortzeko ahaleginak egin izan dira, horrela hodei barruko hezetasuna kondentsatu eta eguratsa gehiegi kargatu eta harriak sortuko dituen asetze zakar bat gertatu baino lehen, ura erorrarazteko asmoarekin.