Car Sharing edo ibilgailu kolektiboa partekatzea
"Zoriontasuna gauzak erabiltzeak ematen du, ez edukitzeak", Aristotelesek duela 2.500 urte
Car sharing-a edo ibilgailu kolektiboa partekatzea, ibilgailua izateko beste era bat da, mugikortasunaren kontzeptu moderno bat, garraiobideak zentzuz erabiltzea bultzatzen duena, eta beharra sortutakoan, nahitaez jabe izan gabe ere, ibilgailu bat erabiltzeko aukera eskaintzen duena. Sistema honekin mugikortasunaren kostuak gutxitu egiten dira, bai norbanakoentzat, bai gizartearentzat.
Ibilgailu kolektiboa partekatzea, egunero-egunero ibilgailuaren beharrik ez duen jendearentzat, jabetza pribatuko autoaren alternatiba bat da. Car sharing-ak, unean uneko beharren arabera, etxetik hurbil izango dituzun ibilgailu multzo bat erabiltzeko aukera ematen dizu, eta denboraren eta egindako kilometroen arabera ordaintzen da.
Ibilgailu bat erabiltzeko, nahikoa da ibilgailua dagoen tokira joatea (aparkaleku ugari izaten dira, eta beraz, baten bat gertu izango duzu), eta bazkide-txartela baliatuz ibilgailua hartzea. Bidaia bukatutakoan, autoa itzuli, eta erabilitakoa bakarrik ordaindu.
Batek baino gehiagok pentsatuko du hori ibilgailua alokatzea dela. Eta neurri batean hala da, baina ibilgailu kolektiboa partekatzeko zerbitzuak, autoa behar dugunean berehala eskuratzeko moduan antolatuta daude. Kontua da, erabiltzaileak ibilgailu bat behar duenean etxetik edo lantokitik gertu ibilgailu bat eskaintzea, erabiltzeko moduan, eta aldiko paperak betetzen ibili beharrik gabe erabili ahal izatea. Horregatik, car sharing-ari ibilgailuen alogera bizkorra edo ibilgailu kolektiboa partekatzea ere esaten zaio.
Ibilgailu kolektiboa partekatzeko zerbitzuek, esan bezala, noiznahi ibilgailu bat erabiltzeko aukera ematen dute, eta aukera hori oso malgua denez, benetan egokia da garraio publikoak edo bestelako garraio iraunkor batzuk osatzeko.
Ibilgailu kolektiboa partekatzeko zerbitzu on batekin ibilgailu partikularrarekin lor dezakegun ia malgutasun bera izan dezakegu, eta aldi berean, ikuspuntu ekonomikotik eta ekologikotik eraginkorragoa da. Ibilgailu kolektiboek aukera ugari eskaintzen dituzte eta, horri esker, oso egokiak dira jabetza pribatuko ibilgailuen alternatiba gisa.
Azken finean, ibilgailu kolektiboak partekatzeko ondo antolatutako zerbitzu bat ingurumena errespetatzen duten garraio-sarearen osagarri da eta oso aukera egokia da garraio publikoa, oinez joatea edo bizikleta (gaua delako, garraio publikorik ez dagoelako, gomendagarria ez delako edo fardel handiren bat garraiatu behar dugulako, etab.) komenigarriak ez direnerako.
Bestela esanda, garraio publikoa eta ibilgailu kolektibo partekatua, biak konbinatuz, nahikoa izan beharko litzateke jendearen mugikortasun-beharrei erantzuteko, baina argi dago ez bata, ez bestea, bakoitza bere aldetik ez direla gai ibilgailu pribatua ordezteko.
Hala eta guztiz ere, carsharing-ak ideia bat helarazten dio jendeari: automobila beste erremediorik ez denean erabili behar dela. Hau da, hiritarrak ibilgailu bat eskatu baino lehen, beste zer aukera dituen aztertzen du, garraio publikorik duen, oinez joan daitekeen edo bizikleta hartuko duen.
Izan ere, ibilgailu kolektiboa partekatzeko zerbitzua erabiltzen duen bezeroak zehatz-mehatz daki zenbat kostatzen zaion bidaiatzea, eta horregatik, birritan pentsatzen du automobila hartu baino lehen; zentzuz eta koherentziaz baliatzen du automobila, eta beraz, bideetan ibilgailu gutxiago izaten da, garraio publikoaren mesedetan.
Azken finean, mugikortasunerako lehen ditugun baliabideak optimizatuz eta horrekin batera ibilgailu kolektiboak partekatuz, bideetan ibilgailu partikular gutxiago ibiliko da, garraio publikoa hobeto aprobetxatuko da, eta ibilgailu motordunetan joan-etorri gutxiago egingo da, iraunkorragoak diren bestelako baliabideen mesedetan.
Informazio gehiago:
http://ec.europa.eu/research/rtdinfo/38/article_150_en.html
http://www.ecoplan.org/carshare/cs_index.htm
http://www.vtpi.org/tdm/tdm7.htm
|