KUKULAISI
- Erakundea:
- Kultura eta Hizkuntza Politika
- Organoa:
- Euskara Sustatzeko Zuzendaritza
- Egoera:
- Proiektua bukatuta
Helburuak
Hauxek dira egitasmo honen helburu nagusiak:
- Gazteen ahozkotasuna hobetzen laguntzea, hizkuntza gaitasuna gustuko duten ekintza erreal batean praktikan jarriz.
- Zuzendaritza, guraso elkarte, entrenatzaile eta gurasoak sentsibilizatzea, hortik abiatuta kirolarien ohituretara salto egiteko.
- Kirol guneetan euskararen erabilera areagotzea. Jokalariei egiten zaizkien elkarrizketekin, gurasoak eta entrenatzaileak dinamika berberaren parte bihurtu eta elkarrekin eragitea sustatzea.
- Motibazioa lantzea hizkuntza areagotzeko. Haur eta gazteak eroso sentitu behar dira euskaraz hitz egiterakoan, beraz, bigarren edizio honetarako berebizikoa ikusten dugu motibazioan eragitea.
Hori gogoan, hauexek dira programaren azpi-helburuak:
- Gazteen euskararekiko pertzepzioan, erabileran eta ahozkotasunean eragitea.
- Komunitate digitala sortzea. Partidu osteko elkarrizketak euren aisialdi digitalean kontsumitzen dutenaren parametroetan sartzen direla aurreikusita, gazteen aisialdi digitalean ere eragitea izango da beste azpi-xede bat. Modu horretan, kirola eta aisialdi digital euskaldun eta hezitzailea sustatuko ditugu
Kukulaisi elkartearen eskutik, bigarren urtez jarraituko du martxan ikerketa eta pilotajeak Bilbon, Deustuko Berbaizu Euskara Elkarteak (Kukulaisiko sorrerako bazkide) sortutako proiektu baten esperientzia oinarri hartuta. Horrez gain, Kukulaisi lehenengo urteko esperientziaz baliatu da, baita kirolean euskara sustatzeko abian dauden bestelako esku hartzeen azterketaz, eta bestelako eragile batzuekin izandako kontrasteaz.
Izan ere, euskara gizarteratzeko eta bere erabilera sustatzeko eragin eremuei dagokienez, Kukulaisiko elkarte bazkide guztiek ohiko aisialdian eragiten dute: udalekuak, eskolaz kanpoko aisialdi programak, asteburuetako aisialdi egitasmoak haur eta gazteentzat, ludotekak eta gaztelekuak, besteak beste. Kirolean eragiteko esku hartzeak Kukulaisiko elkarte bazkideetatik bostek bakarrik garatzen dituzte, ordea.
Kontuan hartuta haur eta gazteen eskolaz kanpoko jarduera nagusia eta masa kritiko handiena kirol programetan pilatzen dela, EAEko gaztetxoen % 70, hain zuzen ere, kirolean esku hartzea Kukulaisiren helburu estrategiko nagusienetakoa dugu. Gakoa iruditzen zaigu gazteek gozamen-eremu duten kirola euskalduntzea, eta helburu honi erantzuten dio txosten honetan deskribatzen den Entrenatzen pilotajearen abiatzeak.
Pilotajea 2022. urtean hasi zen. Bigarren edizio honetan, haur eta gazteen denboraldiak kontuan hartu ditugu proiektua une horretan martxan jartzeko, beraz, 2023ko irailetik, 2024ko ekainera bitartean abian dagoen egitasmoa da hauxe.
Epe horren barnean, material sorkuntza lanetan hasiak gara, hurrengo urteetara begira, aurretik egondako akatsak hobetu eta proiektuari aurrera pausuak emateko nahian.
Parte-hartzaileak eta eragileak
Kirol komunitate osoari bideratutako proiektua da hau, hau da:
- Kirol klubak eta ikastetxeak.
- Gurasoak.
- Entrenatzaileak.
- Guraso elkarte eta kirol klubeko zuzendaritza.
- Haur eta gazteak.
Kokalekuaren arabera: Pilotajea Bilbon, Deustu eta San Inazio auzoetan egiten ari da.
Adin tartearen arabera: Kirol komunitate osoak parte hartzen duen arren, adin-tarteari dagokionez, haur eta gazteak dira amua. Beraz, lehenengo edizioan 6tik 16 urtera arteko gazteak izan ziren pilotaje honen lagin. Bigarren ediziorako moldaketa bat egon da adin tarteari dagokionez, 8-16 urte bitarteko gazteak daude proiektuan murgilduta, 6-8 urte bitarteko haurrak oso gazteak baitira lanketa hau ondo baliatzeko. Izan ere, esperientziak irakatsi digu estrategikoa dela ume eta gazteek hasieratik bertatik lotzea izaten dituzten lehen kirol esperientziak euskararekin, eta, hori dela eta, eskola-kirolean murgiltzen diren hasieratik bertatik eragin nahi izan dugu. Jakin badakigu hizkuntza-ohiturak aldatzea lan nekeza dela, eta horri aurrea hartu eta gazteek hasieratik kirola arnasgune funtzional gisa identifikatzea nahi dugu proiektu honen bidez.