- Bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmen baten pean egindako saneamendu-obrak amaitu berri ditu URAk: 6 milioi euroko inbertsioaren eta 27 hilabeteren ondoren
- 6.600 metro kolektore, bigarren mailako adar eta bi ponpaketa-estazio eraiki dira, lehendik dagoen kolektore nagusira konektatzeko
Usurbilgo Aginaga auzoko hondakin-urak ez dira Oria ibaira isuriko, URAk egindako saneamendu-obrei esker. Saneamendu-sare berria Usurbil-Lasarte-Oria-Hernani hodi biltzaile orokorrera konektatuko da, eta hortik, Donostiako Loiolako araztegian tratatu, eta ondoren Monpaseko itsaspeko isurbidetik itsasora isurtzeko. Horrela, Oria ibaiaren beheko ibilgura egiten diren hondakin-uren isurketa guztiak ezabatuko dira.
Obrak egiteko 27 hilabete behar izan dira, eta 6M €-ko inbertsioa: Uraren Euskal Agentziak % 60an eta Añarbeko Urak % 40an finantzatuta, bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmen baten pean.
Obren deskribapena
Sare berriak kilometro bat inguruko bi eremu hartzen ditu: Aginaga eta Usurbilgo Txokoalde auzoak. Ordura arte Oria ibaira zuzenean iristen ziren bi herriguneetako isuriak biltzeko, 90-600 mm-ko diametroa duten kolektore nagusien 6.600 metroko luzera eraiki da, bai eta eremu horretan sakabanatuta dauden etxebizitzetako urak biltzeko aukera ematen duten bigarren mailako adarrak ere.
Kolektorie horiek Aginagako behealdetik abiatzen dira, Txiñorta izenekotik, eta Usurbil-Lasarte Oria-Hernaniko hodi biltzaile nagusiarekin bat egiten dute, Usurbilgo Zumartegi poligonoan, Osinaldeko hondakin-urak ponpatzeko estazioaren parean (2016an egina, kolektore-hodi nagusi horren obrekin batera).
Kolektore horiek euri-urak hondakin-uretatik bereizteko moduan eraiki dira (Oria ibaira isuriko dira euri urak aurrerantzean ere), hodi biltzailera bideratu aurretik.
Era berean, obrek barne hartu dute hondakin-urak ponpatzeko bi estazio berri eraikitzea (Txokoalde eta Aginaga EBARak), auzo bakoitzerako independenteak: antzeko ezaugarri arkitektonikoak dituzte.