Maria Ubarretxena, Bide Azpiegituretako diputatuak eta Isabelle Vandoorne, Europako Batzordeko DG Move erakundeko Ikerketa eta Berrikuntzako zuzendari ondokoak bilera egin dute gaur goizean. Bertan, foru arduradunak Living Lab Gipuzkoa aurkeztu du, “Gipuzkoa Europako errepide adimendunen eta mugikortasunaren esparruan erreferentzia puntu bihurtzeko asmo handiko helburua”, hain zuzen. Horretarako, Ubarretxenak POLIS Cities and Regions for Transport Innovation topaketan parte hartu du aste honetan Lovainan (Belgika). Foro horretan eskualde eta hiri ezberdinetako arduradun politikoek mugikortasunaren eta garraioaren etorkizuneko erronka eta apustu nagusiak jorratu dituzte, eta berrikuntzari eta iraunkortasunari buruzko estrategiak bateratu dituzte. Horrela, Gipuzkoak bere aurrerapenak aurkeztu dizkio Europako Batzordeari, “Gipuzkoa bide-azpiegituren digitalizazioaren buru izan dadin”, diputatuaren beraren hitzetan.
Bi erakundeek, honenbestez, aurrerapauso bat egin dute antzeko ekimenak garatzen dituzten EBko eskualdeen eta hirien arteko Europa mailako bitartekaritzari begira, Gipuzkoan eta Europan proiektuak bultzatzeko eragile berrien lankidetza eta inplikazioa bilatuz. Izan ere, Ubarretxenak azaldu duenez, “Gipuzkoak baldintza ezin hobeak ditu mugaz gaindiko berrikuntza teknologikoko proiektuak hartzeko, Europa barneko garraio-korridore nagusietako batean aurkitzen delako eta bi estatu arteko kokapen estrategikoa duelako”. Era berean, “gure industriak eta enpresek, zentroek eta erakundeek apustu irmoa egiten dute berrikuntzaren eta garapen teknologikoaren alde, eta, beraz, baldintzak bikainak dira”, topaketan egiaztatu ahal izan denez.
Gipuzkoa Garraioko Sare Trans-europarraren (TEN-T) parte da, ardatz atlantikoan, Bordel-Donostia nodoaren barruan. Horrek interes bereziko puntu bihurtzen du lurraldea, garraioan eta errepideetan elkarreragingarritasuna probatzeko eta teknologia berriak garatzeko eskualde gisa. Bide Azpiegituretako departamentua aurrera egiten ari da korridore horren digitalizazioan, eta, horri esker, “lurralde gisa funtsezko zeregina dugu Europan”, Ubarretxenak azpimarratu duenez.
"Lovainako POLIS topaketa ingurune ezin hobea izan da Gipuzkoa mugikortasun-berrikuntzaren, garraioaren eta errepide adimendunen mapan ere kokatzeko”.