- URA-Uraren Euskal Agentziak garatuko duen IV. Faseari dagokion obrak 6,9 milioi euroko aurrekontua eta 20 hilabeteko egikaritze-epea ditu, eta “helburua obrak 2023ko martxoan edo apirilean lizitatzea da”
- Zadorra hobetzen jardunaldiak Zadorrako uholdeei aurre egiteko erronkak aztertu ditu, Gasteizko uholdeen kudeaketa herritarrei hurbiltzeko helburuarekin
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuak Uraren Euskal Agentziak antolatutako Zadorra Hobetzen jardunaldian parte hartu du: Gasteizko uholdeen kudeaketa Arabako hiriburuko herritarrei hurbiltzeko helburuarekin. Berarekin batera, ekitaldian parte hartu dute Amaia Barredo Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak, Antonio Aiz URAko zuzendari nagusiak, Mª Dolores Pascual Valles Ebroko Konfederazio Hidrografikoko presidenteak, bai eta zer esana duten beste erakundeen ordezkariek ere.
Hain zuzen ere, duela urtebete uholdeak izan ziren Euskadin; zehazki, uholde handiak izan ziren, ibaiek gainezka egin baitzuten: azaroaren 28an eta 29an, eta 2021eko abenduaren 9tik 11ra eta aurtengo urtarrilaren 10ean. Hiru gertakariak independenteak izan ziren arren, bata bestearen atzetik izateak uholdeen eragina areagotu zuen. Etengabeko euriteek zorua asetu zuten eta egoera horrek arroen gainezkatzea azkartu zuen.
Jardunaldiaren irekieran, Tapia sailburuak iragarri du URAk amaitu duela IV. Fasearen eraikuntza proiektua, eta aurreratu du 2023ko urtarrilean jendaurrean jarriko dela Zadorra ibaiaren uholdeei aurre egiteko lanen proiektua, Gobeo eta Krispiña arteko tarterako. Adierazi duenez, “obrak 6,9m €-ko aurrekontua du eta 20 hilabeteko epea, eta Eusko Jaurlaritza 2023ko martxoan edo apirilean obrak lizitatzeko helburuarekin ari da lanean”. Proiektu honek Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF-FEDER 2021-2027) finantziazioa jasotzen du.