Euskal Herriko Surf Federazioak (EHSF), Eusko Jaurlaritzak lagunduta, Nazioarteko Surf Elkarteko (ISA) kide izateko eskari formala egin du

Argitalpen-data: 

Euskal Herriko Surf Federazioak (EHSF), Eusko Jaurlaritzak lagunduta, nazioarte mailan ofizialtasuna berreskuratzeko eta Nazioarteko Surf Elkarteko-International Surfing Association (ISA) kide izateko eskari formala egin du. EHSFren ordezkariak ISAk La Jollan (Kalifornia) duen egoitzan egon dira, nazioartean aitortza ofiziala izateko eskari formala egiteko. Ekimen honen helburua da 2005. urtera arte nazioartean izan zuen aitortza berreskuratzea.

Euskal Herriko Surf Federazioko presidenteorde eta Gipuzkoako Surf Federazioako presidente den Maialen Saez eta, baita ere, Esther Castiñeria izan dira EHSFren ordezkariak bidai honetan. Haiekin izan da Eusko Jaurlaritzak AEBetan duen ordezkari Jorge Fernandez, bide horretan laguntzeko asmoz. Izapide historikoa da eta aldeko ebazpena lortuz gero, euskal selekzioa bere ordezkaritza propioarekin lehiatuko litzateke ISAk antolatzen dituen mundu mailako txapelketetan.

“EHSFk 1990. urtean Europako Federazioan zuen nazioarteko posizioa berreskuratzeko lehen pausu bat da. Hamabost urtez mantendu genuen izaera ofizial hori, harik eta 2005. urtean Espainiako Surf Federazioa (FES) Europako Federazioko kide bilakatu zen arte. Orain, EHSFren eta Eusko Jaurlaritzaren ustez arautegi eta lege mailako baldintzak betetzen dira nazioarteko ordezkaritza ofiziala berreskuratzeko. Horren harira, nabarmendu beharra dago EHSFk idatzi bat bidali diola Espainiako Surf Federazioari, ekimen honen inguruan informatzeko helburuarekin”, aipatu du Maialen Saezek. Eusko Jaurlaritzak AEBetan duen ordezkariak esan du, halaber, eskaria aurkeztu ondoren “hitz egiteko epe bat irekitzea espero dela, elkarren arteko lankidetza eta bizikidetza lortu ahal izateko nazioartean".

Informazio gehiago