Euskal Sektore Publikoaren Gardentasuna, Herri Partaidetza eta Gobernu Oneko Legea
Saila
Helburuak eta Sektoreak
Lege-proiektu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren funtzionamendurako funtsezkoak diren ardatzak arautzea (Sektore Publikoaren Antolaketari eta Funtzionamenduari buruzko Lege-proiektuan ikuspuntu instrumentalago batekin ezarritakoaz haraindi), bai eta zeharkako irizpideak ere, horrela gure gobernantza-ereduaren oinarriak jartzeko. Eredu hori politika publikoen plangintza eta ebaluazioaz, gardentasunaz eta herritarren partaidetzaz osatutako kontzeptu-hirukian oinarritzen da, eta horren helburu nagusia gizartearen, ekonomiaren zein erakundeen garapen iraunkorra lortzea da, gobernuaren jardunaren, gizarte zibilaren eta gizarte- zein ekonomia-jardueraren arteko orekan oinarrituta, beti ere.
Horren bidez, eztabaida erabakitzailea sustatu nahi da gauza publiko deiturikoari buruz herritarrek duten pertzepzioaren hobekuntzaren gainean, haren balioa handitzeko eta, finean, administrazio-kultura berria sortzen laguntzeko, garai hauek eskatzen dituzten eta gobernu ona deritzonarekin lotuta dauden paradigma berriak oinarri hartuta.
Horrela, jasota gelditu da Euskal Administrazio Publikoaren Lege-proiektua, proiektu honen berehalako aurrekaria, Eusko Legebiltzarrean arbuiatu zuten talde politikoen aldarrikapena, gobernu onaren (gardentasuna, ebaluazioa, partaidetza) arauketari garrantzi eta ikusgarritasun handiagoa ematea eskatzen baitzuten, bere nortasuna izango zuen testu bereizi bat onartuta.
Herritarren ikuspuntutik irekiagoa, eskuragarriagoa, azkarragoa eta eraginkorragoa izango den administrazio bat egituratzen lagunduko duten alderdi guztiak arautzea, horiek baitira gobernu demokratikoa, gizarte-egonkortasuna eta ekonomia-garapena lortzeko funtsezko baldintzak.
Legebiltzar-taldeek proposatutako zuzenketa gehienak txertatzea eta, bereziki, aplikazio-eremua zabaltzea, printzipioei eta ildo orokorrei dagokienez, gutxienez, euskal sektore publiko osoarentzat aplikagarria izan dadin, orain Euskal Sektore Publikoaren Antolaketari eta Funtzionamenduari buruzko Lege-proiektuan zehazten den bezala.
1. Hauek dira lege honetan jasotako aurreikuspenen aplikazioaren lehen hartzaileak:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakunde autonomoak, eskubide pribatuko erakunde publikoak, sozietate publikoak, fundazioak eta partzuergoak, Euskal Sektore Publikoaren Antolaketa eta Funtzionamenduari buruzko Legeak egindako sektore publikoaren definizioa aintzat hartuta.
c) Aurrekoen partaidetza, zuzenekoa zein zeharkakoa, jasotzen duten erakunde, sozietate eta pertsona juridikoak.
2. Gainera, eta legeak xedatzen duen baldintzetan, erakunde pribatuei eta partikularrei ere aplikatu ahalko zaie, Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoarekiko harremanetan.
3. Orobat, arlo hauetan Legeak xedatuko dituen printzipio orokorrak Euskal Sektore Publikoa osatzen duten erakunde guztiei aplikatu ahalko zaizkie, aipatutako baldintzetan eta horien antolaketa-arauek ezartzen duten moduan; ondorio horietarako, Euskal Sektore Publikotzat joko dira euskal administrazio publiko guztiak, Administrazio Orokorra, lurralde historikoetako foru-administrazioak eta tokiko administrazioak, dagokien erakunde-administrazioarekin eta haien mendeko edo haietara atxikitako gainerako erakunde instrumentalekin batera.
4. Lege honetan aurreikusten diren ondorioetarako, erakunde hauek ere Euskal Sektore Publikoa osatzen dute: Eusko Legebiltzarrak, Batzar Orokorrek, tokiko korporazioek eta Euskal Herriko Unibertsitateak, baita erakunde-maila bakoitzari dagozkion gobernuek eta erakunde horietako partaidetza-, kontsulta- edo aholkularitza-organoek ere. Erakunde eta organo horiek guztiek beren barne-araudiei eta Lege honetan ezarritako printzipioei men egin beharko diete.
5. Azkenik, beren eginkizunak garatzean Autonomia Erkidegoko Erakunde Erkideekin lotuta dauden organismo eta erakundeei ere aplikatuko zaie, osagarri gisara, lege-proiektu honetan aurreikusiko den legezkotasun-blokea.
Aurrekontu eta finantzetan eragina
Administrazioa hobetzeko txertatu nahi diren tresnak dauden giza eta aurrekontu-baliabideetako zuzkidurekin gauza daitezke, izan ere, berariazko aurrekontuak dituzte dagoeneko plangintza eta ebaluazioko jarduerek, informazio publikoa digitalizatzeko jarduerek, eta politikak, programak zein zerbitzuak kudeatzeko jarduerek; gainera, badago berrikuntza publikoaz eta administrazioa hobetzeaz arduratzen den Zuzendaritza bat, eremu horietan jarduten dena. Hala eta guztiz ere, bultzadako lehen fasean partida bereziak beharko dira:
- politika publikoen plangintza eta ebaluazioa egiteko kultura ezartzeko, arau honek xedatuko lukeen moduan, langileei prestakuntza emanez eta eredu edota eskuliburu orientatzaileak prestatuz
- datu publikoak formatu berrerabilgarrian webgunean automatikoki argitaratzeko aukera ematen duten tresna teknologikoak garatzeko
- herritarren partaidetza izango duten prozesuak egituratzeko; horretarako langileak prestatu, partaidetzarako kanal askotarikoak ireki eta baliatu, eta eredu eta tresnak garatu beharko dira, prozesu eraginkorrak eta etengabe hobetzen ari direnak gauzatzen lagun dezaten
Ezarketaren lehen urteetan, aurrekontu-beharrizana urtean 500.000 eurokoa izango dela kalkula daiteke.
Gardena-Gardentasunaren Euskal Agentzia sortzea. Hauek izango dira organo horren eginkizunak: jarduera publikoaren gardentasuna sustatzea, publikotasun aktiboaren eta datu-irekieraren betebeharrak betetzen direla zaintzea eta informazio publikoa eskuratu ahal izateko eskubidea zaintzea. Horretarako, 4 pertsonako zuzkidura izango du eta urtean 300.000 euroko aurrekontua beharko du, funtzionamendu-gastuak barne.
Noiz bidaliko zaion, gutxi gorabehera, lege-proiektua Jaurlaritzaren Kontseiluari, onar dezan
Lortutako faseak
Documentuak | Fase | Hasiera data | Amaiera data | Egoera |
---|---|---|---|---|
Ikusi | 1.1 fasea: Sailburuaren agindua, prozedurari ekiteko | 2015/06/01 | 2015/06/10 | Amaituta |
Ikusi | 2.1 fasea: Idatzitako testuaren sailburuaren onarpena | 2015/06/10 | 2015/07/03 | Amaituta |
Ikusi | 2.2 fasea: Negoziazio, entzunaldi edota kontsulta izapidea | 2015/07/04 | 2015/07/22 | Amaituta |
Ikusi | 2.3 fasea: Aginduzko txostenak eta irizpenak | 2015/07/10 | 2015/10/06 | Amaituta |
Ikusi | 2.4 fasea: Jarraitutako prozeduraren memoria laburra. | 2015/10/06 | 2015/10/16 | Amaituta |
--- | 3.1 fasea: Jaurlaritzaren Kontseiluan onartzea | 2015/10/17 | 2015/11/10 | Amaituta |
Ikusi | 4.1 fasea: Legebiltzarrera bidaltzea | 2015/11/11 | 2015/11/20 | Amaituta |