9. Trenbideko Euskadi 20-20 Plana, tren eta tranbia bidezko garraiorako.
IX Legealdiaren bukaera dela eta bere tramitazioa uzten da.
Helburuak
Eusko Jaurlaritzako garraio atalak ez du izan estrategia integratu bat EAEn dauden trenbideen eta tranbien azpiegituretarako. Eusko Jaurlaritzak pertsonak eta salgaiak errepidez garraiatzearen aurrean alternatiba gisa aurkeztu nahi du trenbide bidezko garraioa, eta horregatik ikuspegi berria eta behin betiko bultzada eman nahi dizkio. Horrek guztiak estrategia berria definitzeko plan bat egitea justifikatzen du.
Helburuak:
- EAEko trenbideen eta tranbien azpiegitura guztien kudeaketa eta estrategia integrala.
- Egun dagoen garraio-eredua aldatzea, pertsonen eta salgaien garraioan tren eta tranbia bidezko garraioak garrantzi handiagoa izan dezan.
- Herri barruko eta herri arteko trenbide bidezko kalitatezko garraio-zerbitzua sustatzea, errepide bidezko garraioarentzako benetako alternatiba.
- EAEko eragile guztiek trenbide-zerbitzuak koordinazioz ematea.
- Trenbideen eta tranbien bidezko garraio publikoa ustiatzeko baliabideak optimizatzea, efizientzia handiagoko kudeaketaren bidez eta kudeaketa-formula publiko eta pribatuak baliatuz.
- Lurraldean zerbitzu berriak jartzea, lurraldea egituratzeko; operadoreak koordinatzea eta bidaia-txartela bakarra sortzea.
- Gizarte-kohesioa sustatzea, herritar guztiek irisgarritasun aukera berdinak izatearen bidez. Irisgarritasuna berdina izan dadin, garraio kolektibo ordaingarria behar da.
Aurrekariak
Eusko Jaurlaritzaren aburuz, funtsezkoa da estrategia eta filosofia komunak definitzea. Halaber, ikuspegi integrala behar da, trenen eta tranbien jardun guztien berri jasotzeko. Plana konpromiso orokorrago batean sartuko da, Eusko Jaurlaritzak herritarren mugikortasunari buruz duen planteamendu orokorrean, hain zuzen.
Gertuen dagoen aurrekaria EuskoTren XXI Plana da. Plan horrek EAEko aldirietako trenentzako neurriak eta jardunak jaso zituen. Hala ere, trenen eta tranbien azpiegiturek behar izaten duten ikuspegi globalik ez zuen, eta egoera hark helburuak ildotik ateratzea ekarri zuen. Gainera, proiektu batzuk kentzea eta beste batzuk atzeratzea eragin du, baita berririk ez sartzea ere, hala nola, EAEko Abiadura Handia.
Bestalde, beste aurrekari batzuk aipatu behar dira: arauei buruzko planak. Hala nola, EAEko trenbide-sarearen Lurraldearen Zatiko Plana. Plan hori aldi-aldiro berrikusi eta aldatzen da, eremu ezberdinetako azpiegituretako berrikuntzak sartzeko.
Aurreko guztiagatik, funtsezkoa da hurrengo 10 urteetarako plan estrategiko berria edukitzea. Horren bidez EAEko trenbideetako jardunak identifikatu, egutegian kokatu eta lotuko ditu.
Jaurlaritzaren asmoa da oraingo legegintzaldia garraioaren legegintzaldia izatea; horregatik, Trenbideko Euskadi 20-20 Plana gobernuko estrategia gisa hartu du, eta ez soilik sektoreko estrategia gisa. Izan ere, garraioan zehaztasunez definitzeko beharra dago, horrek eredu iraunkor eta lehiakor bat sortzen eragin zuzena izango duelako, eta lurralde- eta gizarte-kohesio eta ongizate handiagoa izaten lagunduko duelako.
Saila
Esku hartzen duten sailak
- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila. Ikastetxeetara joateko irisgarritasun egokia, bereziki unibertsitateetara.
- Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila. Salgaien trenbide bidezko garraioa ekoizpen-sareari egokitu behar zaio. Halaber, langileek lantokietara heltzeko duten sistema hobetuko da, eta turismoaren esparruan ere trena sustatuko da.
- Osasun eta Kontsumo Saila. Nagusiki ospitaleetara joateko moduei dagokienez.
- Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila. Tren bidezko garraioa iraunkorra da ingurumenaren aldetik, energetikoki efizientea, kutsadura akustiko gutxiago sortzen du, eta toki gutxiago okupatzen du.
Eraginak
Hasiera batean, planak ez du eragingo izaera juridiko propioa duen erakunde formalik sortzea. Hala ere, aurreikusi diren jardunetan beste sail, administrazio eta erakunde batzuek duten inplikazioagatik, batzordeak eta lan-taldeak osatuko dira, aipatutako lankidetza gauzatzeko.
Zaila da planak eragingo dituen proiektuak eta jardunak zehaztea, aldagai askoren mende daudelako, adibidez beste administrazio batzuen laguntza –negoziaketen araberakoa- eta finantzazio pribatua sartzeko aukera kontuan hartzekoak dira.
Hizpide dugun esparruan beste sailek lortu nahi dituzten helburuak 20-20 Planaren baitan abiatutako ekimenen bidez erdietsi daitezkeen heinean, sail horiek laguntza eman beharko dute, edo, gutxienez, konpromisoak eta ekimenak ezartzeko aldian parte hartu beharko dute.
3. puntuan azaldutako elkarrekiko mendetasunak garrantzitsuak dira. 20-20 Planetik inertzia batzuk eratortzen dira, eta ezin hobe lotzen dira Eusko Jaurlaritzako sailen helburuekin eta gobernuarekin berarekin. Horregatik, funtsezkoa da sail arteko politikak integratzea eta koordinatzea, premisa eta estrategia komunak oinarri hartuta.
Eragina aniztuna izango da. Eusko Jaurlaritzak honako erakundeekin izango dituen harremanak nabarmendu behar dira, batez ere: ETS, Euskotren, estatuko administrazio orokorra, FEVE, RENFE, foru-aldundiak eta udalak, Gipuzkoako eta Arabako garraioko agintariak, Bizkaiko Garraioen Kontsortzioa eta Frantziako eskualdeko trenbideen agintariak.
Plana gauzatzeko aurreikusitako epea
Lortutako faseak
Fase | Hasiera data | Amaiera data | Egoera |
---|---|---|---|
1. fasea. Oinarrizko lerro estrategiko eta ekonomikoak prestatzea. | 2011/05/01 | 2012/01/30 | Amaituta |
2. fasea. Lerro estrategiko eta ekonomikoei buruzko txostenak egitea. | 2012/01/31 | 2012/02/20 | Amaituta |
Burutu gabeko faseak
Fase | Aurreikusitako hasiera data | Aurreikusitako amaiera data | Egoera |
---|---|---|---|
3. fasea. Plana prestatzea. | 2012/02/20 | 2012/04/30 | Hasita |
4. fasea. Planei buruzko txostenak egitea. | 2012/05/01 | 2012/05/31 | Hasi gabe |
5. fasea. Gobernu Kontseiluak plana onartzea | 2012/06/01 | 2012/06/30 | Hasi gabe |
Ebaluatzeko moduak
20-20 Planean bertan jarraipenerako eta ebaluaziorako aginte-koadro bat dago, jasota dauden neurriak eta ekimenak betetzen direla egiaztatzeko. Jarraipen-koadro horrek jardunak bete izanaren adierazleak ditu, baita jardunen helburuak eta planaren arrakasta maila neurtzekoak ere.