128. La Galana etxea (Sestao)

7. ETAPA: BILBAO • PORTUGALETE

Langile-etxebizitza

XIX. mendearen azken laurdenean, industria siderometalurgiko garrantzitsuak sortu ziren Nerbioiren Ezkerraldean, besteak beste, Bizkaiko Labe Garaien aurrekari izan ziren Altos Hornos de Bilbao, La Vizcaya eta La Iberia. Haien bultzadapean, eta eskulan eskaera haziz joan zen neurrian, langileentzako etxebizitzen eraikuntzak ere gora egin zuen. Ugazabek Ezkerraldeko lantegietatik gertu etxebizitzak eraikitzeari ekin zioten; batetik langileak finkatu eta bertan gera zitezen; bestetik lantegietako ekoizpen maila mantentzeko, hau da, langileak lanerako gertu egon zitezen garraiobideen beharrik izan gabe. Tamalez, etxebizitza duinen eskaera handiagoa zen eskaintza baino, eta hainbat arazo izan ziren hori zela-eta (pandemiak, etxebizitza penagarriak, gizarte-gatazkak…), izan ere, bi eta are hiru familia elkarrekin bizi izan ziren garbitasun urriko logeletan.

Bertako burgesiak, industria-gizon handien laguntzaz, gabezia hori konpontzeko eginahalak egin zituen. Etxebizitza tipologia bat baino gehiago garatu ziren, denak ala denak apaingarri gutxikoak eta orubearen erabilera intentsiboa egiten zutenak: etxebizitza txikiak, leihorik gabeko gelak zituztenak, eta garbitasun eta osasun azpiegiturarik gabeak.

Tipologia horietako bat “korridore-etxe” esaten zitzaiona izan zen. Etxebizitzen gehieneko azalera, batez beste, 50 m2-koa zen, eta langile-barrakoiaren eta etxebizitza tradizionalaren erdibidean zeuden. Mota horretako adibide bat baino gehiago izan ziren: Zuntzunegiko etxeak eta La Bomba kaleko etxea Barakaldon, Punta etxea eta La Galana Sestaon.

Arkitektura berezia

La Galana da zutik iraun duen bakarra, eta, ondorioz, ondare-erreferentzia bakarra izatea da bere balioa. Portugaleteko Frantzisko Berriozabalen proiektuari jarraituz 1892an eraiki zen. Arkitektoa Portugaleteko maisu-obra nabariena izan zen eta estilo eklektikoa gustuko zuen.

Eraikinak oinplano angeluzuzen etzana du (38 m luze eta 9,5 m sakon); behe-solairua, beste hiru goi-solairu eta ganbara ditu. Bereizgarri nagusia hiru balkoi jarraituak dira; egurrezkoak dira, bai balaustrada, bai zutikoak. Eskailera laburrak daude korridoreetara igotzeko, eta bertatik sartzen da etxebizitzetara. Barruko bi edo hiru logela, egongela, sukaldea eta komuna ditu etxebizitza bakoitzak.

Partekatu

unesco