Etxebizitza Legea
EUSKO LEGEBILTZARRAK ETXEBIZITZARI BURUZKO LEGEA ONARTU DU
Zerbitzu publiko gisa duen eginkizuna betez -ezin zen bestela izan- Etxebizitzaren Euskal Behatokiak Lege horren eraginei buruzko azterketa bat egingo du, joan den ekainaren 26n EHAAn argitaratu zenetik hiru hilabete igarotakoan sartuko baita indarrean.
Zehazkiago, gure lan-egutegiko eginkizunen artean, urte honen bigarren seihilekoan Etxebizitzari buruzko Legearen gaineko txosten sakon bat argitaratzea aurreikusten dugu.
Legeak etxebizitzari eta beraren funtzio sozialari loturiko hainbat gai jorratzen ditu, eta azterketa sakon eta lasaiagoa beharko du; hala ere, orain hasierako azterketa bati ekingo diogu, legearen giltzarri nagusiei helduz:
- Etxebizitzarako eskubide subjektiboa ezartzea da Lege berriaren berezitasun nagusia. Administrazio-auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan duen pertsona orok eskubidea du etxebizitza duin, egoki eta irisgarria izateko. Etxebizitzaren beharra zabaldu egiten da, eta eskubidea alokairuko etxebizitza bat eskuratuz edo, horrelakorik ezean, prestazio ekonomiko baten bidez gauzatzeko aukera ematen da. Horrez gain, horren zaintza eta eskakizuna auzitegietan datza, eta behin-behineko araubide juridiko bat zehazten da eskubidea arian-arian ezarri eta aplikatzeko (erregelamendua onartzen den bitartean):
- Lehenengo urtean, urtean 15.000 € baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten eta Etxebiden lau urte edo gehiago inskribatuta daramaten hiru kide edo gehiagoko bizikidetza-unitateek izango dute eskubidea.
- Bigarren urtean, aurreko berberek izango dute eskubidea, gehi 12.000 €-tik beherako diru-sarrerak dituzten eta Etxebiden lau urteko edo gehiagoko antzinatasuna duten bi kide edo gehiagoko unitateek.
- Hirugarren urtean, aurreko guztiez gain, 9.000 €-tik beherako diru-sarrerak dituzten eta Etxebiden lau urteko edo gehiagoko antzinatasuna duten kide bateko bizikidetza-unitateek.
- Etxebizitzaren funtsezko funtzio soziala. Etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarriaren bidez etxebizitza-politika gizarte-politiketan txertatu zenean hasi zen paradigma-aldaketa hori, eta Lege honetan egiten den definizio irmoarekin azken bururaino eraman da.
- Alokairu- eta birgaitze-politikak. Alokairuaren aldeko apustu irmoa egiten da: alokairuaren arloko baliabideen % 80k, birgaikuntzakoak alde batera utzita, alokairuko politikak sustatzeko izan beharko dute (eta babes publikoko eraikuntza-bolumena ez da ehuneko hori baino txikiagoa izango), eta portzentaje hori % 100era iritsiko da Legea argitaratu zenetik bost urte igarotzen direnean.
- Jenderik gabeko etxebizitzen kanona. Zaindu eta babestu beharrekoa denez, etxebizitzaren funtzio sozialak zenbait ekintza gauzatzeko aukera ematen du, erabilera egokia bermatze aldera. Hain zuzen ere, ekintza horietako bat eskari eta beharrizan bereziko guneetan jenderik gabeko etxebizitzaren egoera ez onartzea da. Etxebizitzak bi urte baino denbora luzeagoan jenderik gabe jarraitzen badu, betiere Legeak zehaztutako arrazoi justifikatuetako bat ez badago, jenderik gabeko etxebizitzaren deklarazioa hasi daiteke, eta kanon bat ezarri. Zergaz besteko ezarpena da, 10 €-koa metro koadroko eta urteko, eta % 10 haziko da etxeak egoera horretan irauten duen urte bakoitzean, % 30eko mugara iritsi arte.
- Eroslehentasun-eskubidea eta atzera eskuratzeko eskubidea. Eskubide hori aspalditik du, Eusko Jaurlaritzak, babestutako etxebizitzen gainean (berez, Jaurlaritzak bere hasieratik etxebizitzari buruz sortu duen lege bakarrean jaso zen), baina Legeak bere jarduketa-eremua etxebizitza libretara hedatzen du, eta aukera ematen du hipoteka-exekuzioko prozesuan dauden etxebizitzetan —eskari frogatuko guneetan baldin badaude— Administrazioak lehentasunez erosteko eskubidea aplika dezan.
- Hipoteka-exekuzioen ondoriozko etxegabetze-prozeduretan sartuta dauden etxebizitzen aldi baterako erabileraren nahitaezko desjabetzea. Kasu honetan, etxebizitzaren erabileraz desjabetu daitezke finantza-entitateak eta beste edukitzaile batzuk, hiru urtez gehienez, etxebizitza hori lehengo jabe edo maizterrei eskaintzeko, bizikidetza-unitatearen diru-sarreren % 30 baino handiagoa izango ez den kuota baten truke (lanbide arteko gutxieneko soldatara iristen ez badira, % 15ean kokatzen da muga hori).
- Babesik gabeko etxebizitzak arrazoi ekonomikoengatik nahitaez desjabetzea. Desjabetzea ahalbidetzen da babes publikoko etxebizitzaren esleipendunek, hiru urtez jarraian, era horretako etxebizitzen esleipendun izateko ezarritako gehienekoak baino % 50 handiagoak diren diru-sarrerak egiaztatzen baditu.
- Lurzoru ondare publikoa. EAEko Lurzoru Ondare Publikoa sortzen da, lurzoruaren eta etxebizitzaren merkatua arautzeko eta babestutako etxebizitzak eraikitzeko lurzorua lortzeko. Ondasun eta baliabide guztien inbentarioa eta kudeaketa egiteaz arduratuko da, ondare diren aldetik, aurreikusten den azken erabilera adierazita. Horrez gain, bere jardunetik eratortzen diren diru-sarrerak kudeatzeaz arduratuko da, baita jenderik gabeko etxebizitzen kanonetik eratorritakoez ere, hiri-finken errentamendu-kontratuengatik jarritako fidantzen % 80 Gobernuak kudeatzen baditu.
- Erakunde autonomoa. Legeak erakunde autonomo baten sorrera aurreikusten du, legea onartzen den unean etxebizitzaren arloan dauden enpresa publikoak eta erakundeak bere baitan bil ditzan. Urtea igarota hori gauzatu ez bada, Lege bidez sortu ahal izango da, legebiltzarreko taldeen ekimenez.
Informazio gehiago:
https://www.euskadi.eus/r47-bopvapps/eu/bopv2/datos/2015/06/1502853e.pdf